“Ez naiz fio oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin”

  • Elur Bustia-ren promozio aldiak luze dirau. Iazko ekainean argitaratuagatik, oraindik elkarrizketa proposamenak iristen zaizkio Pello Lizarralderi. Ahal bezain gutxi errepikatzeagatik, saiatu gara eleberria aitzakia hartuta idazlearen apustu literarioaren atzean dagoenaz hitz egiten.

Iruñean elkarrizketatu dugu Pello Lizarralde (argazkia: Dani Blanco).
Iruñean elkarrizketatu dugu Pello Lizarralde (argazkia: Dani Blanco).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Otsaila da Hiri Buruzagian. Ilunabarra gerturatzearekin bat, jendeak pausoa mantsotu du Alde Zaharreko kale euriztatuetan. Atertu ondotik, urak hiria garbitu duela sumatzen da arnasa sakon hartuz gero. Hotel Maisonnaveko beiratearen alboan gizon soildu bat Diario de Navarra irakurtzen ari da. Barruan, zerbitzaria, heldu berri diren bi gazteei zer hartu behar duten galdezka. Te zuri bat eta zurito bat atera dizkie azkenean. Arratsaldeko seiak jo dutenean Pello Lizarralde sartu da atetik, aterki tolesgarria eskuan, eta bi gazteengana gerturatu da. Diosal egin, eta adierazi du oraingoz ez duela ezer hartu nahi. “Agian geroago”. Segidan, eskailerak igota dagoen txoko diskretuagora mugitzea proposatu du, lasaiago hitz egiteko. “Oso leku atsegina da hau, baina arratsaldeetan jendez bete ohi da”. Gainontzean, ez da ezer berezirik gertatu. Ezta behar ere. Nork dio ez dela elkarrizketa bezain aipagarria elkarrizketaren aurreko denbora hila.

Zure markako eleberria da Elur Bustia. Ohi duzunez, pertsonaia bat ageri da –Ramiro–, alderrai, eta bere ibilbidea kontatzen duzu zehaztasun handiz. Industrialde batean hasi, eta une batez hiriko alde zaharreraino sartzen da. Aurreko eleberriekin alderatuta, paisaia urbanoagoan kokatu duzu hau.

Pentsatu nahi nuke garai batean baino gehiago dakidala, eta hobeto egiten dudala, baina kezka eta forma aldetik aurrekoen berbera dela iruditzen zait. Ez dago aldaketa handirik. Behin aukera bat eginda zaila da beste puntara joatea. Ez naiz fio oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin. Gehienetan ez dizkiet sinesten. Edo sinesten diet bat, eta hurrengoa ez, eta hurrengoa bai. Alde horretatik, nahiago ditut lerro garbiago bat jarraitzen dutenak.

Ramiro etxera bidean doa, hegoalderantz. Lanak huts egin dio, eta familiarengana itzuli nahi du. Zure obran errepikatzen diren patroi asko ditu liburuak: pertsonaia bakarti bat, bidaia bat, gertakizun handirik ez… saihetsezina dirudi  elkarrizketa guztietan galdetzen dizutena aipatzeak: euskal literaturan apustu oso bakana da zurea.

“Urraketa, gertatzekotan, beti gertatzen da inkontzienteki”

Idazle jatorrak eta atseginak aurkitu ditut herri honetan. Beti izan ditut lagunak eta solaskideak, baina gustuetan konplize gutxi izan dut. Hori liteke seinale bat. Hemen, nik hartu dudan bidea ez dute beste askok hartu, baina idazle askok aspaldi egina dute hori, beste literatura batzuetan, beste herrialde batzuetan, hizkuntza guztietan… Eta horrek eragiten dit susmo bat: askok ez ote duten askorik irakurri. Nire bidea ez baita oso bide urratzailea.

Ezta nahi ere.

Transgresioa aipatzen den bakoitzean barrez lehertzen naiz. Kontuz hitz hori ahotan ibiltzen dutenekin, oso gutxi irakurri ohi dute. Punkia izan nahi baduzu, arazo bat daukazu. Agian punkia zara, nahi gabe. Urraketa, gertatzekotan, beti gertatzen da inkontzienteki. Pottokak Baztanen garai hartan egiten zuen musika oso urratzailea zen, baina berak ez zekien. Berak egiten zuen zekiena: bordan egoten zen ardiekin, hartzen zuen gitarra, entzuten zituen hango eta hemengo artistak, punka eta Mikel Laboa, eta hura atera zitzaion. Ez zuen urratzaile izateko borondaterik, baina harrigarria zen hura entzutea. Ikusten zenuen oso egiaz ari zela. Baina hasten direnean arte eskolatik ateratako ume moko hauek beren performanceekin eta instalazioekin, edo sukaldariak jakiei hidrogenoa sartzen… izan daitezkeen tontakeriarik handienak dira. Horiek ez dute ezer egingo inoiz. Denbora pasa ariko dira. Engainatuko dituzte museo batzuk, beharbada editoreren bat, edo diskoetxeren bat. Baina ez dute batere iraungo, gezurretan ari direlako hasieratik. Nabarmendu nahi dute, eta horretarako bilatu duten hitza da urratzaile izatea.

