Haserrea aldaketarako motor

  • Herritarrok batzuetan gure buruarekin harritzen gara, mundua eta gure bizi baldintzak dantzan ikusi arren, dugun egonarriarekin. Tripak mugitzen zaizkigu, bai, baina ez, nonbait, kalera jotzeko adina. Azken urteotan mobilizazioak antolatzen ari diren kide hauengana jo dugu, gako bila: Donostian bildu gara mugimendu feministako Kattalin Minerrekin. Gasteizen hartu gaitu Zigor Olabarriak, azken urteak Eleak/Libre mugimenduan, Lurralde Askea egitasmoan eta auzogintza ardatz duen Auzolana pilotaleku okupatuan eman dituenak.  Eta Baionako Bizi!-ren egoitzan azaldu digute nola daramaten aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, lau kide hauek: Xabier Harlouchet, Anaiz Aguirre-Olhagaray, Christian Detchart eta Elise Dilet. 

Ez da erraza hankak lur sendotan sentitzea, mundua dantzan dagoenean. Horrela azaldu du Zigor Olabarriak nola ikusten duen testuingurua: “Jendarte ereduaren aldaketa prozesuan gaude, mendeetan behin ematen den horietako batean. Mundu mailako aldaketa da, aldaketa klimatikoari eta energia ereduaren agortze fisikoari lotua, kolapsoaz hitz egiten da...  Munduko ekologia krisiaz gain, Mendebaldean ongizatearen paradigma (inoiz osoki garatu ez den arren gutxieneko batzuk ezartzen dituena) agortuta dago, edo hobe esanda, erabaki dute agortzea eta horrek ere jendarte ereduan aldaketa handiak dakartza. Hurrengo urteetarako irudikatzen dudana, kasurik muturrekoenean kolapso apokaliptikoa da, eta kasurik onberenean, Latinoamerikako jendarterantz goazela iruditzen zait: askoz gizarte bortitzagoetara, jendeen artean askoz ere ezberdintasun ekonomiko eta kultural handiagoak izango dituena, erakundeak segurtasunaz soilik arduratzen direna... Egoera nahasi honetan, arriskua dugu jendarteak faxismora jotzeko. Eta era berean aukera dugu gauza justuagoetara jotzeko. Eta munduko eta Mendebaldeko aldagai horiei, Euskal Herrian beste bat gurutzatzen zaie: borroka ziklo baten amaiera”.


Noraezak, ahuldadeak, irtenbideak eta indarrak


Azaldutako testuinguruan, eta hankak herrigintzako lohietan, Olabarriak “noraez orokorra” sentitzen du, ahuldadeetatik eta galderetatik hitz egiteko beharra: “Desmobilizazio handia dago eta ez da oraingo kontua. Lizarra-Garazi garaitik esaten zen herri mugimenduak krisian geundela, beherantz gentozela. Ez da Euskal Herriko kontua soilik. Kontraesana da, ikusten dugu baldintza objektiboak (marxismo klasikoak esango lukeen moduan) kontuan hartuz gero, egoera aurre-iraultzailean gaudela, eta aldiz, nolako bake soziala dagoen! Lotsagarria da”. Umorez kontatu du, Historia ikasita atera duen ondorio nagusia dela iraultzen aurreko uneetan ozta-ozta sumatzen direla zantzuak, gerora saiatzen dela Historia gertakizunen zergatiak logikoki ulertzen. Adibidetzat hartu du Gasteizko 1976ko martxoaren 3a: “Aurreko urteetako gatazka maila aztertzen badugu bai Espainian eta bai Euskal Herrian, Araba lasaitasun irla bat zen. Arabakoa langileria gaztea zen, Extremaduratik etorria, esperientzia militanterik ez zuena... eta hilabete gutxi batzuetan, dinamika hasi zen eta su hartu zuen. Beraz, egun ez dela ezer mugitzen ari dirudien arren, jakin ezazu!”. “Desmobilizazio orokorra” sentitzen badu ere, ez du dudarik herri mugimenduetan lan egiten jarraitzeak merezi duela: “Egunen batean agian sortuko da indignazio maila handi bat, eta landua baldin badaukagu sare bat, herritarrengan kultura bat, auto-antolaketarako ohitura eta abar, momentuari atera ahalko zaion etekina eta hor sortzen den indarra nora bideratu ahalko dugun ezberdina izango da. Euskal Herriko esperientzia zehatz batzuez gain, nik azken urteotan ipar ilusionagarrienak Latinoamerikako desjabetuen zenbait mugimendu komunitarioetan eta feminismoetan, bereziki erradikaletan aurkitu ditut (Euskal Herriko feminismoen urteotako bilakaera ederra ari da izaten). Horietatik ikasten saiatzean, ni bezalako gizon txuri mendebaldarroi entzutea, galdetzea eta gure buruak eta pribilegioak zalantzan jartzea dagokigu. Erraz esaten da hori, baina ez dut bere pribilegioak borondatez abandonatu dituen inongo giza-talderen berririk”.

“Mobilizazioak festa dira egun. Oso haserre gutxi adierazten da, kasu puntualak kenduta. Martxoak 8 batean oso buila gutxi egiten da, edo azaroak 25ean: erailtzen gaituzten bitartean, nahiko protokolario bizi dugu egun hori...” esan digu Emakumeen Mundu Martxa koordinatzen eta irudian ageri den Feministok Prest! manifestazioa antolatzen aritutako Kattalin Minerrek. 2016ko apirilaren 9an indarkeriaren aurka Gasteizen egindako manifestazioan ez zen falta izan oihu eta haserrerik.


