Errusiar iraultza eta gu

  • Pompeu Fabra unibertsitateko historiako irakasle emeritua da Josep Fontana Bartzelonan. LARRUN 172. zenbakian egin genion elkarrizketan duzu haren berri zabalago. 2016ko urrian La revolució russa i nosaltres hitzaldia eman zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Errusiako Iraultzaren Mendeurrenaren Komisioak antolatutako jardunaldien barruan. Sin Permiso webgunean argitaratu zuten testua eta haren CC by 3.0 lizentziari esker ekarri dugu euskaraz hona.

“Leninek parlamentu burgesaren erregimeneko gezurrak salatu zituen, dena bideraturik baitzegoen ‘aberatsentzako bakarrik izango den demokrazia’ ezartzera”. Irudian, buruzagi boltxebikea, Leon Trotski eta beste hainbat kiderekin.

1890 ingururako alderdi sozialista europarrek, Bigarren Internazionalean bilduak, ilusio iraultzailea abandonatu eta bide erreformista defendatu zuten parlamentu burgesetan integratzeko. Uste zuten hauteskundeekin boterera iritsiko zirela egunen batean, eta hor gizartea eraldatzen hasiko zirela. Alderdi sozialista alemaniar, italiar, espainiar eta frantziarrak –azken honek Langile Internazionaleko frantziar sekzioaren izena zuen oraindik–, baita britainiar laborismoak ere, erreformaren aldeko politikaren bidea hartu zuten. Hala ere, marxismoaren erretorika iraultzailea mantentzen zuten, langileek pentsa zezaten euren alderdiek erabateko eraldaketaren alde borrokan segitzen zutela.

Erretorika eta praxiaren arteko kontraesana lehertu zen 1914ko Gerra Handia bazetorrenean. Internazional sozialistak 1912ko azaroan Basilean egindako kongresuan aldarrikatu zuen: "Langile klasearen eta bere ordezkari parlamentarioen eginbeharra da (...) gerra ez hasteko esfortzu oro egitea”, eta hasiko balitz, ahalik eta azkarren amaitzeko esku hartu behar zela zioen: “Erabili behar da gerrak sortutako krisi ekonomiko eta politikoa herria altxatu eta klase kapitalistaren gobernua eror dadin”. Kongresuak poza azaldu zuen “alderdi sozialista eta sindikatu guztien adostasuna dagoelako gerraren kontra”, eta deia luzatu zien “herri guztietako langileei, nazioarteko proletargoaren elkartasunaz inperio kapitalistari aurre egiteko”.

Baina 1914ko abuztuaren 4ko arratsaldean, aste batzuk lehenagora arte gerraren kontra jardun ziren sozialista alemaniarrak alde batetik, eta frantziarrak beste aldetik, gerra deklarazioa onartu zuten gogotsu parlamentuan, eta hura hasteko kredituen aldeko botoa eman zuten. Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak tregua soziala onartu eta konpromisoa hartu zuen gobernua ez kritikatzeko eta langileei eskatzeko grebak alboratu zitzatela gerrak iraun bitartean. Britainiar laboristek ere gerra onartu zuten, baina areago, koalizio gobernuan sartu ziren azkenerako.

"Baina Leninek esandakoa ez zen mugatzen “bakea, lurra eta ogia” lelora; ez zen soilik programa bat gerrarekin berehala eta edozein preziotan amaitzeko eta lurra baserritarrei emateko. Oinarrian, planteamendua askoz erradikalagoa zen"

Errusian gauzak beste modu batekoak izan ziren. Hango alderdi sozialdemokrata banatuta zegoen boltxebike eta mentxebikeen artean eta ez zuen ordezkaritzarik parlamentuan, alderantziz, poliziak pertsegitzen zuen. 1917ko hasieran boltxebikeen lider zenbait Siberian zeuden baztertuta, Stalin eta Kamenev adibidez, beste batzuk exilioan zeuden: Lenin Zürichen jarri zen bizitzen eta Trotski New Yorken.

1917ko otsailean Petrogradon iraultza hasi zenean, han ez zegoen alderdi iraultzaileen buruzagirik hura gidatzeko, eta botere bikoitza nagusitu zen: langile eta soldaduen sobiet edo batzarrak batetik, eta parlamentuko behin-behineko Komitea bestetik. Ados jarri ziren behin-behineko gobernu bat martxan jartzeko eta aldaketa politikoak gibelatzeko, azaroan sufragio unibertsalez hautatuko zen Konstituzio Batzarra eratu arte behintzat.

