“Hauteskundeetatik edo bide autonomotik jo, eztabaida antzutzailea da hori”

  • Umetan, Latinoamerikako hainbat iraultzari buruzko kantuak eta kontuak entzun zituen Raquel Gutiérrezek. 20 urte eskas zituela, unibertsitatean ezagutu zituen matxinada haietako seme-alabak, eta berehala egin zuen hegoalderantz, bertatik bertara bizitzeko askapen-borroken kimu berriak. El Salvador, Bolivia; ekintza, kartzela. Gero, hausnarketa: berriro ekiteko, hobeto ekiteko. Donostiako Kaxilda eta Iruñeko Katakrak liburu-dendetan izan zen hilaren hasieran, liburu-aurkezten.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Raquel Gutiérrez Aguilar (1963, Mexiko Hiria)

Matematikaria, soziologoa, aktibista. 80ko hamarkadan Boliviara joan zen eta Tupac Katari (EGTK) erakundeko kide izan zen. 90eko hamarkadan atxilotu zuten, torturatu, eta bost urte egin zituen espetxean. Ez zuten sekula epaitu. Kartzelatik atera ostean hasi zen unibertsitatean lanean, eta Boliviako mugimendu indigena eta sozialei buruzko doktore-tesia idatzi zuen. Gaur egun, Pueblako Unibertsitate Autonomoan ari da irakasle, Mexikon. Hainbat saiakera-liburu argitaratu ditu.

Gaztetatik izan zara aktibista. Nola hasi zinen?

1979.a urte garrantzitsua izan zen: sandinisten iraultzak irabazi zuen, Kubako iraultza gertatu eta 20 urtera. Garaipen horrek markatu zuen Latinoamerikako bidea, hauspotu eta berrabiatu zuen borroka-tradizio bat, gerrilletatik zetorrena. Kontinente osoa hasi zen astintzen: besteak beste, Guatemalan, garaitsu horretan ari ziren zabaltzen mugimendu indigenak eta komunitarioak. Beraz, auzokoak bor-borka geneuzkan, eta gainera, Mexikok bazeukan ate irekien politika bat, onartzen zituen beste herrialdeetako errefuxiatuak, nahiz eta barne-mailan sekulako kontrola ezarri. Hiriburua josita zegoen nikaraguarrez, salvadortarrez, kolonbiarrez, eta UNAM unibertsitate nazional handi-handia, zer esan… Hortik nator ni.

El Salvadorrera joan zinen lehenik.

Bai, errefuxiatu eta militanteen zurrunbilo horretan, salvadortarrekin hasi nintzen harremanetan batez ere, eta San Salvadorrera joateko gonbidapena egin zidaten. 1983an joan nintzen eta han atxilotu ninduten lehen aldiz. Oso gaztea nintzen eta herrialdeko erakunde iraultzaile garrantzitsuenetako baten zatiketa zela-eta hartu ninduten preso. Nik ez neukan arrastorik ere horretaz, zeharo bertikala baitzen erakunde hura, eta oinarriko militanteek ez zeukaten inongo informaziorik; izugarri haserretu nintzen, eta izugarri beldurtu. Zorionez, azkenean, deportatu egin ninduten, eta nire buruari zin egin nion ez zitzaidala berriro halakorik gertatuko, hau da, berriro atxilotzen baninduten, zehatz-mehatz jakingo nuela zergatik.

Borrokan jarraitzeko gogoa ez zitzaizun itzali hala ere. Hurrengo urtean, Boliviara jo zenuen.

Hori da, 1984. urtearen amaiera aldera joan nintzen Boliviara, hainbat kiderekin. 20 urtez, gobernu militarren segida bat egona zen han, ez diktadore bakar bat, baizik eta hainbat, kolpez kolpe aldatzen zirenak. 1982an, baina, demokrazia aldi bat zabaldu zen, eta ondorioztatua genuen halako batean amaitu egingo zela bolada demokratiko hura, Bolivian ez baitute sekula luzaroan irauten, eta hortaz hasiko ginela antolakuntza-prozesu bat eraikitzen, kolpea zetorrenean prest egoteko.

Horrelaxe abiatu zen Tupac Katari erakundea?

Oso-oso gazteak ginen denok, eta eraikitzen hasi ginen halako modu fresko batean, akaso lañoa zena, baina baita bestelakoa ere. Hala jarri ginen harremanetan mendebaldeko aimara komunitateekin, oso ondo eta oso aspalditik egituratutako komunitateekin. Hasiera batean, guk uste genuen haiek errekrutatzen ari ginela, eta, jakina, ez zen hala, baina haiei interesatzen zitzaien gure bidea, ikusi nahi zuten ea zer egingo genuen, eta horrelaxe sortu zen lotura oso emankor bat. Noski, noizbait ere konturatu ginen beste zerbait ari zela eratzen.