Baina hori ez al da betidanik gertatu?

“Batzuek diote 40 urtetik aurrera ez dela fikziorik irakurri behar. Nik kontrakoa egiten dut: gero eta gehiago irakurri”

Lehen ere bazen, baina orain itxura egitea bereziki dago indarrean, eta oso nazkagarria da. Gainera, onartu egiten da. Burgesiaren denbora-pasa bat da, eta burgestu garen neurrian, zabaldu egin da. Orain asko entzuten da multidiziplinar hitza. Bertso-hop, jazz-hop, eta saiakera horiek, txisteak dira. Forma jartzen dute gauza guztien gainetik, nahiz eta esateko gutxi edo lehengoa izan. Baina formak beti izan behar du helburu bat, bestela zertarako? Forma berez ez da deus. Gainera, formak oso aztertuak daude. Harrigarria da ikustea zer egin izan den. Badakit berritzea posible dela, eta etorriko dira gauza berriak. Baina horretarako behar da bizipen bat, sena, eta jenio pixka bat. Ez du edonork egiten. Eta gero dago beste hautu bat, beren bidean isil-isilik lan egiten dutenena. Egiaz ari badira, horien apustua ere azkenean sendotu eta ezarri egiten da.

Zu ez al zaitu sekula jo urratzaile sukarrak?

Ez nizuke ukatuko. Normala zen nerabezaroan, edo pasa berritan. Baina zorionez berehala pasatu zitzaidan. Gazte bat etortzen zaizunean nobela bat idatzi duela esanez, oso konpromiso handia izaten da: ez diozu minik eman nahi, ez zaude inoren gainetik, eta ez zara hura epaitzen hasiko. Niri ez zidaten ezer esan, baina esan behar zaio: “Ez izan presarik. Egon beste bizpahiru urte, idatzi gehiago, eta benetan zure adierazpena idatziz egin nahi baduzu, etorriko zaizu argitaratzeko garaia”. Antsietate hori baretu egin behar da. Presa oso aholkulari txarra da.

Zuk, ostera, garbi samar daukazu non mugitzen zaren. Ematen du topatu dituzula zure koordenadak. Asko kostatu al zitzaizun?

“Ez dut kontatu nahi zer kontatu nahi izan dudan, ze agian ez dut ezer kontatu nahi izan”

Azkar samar konturatu nintzen. Tontakeria batzuk egin nituen, baina ez nintzen 18 urterekin hasi. Gakoa beti da zer irakurri duzun. Gogoratzen naiz behin Beñat Sarasolak bere blogerako egindako elkarrizketa batean izenburutzat hartu zuela esaldi hau: “Egun batez pentsatu nuen aio, García Márquez, aio, Borges eta sekulako lasaitua, eta aldi berean, bultzada berezia sentitu nuen”. Haiek irakurrita, garbi ikusi nuen ez zitzaidala bide hura deus interesatzen. Segituan topatu nintzen idazle alemaniar berriekin, eta hori izan zen zalditik erortzea bezala. Thomas Bernhard, Peter Handke bat, Robert Walser eta beste asko. Frantziarrak ere bai: Patrick Modiano Nobel sari izan aurretik itzuli nuen euskarara. Hori zerbaitegatik da. Italian Giani Celati edota Elio Vittorini. Edo Natalia Ginzburg bat edo nahi baduzu Patricia Highsmith bat… idazleak, asko. Guneak, hautatzekotan, Alemania eta AEBak. Eta batez ere XX. mendeko literatura.

Kuriosoa da aipatu dituzun izen batzuk –adibidez Txekhov edo Walser– euskal idazle batek baino gehiagok aldarrikatu izan dituztela, zure idazkeratik oso urrun egon arren.

