Kirmen Uriberen AEBetako sustatzaile eta itzultzaile moduan ezagutu genuen New York estatuko poeta euskalduna da Elizabeth Macklin. Estilo zuzenketak egiten ikasi eta horretan jardun zuen 1974tik 1999ra New Yorker aldizkarian. Egun freelance dabil, idazleentzat zuzentzaile eta itzultzaile lanean. Zoriak gurera ekarri zuen 1999an eta, geroztik, urtean bi aldiz etorri ohi da Bilbora.
New York estatuko upstate barnealdean sortu zinen, hiritik urrun.
Hiri handiarekin harreman gutxi izan nuen txikitan, eskolarekin txangoren bat bakarrik. Espainiar hizkuntza eta literatura ikasi nituen are urrunago dagoen Postdam herrian, eta 1972an Madrilen ibili nintzen ikasle. Egia esan, Madrilen ikasi nuen New York hirian bizitzen.
Poesiarekiko interesa gaztetatik garatu zenuen?
Garai hartan Lorcaren lana irakurria neukan, baina ez neukan poeta izateko asmorik. Lagunentzat eta familiarentzat idazten nituen poemak. Complutense unibertsitatean oso irakasle berezia izan genuen, Carlos Bousoño poeta. Estetika eskolak ematen zizkigun eta oso tipo bitxia zen, guardia zibilen gaineko Lorcaren poema deklamatzen zuen, irakasteko. Bere teoria poetikoan sistema logikoaren apurketaz ziharduen, gaztelaniazko “u” fonemak sekulako indar txarra zuela zioen eta nik oraindik sinesten dut hori. Behin Bousoñori nire olerki bat erakutsi nion eta beste gauza batean aritzeko esan zidan.
Euskaldunekin lehenengo harremana ere Madrilen izan zenuen.
Bai, unibertsitate garaian donostiar bat eta bilbotar bat ezagutu genituen, babestu gintuzten, patata tortilla egiten eta hiriko kaleetan euritakoarekin inor ofenditu gabe ibiltzen irakatsi ziguten… Euskal Herriko dohainak! “Eskerrik asko” esaten eta kantu batzuk ere irakatsi zizkiguten.
Euskal Herrira, baina, 1999an etorri zinen.
Amerikar poetentzat atzerrian urtebete igarotzeko dagoen Amy Lowell beka lortu nuen. Hasieran Machu Picchura joatea pentsatu nuen baina han gatazka zegoen eta Euskal Herria aukeratu nuen, hemen su-etena zegoela eta Guggenheim museoa zabaldu berria zela jakinda. Lehengusu txiki batek Obabakoak aholkatu zidan, ingelesez irakurri nuen. Ondoren, A man alone ere irakurri nuen, copyright orrialdera jo eta Gizona bere bakardadean zioela ikusi nuen. Esaldi hori itzuli nahian hiztegian galdu nintzen… Ikasi nuen “berekoi” hitza selfish dela hirugarren pertsonan –alaba bakarra naizenez nirekoia naiz– eta jakin-mina indartu zitzaidan.
Hona iritsi eta euskara ikasteari ekin zenion.
Bilboko Txakur kaleko euskaltegian izena eman eta ikasten hasi nintzen. Beka amaitu baino bi aste lehenago erlatiboa ikasi nuen eta errazagoa egin zitzaidan ondoren Internet bidez ikasten jarraitzea, e-postaz eta Santurtziko euskaltegikoekin harremanetan.
2002an Kirmen Uribe ezagutu zenuen.
Otsailean gertatu zen, zorte handia izan zen; Santurtziko euskaltegian nengoela, irakasle batek haren artikulu bat erakutsi zidan. Urtarrilean Egunkaria-n zutabea idazten zuen astero eta idazkera laua duenez, atsegin nuen, erraz irakurtzen nuen, hiztegian sarri begiratu beharrik gabe. AEKn zebilen haren arrebaren bidez egin nuen harremana eta hark postaz bidali zidan bere poesia New Yorkera. Beldurrak jota nengoen, euskarazko poesia itzultzeko gai izango ote nintzen... Raymond Carverri buruz idazten ari zela eta, saiatu nintzen poemak ingelesera ekartzen. Nire ingurukoei erakutsi eta gustatu zitzaizkien, Kirmeni ere bai. Abuztuan ezagutu genuen elkar aurrez aurre.
Beti etortzen zara otsailean eta abuztuan?
Otsail hartan, hain gustura egonda, ez nintzen agentziara joan eta iraungi egin zitzaidan itzultzeko bidaia. Agentziakoak, kalte-ordain moduan, 100 dolarren truke abuztuan joan-etorria egitea proposatu zidan. Geroztik hala egiten dut urtero: Santa Ageda eta Aste Nagusia. Hemen badut euskarazko nire artxipelagoan bizitzeko aukera.