    Kattalin Miner, Emakumeen Mundu Martxako koordinatzaile aritu zenak, ez du nora-ezik aipatzen: “Feminismotik urteak daramatzagu esaten badugula beste jendarte proposamen bat”. Ez da ahuldadeez eta desmobilizazioaz mintzo, agian, indartuz doan feminismoan ari delako lanean: “Martxoak 8 eta azaroak 25eko mobilizazioetan, azken urteetan, gora goaz, nabarmen. Eta hori da feminismoa indartsuago dagoelako, neska gazte gehiago daudelako antolatuta, eta badelako jende asko ez dagoena antolatua baina manifestaziora joaten dena”. Oinarrizko lanen fruitua dela dio, ikastetxeetan lana egiten ari delako, hedabideetan, inoiz ez diotelako utzi kalean aldarrikapenak egiteari... Borroka armatuak borroken hierarkizazioa indartzen zuela eta egun borroka anitzek garrantzia handiagoa hartu dutela kontatu du: “Lehen gai bakarra zen lehenengoa, feminismoan oso ohituta gaude hierarkian hirugarrengo edo laugarrengoak izaten. Oraingo egoeran bai polifonia bat bilakatzen ari dela mugimendu ezkertiarra. Ez dakidana da borroka armatua egon zen bitartean lehentasuna izan zuten mugimendu horiek prest dauden polifonia hori entzuteko eta bere egiteko. Gu oso prest geundela momentu hau iritsi zedin? Bai. Beste batzuek ipar-orratz hori gabe geratu direnean, galduta daudela ahots horien guztien artean? Baita ere”.
    

Bizi!-ko Elise Dilet.

Xabier Harlouchet klima aldaketa eragozteko helburuz sortutako Bizi! mugimendutik mintzo da. Duela zazpi urte sortuz geroztik, 20 kide izatetik 440 baino gehiago izatera pasa dira. Harrotasunez kontatu digute beren ekintzek oihartzun handia eta gizartearen atxikimendua lortzen dutela eta ondorioz, errealitatean aldaketak lortzen ari direla. Frantziako Estatuan ere eredutzat hartzen dituzte eta nazioartean sare gero eta sendoagoa josten ari dira elkarrekin ekintzak egiteko. Indargunetik mintzo da Harlouchet ere, eta nora-ezik ez, aitzitik, Bizi!-k iparra eta bidea ere oso definituta dituela kontatu digu: “Desafioa da, justizia sozialaren ildotik larrialdi ekologiko eta klimatikoari aurre egitea. 10-15 urte ditugu berotegi efektuzko gasen isurketa molde erradikalean ttipitzeko eta klimaren erotze atzerabiderik gabekoaren saihesteko. Ondorioz, erronka da, ikustea nola dinamizatu gure sare militanteak eta nola gomitatu belaunaldi militante berri bat borroka eta mobilizazioaren ikuspegi estrategiko batekin: aliantza zabalak lortuz masa mobilizazio mugimendua izateko, arrazoia eta irudimena uztartuz, umorea eta seriotasuna, bortxa eza eta determinazioa... Horren bidez indar harremanen aldatzeko eta behar ditugun garaipen erabakigarriak eta jendartearen aldaketa sakonen lortzeko”.

Bizi!-ko Christian Detchart.


    Bizi! mugimenduak bere burua “erradikal eta pragmatiko” definitzen du. Pragmatikoak dira, helburu batzuk finkatzen dituztelako argiki mugatuak eta unean bertan lorgarriak direnak. Esaterako, norbanakoak bere eguneroko bizitzan klima aldaketari aurre egiteko hartu ditzakeen neurri zehatzak proposatzen dituzte, eta Herriko Etxe denei ere 50 fitxa tekniko proposatu dizkiete, erreminta gisa. “Era berean, neurri zehatz horiek erradikalak dira, helburu horiek beren baitan eramaten baitute eraiki nahi dugun jendartearen aldeko aldaketa globalago baten ideia”. Harlouchetek dio era horretan indar metaketa baten dinamika abiarazteko aukera izaten dutela, “helburua lortua delarik, gehiago gara, indartsuago gara eta beste helburu handinahiago batzuk finkatzen ahal ditugu. Hori deitzen dugu helburu estrategiko baten palanka efektua”.
    Olabarriak ziurtasun gutxi batzuk baditu nondik borrokatu pentsatzeko, “baina gero, nabilen mugimenduetan ez dakit printzipio horiek nola gauzatu”. Bere helburua desertzioa dela azaldu du: “Patriarkatu kapitalistatik eta bere parametroetatik desertatzea. Desertatzea ekonomikoki, politikoki, fisikoki, psikologikoki, emozionalki... eta horretarako, alternatibetan zentratzea. Goazen gure baliabideak eraikitzera, mundu hau bizigarri egiteko. Eta kolapsoa baldin badator, sare batzuekin harrapatu gaitzala, praktika komunitario batzuekin...”. Zehaztapen hau egin du: “Desertzioa bai, baina jendarte guztiarentzako. Komunalena oso polita da, Errekaleor... baina horiek ez dira guztiontzako”.
 

Bizi!-ko Xabier Harlouchet.

   Desertzio horretarako bi baldintza ikusten ditu ezinbesteko: “batetik, benetan okerren dagoen jendearekin joatea. Jende horrek izan behar du protagonista. Eta bestetik, politizatuta ez daudenekin egin behar dugu lan, zeren ohituta gaude konbentzituta gaudenon arteko elkarrizketetara”. Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua jarri du eredu: “Aldirietara, faveletara joaten dira diskurtso oso sendoarekin eta jendea gonbidatzen dute lurra okupatzera. Jendeak eurekin bat egiten du, lur zati bat behar duelako, ez beste ezergatik. Inongo esperientzia militanterik gabe sartzen dira benetan baztertuetan baztertuenak direnak: prostituzioan ari direnak, drogan kateatutakoak... Baina antolatzen diren moduari esker, politizatzen joaten dira, prozesuan bertan ahalduntzen: guztiek dute ardura handi bat, osasungintza, eskola, segurtasuna...”. Euskal Herrira itzulita, zer pentsa ematen dio fokua non jarri: “Elkarbizitza kulturaz eta ari gara baina panorama ikusita, agian urte batzuetan arduratu behar gara behar lurtarragoez: etxebizitzaz, janariaz...”. Helburua garbi izanagatik, ahuldade handi bat seinalatu du: “Ez daukagu zubirik ere jende horrengana iristeko. Nor ari da jende pobrearekin lanean eta benetan eguneroko beharrak asetzen baina modu despolitizatuan? Eliza, asistentzialismoa”. Benetan ahulen daudenekin batera borroka egin behar dela, diskurtso hori zabaltzen ari da, baina kritiko da bi zentzutan: “Ez dakigu praktikan nola egin eta bestetik, ez dugu nahi. Oraindik deseatzen gaude hainbeste kritikatzen genituen garai oparo haiek itzul daitezen”.