Gero, baditut oso gogoko ditudan idazleak, baina imitaezinak: Cesare Pavese, Julio Cortazar, William Faulkner… edo oraingora etorrita, Alice Munro bat… horien bidetik hasten bazara, galdua zaude. Oso mundu pertsonala dute, beste edozeinena baino askoz ere pertsonalagoa, eta aurkitu dute hori ekartzeko modu bat imitatzen hasiz gero frakasora eramaten zaituena zuzenean. Handi horiekin alferrik da, tira, nik behintzat ez nezake. Baina irakurle gisa gozatzen dut ikaragarri. Liburuekin gertatzen da bat irakurtzean bidea erakusten dizula beste batzuk bilatzeko. Hasi nintzenean, arazoa zen euskaraz ez zegoela antzekorik. Euskarak balio ote zuen horrela kontatzeko? Nik apustua egin nuen, besterik ez nuelako egin nahi, eta imitatuz aurkitu nuen nire bidea. Ikusten ditut zein diren esaten dituzun koordenada horiek. Baina nik garbi daukadana da zer ez dudan idatzi nahi.

Eta zer ez duzu idatzi nahi?

“Irudimena ahalmen interesgarria da, ditugun guztiak bezala, baina literaturan ez du balio handirik”

Ez dut idatzi nahi ideia duen nobelarik, pertsonaien psikologian sakontzen duenik, genero nobelarik, tesi nobelarik… dibertitzeko propio egindako nobelak ez zaizkit interesatzen. Eta beste batzuk nahita ere ezingo nituzke egin. Ikasi beharra dago zer nahi duzun eta zer egin dezakezun. XIX. mendeko pertsonaiez betetako nobela luze batean sartuko banintz frakasatuko nuke instantean. Bestalde, dibertitzeko propio egindako nobela ez zait deusetarako interesatzen. Artean dena da hunkitzea: batzuetan barre egitea egokituko zaizu, besteetan pentsatzea, inoiz negar egitea, baina hunkitzeko ez dena ez zait interesatzen.

Zergatik egiten duzu hautu literario hori? Zer dago horren atzean?

Irakurle azkarra. Interpretaziorako bidea ematen duen nobela interesatzen zait, irakurlearentzat zulo asko dituena, eta uzten diona leku askotatik sartzen eta ateratzen, berearekin ateratzen. Niretzat frakaso bat da gauzak esplikatzea. Ez dut kontatu nahi zer kontatu nahi izan dudan, ze agian ez dut ezer kontatu nahi izan. Egituran oso liburu garbiak dira, artifiziorik gabeak, eta hitz guztiak neurtuta daude. Oxigeno asko daukaten liburuak interesatzen zaizkit, merezi ez duten gauzetan galtzeko biderik ematen ez dutenak.

Kritika anglosaxoiak bereizten dira bi literatur korronte: “tell” edo kontatu egiten duen narratiba, eta “show” edo erakutsi egiten duena. Zu nabarmen zara bigarren eskolakoa. “Tell” tradizio guztia baztertzen duzu?

Irakurle gisara ez, baina idazteko orduan bai. Erabat. Soiltasuna oso gauza handia da literaturan. Tontakeriak uzteak onura asko ekartzen du, kontatzeko baldin badago.

Eta irakurle gisara, zure tradiziotik urrun dauden ze idazlerekin gozatzen duzu?

Klasikoekin batez ere. Berriekin ikaragarri aspertzen naiz. Astero jartzen naiz nobedade mahaiaren aurrean, jakin-min handia daukat oraindik. Gero eta gehiago gustatzen zait irakurtzea. Batzuek diote 40 urtetik aurrera ez dela fikziorik irakurri behar. Txorakeriak esatea libre da, baina nik kontrakoa egiten dut: gero eta gehiago irakurri. Fikzioa saiakera baino gehiago, poesia garai batean baino askoz gutxiago. Eta oraindik topatzen ditut erakusteko asko daukaten idazleak, normalean bide horretakoak: zer kontatua dutenak, baina garbi samar, erakustaldirik egin gabe. Estiloarekin eta formarekin kezka handiak izateak bide okerrera eramaten zaitu. Esaten zuen Eduardo de Filippo zinemagileak: “Estiloa bilatzen duenak heriotza aurkitzen du, eta bizitza bilatzen duenak estiloa aurkitzen du”.

Argazkia: Dani Blanco.

Irakurri izan dizut irudimena ez zaizula askorik interesatzen.

Egia da. Irudimena ahalmen interesgarria da, ditugun guztiak bezala, baina literaturan ez du balio handirik. Esaten zuten Roberto Rosselliniren meriturik handiena zela batere irudimenik ez izatea, eta ados nago. Irudimenak oso bide mitifikatuetara eramaten zaitu. Aurrena beste zerbait behar da, eta gero, beharbada irudimenak ekarriko dizu beste zerbait. Baina irudimenak, berez, ez du balio.

Eta zein da irudimenaren antidotoa?

