François Ruffin kazetariak Frantziako oligarkia birritan astindu ostean, lehenik Merci patron! dokumental zirraragarriarekin eta gero Nuit Debout mugimenduaren sorrera bultzatuz, politikarako jauzia egin du: Parisko legebiltzarrerako aurkezten da diputatugai, Amiens inguruko hautesbarrutian PStik haragoko ezkerraren eta ekologisten babesa lortuta. Podemos frantses baten ernamuina?
François Ruffin Calais hirian –Frantzia iparraldean– jaio zen 1975ean. 1999an, Fakir aldizkaria sortu zuen, “ia kristo guztiarekin haserretua”. Idatziengatik zazpi aldiz eraman dute enpresa handiek auzitara, seitan berak irabaziz. France Inter irratian eta Le Monde Diplomatiquen ere eginak ditu kolaborazioak. 5 eta 8 urteko bi haurren aita da. Futbolzalea ere bai eta “Nola ebatsi ziguten futbola?” liburua idatzia du.
2016an Merci patron! dokumentala egin zuen, ARGIAko orriotan aurkeztu genuena: Jocelyne eta Serge Klur senar-emazte langabetuek beren ezin biziaren erruduna den Bernard Arnault oligarkari xantaia egingo diote, Ruffinen eta beste zenbait langile militanteren laguntzaz. Filmak erakusten du Louis Vuitton, Moët-Chandon, Kenzo eta beste hainbat luxuzko konpainiaren jabe den Arnaulten aberastasunen jatorri iluna eta obreroekin darabilen jokabide errukigabea.
Espainian –Hego Euskal Herria barne– gutxi aipatua izan den arren, Frantzian 500.000 jendek ikusi dute aretoetan Merci patron!, fenomeno soziologiko bat izan da eta hein batean haren uberan piztu zen Nuit Debout mugimendua 2016ko martxoan, sindikatuek Parisen antolatuta zeukaten manifestazio baten amaieran milaka jendek erabakirik plazak okupatzea, aurretik Occupy Wall Street eta M-15ekoek egin bezala. Euskal Herrian Gipuzkoa Zutik mugimenduak egin zion oihartzun, bere txikian.
Merci patron!-ekin Cesar saria –Goya, Espainian balitz– irabazita, domina jasotzera agertutakoan hitzaldi gogoangarria egin zuen Ruffinek kameren aurrean: “Nire filmak aipatzen du fabrika bat Poloniara eraman zutena, atzean utziz kristoren miseria eta ezinegona. Eta gu hemen solasean ari garen bitartean, Amiens hiriko Whirpool fabrika, jantzien lehorgailuak ekoizten dituena, gauza bera ari da nozitzen, Poloniara baitaramate. Duela hamabost urte, ordurako Amiensen nintzen, arropen garbigailuak eraman zituzten Eslovakiara, Continental eraman zuten Errumaniara, Goodyear Poloniara… Badira hogeita hamar urte hau gertatzen dela altzarigintzan, oihalgintzan, kimikan, metalurgian eta denetan. Zergatik beti berdin hogeita hamar urte pasata ere? Obreroak harrapatzen dituelako, eta horiek ez zaizkiolako inori inporta”.
Eta espektakuluko profesionalei begira jarraitu zuen: “Aktoreak balira, aktore errumaniarrekin konkurrentzian jarrita, arazoa berehala azalduko litzateke. Balira kazetariak… Kazetarien zergak ukitzen direnean, eztabaidak egoten dira, iritzi artikuluak egunkarietan. Baina imajina dezagun diputatuei gertatzea, esaten dutela diputatuak ez direla aski konpetitiboak. Diputatu frantses bakoitza kostatzen da hileko 7.610 euro, aldiz, diputatu poloniar bat hileko 2.000. Baina Bangladesheko diputatu bat hilean 164 euro kostatzen da! Pentsa egun batean esaten dela: ‘Bihar Legebiltzarra Varsoviara deslokalizatu behar dugu’. Berehala egongo lirateke eztabaidak parlamentuan, eta lege proposamen bat sortuko litzateke. Badira berrogei urte hori bera gertatzen zaiela obreroei eta inork ez du lege proposamenik egin”.