Noiz mugitzen gara?


Goazen orain mobilizatzen garen uneetara, motibazio faktoreen bila. Minerrek hiru mota bereizi ditu: “Bata, zuri edo zure inguruko bati zerbait gertatzea eta ondorioz, mugimendu batekin batzea. Horrelakoetan, injustizia batek zaramatza mugimendura batzera, identifikazioa da gehitzera zaramatzana. Badira beste momentu batzuk, mugarriak direnak. Eraso gogor bat jasotzen du gizarteak, demagun abortuaren legea, edo orain Trumpekin AEBetan ikusten ari garena... gizarteak azkar erantzuten badu mobilizazio handia sortzen da eta errazagoa da jendea bertara gehitzea, inplikazio pertsonalik sentitu gabe edo ardurarik sentitu gabe. Momentu horretan jendea zerbaiten parte da, baina antolatu gabe. Eta hirugarrenik, badira kanpainak, mugimendu batek helburu batekin antolatzen dituenak, eta hor mugitu daitezke lehendik konbentzituta zeudenak soilik, edo egin daiteke saiakera on bat eta beste batzuen inplikazioa lortu”.
    Mobilizatzeko argudioak, datuak eta arrazoiak behar ditugu, baina mugitu, emozioek mugitzen gaituzte. Minerren hitzetan, “argudio emozionalak eman behar dira, mobilizatzeko. Presoen gaira bagoaz, legeak zer dion ez zaigu asko axola, badakigulako ez direla betetzen ari. Baina legeen aurrean sentitzen dugun injustiziak bai mugitzen gaitu. Indarkeriaren gaian berdin, atera ditzakegu datu hotzak mobilizaziora deitzeko, baina testigantza indartsu batek gehiago mugitzen gaitu... arrazoia badaukagu, baina emozioen bidez iristen gara jendearengana”.
    Elise Diletek irtenbide bat aurkeztearen garrantzia nabarmentzen du, jendea mobilizatzeko: “Bizi!-k lortzen du mobilizatzea, esperantza ematen dugulako, beti alternatibak ematen ditugu. Behar da ikusi irtenbide bat, bestela, zertarako mugitu? Bizi!-n azaltzen dugu zergatik haserretu behar den, baina baita ere zer egin haserre horrekin. Norabide bat ematen dugu, eta norabide hori da esperantza. Haserrea da motorra eta esperantza da bolantea. Emozio baikorrak ere behar dira mobilizatzeko”. Umorea ere gako dela azaldu du: “Umorea erabiltzen dugu, nahiz eta gaiak biziki larriak izan. Horri esker gaia ez da pisua egiten”. Anaiz Aguirre-Olhagarayk “borroka alaiki” egiten dutela gehitu du.

Zigor Olabarria: “Errepresioa gainditzeko, ildo nagusiak izan behar du eskubideak era agerian, aurpegia erakutsiz eta ahalik modu masiboenean erabiltzen jarraitzea. Baita aurpegia estalita ere, errepresioa zailtzeko baliogarria denean (Herri Harresietan maskarekin egin genuen moduan). Horrela egiteak eta gainera kolorez eta umorez, gaurko jendarteak dituen zilegitasunaren marjen estuak zabaltzen ditu”.


    Emozioek mugitzen gaituzten seinale, Olabarriak azaldu du Herri Harresiak  “mugimendua emozional gisa” definitu dituztela: “Oso intentsuak baitira. Kide baten ondoan zaude eta badakizu bi astetan kartzelara doala urtetarako. Hori igartzen da giroan, hurbilekoa bada hauskor zaude, ukituta, intentsitate handiz bizi duzu dena...”. Herri Harresien indar handietako bat, justu, emozioak kolektibizatzeko eta partekatzeko gaitasuna izan dela dio: “Gure kulturan, errepresioaren aurrean kolektibizatu izan den sentimendua alde indartsua izan da ‘egingo diot aurre, honekin ahal dut, animo...’. Baina momentu tristeak eta ahulak, horiek neska-lagunarentzako ziren, gurasoentzako, edo norberak isilean pasa beharrekoak. Herri Harresietan lortu izan denean emozio horiek guztiak kolektibizatzea, emozio horiek ere konpartitzeko guneak sortu direnean, potentzialtasuna biderkatu du, bai barrura begira eta baita kanpora begira ere. Urtetan uste izan dugu zaurgarritasuna agertzeak gu ahultzen gaituela eta etsaia indartu. Eta praktikan ikasi dugu alderantziz dela, ‘humanizatu’ egiten gaitu. Bietatik behar da, hortzak erakustea batzuetan, eta beste une batzuetan xamurtasuna”.


Zergatik ez gara gehiagotan mugitzen?

 

Zigor Olabarria: "Esaten dugu ‘sistemak kanpo uzten gaitu!’ eta maila batean egia da, baina badakigu askoz kanporago egon gaitezkeela, zer galdu asko daukagula eta justu galera hori da gehien arduratzen gaituena"

Olabarriak hatza sartu du guztion zaurian: “Boterearen parametro mentaletan sartuta gaude erabat. Uste dut gure bizitzetan egun ez dagoela botereak kontrolatzen ez duen espazio hutsik: Behartzen gaitu lan egitera, kontsumitzera, etxean erreproduzitzera modu heterosexualean, etxean gauza batzuk kontsumitzera eta ikustera... mezuak eta baloreak jasotzen ari gara egunaren %100ean. Sistemak kolonizatu ditu ez bakarrik gure ideologia agerikoa, baita gure desioak, gure sexualitatea, gure alderik intimoenak ere. Ahalik gehien sedukzioz egiten du, eta hortik aurrerakoa beldurraren bidez. Guzti horretatik deseraikitzea oso zaila da, oso identifikatuta gaude”. Gauzak horrela, mobilizatzerakoan pentsamendu bikoitza bizi dugula azaldu du: “Esaten dugu 'sistemak kanpo uzten gaitu!' eta maila batean egia da, baina badakigu ez dela egia. Badakigu askoz kanporago egon gaitezkeela, askoz okerrago egon gaitezkeela, zer galdu asko daukagula, eta orokorrean baino hobe gaudela. Euskal Herrian hobe gaudela munduarekin alderatuta, Espainiako Estatuarekin alderatuta... eta bada kontraesan handiago bat: herri mugimenduetan gabiltzanak eta egoerarekin arduratuta gaudenak ez gara Euskal Herriko behe klasea. Herri mugimenduetan gabiltzanak klase ertain-altua gara. Gure eguneroko hautuak ez ditugu alternatibak eraikitzeko bidean egiten. Egiten ditugu daukaguna ez galtzeko logikatik eta justu galera hori da gehien arduratzen gaituena. Eta normala da, hori ere barkatu beharko diegu gure buruei”. Horrek mobilizatzerakoan duen eragina azaltzeko, Frei Betto-ren hitzak ekarri ditu: “Buruak pentsatzen du oinek zapaltzen dutena”, eta zintzotasunari eustea proposatu du: “Bai, noski, gure etxearen hipotekak eta gure seme-alaben etorkizunak baldintzatzen gaitu eta ez gaitu iraultzaile egiten, oso lotuta gaudelako. Agian hortik abiatu beharko dugu, zintzoagoa litzateke”.