Bizipena. Kontzientzia eta errealitatea. Eta batez ere oharpena, munduari zorrotz begiratzea. Eta hortik galderak ateratzea. Irudimenak ez dizu galderarik uzten, dena da su artifiziala, baina zertarako? Niri ez zait interesatzen. Egiten dudanerako ez zait ezinbestekoa, eta batzuetan, hori apaltzeak ere mesede egiten dit. Baina literatur joera asko dago, irakurle mota asko dago, eta batzuk horrekin asetzen dira.

Zu ere kokatzen zara literatur joera jakin batean, baina gero muturreko apustua egiten duzu. Gertakizuna bera ukatzen duzu.

“Egun guztia pasatzen dugu begira, zerbait entzuten, gauzak ukitzen… baina gero ez da horrelakorik erakusten nobeletan”

Ez dut erabat ukatzen. Perbertsio asko daude literaturan, eta horietako bat da zer gertatzen den. Eta izaten dira gertakari harrigarriak, edo dramatikoak, edo azpimarratuak, edo gorabeherak, edo misterioa. Horiek gertatu gertatzen dira, baina ez modu horretara. Nire ustez Ramirorena oso istorio dramatikoa da. Kontua da nola jasotzen duzun gertatzen dena: niretzat, zentzumenak dira funtsezkoak. Nireak nobela sentsorialak dira. Egun guztia pasatzen dugu begira, zerbait entzuten, gauzak ukitzen… baina gero ez da horrelakorik erakusten nobeletan. Egiten dira sekulako bidaiak bi minutuan. Kontatzen dizute Indiara joan eta ze gauza harrigarri ikusi dituzten han. Baina aireportuan aspertuta pasatu dituzten orduak? Horiek ez al dira bidaia? Zergatik ez dira kontatzen? Eta, gero, beste arriskua da melenga izatea. Ezin dut jasan lirismoa. Izatekotan, inozentzia egiazko batetik egin dezake bidea. Baina XXI. mendean hain sartuta gaudenean liriko jartzea zinikoa ere bada. Gustatzeko egiten den zerbait da. Eta orain mainstreameko zabor asko lirikoa da batez ere. Polita. Baina nork nahi ditu gauza politak?

Esan iezazkidazu azkenaldian gustura irakurri dituzun hiru liburu.

Hirurak dira argitaratu berriak, eta oso gustura irakurri ditut: Mémoire de fille (Annie Ernaux), Fat City (Leonard Gardner) eta Erretiroa (Sergei Dovlatov).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Erasoari aurre egiten

Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore biziketa zeroak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta... [+]


Mikel Ayllon
“Poesiaren sozializaziotik bueltatuko da literaturaren balio soziala”

Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioari agur esan dio Mikel Ayllon idazle eta orain arteko saioaren gidariak. Irailetik aurrera jarraituko ez zuela esateaz gain, gogoeta egin zuen sareetan euskarazko literaturaren egoeraz: "Euskal literatura gero eta homogeneoagoa... [+]


2024-07-10 | Lander Arretxea
“Loturak antsietate eta inpazientzia handiagoz bizi ditu gure belaunaldiak”

Kiosko bat, krisian, Benidormeko giri artean. Eta egunkarien atzean, txandaka, adinak eta mundu ikuspegiak desberdintzen dituzten bi lagun. Kontrastezko osagai horiekin garatu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria: Mundu zitalaren kontra. Gisa bereko inguru batean batu... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


2024-06-19 | Itxaro Borda
Isil-isilik

Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi... [+]


Poesia mailu bat da jaialdia
Literatura ez da ezer arriskutsua, ezta?

Poesia mailu bat da jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak Gasteizko Gaztetxean. Ikasturtean egindako saioetan landu dituzten auziak plazaratu dituzte tailer, solasaldi, errezitaldi zein hainbat erakusketatan. “Garaia kolpatuko duen literaturaren alde” egin... [+]


Behe Banda sortu da
Literaturan behetik hasteko leku bat

Idazle gazte batek ba al du espaziorik trebatzeko eta gaitasunak garatzeko? Ba ote dute idazkiek zirkulatzeko aukerarik, lokaztuta ito ez daitezen? Bakarrik egin behar al du bidea idazleak, halabeharrez? Nolako zirkuitu literarioak nahi ditugu? Galdera horien itzalean sortu dute... [+]


2024-05-27 | ARGIA
Euskal letren asteburua egin du Literaturiak Zarautzen

Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.


2024-05-20 | Estitxu Eizagirre
Hauek dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko azokan aurkeztuko diren liburuak

Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Eguneraketa berriak daude