“Osabaren hezurrak familiaren hobira ekarri baino ez dut gura”

  • Margolari da, eta ezkerreko militante errebelde, alderdi politikoaren diziplinaren morrontza eraman ezin duena. Hizketan joan, eta, ez bat eta ez bi, kanposantura eraman gaitu zuzen. Hilen artean margolanik ez, hilen memoria bizia besterik.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kontxi Trigo Eletxigerra (1949, Kontxa, Karrantza Harana)

Irakasle izana. Hainbat herri eta eskolatan jardun zuen lanean 1972az gero, harik eta oposizioak gainditu eta plaza irabazi zuen arte. Besteak beste, Karrantzan bertan, Lekeition, Barakaldon eta Bilboko Otxarkoagan irakatsi zuen. 80ko hamarkadaren hasieran laster jo zuen gaitzak, erretirora sasoiz eraman zuen depresioak, margotzera eraman zuenak José Barceló artistarekin. Pintzelen bidez hegan egiten ikasi zuen. Militantea, ekintzailea, zirikatzailea… Osaba Mari zenaren memoria zaindari oraingo egunean.
 

Margolariaren bila etorri naiz, margo artean izango ginelakoan, eta aldiz, Turtziozeko hilerrira erakarri nauzu.

Amaren neba zaharrena hemen hilobiratua delako, Jose Maria Eletxigerra Matienzo, gure osaba Mari. Oraindik orain jakin dugu, ez ezazu uste. Etxean ez genekien 1937ko abuztuaren 13an hila zela besterik. Ez genekien non, ez nola. Egia esan, nik ez dakit nola sartu zen gerra gure ibarrean. Gure ama zenak eta osaba Jesusek zioten Sopuertan edo Artzentalesen nonbait egon behar zuela osaba Marik, baina egundo ez zuten jakin zehatz non zegoen lurperatuta. Horixe jakin gabe hil ziren biak.

Jose Mari non zetzan ez zekitela.

Amak ez zuen horren gainean txintik esaten. Nahiko drama bada, berez, senidea hil dizutela jakitea, eta are drama handiagoa, berriz, maite duzun hura non den ez jakitea, haren hezurrak bada ere. Kontu horren gainean ama beti isilik, hala ere. Osaba Jesusek esanda jakin nuen nik zer edo zer. Harreman berezia genuen, konfidentziak egiten genizkion batak besteari. Bistan da, osaba hildakoarenak berak kontatzen zizkidan. Esaten zidan Francok anaia hil ziola, 1937ko abuztuaren 13an. Besterik ez.

Zuk besterik jakin duzu, ordea.

Aranzadira jo nuen, osaba gerran hila eta desagertua nuela esanez. Dena den, hori baino lehen hasten da historia. Badira urte batzuk, Durangoko Azokara joan, eta stand bat eta stand bi, letra artean igeri, bilduma bat, Gerra civil en Euskadi, 1936, eta liburukietako bat parez pare irekia: Jose Maria Eletxigerra Matienzoren izena zekarren orrialde hark doi. “Gure osaba zena!”, esan nion neure buruari. Orduan jo nuen Aranzadira, bilduma aipatuz, liburukiaren zenbakia eta orrialdea adieraziz, eta UGT-10 Batailoia, Erreserba ere aipatuz, hau da, liburutik kopiatutako oharra.

Sozialista zenuten osaba Mari.

Ez dakit. UGTren batailoian zegoen, baina ez dakigu ideologiak eraman zuen hara, edo halaxe fortunatu zen gauza, zeren, esate baterako, osaba Jesusinek Abellaneda batailoian egin zuen gerra. Ama ere abertzalea genuen, eta litekeena da Jose Mari ere hala izatea, baina ez dakit, amak ez zuen eta txintik esaten, esan dizut. Tabua zen. Amak ez zuen gaia inoiz haizatu. Inoiz ere ez. Osabak esanda dakit nire apurra.

Durangoko Azokan izaten den liburu eta letra anabasaren artean, zure osabaren izena leitu zenuen.

2011n izan zen. Ahizpa eta koinatua nituen ondoan, eta gogoan dut ahizpak esan zuela: “Hara, gure osabaren izena darama!”, eta koinatuak, berriz: “Etxean daukagu-eta entziklopedia hori!”. Eta etxera etorri eta berriz leitu genuen. Ez nintzaion segidan lotu gaiari, ordea. Beste nonbait neukan burua. Orain dela urte bi, ostera, Aranzadiko helbidea jakinarazi zidan ilobak, eta eskribitu egin nien, e-postaz. Erantzun ere bai haiek, baina gura ez ditudan mezuen ontzira jo zuen Aranzadiren erantzunak. Halako batean, ahizpak: “Aranzadikoek erantzun zizuten?”, eta nik: “Ez. Berriro eskribituko diet”. Sartu nintzen postontzira, eta betea nuela ziostan ordenagailuak, mezuak ezabatu behar nituela. Betiko tekela! Ezabatzen hasi, eta gura ez nituen mezuetan, Aranzadirena. Unean bertan erantzun nien.