Martxoaren 3an behin-behineko gobernuak amnistia onartu zuen “delitu politiko eta erlijioso ororentzat, ekintza terroristak, altxamendu militarrak eta nekazal krimenak barne”. Stalin eta Kamenev Siberiatik itzuli ziren eta Pravda boltxebikeen egunkarian defendatu zuten gerrarekin jarraitu eta Konstituzio Batzarra eratzearen aldeko programa; ados zeuden indar politiko errusiarren gehiengoarekin.

Apiril hasieran Vladimir Lenin Suitzatik bueltatu zen. Errusia gerratik kanpo ikusi nahi zuen Alemaniako gobernuak berak utzi zion bidaia egiten; Baltikoko kostaldetik trenean joaten lagundu zion, Suedia eta Finlandiatik barrena Petrogradon sar zedin.
Alemanen jokabidea ulertzeko, gogoan izan behar da 1917ko lehen hilabeteetan AEBetan krisia sortu zela, eta ondorioz Alemaniari gerra deklaratu ziotela apirilaren 6an. Alemaniarrek proposatu zioten bidaia Lenini, baina honek hainbat baldintza jarri zituen onartu aurretik: Alemanian barrena beste hogeitamar bat erbesteraturekin eramango zuten bagoiak lurraldez kanpoko eremu izaera izan zezatela, esaterako. Trotski, aldiz, britainiarrek atxilotu egin zuten eta hilabete berandu iritsi zen Petrogradora.

“Mendeko krimen handienetako bat izan zen hiru milioi berrehun mila vietnamdar baserritar hiltzea argudio bezala jarriaz Asia konkistatzeko prest zeudela. Vietnamera ez ziren joan demokrazia defendatzera, Hego Vietnamen diktadura militarra zegoen-eta”. Irudi hau 1967an hartu zuen berriki hil den Marc Riboud argazkilari frantziarrak, Pentagono kanpoaldean egindako manifestazio batekoa da eta gerraren kontrako ikono bihurtu zen.

Boltxebikeek apirilaren 3an Petrogradoko Finlandia geltokian Lenini egindako ongi etorrian, bagoiko plataformatik esan zuen: “Herriak bakea behar du, herriak ogia behar du, herriak lurra behar du. Eta gerra ematen diote, gosea ogia beharrean, eta lurra lurjabe handien esku uzten dute. Borrokatuko dugu iraultza sozialaren alde, amaiera arte borrokatu, proletargoaren garaipen erabatekoa lortu arte”. Eta oraindik beste hau ere esan zuen: “Pirata inperialisten arteko gerra hau Europa osoan zabalduko den gerra zibil baten hasiera baino ez da. Egunen batean europar kapitalismoa amilduko da. Hasi duzuen errusiar iraultzak bidea ireki du garai berri baterantz. Gora munduko iraultza sozialista!”.

Diskurtsoak ez zuen harrera ona izan geltokian zeuden boltxebikeen artean eta alderdi barruko egituretan lehen bozketak egin zirenean atzera bota zuten. Iraultza demokratiko burgesa babesteko ideia errotuta zegoen, sozialismora iristeko ibilbidearen lehen etapak horrela izan behar zuen, europar alderdi sozialdemokratek zioten bezala; iruditzen zitzaien harago joan nahi izatea porrota ekarriko zuen abentura bat zela.

Baina Leninek esandakoa ez zen mugatzen “bakea, lurra eta ogia” lelora; ez zen soilik programa bat gerrarekin berehala eta edozein preziotan amaitzeko eta lurra baserritarrei emateko. Oinarrian, planteamendua askoz erradikalagoa zen. Bere esanetan, otsailetik lorturiko aurrerakaden ondoren eta behin sobietak boterea erabiltzeko organo bilakatuta, ez zuen zentzurik errepublika parlamentario burgesarekin geratzeak, zuzenean jo behar zen botere guztia sobieten esku utziko zuen sistemarantz, estatuaren botere-mekanismoak –polizia, ejertzitoa, burokrazia...– abolitzeaz arduratuko zen horretarantz. Estatuaren desagerpena hasiko zen horrela, eta klaseen arteko banaketaren desagerpena ere bai.