Betiko manifestaziotik, nora?

 

Mobilizazio guztiak direla erritualak azaldu du Olabarriak, eta bere ustez manifestazioa eta kontzentrazioa erritual gisa agortuta daudela: "Ez dut esaten ez direnik egin behar, baina ezin dute ardatza izan, geronek ez dugulako sinesten, geroni ez gaituztelako hunkitzen. Zenbat urte dira manifestazioetan ez dela oihukatzen? Bagoaz paseoan, ez dugu entzuten amaierako komunikatuan esaten dena... eta hori guztia transmititu egiten da kanpora ere. Kalean egoteari berezko balorea ematen diot. Baina jendearekin eta gure artean beste era batera komunikatu behar gara. Gure bileretan ordu erdi eskaintzen genion kontzentrazioen formatua birpentsatzeari, esaterako, pankarta bat baino gehiago egitea, bideoak erabiltzea, esku-orriak banatzea... baina ez ginen gai izan aparteko ekarpenik egiteko".
    Egungo mobilizazioen tonuarekin kritiko da Miner: “Nik uste mobilizazioak festa direla egun. Oso haserre gutxi adierazten da, kasu puntualak kenduta. Martxoak 8 batean buila gutxi egiten da, edo azaroak 25ean: erailtzen gaituzten bitartean, nahiko protokolario bizi dugu egun hori... ez dut uste mobilizazioa borroka esparru gisa ikusten denik hainbeste. Aldatu da jendearen jarrera: mobilizazioa bakean egin nahi dugu, pozean, umorez... eta bai, umoretik egin behar dugu iraultza eta ospatu egin behar ditugu gauzak, baina haserre ere atera behar da kalera. Edo dantzan, baina indartsu. Haserrea falta da kalean. Eta haserrea gauza ona da, ongi kanalizatuz gero”.
    Olabarriak tonu aldaketa hori Euskal Herriko borroka ziklo aldaketarekin lotu du: “Aldaketak egitean joera dugu mutur batetik bestera jotzeko. Badirudi orain denak atsegina izan behar duela, dena irribarrea izan behar duela... eta noski behar dugula alaitasuna partekatzea, baina baita ere behar dugu haserrea. Haserrea ere erregai bat delako, alaitasuna ere erregaia den bezala. Gaurko munduan sentsible izateak haserrea dakar! Ez bagaitu haserretzen eta ez badizkigu tripak mugitzen hainbesteko injustizia ikusteak... Sanoa da injustizia ez aguantatzea. Horrek eramango gaitu zerbait egitera, agian kalkulu aldetik ez dena ona baina benetakoa dena, ez pose bat. Bestela ez da egiazkoa. Ez bagaitu sutzen munduan dagoen panoramak, akabo”!
    Aguirre-Olhagarayren hitzetan, Bizi!-n gehien antolatzen dituztenak ekitaldiak dira: “Eta plazera zaintzen dugu, beti behar da une goxo bat pasatzeko parada, jatekoa eta edatekoa izan... festa”. Diletek gaineratu du: “Baina mamiarekin. Manifestazio arruntak ez ditugu antolatzen”. Mezua errazago jendarteratzeko saiatzen omen dira ezohiko manifestazioak antolatzen, musikarekin, lema bereziekin, eta parte hartzeko modu bereziekin (esaterako, munduko aberastasunaren desoreka irudikatzeko, aberatsen manifestazioa egin zuten, aberats mozorrotuta).


Gehiagorengana iristeko

 

Elise Dilet: "Behar da ikusi irtenbide bat, bestela, zertarako mugitu? Bizi!-n azaltzen dugu zergatik haserretu behar den, baina ere zer egin haserre horrekin. Haserrea da motorra eta esperantza da bolantea"

Minerrek argi dio anbiziotsuak izan behar dutela gizarte mugimenduek, ezin dutela konformatu bere publiko potentzialarekin: “Gehiagorengana iristeko, ez dut uste diskurtsoa arindu behar denik. Jendeak sentitu behar du mugitzen denean zerbait erradikalaren alde ari dela, alegia, mezuak indarra duela. Mugimendu feminista, bestela ere, beti deslegitimatzen dute. Beraz, deslegitimatu behar bagaituzte, izan dadila esan duguna esan dugulako, ez doan”.
    Mobilizazioaren aurretik giroa sortzea ezinbestekoa dela azaldu du, deialdia kartel batera mugatu gabe. Horretarako bide bat da atxikimenduak biltzea, baina sinaduratik aragoko inplikazioa eskatuz, adibidez, herritar bakoitzak bere atxikimendua argazki, bideoz, esaldiz adierazteko aukera emanda. Eta mugimendu horren publiko potentziala ez denarengana joan eta aurrez aurre biltzearen aldekoa ere bada: “Mugitu behar dugu guretzat deserosoak diren lekuetara eta jendearentzat gure diskurtsoa deserosoa den lekuetara. Adibidez, auzo elkarte bat, ez dena bereziki feminista, eta agian gizonezkoak direnak ia denak. Jendea harritu egin behar dugu, zer egiten ari garen kontatzen diogunean: ‘Nahiko genuke zure auzo elkartea etortzea manifestazio honetara’”. Jendearengana zuzenean iritsi behar dela eta jendeak parte sentitu behar duela argi du: “Non dago gazte jendea?, esaten da. E, jende gaztea ari da gauzak egiten, e! zuk joan behar duzu berarengana. Baina ez zurera ekartzeko, baizik, joan eta ondoan egon, entzuten. Migranteekin berdin, gauza pila bat egiten ari dira, joan eta ikusi. Maiz iruditzen zaigu gurea dela mugimendu erreala eta gureganatu egin behar ditugula beste jendeak, jendea ez dela ezer egiten ari. Jendea gauza pila egiten ari da, baina zure mugimenduan ez du interesik izango, ez baduzu mugimendu hori berarentzako ere bizigarri egiten”.
    Bizi!-n ere mobilizazioen aurretik giroa berotzeko hitzaldiak egiten dituzte, horrela gaiari buruzko azalpenak eta formazioa ematen dute, ekintza iragarri eta esanahia azaldu.