Zer zioen Aranzadikoen erantzunak?

Hemen, kanposantu honetan bertan datzala. Lehenik eta behin esan zidaten Jose Maria Eletxigerra Matienzorik ez dela inon ageri, Jose Maria Etxigerra baino. Segidan esan nien gure osaba izan behar zela, heriotza-datak bat zetozelako, eta gure deiturak mila eta bat itxuraldatze izan dituelako gure birraitaitaz gero. Aretxederra Sanchoyerto zen hura, Gordexolan sortua. Haren oinordeak, ostera, Etxigerra gara oraingo egunean. Agirietan, bestalde, Aligurra, Adigerra eta beste zenbait perla leituak ditugu. Etxigerra, bistan da, Eletxigerra da, gure osaba Jose Mari zena.

Argazkia: Zaldi Ero.

Dena den, beste zenbait hobiratu ere badira zulo berean.

“Pedro Aldai, Demetrio Ayuso, Casimiro Mena, Jose Maria Etxigerra, Luis Valbuena… 1937ko abuztuaren 13an gerra ekintzan soldadu hilak, 62. hobian lurperatuak”. Turtziozeko hilerri honetan, jakina. Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpena jasoko nuela esan zidaten Aranzadikoek, eta bai jaso ere handik zortzi egunera. Zeharo hunkitu ninduen osaba non zegoen lurperatua jakiteak. “Gezurra dirudi, bizian ezagutu ez dudan batengatik ari naiz negarrez”, niotson neure buruari. Ez nuen ezagutu, baina banuen ezagutu… Amaren isilaldien bidez ezagutu nuen osaba Jose Mari, eta osaba Jesusinen konfidentzien bidez.

Lehen ere esan duzu, “konfidentziak”.

Nire kutuna zen osaba Jesusin. Egia esan, uste dut erreziprokoa zela sentimena, haren kutuna nintzela ni. Adibidez, pentsatu ere ez nik gurasoei esatea halako edo halako manifestaziora joan nintzela. Hala ere, amak zer edo zer igartzen zidan, han hasten zen eta: “Manifestazioan izan zarela esan didate…”. Seguru nago inork ez ziola ezer esan, baina amatasuna zer den, amak igarri. Osaba Jesusinekin ez nuen ezkutuan ibili beharrik. Hari argi eta garbi esaten nion, manifestazioan izan nintzela kontatzen nion. Bera nuen gauza horietan konfidente.

Zuk zeure konfidentziak osabari, hark bereak zuri.

Bai. Berak, besteak beste, gerra aurretik kantatzen zituztenak kantatzen zizkidan… “Si a tu ventana llega Sabino Arana, trátale con cariño que es bizkaitarra. Si a tu ventana llega Indalecio Prieto, dale dos estacazos, que es maqueto”. Eta gauzak zer diren, amak bizian ez zidan horrelakorik kantatu, baina hil baino hilabete, bi hilabete lehenago, osabak kantatu izan zidana kantatzen hasi zitzaidan. Inoiz entzun ez niona. Osaba oso zen kantaria. “Si vas al monte Artxanda, no pises las chiribitas, que están regadas de sangre nacionalista”. Aitak ez zuen horrelakorik kantatzen, jakina, aita espainola zen eta, baina ez ohiko espainola. Ez nuke esango. Nik, berriz, espainoltasunetik ez baina abertzaletasunaren adarretik jo nuen, kausa galduen abokatu, beharbada.

Kantuak kantu, hemendik atzera, zer?

Hezurrak bertatik ateratzea, ahal bada, eta legeak horretarako baimena ematen badu. Horretan ari naiz,  ahaleginak egiten, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren institutura eta Aranzadira. Gura nuke gure osaba zena erbestean egon beharrean, auzo herrian, familiarekin batera atseden hartzea, Ahedoko San Migelen parrokian, non jaio, jaunartzeak egin, ezkondu eta hil baitira amaren aldeko nire arbaso guztiak. Ahedon dira, bestalde, nik maite ditudan guztiak: gurasoak, osaba Jesusin, anaia, koinatua… Denak.

Oztopoak ere izango dira horretarako, ezta?