Zer motatako borrokak egin zenituzten?

Funtsean, propaganda egin genuen; gerrilla gisa ez ginen hain interesgarriak izan. Jakina, erakunde politiko-militar bat ere baginen, garai hartan ulertzen zen bezala, baina, oinarrian, zera egin genuen: eztabaidarako gaiak aurkeztu, testuak argitaratzen hasi aimara eta ketxua hizkuntzetan, liburuak eta egunkariak kaleratu…

Edonola ere, asko ikasi genuen tradizio indigenaren antolatzeko moduei buruz. Adibidez, Andetako tradizio indigenaren arabera, antolakunde edo dena delako bat asko hazten bada eta jada ezin bada ondo manejatu, bada tradizioak iradokitzen dizu bitan banatzea, hala, bi puskak manejatzeko modukoak izateko berriro.

Eta berriz atxilotu zintuzten, baina oraingoan bazenekien zergatik.

Ondo baino hobeto nekien, bai. Egia esan, atxilotu aurreko sasoian, hasia zitzaigun gertatzen beste erakunde batzuetan ere gertatu den zerbait: erakunde politiko-militarretan, aparatuak, aparatu militarrak batez ere, jotzen du bere premiak inposatzera, eta, hala, horren mende geratzen da erakundearen beste segmentu hori, lotuago dagoena bizitza kolektiboaren erreprodukzio materiala eta sinbolikoa ziurtatzeko langintzarekin.

Hala ere, bazegoen beste zerbait ez nuena ulertzen. 1992. urtea zen, urte garrantzitsua hura ere, 1989an erori baitzen Berlingo harresia, eta ondorioz, esperientzia sobietarra. Guztiz desados egon zintezkeen horrekin, baina eredu bat zen gutxienez, eta bertan behera amiltzen ari zen, kartekin egindako gaztelu bat balitz bezala. Harrigarria zen, eta apenas geneukan informaziorik. Latinoamerikan ere banan-banan ari zitzaizkien burua mozten gerrilla mugimenduei, eta hasi nintzen pentsatzen, obsesiboki pentsatu ere, ea zer atera zen gaizki.

Hausnarketa horren ondorioz idatzi zenuen zure lehen liburua: ¡A desordenar! Por una historia abierta de la lucha social.

Bai, esan bezala, dena ari zen erortzen, eta bolada horretan sortu zen beste gauza bat, sortu zen altxamendu zapatista, beste kode batzuekin, beste diskurtso batzuekin. Kartzelan nengoen bitartean astia neukan irakurtzeko, halako gauzen inguruan pentsatzeko, eta orduan hasi nintzen idazten zerbait, zalantzan jartzen zituena, nolabait ere, ezker armatuaren zenbait mantra, ezker armatuaren alderdirik maskulinizanteenak. Nekeza egin zitzaidan hura idaztea, askok gaitzetsi baininduten eta nik gaitzetsi bainituen haiek; gero, apurka-apurka, joan ginen adiskidetzen.

Argazkia: Dani Blanco.

Berehala argitaratu zenuen beste liburu bat: Desandar el laberinto: Introspección en la feminidad contemporánea. Zuzenean aipatzen da emakumeen menderakuntza.

Hara, egia esango dizut, liburu hori idatzi nuen dibortziatzeko. Nire bizitza nahiko ezohikoa izan zen, ikasle izan nintzen Mexikon bolada batez, baina gero Latinoamerikan barrena ibilia nintzen militante internazionalista gisa. Kartzelatik irten nintzenean bizi izan nuen lehenengo aldiz halako bizitza normal eta egonkor bat; bikote batean, gainera, gizon batekin, ezkonduta. Zer esango dizut ba, ez zitzaidan batere gustatu. Ez zuen funtzionatzen, eta kontua ez zen ez nuela maite nirekin hainbeste urtean egona zen hura, ez, kontua zen ikaragarria iruditzen zitzaidala gizon harekin bizitzea ezkontzaren pintzan, eta nire kautan galdetzen nuela: baina zer da hau?

Uraren Gerra izeneko altxamendua izan zen 2000. urtean Cochabamba hirian, Bolivian. Bertan izan zinen.