Oinarria handitzea, mobilizazioen gakoetako bat

 

Aguirre-Olhagaray: "Bizi!-k erakusten du edonork parte hartzen ahal duela eta edonork baduela zerbait ekartzeko, nahiz eta ez izan espezialista ekologian edo klima aldaketan"

Egunerokoan mugimenduan inplikatutako jende gehiago egoteak ekarri du mobilizazioetan ere jende gehiago biltzea, bai mugimendu feministan eta bai Bizi!-n. Bizi!-ko kideek horrela kontatu dute nola lortzen duten jende berria erraz batzea: Herritarrek beren ekintzak ikusita izaten dute mugimenduaren berri, askok, Baionako festetan goizero egiten duten “kale apainketa” bidez: “Kola txandak badira eta kalez kale afixak itsatsiz apainketa komunikatiboa egiten dugu; hor pasatzen ditugu urteko edo sasoiko mezuak, kanpainen arabera. Jende askok horrela ezagutu du Bizi!” kontatu du Christian Detchart-ek. Bizi!-ra inguratzeko pausoa ematen dutenek, parte hartzeko modu irekiarekin topo egiten dute. Aguirre-Olhagarayren hitzetan: “Bizi!k erakusten du edonork parte hartzen ahal duela eta edonork baduela zerbait ekartzeko, nahiz eta ez izan espezialista ekologian edo klima aldaketan”. Militantzia anitza da gakoa, Harloucheten ustez: “Perfil ezberdinak dituzten herritarrek parte hartzen ahal dute… txosten eta ikerketak egitetik, ekintza batean eskalada egitera edo manifestaldi ikusgarrien antolaketara, denentzat tokia bada... Bizi!-n militatu daiteke gaika, guneka, edo alor teknikoan: batzuek gai zehatz batek ditu interesatzen eta lan sail tematiko bat dute parte hartzeko. Beste batzuek, guneka, bere inguruan, bere auzoekin egiten dute lan Bizi!-k lantzen dituen gaiak praktikan emanaz. Eta hirugarrenik, parte-hartzea izaten ahal da teknikoa; esaterako, Detchart eta biok, itzulpen taldean ari gara. Etxetik eta gauez lan egin dezakegu”.
    Parte hartzeko gakoetako bat “dimentsio soziala” dela azpimarratu dute Aguirre-Olhagarayk eta Diletek: “Bizi!-ra erakartzen duena bada talde giroa ere. Badakigu seriosak izaten eta bi oreneko bilkurak egiten, baina baita ondotik trago bat hartzen eta elkar ezagutzen ere. Anitz jende ezagutzen dugu, lagun bilakatzen gara... horrek on egiten du”. Mugimendu feministatik Minerrek ideia bera azpimarratu du: “Jendea asko zaindu behar da. Norbaitek bilerara pare bat kale egin badu deitu eta galdetu ea agenda arazoengatik den edo eroso sentitzen den taldean..”. Olabarriak ere argi du: “Giro ona duen talde batek edo soilik erabakiak hartu eta ardurak banatzeko biltzen den taldeak egiten duena ez da inondik ere gauza bera”.
    Minerrek kontatu du feminismoan aritzea asko aldatu dela azken urtetan: “Ni duela 12 urte hasi nintzen, eta oso gutxi ginen eta oso sentsazio bakartia zen. Herrian fama txarra, argudioak oso garruloak, inpotentzia handia, beste mugimendu sozialek gure beharrik ez... Orain feminismoak beste egoera bat dauka, taldean babestuago gaude, ez gaude bakarrik, sare sozialek laguntzen dute, medioetan gaia agertzeak ere bai, jendeak ez du esaten ‘nire auzoko horren harrikada da’. Emakumeen portzentaje oso altu batek badakigu sakonean feministak garela edo izan beharko genukeela, beste gauza bat da nahiago izatea esatea ‘ni ondo bizi naiz, nik ez dut zapalkuntzarik sentitzen’... bakoitzak bere moduak ditu bizirauten jarraitzeko. Baina injustizia sentitu, izena jarri eta aurre egiten diozun momentutik ez dago atzera bueltarik, eragile aktibo bihurtzen zara, besteek funtzio horretan jarriko zaituzte-eta: tabernara zoazenean, manifestazioan egon zarena zara. Hor hasiko da konfrontazioa, edo elkarrizketa, edo dena delakoa. Oso inportantea da auzoko feminista seinalatu horiek existitzea. Hori eskertu behar diegu seinalatzen gaituztenei: atzera bueltarik gabeko ‘feminista’ egiten gaituztenak, etiketa kanpotik jartzen digutenak dira”.


Euskaraz, aitzakiarik gabe

 

Emakumeen Mundu Martxaren aurkezpenean, Kattalin Miner (mahaian eskuinekoa). Bi urteko lanketa erabat euskaraz egin zutela eta geroztik aitzakiarik ez duela onartzen kontatu digu: "Ez da mantxoagoa, ez da edukirik galtzen eta ez du zatiketarik sortzen".