Marxek parlamentuaren bidea zalantzan jarri zuen 1875ean idatzitako Gotha programari kritika-n, eta Leninek hori baino ez zuen errepikatu. Sozialdemokrata alemaniarrek urte askoan ezkutuan eduki zuten Marxen testua; hor uko egiten zion “estatu librearekin” sozialismorantz aurrera egin zitekeen ideiari, trantsizio moduko bat balitz bezala: “Gizarte kapitalista eta komunistaren artean, lehenengotik bigarrenerako eraldaketa iraultzailearen garaia dago. Garai horri dagokio, baita ere, trantsizio bat egitea, eta horretan estatuak ezin du proletargoaren diktadura iraultzailea baizik izan”.

Nola egin behar zen trantsizio hori? Zaila da zehaztea, alderdi sozialistak ez baitziren pentsatzen hasi zer egin behar zuten behin boterera iritsita, oso urrunekoa zirudien. Esperientzia bakarra 1871ko Parisko Komuna izan zen, eta oso gutxi iraun zuen hortik erreferentziazko arau batzuk ateratzeko.

"Gerra zibila gainditu zuten une horretan historiak norabidez aldatzen du. Britainiarren gobernuko buru Lloyd George lehenengoetakoa izan zen ikusten alferrikakoa zela Errusia sobietikoa konkistatzeko ideiari eustea iraultza likidatzeko. Iraultzaren kontrako borrokak izaeraz aldatu zuen, errusiar agertokitik mundu osora igaro zen. Beharrezkoa zen maila unibertsalean eta ideien eraginez aurka egitea”

Leninek proposatzen zuena jakin dezakegu Estatua eta iraultza-n idatzitakotik. Parlamentu burgesaren erregimeneko gezurrak salatu zituen, dena (sufragiorako arauak, prentsaren kontrola, eta abar) bideraturik baitzegoen “aberatsentzako bakarrik izango den demokrazia” ezartzera. Ondorioz, estatuaren desagerpena bi fasetan aurreikusi zuen Leninek. Lehenengoan, estatu burgesa estatu sozialistak ordezkatuko zuen proletargoaren diktadurarekin.

Bigarren fasean estatua pixkanaka desagertuko zen eta gizarte komunistarantz egingo zuen. Trantsizio horretan sozialistek kontrol zorrotza mantendu behar zuten lana eta kontsumoarekiko; kontrol hori kapitalistak desjabetuz lor zitekeen, baina ezin zen estatu burokratizatu bat sortu, azkeneko helburua, hain zuzen, “klaserik eta estatuaren botererik gabeko” gizartea baitzen.
Ez gara hemen hasiko historia aski ezaguna azaltzen, nola iritsi ziren boltxebikeak boterera eta nola hasi ziren antolatzen sistema berriranzko trantsizioa.

Gehien interesatzen zaidana da gogoraraztea 1918ko urtarrilaren 7an Leninek espero zuela burgesen erresistentzia une baten ostean, iraultza sozialistaren garaipena hilabeteetako kontua izango zela.
Iraultzaren kontrakoak babestuz hamahiru herrialde ezberdinek parte hartu zuten “gerra zibila” deiturikoak, ordea, desengainatu egin zuen. Boltxebikeen estatu berriari 8 milioi hildako kosta zitzaion gerra irabaztea, borroketan hildakoei gehitu behar baitzaizkie goseak eta gaixotasunek hildakoak. Horretaz gain, ekonomia erabat deuseztaturik geratu zen. Egoerak derrigortu zituen gizarte berriaren ezarpena mugagabe atzeratzera.

Gerra zibila gainditu zuten une horretan, historiak norabidez aldatzen du. Britainiarren gobernuburu Lloyd George lehenengoetakoa izan zen ikusten alferrikakoa zela eustea iraultza likidatzeko Errusia sobietikoa konkistatzearen ideiari. Iraultzaren kontrako borrokak izaeraz aldatu zuen, errusiar agertokitik mundu osora igaro zen. Beharrezkoa zen maila unibertsalean eta ideien eraginez aurka egitea, mundu osoko talde eta mugimenduek iraultza sobietarra euren borroketarako inspirazio eta eredu iturri baitzuten.

