Lurmenunean belaunikatu, daratuluarekin enborra zulatu, zuloaren tamaina bereko plastikozko tutu bat sartu eta beste muturrean ontzi bat jarri. Bestela, adarra moztu eta botila bat sartu. Udaberria nabarmena da, eta urkia (Betula spp.) dagoeneko mugitzen ari da. Izerdia dantzan jarri du, eta hostaia hedatzera doa. Izerdi hori harrapatu nahi da, udaberriko lehen izerdia.
Udaberrian urkiak ura hartzen du, ur horrekin erreserbak askatu eta negua lo igaro duten begietara mugitzen ditu. Hauek, zain, izerdiaren bultzadizoa sentitzean nagiak atera eta ezkatak irekiz lehertuko dira; hostotxoak hor azalduko dira puntta berria pizberrituz eta zuhaitza jantziz. Hostoak eguzkitara zabal-zabal egin direnean, behetik gora datorkion izerdi gordina eraldatu, eta, izerdi landu bihurtuta, goitik behera bidaliko du, begi, adar, enbor, sustrai, zuhaitz guztia elika dadin.
Hemen ez dugu ohiturarik, baina iparralde aldera, urkia hemen baino ugariagoa den tokietan, udaberriko lehen izerdi hori bildu nahi izaten da. Gozoa da; gero, zuhaitzaren hostaia lanean hasten denean izerdia mikaztu egiten da.
Jetzi berritan, izerdia gardena da, garbi-garbia, eta gozo pittinak zetaren leuntasuna ematen dio. Udaberrian sartzea ospatzeko, urte berriari garbitasun berezi batekin ekiteko lagungarri gisa erabiltzen da, barrutik zein kanpotik: edari, elikagai osagarri, aurpegiko azala eta ilea garbitzeko... Sendabide ere bada, “giltzurrun erien zuhaitza” ere deitu izan zaio urkiari. Zuhaitzetik ateratakoan, bere azukrea dela medio, irakiten hasiko da, edozein fruituren muztioa bezala. Irakinda edari alkoholiko bihurtzen da. Egosi ere egiten dute, ziropa lodi bat sortuz.
Lurralde hotzetan, neguak bukaezina dirudien horietan, urkiak izerdia mugitzea mirakulu gisa hartuko dute, udaberria datorrela dakien seinale. “Jakinduriaren zuhaitza” deitzen dute.