India cashless lurralde bihurtzea erabaki dute hango agintariek, diru moneta fisikoen ordez txartel eta diru digitaletara iraganez, ustelkeria eta merkatu beltza ezabatzeko balioko duelakoan. Egun batetik bestera herritarren eskuetan ziren sosen %86 erretiratu zuten eta ezinegona zabaldu denetan. Iraultzaren kaltetuak laster ikusi dira: nekazariak, beltzean lan egiten dutenak –indiarren gehiengoa–, kaleko saltzaileak eta oro har digitalizatzean barnatzeko arazoak dituzten guztiak.
Mundu guztia entreteniturik zegoela AEBetan lehendakari Donald Trump nola hautatzen zuten begira, egun hartan bertan India lurrikara batek astindu zuen, 1.250 milioi jenderen bizimoduak errotik aldatuko zituena. Azaroaren 8an, gaueko 22:00etan Indiako hedabide nagusietan azaldu zen Narendra Modi lehen ministroa iragartzeko gauerdian bertan baliorik gabe geratuko zirela 500 eta 1.000 errupiako bileteak, herrialdean zirkulatzen zuen diru fisiko guztiaren %86. Modik 50 eguneko epea lagatzen zien herritarrei diru zaharra bankuetan entregatu eta paper berriz ordezkatzeko eta bide batez diru elektronikoz funtzionatzen hasteko.
Prentsa ekonomikoak asko goraipatu ditu Indiak egindako urrats ausartak bere ekonomia monetagabetu –demonetisation, cashless economy...– eta modernizatzeko ahalegina. Modik herritarrei azaldu zien horrelako neurri gogorra beharrezkoa zela ustelkeria, diru beltza eta terrorismoaren finantziazioa ezabatzeko. Aldiz, orain hasi dira munduan barrena zabaltzen hango ahots kritikoak, diotenak aldaketa oso mingarria ari dela suertatzen jende askorentzako, funtsean ahulenendako. Monetagabetzeak eragindako heriotzak ere ehunka omen dira.
Munduko nekazarien eta elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua den GRAINek otsailean plazaratu duenez “moneta gabeko ekonomia kolpe handi bat da ekoizle txikientzako”. GRAINek arreta bereziz jarraitzen ditu Asian globalizazio neoliberalak dakartzan aldaketak Supermarket Watch Asia buletinean: “Azoka txikietan oinarritzen da milioika jenderen ekonomia eta bizimodua. Eta hala ere, Asiako herrialde askok antolatu dituzte lekuko merkatuak eta horiei esker bizi diren jendeak hondoratzeko politikak. Hong Kongetik hasita Hanoiraino, gobernuek debekatzen dituzte azokak, aldi berean ahulduz korporazio handien indarra eta prezioen eromena kontrolatzen zituzten arauak”. Politika horien adibide muturrekoena da Indiaren erabakia.
Ekonomia diru fisikotik banka digitalera eta plastikozko dirura –txarteletara– iraganarazteko erabakiak, laster ikusi denez, ez ditu hainbeste kolpatu ustelkeria eta beltzean ari diren enpresa handiak, baizik eta eskala txikiko ekoizleak, laborariak eta karrikako saltzaileak, banka digitalean sartzeko zailtasunik handienak dituztenak. Lehen hilabeteetan monetagabetzeak merkataritzaren eta salmenten alor guztiak astindu ditu, baina betidanik diru fisikoan oinarritu direnak modu berezian, nekazaritzan eta deklaratu gabeko lan informaletan ari direnak bidenabar.
India bezalako herrialde zabal batean izugarri neketsua gertatu da billete zaharrak berriz ordezkatzea eta gauetik goizera herritarren eskuetan billete guztien %14 besterik ez geratzeak itolarrian murgildu ditu milioika. Indian salerosketa guztien %95etik gora dirutan egiten ziren, saltzaileen %90ak ez zeukan modurik dirua ez zen beste ezer onartzeko, txartelak esaterako. Langileen %85ek jornala dirutan kobratzen zuen eta populazioaren erdiak kontu korronterik ere ez zeukan inongo bankutan. Modik erabakia jakinarazi osteko bi hilabetetan milaka tresna elektroniko zabaldu dira salerosketa digitalak erraztu dituztenak, kreditu txartel bidezko salerosketak %10 ugaritu dira... baina bitartean kaleko saltzaileei negozioak agortu zaizkie, beraiek bezala erosleak ere dirudik gabe geratuak zirelako.
Indiarrak oro kontsumitzaile bortxaz
Kontraturik gabeko lan informalak osatzen du Indiako langileriaren %93a eta hauek nozitu dute gehien bat-bateko aldaketarekin. Milaka langilek bere enplegua galdu du, GRAINen txostenak dioenez. “Eraikuntza lanak mantsotu dira. Taxiek, bizikletazko rickshawek, etxeetako enplegatuek, zamaketariek eta beste askok jasaten dituzte zailtasun handiak. Jornala egunka kobratzen duen obrero asko lanik eta dirurik gabe geratzean, alderantzizko migrazioa hasi da, hirietatik herrixketara itzultzekoa”.