Komunismoa izena zuen etsaia borrokatzen hasi ziren, beraz, ez zen soilik estatu sobietarra, ezta Hirugarren Internazionaleko alderdi sozialistak ere, hauek 1930eko hamarkada arte eragin murritzeko talde txiki sektarioak besterik ez ziren-eta. Etsaia neurrigabea zen, indefinitua eta unibertsala, ez zen errealitatetik jaio, politikarien beldur obsesiboetatik baizik: edozein greba edo protesta kolektiboren atzean zegoen komunismoa. Adibidez, Pazifikoko kostaldeko AEBetako portuetan zamaketariek egindako greba batez Los Angeles Times-ek ziurtatu zuen “komunistek antolatutako iraultza” zela gobernua eraisteko; hura zanpatzeko ejertzitoak esku hartu zezala eskatu zuen, ondorioz. Halakoak momentu eta toki oso ugaritan biderkatu ziren.

Momentu horretatik aurrera iraultza komunistaren kontrako borroka denoi zegokigun lehia bihurtu zen. Espainiako bigarren errepublika, adibidez, 1931n azaldu zen nazioarteko jokalekuan, eta Europako toki gehienetan ezinegon soziala diktaduren bidez konpontzen zuten bitartean, potentzia handietako gobernuak haren kontra jarri ziren. Madrilgo enbaxadore estatubatuarrak 1931ko apirilaren 16an informazioa helarazi zion Estatu departamentuari, Errepublika aldarrikatu eta bi egunera: “Espainiar herriak XVII. mendeko pentsaera dauka: komunista itxurako gezurrek erakarrita, existitzen ez den agindutako lurra baino ez dute ikusten. Etsipena iristen zaienean, itsu makurtuko dira euren eskura dagoen edozeren aurrean, eta gobernu ahul honek paso uzten badio, oso zabalduta dagoen boltxebikeen eraginak harrapa ditzake”.

Hurrengo mezuetan garbi ikus daitekeenez enbaxadoreak ez zekien buruzagi errepublikarrak zein ziren ere. Azañari buruz azalpen hau eman zion Washingtoni: “Ez dut enbaxadan bere erreferentziarik aurkitu. Agregatu militarrak dio Alejandro Lerrouxi lotuta dagoela. Dirudienez, ‘errepublikar erradikala’ da”. Ez zekien ezer errepublikarrez, baina “boltxebikeen eraginaz” gauzak oso garbi zituen antza.

1936an Espainian altxamendu militarra jazo zenean, potentzia europarrek Espainiako Errepublika babesgabe utzi zuten –alemaniar eta italiarrek, aldiz, gizonak, armak eta hegazkinak erabiliz interbenitu zuten–; eta dena, beldur zirelako komunismoa kutsatuko zutela, 1936an hori ezinezkoa zen arren.

Bitartean, estatu sobietarra, Stalinen agindupean, kanpoko eraso bat jasateko ikaraz bizi zen, eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko balioko luketen baliabideak defentsarako armetan inbertitu zituen. Beldur handi horren ondorio lazgarriena, ordea, izan zen barne konspirazioekiko panikoa sortu zuela, obsesio bihurtzeraino, uste baitzuten kanpoko erasoa preparatzen ari zirela iraultzaren estatua zapaltzeko. Beldur horrek ekarri zuen 1936 eta 1939an SESBean zazpiehun mila pertsona exekutatzea. NKVDren 1937ko uztailaren 30eko 00447 aginduak, “antzinako kulak, kriminal eta elementu antisobietarrei buruzkoa”, herritar arrunt, nekazari eta langileak jazarri zituen batez ere, nahiz eta ez zeuden inolako konspiraziotan nahastuta eta ez ziren mehatxua estatuarentzat. Stalinen ondorengoek ez zuten gehiago tamainako terrorerik eragin, baina disidentziarekiko beldurra mantendu zuten, eta horrek asko zaildu zuen barne demokrazia toleratzea.

Estatu sobietarra salbatzea lortu zuten, baina gizarte sozialista eraikitzeari uko egin zioten ordainetan. Estatuaren tirania ezabatzeko jaiotako programak estatu zapaltzaile bat sortu zuen.

