Kutxabankek etxetik kaleratu zuen arren, bertan bizitzen jarraitu du Juan Carlos Infante irundarrak. Bankuak du etxearen jabetza, baina justiziak ebatzi du pisuan bizitzen segi dezakeela Infantek eta negoziatzera derrigortu du Kutxabank. Hala ere, bankuak ez duela negoziatu nahi, Kutxabanken aginduz urik eta argindarrik gabe eman dituela bost urte eta ateko sarraila bost aldiz aldatu diotela kontatu digu irundarrak. Pasa den urtarrilean, etxean ate blindatua jarri zion bankuak eta amore eman du azkenean, ezin du gehiago, pisuaren ordainetan diru gehiago ez ordaintzea du orain helburu, interes abusiboak gehituta 160.000 euro eskatzen baitizkio Kutxabankek.
Etxean ez sartu ahal izateko ate blindatua jarri zioten urtarrilaren 3an, eta ordutik arropa berarekin eta poltsikoan zituen 20 euroekin hilabete eman du Juan Carlos Infantek, bere gauza guztiak etxe barruan dituela. Aurretik, salaketa bat ere jarri zion bankuak bide penaletik; espetxean amaitu zezakeen irundarrak. “Mafioso hutsak dira”, dio. Baina kontatu dezagun hasieratik, Infanteren kalbarioa hobeto ulertzeko.
“Min handia egin zien komunikabideetan nire kasuak halako sona izateak eta mendeku gosea dute nirekin, bide penaletik eraman nahi izan ninduten. Mafioso hutsak dira”
41 urte ditu Infantek eta 19-20 zituenean pisu txikia eta zaharra erosi zuen; hogei urtetik gora eman ditu bertan bizitzen. Lanik gabe geratu zen eta langabezia eta subsidioa kobratu bitartean hipoteka ordaintzen jarraitu zuen, baina biak bukatu zitzaizkionean orduko Kutxarekin akordioa lortzen saiatu zen; “haien erantzuna izan zen ez-ordaintze prozesua behin hasita ez zegoela geratzerik”, eta 2010 inguruan bankuak etxearen jabetza eskuratu eta kaleratu egin zuten. “‘Mesede bezala ordu erdi emango dizugu gauza guztiak hartzeko’ esan zidaten, eta uko egin nuenez, gauzak han nire borondatez utzi nituela zioen orria eman zidaten sinatzeko”. Horren ordez, hurrengo egunean etxea okupatu zuen Infantek, ondoren Kaleratzeak Stop plataformarekin jarri zen harremanetan eta alokairu soziala negoziatzen saiatu ziren, “baina ezer ez”. Hedabideetan dezenteko oihartzuna izan zuen bere kasuak eta Kutxabankek begiz jo zuela uste du kaltetuak: “Hedabideetako zurrunbiloaren ondorioz Irungo sukurtsaleko langile batzuk kaleratuko zituztela eta nire errua zela esan zidaten, erasokor; gaizkile baten gisa tratatu naute. Min handia egin zien komunikabideetan halako sona izateak eta mendeku gosea dute nirekin, bide penaletik eraman nahi izan ninduten, espetxean amaitu nezan, baina epaileak prozesua gelditu zuen”. Ebazpen judizialak, izan ere, etxean jarraitzeko baimena eman zion irundarrari, eta negoziatu zezatela agindu zuen. Etxearen jabegoa, ordea, bankuak du, eta muturreko jokaerak sortu ditu egoera horrek.
“Inoiz ez digute erantzun, ez dute akordiorik nahi”
“Inoiz ez gara negoziatzera eseri –dio Infantek–, Kaleratzeak Stop plataformako abokatuak eta biok eskutitzak bidali dizkiegu, alokairu soziala proposatu diegu, eta inoiz ez digute erantzun, ez dute akordiorik nahi”. Jada, ordea, irundarrak berak ere ez du etxean segitu nahi: “Psikologikoki ezin dut gehiago, etxe horretara ezin dut eta ez dut nahi bueltatu, bost urte eman ditut Kutxabanken aginduz argirik eta urik gabe bizitzen eta baldintza jasanezinak dira”. Iberdrolara ordainketa egitera joan zenean halaxe adierazi zioten, Kutxabankek agindua emana zuela, argindarrik ez emateko. Denboraldi batez, lana lortu zuen gasolindegi batean, eta nominatik zuzenean portzentaje bat kentzen zion bankuak. Atearen sarraila bost aldiz aldatu ostean, ate blindatua jarri eta helburua lortu zuten: ordutik ez da pisura itzuli Infante, gizarte zerbitzuek ordaindutako ostatu batean dago. “Ate blindatua jartzeko denbora dezente behar da eta juxtu egun osoa kanpoan eman nuen egunean egin zuten. Kasualitate handia, ezta? Ez ote ninduten zelatatu...”.