Mugimenduen baitan beti ateratzen den eztabaida da, euskaraz aritu edo “jende gehiago erakartzeko” erdarara jo. Minerrek atoan erantzun du: “Euskaraz. Dudarik gabe. Eta itzulpenik ez, alegia, leloa kartelaren goialdean eta handiz jartzen badugu 11 eraso 12 erantzun, gaztelerazkoa vuestras violencias tendrán respuesta izango da eta txikian eta beherago jarria, ezberdin”. Emakumeen Mundu Martxa antolatzeko, Mujeres del Mundo kolektiboarekin euskara nola landu zuten azaldu du: “Euskaraz ez dakien horrengana joan, eta aurrez aurre azaldu behar diogu zergatik den oso garrantzitsua bilera euskaraz izatea eta jende hori sentitu arazi behar dugu euskararen parte. Galdetzen diegu ea euren herrialdean ba al duten hizkuntza gutxiturik, eta nola bizi duten hori. Eta nola bizi duten beren hizkuntza Euskal Herrian. Eta arratsalde batean egingo dugu hiru hitz gakoren trukea. Eta beraiek parte hartuko dute nahi duten hizkuntzan eta itzulpena egingo da. Sentitu behar dute euskarak beren egoera aldarrikatzen duela: bazterrekoak garela eta feminismoa baldin bada bazter guzti horiek erdigunera ekartzea, euskara bera ere bazter hori dela. Eta funtzionatzen du. Baina jendeak behar du esplikatzea eta parte sentitzea”. Euskarak asanbladetan zatitu beharrean batu egiten duela dio: “Zeren euskal hiztun bat, bestela egongo ez litzatekeen hiru lagunekin ariko da hizketan, itzulpena egiten, eta hor konplizitatea sortzen da”. Gakoa? “Mimo askorekin egitea, pazientziarekin. Emakumeen Mundu Martxan helburuetako bat izan zen euskaraz funtzionatzea, eta frogatu dudanetik bi urteko prozesuan horrela izan dela, inori ez diot aitzakiarik onartzen. Posible da, ez du mantsotzen, ez ditu edukiak aldatzen, eta ez dugu jenderik galtzen, baizik, irabazi. Jendeak bizi zuen euskara berarekin zerikusirik ez balu bezala, beragandik aparteko zerbait zela. Eta sentitu arazten ditugunean horren parte, euskaraz jakin gabe ere, euskaltzale egiten dira, ulertzen dute zein garrantzitsua den eta hurrengoan kafea euskaraz eskatuko dute”.
    Bizi!-n euskaldunen parte hartzea Iparraldeko kopuru soziolinguistikoen isla dela adierazi du Harlouchetek: kideen %25 dira euskaldunak. Baina badu berezitasun bat, ohiko euskaltzaleak ez diren euskaldunak inguratzen direla: “Kultur munduan eta euskalgintzako gainerako arloetan inplikatutakoak gutxiago dira Bizi!-n”. Sorreratik, kanpora begirako komunikazio denak bi hizkuntzetan egiten dituzte, baina euren arteko bilerak frantsesez. Azaroan egin zuten ez-ohiko biltzar nagusian, euskararen erabilera azkartzea erabaki zuten, mugimenduak bere baitan dituen euskaraz murgiltzeko guneak indartuz: hilabetean behin azken bost urteetan Euskal Irratietan egiten duen Bizirik! emankizuna, eskualdetako bilerak…


Aliantzak: harreman zuzenak, ekintza zehatzak

 

Kattalin Miner: "Mugitu behar dugu guretzat deserosoak diren lekuetara eta jendearentzat gure diskurtsoa deserosoa den lekuetara. Jendea gauza pila bat egiten ari da, baina zure mugimenduan ez du interesik izango, ez baduzu mugimendu hori berarentzako ere bizigarri egiten"

Borroken arteko aliantzez inoiz baino gehiago hitz egiten da. Baina hori nola egiten da mobilizazioetan praktikara eramateko? Minerrek azaldu du garrantzitsuena pertsonen arteko harreman zuzenak direla: “Ezin dugu paktu bat egin sindikatu batekin eta gero ez jakin norekin hitz egin behar dugun. Aliantzak era naturalean egiten dira”. Adibidearekin jarraituz, azaldu du sindikatuetara aliantza bila joatekotan, sindikatuko kide feministengana joko lukeela. Hainbat borrokak elkar elikatzeko arrazoirik ez dela falta dio, baina oraindik bakoitzak berera jotzeko joera handia dagoela: “Aliantzak egiteagatik ez gara inoiz ahulduko. Emakume arrazializatuekin lanketa hastean, pentsatzen genuen ‘orain gure lehentasunak beste batzuk izango dira?’ eta ez! bakoitzak berea antolatuko du, baina iristen da ekainaren 28a eta emakume arrazializatu pila daude bestela etorriko ez liratekeenak, eta Arrozes del Mundon feminista pila batek mahai bat hartuko dugu bertan bazkaltzeko. Zure eguneroko bizitzan sartzen da bestearen mobilizazioa, ez digu beste munduko inplikaziorik eskatzen baina parte hartuko dugu besteek antolatzen dituzten gauzetan. Korrika etortzen bada gure talde feministara galdetuz ‘ez al duzue kilometro feminista bat hartu behar?’, ba agian ez zitzaigun bururatuko, eta proposatzen badigute, noski baietz! eta gure aldarrikapena hantxe sartuko dugu. Horrek indartzen du Korrika eta indartzen du mugimendu feminista”. Argitu du aliantzak ez duela esan nahi mobilizazioa elkarrekin antolatu behar denik: “Garrantzitsua da norbera bere lehentasuna borrokatzen aritzea. Bakoitzak bere lehentasuna argi izatea. Eta beste mugimenduei gauza zehatzak eskatzea”.
    Bizi!-k egindako aliantzen emaitza handia Alternatiben Herrixka izan zen: “Egun batez plazan autoei tokia kendu eta 15 arlotan antolatu genuen, jendea eta ingurumena errespetatzen duten praktikak erakutsiz. Baina ez zen hori bakarrik izan, bide bat ere izan zen, egun harekin bururatu zena. Aurretik hainbat elkarterekin bilkurak egin genituen banaka, azaldu genien zer den xedea, klima aldaketaren gaia azaldu genien nahiz eta beren burua ez duten hor kokatzen, pentsatzen aritu ginen zer forma eman guneek gure arteko loturak irudikatzeko... lotura bat eta beste eginaz, azkenean 12.000 pertsona elkartzen dira egun horretan, egiteko modu batekin eta beste baterako ere irabazi ditugu”.