Nolanahi ere, Sobietar Batasunetik kanpo, munduko gainerako tokietan proiektu leninistak sorturiko ilusioak segi zuen urte askoan beste “komunismo” baten aldeko borrokak sustatzen, eta ezarritako ordenaren defendatzaileak behartu zituen haren kontra egiteko formula berriak bilatzera.

Bigarren mundu gerra amaiturik, AEBek gidaturiko koalizioak komunismoaren kontrako guda sistematikoa antolatu zuen, haiek ulertu bezala: edozer izan zitekeen oztopo “enpresa libre” kapitalista garatzeko, areago estatubatuarra izanik.
Kanpainak bi alde zituen orain, beraz. Alde batetik fikzio bat zegoen, gerra hotzarena, “mundu librearen” defentsa bezala aurkeztua eta askotan diktadurek osaturikoa, Sobietar Batasunaren erasoa saihetsezina ikusten zuena. Dena gezurra zen; gezurra sobietarrak mundua konkistatzeko gudu batean pentsatzen ari zirenik, Leninen garaitik oso garbi baitzeukaten iraultza herrialdeen barrualdetik baino ezin zela egin. Gezurra zen, baita ere, estatubatuarrak prebentzioz Sobietar Batasuna deuseztatzeko prestatzen ari zirenik. Baina bi gezur horiek estatubatuarrei mesede egiten zieten, bai aliatuak euren diziplinapean mantentzeko, eta baita sobietarrak beraien defentsan lanpetuta egon zitezen ere.

“Gerra global batean gerta dakigukeen gauzarik okerrena –zioen pribatuan Eisenhowerrek– irabaztea litzateke. Zer egingo genuke Errusiarekin irabaziz gero?”. Ronald Reagan harritu egin zen 1983an jakin zuenean errusiarrak egiatan eraso sorpresa baten beldur zirela, begira zer idatzi zuen bere egutegian: “Esan beharko genieke hemen inork ez duela halakorik egiteko asmorik. Zer demontre daukate haiek guk nahiko genukeena?”. Harrituta zegoen ez zutelako iruzurra lehenago deskubritu; 1986an beranduegi zen Gorbatxovek armagintza lehia abandonatzea erabaki zuenean, “inork ez gaitu erasoko, erabat desarmatzen bagara ere”, zioen.

Proiektu horren beste aldea komunismoaren kontrako gurutzada globala zen, eta egiazko helburua, kapitalismoaren garapenari aurre egiten zioten ideiak heda zitezela eragoztea. Helburua ez zen demokrazia defendatzea, enpresa librea baizik: Iranen ez zuten Mossadeq erorarazi demokraziarentzat arriskutsua zelako, petrolio konpainiei interesatzen zitzaielako baizik; Lumumba ez zuten erail kongotarren askatasuna babesteko baina Katangako uranio meatzeak esplotatzen zituzten konpainiei interesatzen zitzaielako, hortik atera zen Hiroshimako bonba egiteko minerala.

"Helburua ez zen demokrazia defendatzea, enpresa librea baizik: Iranen ez zuten Mossadeq erorarazi demokraziarentzat arriskutsua zelako, petrolio konpainiei interesatzen zitzaielako baizik; Lumumba ez zuten erail kongotarren askatasuna babesteko baina Katangako uranio meatzeak esplotatzen zituzten konpainiei interesatzen zitzaielako, hortik atera zen Hiroshimako bonba egiteko minerala"

Eta interes zehatz batzuk defendatzeko beharrean orokorki enpresa askatasuna defendatzeko borrokatzen zenean, ondorioak are negargarriagoak izan zitezkeen. Mendeko krimen handienetako bat izan zen hiru milioi berrehun mila vietnamdar baserritar hiltzea argudio bezala jarriaz Asia konkistatzeko prest zeudela. Vietnamera ez ziren joan demokrazia defendatzera, Hego Vietnamen diktadura militarra zegoen-eta.

Gerra hartako gezur fundazionala John Laurencek salatu zuen gordin-gordin; CBSko korrespontsala izan zen Vietnamen 1965 eta 1970 artean: “Bost urtez jendea hiltzen aritu gara gure diruarekin aberastu diren vietnamdar jeneral lapur batzuen mesedetan. Hau da egiaz egin duguna. Mehatxu komunista? Zer arraio! (...) Hain barrura sartu gara ezin izan garela atera ere egin, galdu egin dugula emango lukeelako. Erokeria da. Ez dugu irabaziko, hori mundu guztiak daki. Baina ez dugu onartuko eta ez gara etxera itzuliko, jarraituko dugu jendea hiltzen, milaka eta milaka pertsona, gureak barne”.