2003an, ordea, zeuk jaso zenituen Kirmen eta lagunak.
Martxoan etorri ziren New Yorkera Kirmen eta musikari taldea. Irakurraldiak antolatu nituen sei bat tokitan: lehendabizi azalpenak ingelesez, jendeak jakiteko zer datorkien, eta gero emanaldia. Urte horretako abenduan Zaharregia, txikiegia agian atera zuten Durangoko azokarako eta testu guztiak itzuli nituen. Geroago, PEN Translation Fund-era Bitartean heldu eskutik liburuaren lagin bat bidali eta itzultzeko diru-laguntza eman zidaten.
Inoiz idatzi duzu euskarazko poemarik?
Bai, hizkuntza askotan New Yorki buruzko poemez osaturiko bilduma baterako nik euskaraz idatzitako bat argitaratu zen, eta Senpereko Hatsaren Poesia bildumarako urtero idatzi ohi dut poema bat.
Trumpen garaipenak kezkatuta zaude.
Hain da nazkantea, atzerakoia… Gutxiengoaren presidentea dela azpimarratu behar da. Gutxienez bi urte pasatu beharko dira hurrengo hauteskundeetan kongresua aldatu eta bera impeachment bidez kentzeko. Harrigarria egiten zait zenbat jendek parte hartu duen haren aurkako protestetan.
Nola azalduko zenuke haren garaipena?
Ez dut supremazista zurien eragina onartu nahi, baina bistakoa da bazeudela hirien eta landa guneen arteko tirabirak. Trumpek, telebistako celebrity-a zela, bazuen presidentegai ukitua. Anarkista zela esan zuen norbaitek, bai zera! Ikuspuntu distopikoa dut gai honetan, ez da txantxa. Ezikusiarena egin duten sektore asko jabetzen ari dira egoeraz; Trump lau urtez boterean egonez gero, fronte antifaxista bat osatuko dela uste dut. Hirietan ikasten ari gara gure ordezkari demokratekin harreman estuagoak izaten.
“Hemen bizi izan nintzen urtean bi xede nituen: txakur kakarik ez zapaltzea eta kalimotxorik ez dastatzea, kontzeptua ezin bainuen onartu. Abuztuko egun sargori batean norbaitek ardo onarekin egindako kalimotxoa eman zidan eta ederra zegoen. Urte osoan, hala ere, ez nuen gorotzik zapaldu, eta atzo bertan bat zapaldu nuen, non eta Abandoko geltokian! Asmoak asmo, uste dut ez dudala inoiz euskara guztiz ikasiko, gogoa izan arren”.
Zero. Transhumanismoa ate-joka erdi aro berrian
Aitor Zuberogoitia
Jakin, 2024
-----------------------------------------------------------
Hasieran saiakera filosofiko-soziologikoa espero nuen, baina ez da hori liburu honetan aurkitu dudan bakarra. Izan ere, biografia... [+]
Adolfo Bioy Casares (1914-1999) idazle argentinarrak 1940an idatzitako La invención de Morel (Morelen asmakizuna) eleberria mugarritzat jotzen da gaztelaniaz idatzitako literatura fantastikoaren esparruan. Nobela motza bezain sakona da, aparta bere bakantasunean, batez... [+]
Anton Txekhov, Raymond Carver eta Alice Munroren ipuingintzari buruzko mahai-ingurua egin dute Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria idazle eta itzultzaileek, Ignacio Aldecoa zenaren ipuin literarioaren jaialdian, Gasteizen. Beñat Sarasolak gidatuta, autore... [+]
Ihes plana
Agustín Ferrer Casas
Itzulpena: Miel A. Elustondo
Harriet, 2024
---------------------------------------------------------
1936ko azaroaren 16an Kondor legioko hegazkinek Madrilgo zenbait museori egin zieten eraso. Eta horixe bera da liburu honetara... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Alberdania, 2024
Gogotsu heldu diot irakurketari. Yolanda Arrietaren obra aski ezaguna zait eta iragan maiatzean argitaratu zuen proposamen honetan murgiltzeko tartea izan dut,... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
SCk Zerocalcareri egindako galdera sorta eta honen erantzunak, jarraian.
Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.
Rosvita. Teatro-lanak
Enara San Juan Manso
UEU / EHU, 2024
Enara San Juanek UEUrekin latinetik euskarara ekarri ditu X. mendeko moja alemana zen Rosvitaren teatro-lanak. Gandersheimeko abadian bizi zen idazlea zen... [+]
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Itzulpena: Leire Lakasta
Katakrak, 2024
Segundo erabakigarriak
Manu López Gaseni
Elkar, 2024
--------------------------------------------------
Nobela labur hau irakurtzen hasi eta harrapatuta sentitzen zara, eta horretan badu zerikusia idazleak ezarritako erritmo bizi eta azkarrak. Lehen hamar... [+]