1997an atera nintzen espetxetik, eta hainbat gauzatan aritu nintzen: eskolak ematen, gero Comuna izeneko argitalpen-proiektu bat abiatu genuen… Orduan, altxamendu- eta mobilizazio-garai bizi-bizia piztu zen herrialdean, Latinoamerikako beste hainbat tokitan gertatu zenarekin batera, gutxi gorabehera. Borroka askoz horizontalagoak ziren, autonomoagoak, subjektu askoz heterogeneoagoek osatuak… Eta, Bolivian, Uraren Gerra izan zen abiapuntua.

Zergatik gertatu zen altxamendu hori?

Kontzesioen gaiarekin dago lotuta. Garai liberalean, baliabide naturalen kontzesioak eman zitzaizkien enpresa pribatuei, haiek kudea zitzaten, eta etekinak atera; hori zuritzeko esaten zuten eraginkorragoa zela enpresa pribatuaren kudeaketa estatuarena baino, eta hori ez da egia inondik ere, baina tira, argudio hori erabili zuten. Orduan, AEBetako konpainia bati eman zioten Cochabamba hiriko eta inguruetako ura kudeatzeko kontzesioa, eta hango grina pribatizatzailea erotzekoa izan zen, ezarri zituzten baldintzak eskandalagarriak ziren.

Adibidez?

Bada, besteak beste, neurgailuak jarri nahi zituzten jendeak bere kabuz eta auzolanean eginak zituen putzuetan. Zuk zeuk egin duzu lan guztia eta hara non gringo bat datorkizun kuota bat kobratu nahian; zeren izenean baina? Ez dizu-eta ezertxo ere eman. Jakina, matraka teknokratikoak aletu zituzten, dotore-dotoreak, akuiferoari buruzko ikerketak egingo zituztela eta abar, baina jendeak erantzun egin zien: “Zuek ez diguzue ezer eman, ezta peso laurden bat ere, eta ura ez da inorena, ura denona da”. Pribatizazioak talka egin zuen herritarrekin, eta hiria eta inguruak altxatu egin ziren.

Argazkia: Dani Blanco.

Enpresak alde egin zuen, ezta?

Bai, Bechtel enpresa bota genuen, eta udal enpresa berreskuratu, baina ez genuen nahi alkateak aukeratzerik zuzendaria, zeren alderdien sistemak hautatzen baitzuen alkatea, eta desastre hutsa zen sistema hura, oraingoa baino okerragoa. Orduan, kontrol soziala izeneko zerbait hasi ginen sortzen, eta uraren batzordeekin eta auzoetako batzordeekin batera sortu genuen halako egitura bat, udal enpresa kontrolatzeko.

Zer moduz joan zen?

Maila txikian egin arren, ariketa benetan interesgarria izan zen, ikusteko nolako harremanak sortzen diren instituzioaren eta mugimendu autonomoaren artean. Konturatu ginen zer zaila den. Arazoa, hala ere, ez zen sistema zaharrean eraginkorrak izatea, baizik eta hori iraultzea. Berehala etorri ziren oztopoak, ez baikenuen lortu udal enpresaren jabetza-erregimena aldatzea, eta, beraz, udal enpresak kudeatzeko erregimena bete behar baikenuen nahitaez. Adibidez, uraren batzordeek asanblada erraldoi bat egin eta erabakitzen bazuten, kolektiboki eta lan handia egin ostean, hodi bat hemendik joan behar zela eta ez handik, bada hori ezin zuen enpresaren zuzendariak bakarrik erabaki, ez dakit nork eta badakit nork balioztatu behar baitzuten. Instituzioa ez da auto bat, bolante batekin, hara edo hona bideratu daitekeena. Itsasontzi bat da, olatuei eta enbatari aurre egiteko gai dena, amarratzez osatua: bati jotzen diozunean, gai da kolpeari aurre egiteko, kargaren puska bat beste amarratzeetara bidalita. Horregatik da hain elastikoa, horregatik eusten dio, erasoak eraso.

Zure azken liburuan lantzen duzu instituzioaren eta mugimendu komunitarioaren arteko kinka hori.

Nire asmoa ez da berriro ere ezartzea aspaldiko eztabaida hori, antzua iruditzen baitzait gainera, ea hauteskundeen bidetik ala bide autonomotik jo behar dugun. Saiatu behar dugu dualtasuna ulertzen ez harreman binario bezala, hau ala bestea, baizik eta zeruertz moduan, elkar osatzen duten harreman moduan. Horretan oso lagungarri zaigu feminismoa. Irudikatu behar dugu mugimendu-estatu harremana, eta ez tematu estatua dela eragile bat eta bakarra. Ez dugu uste Gizona denik eragile bat eta bakarra, ezta? Ba berdin.

Mexikon bizi zaren arren, gertutik jarraitu dituzu azken hamarraldian Bolivian gertatu direnak. Zer iritzi duzu?