Horregatik dira hain argigarriak, borroka antikomunista horren jatorri ilunarentzat, Obamak berriki egin dituen hitzak Vietnamera joandako gizonak loriatuz, bere ustez “jungla eta arroz-sailetan aurrera egin zuten, bero eta euripean heroiak bezala borrokatuz, babesteko amerikarrek gurtzen ditugun idealak”. Zein dira ideal horiek?

Erdialdeko Amerikako herrialdeetan ere ez zegoen konplot komunistarik, baina CIAren gerra zikinak birrinduta geratu ziren. AEBetako Senatuak 1995ean onartu zuen toki horietan asasinaturiko ustezko subertsiboak “antolatzaile sindikalistak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak, kazetariak, abokatu eta irakasleak, eta edozein herrialde demokratikotan legezko izango liratekeen jarduerei loturiko jendea” zirela, egia esanda. Gaur egun oraindik gerra zikinak irauten du, Hondurasen gaizkile-taldeek jarraitzen baitute jendea hiltzen, gobernuak eta natur baliabideak ustiatu nahi dituzten nazioarteko enpresek antolatuta. AEBen tolerantzia eta babespean hiltzen dituzte uraren eta lurren jabetza kolektiboa defendatzen duten baserritar buruzagiak, Berta Cáceres kasu, 2016ko martxoaren 3an eraila Agua Zarcako urtegia patrozinatzen duen enpresa holandarrak bultzaturik, edo Jose Ángel Flores bezala, Aguáneko Nekazarien Mugimendu Batuaren presidentea, 2016ko urriaren 18an hila.

Gerra horien guztien aurrean zabaldutako isiltasuna Harold Pinterrek salatu zuen 2005ean Literaturako Nobel Saria jasotzeko diskurtsoan. Esan zuen AEBak munduan boterea lortzeko kanpainan inplikatuta zeudela eta beren krimenak mozorrotzea lortu zutela “munduaren onerako indar” gisa aurkeztuz.

AEBek enpresa librea defendatzen zuten bitartean eta “sozialismo errealeko” herrialdeek gerraosteko urteetan gizarte hobe bat eraikitzeko asmoan porrot egiten zuelarik, etsaiarekiko beldur lausoak sorturiko beste “komunismoak” lortu zuen garaipen bat, maila globalean denoi on egin ziguna.

“Indar hauek oraindik ez daude ordezkatuta, oraindik ez dira mehatxu ezarri diguten ordenarentzat, baina iratzartze kolektibo baten etorkizuneko aukerairagartzen dute”. Irudian Berta Cáceresen heriotzasalatzeko bilkura 2016an (argazkia: CIDH / Daniel Cima)

Komunismo globalak sorturiko izuaren ondorioz –ez bere indar militarragatik, baizik eta kapitalismoaren abusuen kontra sortzen zuen inspirazioagatik– eta ikusirik hura gelditzeko errepresioa ez zela nahikoa, mendebaldeko gobernuek proiektu erreformistak jarri zituzten martxan hobekuntza sozialak lortzeko, biolentzia iraultzailera jo behar izan gabe. Izu horri zor dizkiogu hiru hamarkada zoriontsu bigarren mundu gerra eta gero: ongizate estatuaren garapena batetik, eta produkzio etekinen banaketa inoiz lortu gabeko berdintasun mailarekin egitea enpresari eta langileen artean, bestetik.
Arazoa izan zen “sozialismo errealak” bere proiektu iraultzailearen mugak erakutsi zituela. 1968an Parisko borrokekin bat egiteari uko egin ziotenean edo Pragan aurpegi gizatiarragoko sozialismoa garatzeko aukera zapaldu zutenean, komunistek indar handi bat galdu zuten. Karl Krausek ororen gainetik aintzat hartzen zuena: “Jainkoak gorde dezala betirako komunismoa, jendaila hori –kapitalistak– ez dadin oraindik eta lotsagabeagoa bihurtu (...) eta oheratzean behintzat amesgaiztoak izan ditzaten”.