Errepresioa zilegitasunaz gainditzen da

 

Zigor Olabarria, ertzainek Gasteizko Herri Harresitik erauzten. Badela ikusten ez den beste errepresio mota bat nabarmendu du, eta horien ikur izan daitekeela Mozal Legea: "Lege horrekin ez dago epaiketarik, ez zoaz kartzelara, baina kaltea itzela da. Eta duen desmobilizatzeko gaitasuna sekulakoa da”. Azaldu du aukeran emanda, militante askok 5-6 hilabete kartzelan pasatzea nahiago lukeela 20.000 euroko isuna ordaintzea baino: “Zerbaitegatik jo dute errepresio ekonomikora, noiz eta krisi garaian. Ditugun lotura guztiak (kredituak, enbarguak...) asko estutzen dira”.

Botereak errepresioa erabiltzen du mobilizazio eraginkorrenak indargabetzeko. Gaurko panoramaz galdetuta, Olabarriak erantzun du “sozialdemokrazia ere ez dela kabitzen gaurko legedian” (adibidez, legez bankuei lehenago ordaindu behar baitzaie medikuei edo irakasleei baino): “Demokrazia parametrotan hitz egiten dugu beti, baina nik 39 urte ditut eta Euskal Herrian inoiz ez ditugu bizi izan Europako ongizate estatuetan teorian demokrazia formal baten askatasunak direnak. Ez dakit Espainiako estatuan bizi izan dituzten, baina Euskal Herrian salbuespen egoera iraunkorra dugu, borroka antiterroristari lotua, legedi eta praktika bereziak dituena. Hori guztia argudiatzen zuen Estatuak borroka armatuari erantzun beharrarekin, eta biolentzia politikoaren monopolioa errespetatzen ez zuen jendarte bat zegoelako. Bukatu da hori, eta zein da panorama? Aplikazioan gauza batzuk baretu dira, baina legedian ez dute ezer indargabetu eta gainera gogortu egin dituzte zenbait gauza terrorismoaren ataleko zigor kodean: gorazarrea, sare sozialen erabileran... eta ordenamendu juridiko arruntean ere bai: azken urteetan disidentzia eta protesta modu berri batzuk piztu dira, eta ad hoc eginiko bateria legal handi bat garatu da, horiek indargabetzeko. Horien ikurra baina ez bakarra, Mozal Legea da”.
    Mozal Legeak duen arrisku handienetakoa da “errepresio ikusezina” aplikatzen duela, Olabarriaren hitzetan: “Alegia, errepresioa ikusten dugu norbait epaitegira daramatenean, kartzeleratzen dutenean... eta gure elkartasun neuronak ere horrelako momentuetan aktibatzen dira. Mozal Legean ez dago epaiketarik, ez zoaz kartzelara, baina kaltea itzela da. Errepresio hori ikustarazteko oso zaila da. Laguntza eskatzeko zailagoa da eta norberak jaten du isuna. Eta duen desmobilizatzeko gaitasuna sekulakoa da”. Azaldu du aukeran emanda, militante askok 5-6 hilabete kartzelan pasatzea nahiago lukeela 20.000 euroko isuna ordaintzea baino: “Zerbaitegatik jo dute errepresio ekonomikora, noiz eta krisi garaian. Ditugun lotura guztiak (kredituak, enbarguak...) asko estutzen dira”. Zigorrak ikusaraztea zaila bada, Olabarriaren hitzetan, are ikusezinagoa den kalte bat egiten du Mozal Legeak: “Zenbat eskubide erabiltzeari uzten diogun mehatxuagatik. Udaltzainek esaten dizute ezin duzula kalean gertatzen ari dena grabatu, eta gezurra da. Baina herritarrak grabatzeari uzten dio eta nola neurtzen da horrek dakarren kaltea, galtzen dugun indarra? Dagoeneko kontua ez da zigortzen zaituztela, baizik, guk egiten diogula uko gure eskubideak erabiltzeari”.
    Edozein ekintza egin aurretik abokatuarekin hitz egitea ohikoa da. Beharrezko dela dio, “baina pixka bat ekintzailea den abokatu batekin. Abokatu batek esan behar du, legea irakurrita eta bere interpretazioaren arabera, ekintza bakoitzak zer arrisku tarte duen, ‘gutxienez hau eta gehienez hau’. Abokatua zintzoa bada, inoiz ez digu esango zer gertatuko den. Eta proposamenak ere egin ditzake, gauza oso antzekoa baina beste era honetara egiten baduzue, arrisku tarte hau kentzen duzue”. Legeak dioenaren mugak muga argitzat hartzea ere akatsa da Olabarriarentzat: “Herri Harresietan delitu bat bestearen atzetik egiten genuen, masiboki eta aurpegia emanez. Terrorista izateaz salatuak zirenen atxiloketari aurre egiten genion, pentsa. Eta bai, jende bat zigortu dute, baina egin zezaketenetik oso urruti geratu dira bai lege antiterroristan bai arruntean. Zergatik? Indar harreman kontua delako. Gauzak zer nolako gizarte babesarekin egiten ditugun da gakoa. Eta babesa modu askotakoa da, adibidez, plazan 2.000 egon edo 200 egon aldea dago, baina batez ere babesa da agintariek sentitzen dutela plazan ez daudenek ere ulertzen gaituztela. Gauzak nola lantzen ditugunaren arabera inpunitatea lortzen dugu”.
    Beraz, legeak dioena ez da gauza objektibo bat. Legeak batzuetan aplikatzen dira eta beste batzuetan ez. Zirrikitu hori baliatuz, errepresioa nola gainditu? “Indar harremanak eraldatuz”, dio Olabarriak: “Tentazioa egon daiteke dagoen errepresioa ikusita, eskubideak erabiltzeko logika klandestinoetara jotzekoa. Baina kutsu klandestinoak egun zure burua ahultzen du eta gizartearengandik urruntzen zaitu. Eta gainera uste dut jendeak inoiz baino irekiago izan ditzakeela belarriak entzuteko, aukera dugula jendearengana heltzeko eta horregatik, ildo nagusiak izan behar duela eskubideak era agerian, aurpegia erakutsiz eta ahalik modu masiboenean erabiltzen jarraitzea. Baita aurpegia estalita ere, errepresioa zailtzeko baliogarria denean. Baina orduan ere publikotasuna helburu, itzalean geratu gabe: Herri Harresietan maskarekin egin genuen moduan, edo sareratu diren hainbat ekintzetan ikusi den bezala. Horrela egiteak eta gainera kolorez eta umorez, gaurko jendarteak dituen zilegitasunaren marjen estuak zabaltzen ditu. Desobedientzia zilegi egiten duen kultura sustatu behar dugu. Ideologikoki argudiatu behar da eta praktikan egin”.