“Psikologikoki ezin dut gehiago, etxe horretara ezin dut eta ez dut nahi bueltatu, baldintza jasanezinak dira”
“Etorkizun bat izateko aukera kentzen dizute”
“Gogorra da hainbeste urteren ostean etxea galtzea, baina pisuaren ordainetan zorra kitatzea da orain helburua”. Hilero, %30eko berandutze-interesak gehitzen joan zaizkio zorrari eta uneotan 160.000 euro baino gehiago eskatzen dizkio bankuak, “etxea kasik ordainduta nuenean; imajinatu, 20 urte nituenetik daramat ordaintzen! Bi etxebizitza adina ari zaizkit eskatzen, tasazioa kontuan hartuta. Abusiboa da erabat, eta hileroko gurpil zoro horretan murgilduta egotea sufrikarioa da, lana bilatzeko ere eragiten dizu eta ez dizu aurrera egiten uzten, etorkizun bat izateko aukera kentzen dizute, kateatuta zauzkate”.
Udaleko atea jo du Infantek eta Irungo alkatea prest agertu da bitartekari lana egiteko eta bankuarekin hitz egiteko, etxearen ordainetan diru gehiago eskatu ez dezan. Luzerako prozesua izango dela uste du irundarrak, eta orain pisu txiki bat alokairuan lortzea da bere lehentasuna. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta balia dezake alokairurako eta gizarte zerbitzuek ordainduko diote sarrera. Dena oso motel doala dio, izapide eta burokrazia andana tarteko. Berarekin hitz egin eta bi egunera lortu ditu, azkenean, pisu berriko giltzak.
“Kaleratuko zaituztela esaten duzun momentutik administrazioak protokolorik ez izatea, mekanismorik martxan ez jartzea hutsegitea iruditzen zait. Ostatuan, nirekin batera, etxetik bota dituzten bost laguneko familia bat dago, baita kaleratua izan den beste ama bakar bat ere, ezintasunak dituen haurrarekin, eta Udalak larrialditarako pisuak ditu hutsik, bete gabe. Ez dut ulertzen”.
“Ez dute aurrekari bihurtzea nahi, besteek ere berdina egin dezaketela pentsatzea”
“Azkenean erokeriaren bat egingo dut”
Istorio korapilatsua entzun eta galdera inozoa egin dugu: bankuarentzat ez al da sinpleagoa negoziatzea, egoera honetara iristea baino? “Bai, baina ez dute aurrekari bihurtzea nahi, besteek ere berdina egin dezaketela pentsatzerik nahi. Batzuekin tratua lortzen dute bankuek, etxea lehenbailehen utzi dezaten eta ez dezaten publiko egin, bestela beste batek jokaldia errepikatzea eskatuko du, horren beldur dira. Izan ere, gaur egun oraindik kaleratze asko eta asko egiten dira, baita alokairuan daudenenak ere”.
Gurekin kafea bukatu eta zuzenean udaletxera joan da Juan Carlos Infante, zeregin eta buruhauste askori egin behar die aurre oraindik, eta ilun ikusten du etorkizuna. “Muga-mugan nago, psikologikoki jota. Denbora asko daramat lo egin gabe eta azkenean erokeriaren bat egingo dut, eztanda egingo dut”.
Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]
Lau urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak eskatzen dituzte auzipetuentzat. Duela lau urte, etxe-kaleratze bat gelditzen saiatu ziren Herrandarren kalean.
70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]
Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.
Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.
Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]
Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: asteartean, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.