70eko hamarkada erdialdetik jendaila horrek lasai egiten du lo gauetan, bere pribilegioak iraultzak mehatxatuko ote dituen kezkarik izan gabe. Eta horregatik berreskuratu dituzte, pixkanaka, ez bakarrik gerra hotzaren garaian amore emandakoak, baita mende eta erdian langile borroketan irabazi zirenak ere. Emaitza gaur bizi dugun mundua da, desberdintasuna hazten ari da etengabe geldialdi ekonomikoarekin, alboko kaltea balitz bezala.

1917ko iraultzaren urteurrena hurbiltzen ari den une hauetan, berriz entzuten ditugu gertaera haiei izen ona kentzeko ohiko aipuak. Batzuei inoiz baino beharrezkoago iruditzen zaizkie gaitzespen horiek, noiz eta Victim of Communism Memorial Foundation-en 2016ko urriaren 17ko txosten batek dioenean AEBetako 16 eta 20 urte arteko gazteen artean –millenials delakoak– ez dakitela ezer historia hari buruz. Larriagoa dena: gazteen erdia prest legoke sozialista bati botoa emateko, %21ak komunista bati ere bai, pentsatzen dutelako “sistema ekonomikoa kontra duela”, eta %40ak nahiko luke erabateko aldaketa bat, ziurtatzeko gehien irabazten duenak gehiago ordain dezala, duen aberastasunaren arabera. Fundazioak etsipenez eskatu du gazte horiei irakasteko zein den “sistema kolektibistaren” historia maltzurra.

"1917ko iraultzaren urteurrena hurbiltzen ari den une hauetan (...) pentsatzen dut guk beste oroitzapen mota bat behar dugula, alde batetik berreskuratu ahal izateko gaizki irtendako esperantza haren historia dimentsio globalago batez, gure borroka sozialak ere gordetzen baititu. Eta bestetik, hausnartzeko 1917ko gertaerek egungo gure arazoei begira eskaini dakizkigukeen hainbat irakasgaien inguruan"

Nik pentsatzen dut guk beste oroitzapen mota bat behar dugula, alde batetik berreskuratu ahal izateko gaizki irtendako esperantza haren historia dimentsio globalago batez, gure borroka sozialak ere gordetzen baititu.

Eta bestetik, hausnartzeko 1917ko gertaerek egungo gure arazoei begira eskaini dakizkigukeen hainbat irakasgaien inguruan. Interesgarria da ikustea nola William Robinson moduko kapitalismoaren ikertzaile batek egungo krisia aipatzean, Lenin bera ados egongo litzatekeen ondorio batzuk ateratzen dituen bere kabuz: erreforma ez dela nahikoa –sozialdemokraziaren bide zaharra ahituta dagoela– eta gainditu beharreko oztopoetako bat, prezeski, soilik interes enpresarialen zerbitzura dauden estatuen boterea dela. Eta hara nola amaitzen duen: garai hauetako kapitalismo globalari aurre egiteko alternatiba bakarra herri proiektu transnazional bat dela, Leninek 1917ko apirilean Finlandia geltokian trenetik jaitsi zenean aldarrikatu zuen munduko iraultza sozialistaren berdina izango litzatekeena, alegia.

Herri proiektu hori eraiki beharko luketen indarrak, seguruenik iraganeko alderdi tradizionalen oso desberdinak izango dira. Gaur behealdetik sortzen ari diren indarrak izango dira, gizon eta emakumeen eguneroko esperientziek elikatutakoak. Adibidez, Hegoafrikako langileek edo Peruko indigenek nazioarteko meatze konpainia handien kontra daramatzaten borroken modukoak, euren errebeldia “behetik eta ezkerrerantz” aldarrikatzen duten zapatisten antzekoak, estaturik gabeko demokrazia sortu nahi duten kurduena bezalako indarrak, edo hezkuntza publikoaren alde manifestatzen ari diren irakasle mexikarrena bezalakoak, alderdietan beharrean Aguángo Mugimendu Batua eta antzeko tokiko elkarteetan militatzen duten baserritarrek osaturikoak, José Angel Floresek bezala. Elkarte horiek estatu mailako beste batzuetan ari dira batzen, Berta Cáceresek gidatzen zuen Hondurasko Herri Elkarte Indigenen Batzarra kasu, eta hauek aldi berean erakunde transnazionaletan ari dira, Vía Campesina esaterako. Indar hauek oraindik ez daude ordezkatuta, ez bakarrik ez eta denak batera ere, oraindik ez dira mehatxu  ezarri diguten ordenarentzat, baina iratzartze kolektibo baten etorkizuneko aukera iragartzen dute.

