Haur eskolak ez direla udal eskumena dio sententziak, baizik eta Nafarroako Gobernuarena. Joseba Asiron alkateak, berriz, azpimarratu du unitate aldaketa edota izendapen aldaketa egotekotan baizik ez duela behar udalak Gobernuaren baimena, eta kasu honetan, halakorik ez dela izan. "Sententziak dio aldatu dugula gure eskaintza eta hori ez da egia", esan du Asironek.
Borondatezkoa, ez derrigorrezkoa
0 eta 3 urte arteko zerbitzua derrigorrezkoa ez dela gogorarazi du, halaber, Iruñeko Udalak eta nahi duelako eskaintzen duela, "borondatez". Hala, sententziak "udal autonomia printzipioa" urratzen duelakoan dago alkatea: "Teorikoki behintzat –haur eskola zerbitzua– ez emateko aukera ere badugu".
"Lasaitasuna". Hori da familiei helarazi nahi izan dien mezua alkateak, heldu den urteko matrikulan aldaketarik ez dela egonen esanez eta oroitaraziz sententzia ez dela betearazlea errekurtsoa aurkeztekotan. "Seme alaben eskubideak bermatuta daude; jarraituko dute berdin".
Kalte ordainak
Ez da litekeena, baina epaitegiek errekurtsoa tramitera onartuko ez balute ere, galeren ordaina eman beharko lieke Udalak kaltetuak izan direla froga dezaketen gurasoei. Beste aldaketarik ez legoke. Haur eskoletako euskarazko eredua ez dago arriskuan, ondorioz.
Euskalgintza, kalera
Mobilizazioara deitu du Iruñeko euskalgintzak eta ostegun arratsaldean "agerraldi masiboa" egin dute Udaletxe plazan.