Irakurleak galdezka

  • Kaixo Jakoba. Arrosa daukat balkoiko loreontzi batean. Pentsatuta neukan martxoan kimatzea, baina ikusi dut adaxka berriak ateratzen hasi zaizkiola. Komeni da kimatzea? Eta nola kimatzen da arrosa?

    Arantza Arrue (Andoain)

Kaixo Arantza. Arrosondo edo arrosa landare mota asko dago: igokariak, loraldi luzekoak, urtean behin besterik loratzen ez direnak... Lorontzian baduzu, arrosondo motza eta loraldi luzekoa izango dela pentsatzen dut. Horiek martxoan inausteko esaten dut, baina orokorrean. Garrantzitsuena kimu berriak azaltzen direnean egitea da. Horrek izerdi berria mugitu dela adierazten du. Izerdi horrek di-da batean itxiko ditu inausketan egingo dizkiozun zauriak.

Inausketa egitea komeni da arrosondoa lahar-edo igokaria delako (kiwia, mahatsa, etab. bezala). Arrosondo motz horiek jeneralean txertoa izaten dute oinean. Txerto horren gainetik 2-4 adar indartsu izatea komeni da. Horiek mozten dira, motz, asko jota arrabete luze utzita. Horrela arrosondoa beti gaztea, berrituta, indarrean izango da, eta loreak ere sendoagoak izango dira. 

Lan hori bezain garrantzitsua da ongarritzea. Loraldi oparoa nahi baduzu, eman jaten. Eman eta eman. Ongarri organikoa onena: simaurra, luarra edo konposta. Eta ongarriketa udaberrian eta udan errepikatu. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galderak
Eguneraketa berriak daude