Komertzioan ere, txikiak galtzaile.
Karrikako saltzaileek muturreko galanta jaso dute, beren negozioa txanpon fisikoetan oinarritzen baita. Egun batetik bestera eroslerik gabe geratu ziren, eta hurbiltzen ziren bakanei diru xeheak itzultzeko ahalmenik gabe gainera. Aldiz, supermerkatu handiek eta salerosketa elektronikoan berezitutakoak atera dira indartuak aldaketarekin. Eta Dharmendra Kumarrek GRAINen buletinean idatzi duenez, Modiren gobernuak hasieran aipatzen bazituen ustelkeria, merkatu beltza eta terrorismoa monetagabetzearen arrazoitzat, laster hasi zen benetako argudioa azaltzen: India modernizatzea cashless economy bihurtuz.
Funtsean indiarrak oro kontsumitzaile bihurtzeko erabakia datza plastikozko diruaren zabaltzearen arrazoia: jendearen ohiko bizimodua aldatu, saldu eta erosteko moduak, janari eta hornidura oro eskuratzeko zirkuituak. “Indiako pagakizun elektronikoen liderra den Paytm konpainiak atzean dauka Alibaba e-merkataritzako erraldoi txinatarra. Alibabak dagoenekoz badauzka 20 milioi erabiltzaile Indian eta asko dauka irabazteko gobernuaren operazio honetatik. Paytm eta Alibaba bezalakoen desioa da indiarren eroste moduak aldatzea”. Amazon eta Flipkart ere, Indiako e-merkataritzan lider direnak, diru asko ari dira inbertitzen beren salmentak handitzeko. Ondo posizionatu dira kaleko saltzaileei eta komertziante independente txikiei konkurrentzia irabazteko.
Exekutibo neoliberalek maite duten Forbes aldizkarian Wade Shepardek aitortu du: “Modiren monetagabetze operazioa izan da shock doctrine [Naomi Kleinenek definitzen duena bezalako] taktika bat, dirutan oinarritutako merkatua ezabatzeko, ekonomia eta populazioa gehiago digitalizatzeko, eta sare ekonomiko formalagoa bilakatzeko, zergak ezartzen errazagoa izango dena”.
Indiako nekazari txikien mugimenduek lehen ministroari gutun ireki batean aurpegiratu diote herrialdearen independentziaz geroztik hartutako muturrekorik handiena neurriokin eman diela. Behin monetagabetzeko neurriak hartzen hasita, Delhiko agintariek ez dituzte kontutan hartu Indian gehiengoa diren landa eremuetako jendeak, ez diete erreparatu metropolietan bizi direnen eta beste guztien arteko bizimoduen ezberdintasunei, ez zaie axola izan urtearen zein sasoitan eta nola ezarri neurriak nekazarien egutegietan gozoago iragan zitezen.
Betiko azoketan baserritarrek bezala erostunek hilabeteotan bizi dituzten estuasunak asko aipatu dira. Aldiz, nekazarien ordezkariek garrantzia berezia eman diote beste honi ere: laborantzan betebehar funtsezkoa konplitzen duten kreditu kooperatiba txikien biziraupena jarri da arriskuan, dena irentsi nahi duen banka handiaren mesedetan.
Inoizko okerrenean daude India eta Kanadaren arteko harreman diplomatikoak: indiar enbaxadorea eta beste bost goi diplomatiko bota ditu Ottawak joan den astean; eta, ordainetan, beste horrenbeste egin du berehalaxe New Delhiko gobernuak.
Indiako lehen ministro Modik 400 jarleku baino gehiago lortu behar ditu hauteskunde nagusietan, arrakasta dela esateko. Egungoak baino gutxiago lortuko balitu, porrota izango litzateke, koalizioak gehiengoari eutsiko balio ere. Ekainaren 4ko emaitzek erakutsiko dute korapiloaren... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.
NewsClick ezkerreko hedabidearen sortzaile eta erredaktore burua eta Amit Chakravarty giza baliabideen arduraduna atxilotu ditu Indiako Poliziak, zenbait egoitza eta hainbat kazetariren etxebizitza ere miatu dituzte.
Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.
Duela lau hilabete, zenbait kirolarik Indiako Borroka Libreko Federazioko burua salatu zuten sexu-abusuak egiteagatik. Igandean protesta egin dute Jantar Mantaren, Indiako Parlamentutik gertu. Salatuetakoen artean daude olinpiar jokalariak, eta Poliziak atxilotu ditu hainbat.
Bi herrialde horiek Errusiako petrolio inportazioen %90 osatzen dute. Europak nabarmen jaitsi du eskaera, baina gainontzeko herrialdeen eskaerak handituta, Errusiaren esportazio osoa handitu egin da. Prezioen jaitsieraren ondorioz, ordea, Errusiak diru sarrera gutxiago jasotzen... [+]