Hobi komun mordoa dago hemen, eta Eusko Jaurlaritzaren murrizketak ere mordoxka dira. Ezetz diote, baina bere horretan dira murrizketak… Ni, neure aldetik, Aranzadikoei esanda nago, prest nagoela behar den lekura joan eta DNA frogak egiteko. Hala ere, leituta nago senideen artean egin litezkeen frogak zertan diren, eta nonbait, aitaita-amamen eta biloben arteko DNAk konparatu ahal izateko arrak behar dira, ez du balio arra eta emearen arteko konparatzeak. Hori leitu nuenean, ingudearekin buruan jo banindute bezala sentitu nintzen. Jota utzi ninduen hori jakiteak. Aukeran, kasik gurago nukeen Turtziozeko hilerri honetan datzala jakin izan ez banu. Hain hurre, batetik, eta hain urrun, bestetik, antsietate atake moduko bat izan nuen. Besterik da hobi komun honetan lurperatuta dagoen osaba Mariren hezurretako DNA haren anaia Jesusenarekin konparatzea, nahiz eta horretarako lurpetik atera beharko litzatekeen gure osaba Jesusin. Kasua hori balitz, badakit ez nintzatekeela bertan egoteko gauza izango, badakit.

Argazkia: Zaldi Ero.

Orduan bai, bakea izango zenuke?

Orduan, familiakoak hilerri honetan batu, fusilatuen memoria lantzen ari direnak gonbidatu, Aranzadikoei ere kasu egin, eta omenaldi xume bat egin. Osabaren hezurrak familiaren hobira ekarri baino ez dut gura. Orduan, kito. Seguru nago, dagoenean dagoela ere, gogo onez ikusiko lukeela hori osabak. Amak ere bai, nahiz eta ez zuen esango.

Historia bildu dugu Karrantzan, gero. Ezezaguna zaigu beti Karrantza.

Karrantzaren gainean ez da berbarik egiten, ez bada zerbait oker gertatu delako, negatiboa. Positiborik gutxi entzuten da Karrantzaz. Txarrago zen lehen, hala ere… Ahaztuak gara, Karrantza, eta Enkarterriak oro har. Ez dakit garraiobide kontua den, bakarrik. Hori ere bai, seguru. Esan dizut amak ez zuela askorik kontatzen, baina berak esanda dakit gerra aurrean etxe ondoan genuela batzokia, mitinak egiten zirela, eta haietan esaten zutela tunel bat egingo zutela, Karrantza Balmasedarekin lotzeko. Kolitxa mendiaren mazela batean duzu Karrantza, eta bestean Balmaseda. Kolitxa zulatu eta biak lotzea zen orduko mitinetan esaten zutena. Lekutan! Mantsoagatik egingo zuten gaur, baina laurogei urte baino gehiago joan dira gerra aurreko mitin haietatik, eta hemen gara oraindik, bigarren ez, hirugarren edo laugarren mailako errepidea dugula. Zallatik Bilbora autobia egin dute, bai, baina Zallatik hona ezer ez. Administrazioak zeharo ahaztuak gauzka.

Erakargarririk ez ote da Karrantzan? Halako ibar ederra eta.

Hondatuta ez dago, ez. Aski ukitu gabe dago. Eta Pozalaguako haitzulo ikusgarriak ere hor dira beti. Zoragarria zen –zoragarria da oraindik–, baina harri mordoa atera zuten bertatik, anfiteatro bat egiteko. Laserrez ebaki zuten harria. Udan, musika jaialdia egin zen bertan. Pizten zituzten argiak halako moduan, non sekulako efektuak egiten baitzituen harrietan: batean, ahari baten burua ikusiko zenuen; bestean, izaki desitxuratu baten ahoa. Anfiteatroa egin zuten –gauza gris bat, hotza–, Francoren Erorien Harana ekartzen dit gogora. Are gehiago esango dizut, uztailak 18 zuen egun batez ireki zuten, eta beraz, ez nintzen inaugurazio ekitaldira joan. Badira data batzuk oroimenean iraun behar dutenak, eta uztailaren 18an ezer inauguratzea gustu txarrekoa iruditzen zait. Guztiarekin ere, ikusgarriak dira haitzulo Pozalaguakoak.

Ustekabea izan dut oraingo Kontxi Trigo Eletxigerra, edo Aretxederra. Non da zure baitako margolaria?