    

 

 

 

 

 

 

Xabier Harlouchet: “Auzoko bankutik hartu genituen bederatzi aulki, medio guztien aurrean azalduz: ‘aulki bahitu hauek hobekiago zerbitzatuko dute bulego altermundialistetan, zerga ihesean agertu den banku hau baino’. Polizia Bizi!-ren egoitzara etorri zen eta autoan sartu zituen hemen ziren lau aulki, gaiztagin handiak balira bezala... Eta bitartean, beste bost aulkiak adoptatuak izan ziren filosofo ezagun batzuetarik, eta hor hasi zen aulkien ihesa eta babesa. Frantziako estatuan 200dik gora aulki bahitu dituzte zerga ihesa errazten zuten bankuetan”. Argazkiak: Bizi! mugimendua.

Bizi!-koak ekintzaz ekintza ari dira desobedientzia zibila lantzen. Aguirre-Olhagarayren hitzetan, “egiten ditugun ekintzak legez kanpo dira normalean, baina egiten duguna zilegi da. Biziki lasaiak gara eta badakigu egiten dugun horretan arrazoi dugula”. Harlouchetek gehitu du 2eta gehiengoaren babesa badu. Ekintzak azaltzen ditugunean, jendea alde da. Hori da zilegitasunari legaltasun zigilua emateko bidea, atxikimenduaren bidez bakoitzak bere egitea helburua, ohartzen delako bere onerako ere badela”. Jarraitu du esanaz, justu botereak gaizkien kudeatzen duen estrategia horixe dela, herritarrak bortxa gabe bere helbururantz zuzen eta zilegitasunaren bidez legea errespetatu gabe joatea: “Ez dakielako atxiloketak nondik egin eta ezingo duelako biktimarena egin. Bortxa dagoeneko amortizatzen dute eta haiek kudeatu ahal dute. Bortxa gabea ez”.
    Detchart-ek adibidetzat ekarri du bankuetan bahitutako aulkien xerka joan zirela poliziak Bizi!-ren egoitzara. Eta errepresio hori bera ere Bizi!-ren mezua are gehiago indartzeko erabili zutela. Harlouchetek azaldu du xehe: "Auzoko bankutik hartu genituen bederatzi aulki, publikoki aurpegia emanez, medio guztien aurrean azalduz: ‘aulki bahitu hauek hobekiago zerbitzatuko dute bulego altermundialistetan eta zerga ihesaren aurka borrokatzeko, ez eta banku honetan, jakinez banku hau argiki agertu dela aktore on bat zergen kanporatzeko’. Polizia Bizi!-ren egoitzara etorri zen eta polizia autoan sartu zituen hemen ziren lau aulki, gaiztagin handiak balira bezala... Eta bitartean, beste bost aulkiak adoptatuak izan ziren filosofo ezagun batzuetarik, eta hor hasi zen aulkien ihesa eta babesa. Frantziako estatuan aulki bahitzaileen mugimendua indartuz joan da, 200dik gora aulki bahituz zerga ihesa errazten zuten bankuetan: COP21aren karietara, trantsizio energetiko eta ekologikoaren dirua zerga paradisuetan zela argi uzteko. Ekintza mota horiek desaktibatzen dituzte Estatuaren errepresio tresna klasikoak”. Aulkien afera zela eta, Bizi!-ko kide bati 75.000 euro eta bost urteko kartzela zigorra jartzea zen arriskua, Frantziako legediaren arabera. “Baina atzera egin dute salaketa denetan: aulkiak ebatsi zituztela esan zuten lehenik eta gero ezetz, ADNa ez zuela eman nahi eta hori ere hobengabe utzi zuten... 2.000 pertsona elkartu ziren astelehen goiz batez babesa emateko, eta bankuak irudi arazo handiak izan ditu, zeren denek aipatzen zutena ez zen aulki ebastea, baizik, zerga ihesa. Espero dugu gustua galduko dutela militanteei auziak egiteko, ikusita lehen honetan zer gaitasun egon den zilegitasuna legalki ere defendatzeko. Edozein manifestaldi da isunak emateko aitzakia. Baina kostatzen da isuna ematea jakinik, bai mezuak eta bai egiteko moduak onarpen handia duela jendartean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | June Fernández
Saioa Baleztena eta Nel Santacruz
“Frustrazioa eragin dezake bularra ematearen onurak azpimarratzen dituen diskurtsoak”

Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea  erabakitzen... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


2024-12-20 | Gedar
Eraso faxista Irungo Lakaxita Gaztetxearen aurka

 Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.


2024-12-20 | Hala Bedi
Okupazioaren aurkako neurri berriari ezetz esan diote Gasteizen, hainbat gaztetxek eta kolektibok deitutako elkarretaratzean

Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]


Ernaik dio bere kontrako operazioa egon izana frogatzen dutela Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehen ebazpenek

Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


2024-12-16 | Leire Ibar
Durangoko gaztetxea desalojatu dute eta Ertzaintzak foam jaurtigailuekin tiro egin du bertan zeudenen aurka

Larunbat arratsaldean istiluak izan ziren gaztetxe berriaren atarian, Ertzaintza gogor oldartu zen gaztetxeari babesa ematera joandakoen aurka. Hori dela eta, ehunka lagun bildu dira igande honetan foam jaurtigailu bidezko kargak salatzeko eta udalaren jarrera seinalatzeko... [+]


Armagintza industriaren "moldaketa eraldatzailerako" proposamena
Armagintzari loturiko euskal enpresa eta erakundeak 70etik 200 baino gehiago izatera pasa dira 2008tik hona

Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]


Eguneraketa berriak daude