Ruffinek mintzaldia bukatu zuen François Hollanderi eskatuz “ipurdia mugitu dezala” eta fabrikak deslokalizatzen dituzten markak Frantzian saltzea debekatzeko.
Diputatu soldata: 1.181 euro
Cesar saria ospatzera Ruffin Whirlpooleko langile etsituen artera joan zen. Han mamitu zuen bere eskaintza politikoa, Parisko legebiltzarrerako Pikardia Zutik –Picardie Debout– plataforma bateratuan hautagai aurkeztekoa. Ordurako Ruffinek azken urteotan hainbestetan aurkitu dituen sindikalistek egina zuten ezkutuko lana, lortuz bai Jean-Luc Melenchonen Ezkerroko Frontearen eta bai Berde-Ekologisten adostasuna.
Legebiltzarrerako hauteskundeez ari gara. Frantzia eta Europa osoa lehendakaritzarako bozketei begira dauden bitartean, ea azkenean beteko den Marine Le Pen president bihurtzeko amesgaiztoa... bitartean beste asko ari dira ondorengo hilabeteetarako prestatzen, alegia, bata zein bestea suertatu lehendakari, haren politikek pasatu beharko dutela parlamentuaren galbahetik.
Zer eskaintzen du Ruffinek? Hasteko bere burua kokatu du klase guztietako promesak entzunda desengainaturik dagoen boto emailearen lekuan: “Dudarik gabe, ‘gehieneko soldata’ bat ezarri nahiko nuke legez. Gai eta kapitalen zirkulazio librea baimentzen duten Europa mailako itunak ezabatzea. Lan prekarioa bukatzea. Gutxieneko soldata eta erretiroak 1.500 eurotara igotzea. Oporretarako seigarren astea. Enpresa txikiak laguntzea eta ez handiak. Baina sinetsiko al dituzue zuek nire promesok? Akaso Legebiltzarrean edukiko ote dut gehiengoa? Duda egiten duzue, eta arrazoiz”. Horregatik, Ruffinek hiru konpromiso zehatz hartu ditu.
Bat: bere diputatu kargua utziko du botoemaileen %25ek hala eskatzen badiote. Bi: diputatu bakoitzak urtero 130.000 euroko poltsa bat daukanez nahi duenari laguntzeko (bost urtetan 650.000!), juradu bat antolatuko du zozketaz haien esku utziz diru hori banatzea. Hiru: gaur diputatu batek hilabetean 7.100 euro gordin kobratzen duenez (beste indemnizazio eta estrak aparte), gutxieneko soldata 1.500 eurotara igo artean Ruffinek kobratuko du hilean 1.181 euro, Fakir aldizkarian kobratzen duena.
“Premiazkoa da –dio Ruffinek elkarrizketetan– ezkerrak lur hartu dezan jende apalaren artean, baserrietan bezala hirietako auzuneetan. Erakarri behar ditugu ezkerretik abstentziora jo dutenak, sozialistez etsituak, Front Nationalen bozak berreskuratu, erakutsi isiltzea edo FN bozkatzea ez den beste modu bat badela haserrea eta Europa honen arbuioa erakusteko”.
Picardie Debout hautagaitzaren inguruan ilusionatutako jende multzo baten babesean, Ruffinek atez ate bisitatzen ditu Amiens, Abbeville eta inguruko auzoetako familiak. “Gure filmean erakutsi den moduan, arazoak dauzkazunean lanean, edo langabezian zaudenean oso erraza da arrazismora jotzea, eskueran dauzkazunei erasotzea, izan etorkin edo laguntza sozialen hartzaile. Berriro ulertarazi behar dugu zein den benetako arduraduna: ugazaba. Lehen ezaguna zen, nagusiak jauregia zeukan denen bistan, kapera propioa hilerrian. Gaur elkarrengandik urruti bizi dira langilea eta izorratzen duen patroia. Ikusi Whirlpool, Amiensetik laster deslokalizatuko duten fabrika: langileek ez dakite nagusia nor den ere”.