Tokitan. Trementina esentzia mordoa esnifatu beharko nuke berriz margotzen has nendin. Aita hil zitzaidanean, 1999an, barrutsik geratu nintzen. Ondoren, ama zaintzeari lotu nintzaion, 2006an hil zen arte. Orduan, are eta hutsago nire barrua. Eta barrua hutsik duzula, zer margotu behar duzu? Ezin ezer margotu. Osaba Jesus hil zenean ere bolada egin nuen margotu gabe. Halako batean, pintzelak hartu, margotzen hasi, eta iluna zen nagusi nire margolanetan. Altzariren bat berriztu, horixe egiten dut orain lantzean behin, baina margotu, mihisea zikindu, kolore eman? Ez. Trabatuta geratu naiz. Ez da delitua?

Artistak ez margotzea delitu den heinean.

“Artista” hitz handia da, letra larriz eskribitzekoa. Gogo onez hartuko nuke artista izatea, baina horretarako asko baino gehiago landu behar da margolana, eta nire kasuan urteak dira margolanik lantzen ez dudala, ez asko, ez gutxi: batere ez. Hutsik nago, eta hustasunak leku asko betetzen du. Ez duzu uste?

Zintzoak, gaiztoak

“Ez dakit Espainiako gerra zibilak nola jo zuen Karrantzan, baina bonbardaketak izan zirela bai. Gure amaren auzoari senarra hil zioten. Aita mendian ezkutatuta zegoen ‘liberazioa’ etorri zenean, nazionalen ‘okupazioa’, alegia. Osaba Pedro, berdin. Amaren familia abertzalea zen; aitarena, aldiz, eskumakoa. Baina uste dut zintzoen eta gaiztoen artean banatzen zuela mundua, beste barik”.
 

Memoria historikoa

“Telebista piztu eta ez da memoria historikoa baino ageri. Lehengo batean, Legutio azaldu zen. Berrikiago, 87 urteko agure bat, Avilakoa zen edo Valladolidekoa ez dakit, Espainiakoa behintzat, aita gerran hildakoaren hezurrak hobi komunetik atera eta sendiaren panteoian sartu gura zituena. Agureak zioen, Administrazioak memoria historikoa berreskuratzeko hitza emana duela, baina berari urratsik egiten ez diotela laguntzen”.
 

Eletxigerra, Aretxederra

“Familiaren zuhaitz genealogikoa egiten ari nintzela, gure benetako deitura azaldu zen: Aretxederra. Eta galdera egin nion neure buruari: ‘Zertan izan behar naiz ni Eletxigerra, Karrantzako arbasoak Aretxederra badira. Garaiko inkisidorearen eskuak oker eman zuen gure izena. Etxigerra, Aligerra, Agigurra…’. Aldatzekotan nintzela, osaba Jesus hil zitzaidan, eta Eletxigerrari eustea erabaki nuen, beraren memorian”.
 

Azken hitza: Post scriptuma

Elkarrizketa egin eta egunetara, berri ituna du Kontxi Trigo Eletxigerrak. “Hilobia hustekotan ziren Aranzadikoak, baina ezetz, ez datozela esan didate. 1942an atera zituztela guztien hezurrak osabaren hobitik eta alferrik saiatuko direla inoren hezurren bila. Hezurtegira bota zituztela hezurrak eta ez dagoela haien berri jakiterik. Jota nago, hondoa jota!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
2024-10-11 | Usurbilgo Noaua
1936ko gerraren oroimenean barneratzen laguntzen duen ibilbidea prest dute Usurbilen

"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.


Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garcia
“Harrotasun antifaxista, esker ona, poztasuna, amorrua… sentsazio gazi gozoak bizi ditugu prozesu honen amaieran”

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.


Iruñeko Erorien Monumentua
Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]


2024-09-24 | Mondraberri
Faxistek fusilatutako arrasatearrak omenduko ditu irailaren 26ko ekitaldiak

88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.


Donostiako Polloe hilerriko gurutze frankista eraisteko eskatu du EH Bilduk

CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Garaileak esaten duenean amaitzen al da gerra bat?

Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Bego Ariznabarreta Orbea. Gerrarik ez
“Gure aurrekoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik”

Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]


Manuel Azcona 1936an hildako diputatu errepublikanoaren gorpuzkiak eman dizkiote familiari

Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.


Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


2024-05-29 | Reyes Ilintxeta
Estefanía de Paz Asín
“Hildakoak erreskatatzera eta berpiztera etorri naizela sentitzen dut”

"Garai batean, nire herrian, kateme guztiek Remigia izena zuten, kateme belaunaldi oso bat, Iruñeko ikuspegi panoramiko ederrenak konkistatu zituztenak”. Horrela hasten da Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza kontatzen duen Argako erregina antzezlana... [+]


Eguneraketa berriak daude