Denoi mehatxu egiten digun desberdintasun eta pobreziazko etorkizunari ihes egin nahi diote, baina aurrean duten bidea nahiko konplikatua da: 1917ko esperientziaren porrotak erakusten digu zailtasunak oso handiak direla. Hala ere pentsatzen dut erakutsi digula probatu beharra zegoela, eta agian, merezi duela berriz saiatzea.


LARRUN
2017ko martxoaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1917ko Errusiar Iraultza
Kiev ala Kyiv?

XIX. mendearen amaieran, ukrainera modernoaren arauak ezarri zirenean, haietako batek zioen hiriburuaren izena Київ zela ukraineraz, eta haren forma latinizatua, hau da, mendebaldeko herrialdeek erabili beharreko exonimoa Kyiv zela. Baina munduko txoko gehienetan... [+]


2020-11-19 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


Legezko abortuak 100 urte

Sobietar Batasuna, 1920ko azaroaren 18a. Sobieten Gobernu Zentralak abortua legeztatzeko dekretua onartu zuen, historian lehenengoz. Handik aurrera, librea izateaz gain, doakoa ere izango zen. Urte batzuetan behintzat.


Moskuko Plaza Polita

Moskuko Plaza Gorriaren izena nondik datorren pentsatzean bi aukera bururatu ohi zaizkigu...


Potemkin, fikzio eta errealitatearen artean

Krimeako konkista zuzendu zuen militarrak, Ukrainako gobernadore Grigori Potemkinek (1739-1791) Katalina II.a erreginari aurkeztu zizkion herri idilikoak faltsuak omen ziren. Hortik dator “Potemkin herria” esamoldea.


Jevgenija Box estatuburu izatera iritsi zen orain 100 urte

Ukraniako Sobietar Errepublika izendatu zenean, emakume bat jarri zen hango Barne ministro, eta praktikan gobernuburu ere izan zen, ofizialki ez baitzen halako kargurik. 1917ko abenduaren 27a zen, eta kasik oharkabean emakumeen emantzipaziorako borrokan itu bat jarri zuen... [+]


2017-11-21 | Juan Mari Arregi
Errusiar iraultzatik iraultza antikapitalistara

Prentsan gogorarazi digute 1917ko errusiar iraultzaren data historikoa.


Errusiako Iraultza Emakumeen Nazioarteko Egunean hasi zeneko hura

Petrogradoko kaleetako denda eta biltokietan ogia erosteko ilara bukaezinetan bat egiten zuten egunero milaka emakumek; goseak eta gerrak sortutako ezinegona nagusitzen ari zen. Zerbait handia zetorrela susmatu zitekeen 1917ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperatan, baina... [+]


Botere guztia sovietetara!

Kontsigna hau gakoa izan zen 1917ko hilabete zurrunbilotsu horietan. Nicolas II.a tsarrak abdikatu ostean 1917ko martxoan (momentu horretan Errusian zegoen juliotar egutegian otsaila zen) sortutako behin-behineko gobernuan sozialdemokratak parte hartzen ari ziren, liberal eta... [+]


2017-10-24 | Axier Lopez
Iraultza sobietarraz ikasteko jardunaldiak antolatu dituzte Oñatin

Errusiako iraultzak azaroan 100 urte beteko dituela baliatuz, Oñatin jardunaldiak prestatu dituzte azaroaren 5etik aurrera. “XX. mendeko gertakari garrantzitsuenetariko bati buruz gehiago ikastea eta gizarte ereduaz eztabadaidatzea” dira helburu nagusiak.


Iraultza, iraultzaren aurretik

Sobietarren eraginik gabe ezingo litzateke XX. mendea ulertu, ezta gaur egun mundu zabalean gertatzen diren gatazka politiko eta beste egoera sozial ugari ere. Josep Fontana historialariak (Bartzelona, 1931) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan 2016ko urrian emandako hitzaldia... [+]


Eguneraketa berriak daude