Ruffinek azaldu die Whirpooleko obreroei: “Jeff Fettigek irabazten du gutako bakoitzak 500 urtean nekez irabaziko lukeena. Eta dio geu, langileok garela garestiegiak!”.
Frantziako Senatuaren herena berritu da. 384ko aulkietatik 171 berritu izan ondoren, En Marche (LREM) alderdiak 28 senatari baino ez ditu lortu. Oposizioko alderdiak izan dira garaile. Le Républicains (LR) eta Alderdi Sozialista (PS) hurrenez hurren.
Baionan sortu zen 1973an, baigorriar familia batean. Alabaina, Donibane Lohizunen hazi eta hezi da tipitatik. Herri Berri taldeko hautetsia da bere herrian. EH Baiko hautagaia izan da azken bi hauteskunde legegileetan, VI. barrutian. Historialaria da. Elkar argitaletxeko editore... [+]
Sorpresaz beteriko frantses ziklo elektoralak aspaldiko panorama instituzionala hankaz gora utzi du. Hauteskunde presidentzialen ondoren, Macron-zaletasun uhin azkarra altxatu da. Komunikazio plangintza eraginkorra garatu du presidente berriak, Frantziaren... [+]
Macron uholdea sentitu da Ipar Euskal Herrian ere. Frantziako Legebiltzarrean egonen diren hiru diputatuetarik bi presidentearen Errepublika Martxan mugimendukoak dira: Vincent Bru eta Florence Lasserre-David. Hirugarrena Jean Lassalle da, 2002 urteaz geroz Legebiltzarrean... [+]
Asanblea Nazionaleko 577 eserlekuek beren diputatua daukate bost urteko legealdirako. Alta bada, bozemaileen %58k ez du botorik eman. Frantziak, Europako demokraziaren sehaskak, behea jo du. Edonola ere, Macron uholdea sentitu da Ipar Euskal Herrian ere. Frantziako... [+]
Frantziako Legebiltzarrerako bozek erakutsi dute jendeengan errotua den politikaren erabakimen guneetatik baztertuak izateko sentimendua zein neurritaraino zabaldua den: gazteak eta klase herrikoienak dira arrantzara joaten hauteskunde egunetan, abstentzioak hautesleen erdia... [+]
Atzoko hauteskundeen ondotik, Emmanuel Macron presidenta da nagusi Frantzia osoan De Gaulle berria bailitzan. Osoan? Ez. Belgikako mugan neoliberalismoak miseriara kondenatutako Pikardian kazetari ezkertiar lotsagabe batek zanpatu du Zesarren ordezkaria.
En Marche (EM) alderdia hirugarrenez jalgi da irabazle bozetan hiru hilabetetan. Presidentzialetarako lehen bi itzulietan garaile izan zen eta legegileetako lehenean ere bai. Emmanuel Macronek lehen itzulian jasotako emaitzak bigarrenean berretsiz gero, Frantziako Errepublika... [+]
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan baldin bada hautagai bat ezkerreko eta ezberdina, François Ruffin kazetaria da hori. Lehen itzulian sailkatzea lorturik, Pikardia Zutik mugimenduaren diputatu izatera iristeko aukerak ditu oraindik.
EM alderdiak bozen %32 lortu du. 400-440 eserleku artean lor lezake Legebiltzarrean. Alderdi Sozialista (PS) hil zorian geratu da, bozen %9rekin: 15-25 eserleku eskura lezake. LR alderdiak bozen %20 eskuraturik, 95-132 diputatu inguru izan lezake.