Aurreko galderan aipatu didazun kinka horren harira, ez daukagu erantzunik, baina serio hartu behar ditugu arazoak, eta Latinoamerikako gobernu aurrerakoien adibidea argigarria da. Boliviaren kasuan bi aro daude, argi eta garbi. Lehena, 2006 eta 2009 bitartean, Evo [Morales] gobernuan zegoela jada: konstituzioa sortzeko asanblada oso interesgarri bat egin zen, hainbat gauza aurkeztu ziren eta hainbat gauza idatzi ziren herrialdeko konstituzioan, zenbait urte lehenago ezin izango genituzkeenak amestu ere.

Zerk zapuztu zuen hasierako itxaropen hori?

Instituzioaren eta estatuaren bidea hartzen baduzu, jakin behar duzu zertarako zauden hor, zer lortzeko. Gizarteak edo mugimendu autonomoak argi izan behar ditu gutxieneko batzuk, eta horietan ezin da amore eman. Nire eta beste hainbaten kasuan, gutxieneko oso gutxieneko bat zen herrialdearen ekialdeko lurjabe oligarkek ospa egin behar zutela, izan ere, gobernu militarrek lurrak eman zizkietelako baino ez baitzeuden han. Hori aldatu beharra zegoen! Baina ez zen aldatu. Eskuin oligarkako alderdien tema baretzeko, ezabatu egin zen puska hori konstituziotik, eta, hala, eskuinak alde bozkatu zuen.

Zergatik egin zitzaizun hain etsigarria?

Nik ulertzen dudan moduan, muga jakin bat zeharkatuz gero, goikoek ekinean segituko dute, oraingoan hau eta hurrengoan beste hura irents dezazun. Beren zuribideak azalduko dizkizute, noski, apain askoak, kontua da ea aditu nahi diezun.

Azken hitza: Gobernuaz eta botereaz

“Sarritan etortzen zait gogora Cochabambako Uraren Koordinakundean aipatzen genuen lelo bat: Gobernuaren arazoa Evorena da; boterearen arazoa, ordea, gurea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internazionalismoa
2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-10-29 | Leire Ibar
Baldintzapeko askatasunean aske geratu dira bi preso iruindar

Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.


2024-10-03 | Gedar
24 orduko barauak egingo dituzte aste honetan Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez

Ostegun arratsaldean hasiko dira baraualdiak, eta bost gune antolatu dituzte ekimenari lotuta: Bilbon, Altsasun, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Larunbat eguerdian, berriz, manifestazio handi bat egingo dute Bilbon, palestinar erresistentziarekin elkartasunez eta... [+]


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


EH Bizirik-ek eta Askapenak Italiako AHTaren aurkako borroka ezagutuko dute uztaileko brigadetan

Euskal Herria Bizirik eta Askapena brigada bat antolatzeko elkartu dira. Europan lurraldearen defentsan dauden bi borroka bisitatuko dituzte: Lurraren Altxamenduaren borroka Frantziako Estatuan, eta NO TAV mugimendua Italian.


2024-07-02 | Gedar
Bidasoko suhiltzaileak Palestinako bandera kentzera behartu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Maiatzean jarri zieten debekua, berriki salatu dutenez. Larunbatean, Palestinarekin elkartasunez mobilizatu ziren Hego Euskal Herriko parke denetako suhiltzaileak.


2024-06-05 | Axier Lopez
Jaurlaritzaren eta Israelen arteko “lankidetza” salatu dute Bilbon

Uribe Kostako Palestinaren aldeko Khalas! elkartasun taldeko hainbat kidek salaketa ekintza egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza barruan. Jaurlaritzak Israelekin dituen harremanak azaleratu eta salatu nahi izan dituzte.


Israel Olinpiar Jokoetatik baztertzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.


“Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu”

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Palestina: (ez) gure izenean

Herritarrok kalera irten gara behin eta berriro Palestinarekin elkartasuna adierazteko. Herriaren nahia argi utzi dugu. Hala ere, instituzioek gor eta tinko jarraitzen dute sionismoari arnasa ematen. Palestinar herriak sufritzen duen genozidioaren inguruko berriak (zaharregiak... [+]


2023-12-12 | ARGIA
Israelek hil dituen milaka palestinarren izenak irakurriko dituzte azpeitiarrek abenduaren 22an

Abenduaren 22an Azpeitiko herriko plazan egingo dute Gazako sarraskia salatzeko ekimena. Herritarrek bata bestearen atzetik irakurriko dituzte ahoz goran Israelek hil dituen dozenaka milaka palestinarren izenak.


Eguneraketa berriak daude