“Ez gara besterik gabe Ingalaterrako parte bat, guztiz ingelestua”

  • Zure “It’s cold!”-ari, “Hotza!” erantzun dio Londresko SOAS Unibertsitateko irakasle Julia Sallabankek (Amersham, Ingalaterra, 1960). Gasteizen izan zen urtarrileko hotzean Oihaneder Euskararen Etxean, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. Mantxako kanalean den Guernesey uharteko hizkuntzaz jardun zuen, guerneseyeraz, alegia.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hitzaldia egiten hastekotan zinela, galdera egin zenien entzuleei, inork Guerneseyri buruz ezer ba ote zekien, izena bera aditua ote zuen inork. Baina inork ez zekien ezer.

Harritzekoa ere ez da ezer ez jakitea, leku ttikia baita Guernesey. Erresuma Batuan ezaguna da Guernesey, toki turistikoa delako batetik, eta Bigarren Mundu Gerrako historiagatik, bestetik. Gainerakoan, hutsaren hurrena da jendeak gure uharteaz dakiena… Erresuma Batuko historiaren barnean leku seinalea da Guernesey, Mantxa kanaleko uharteak izan baitziren alemanek okupatu zuten erresumako territorio bakarra. Zenbait film ere eginak dituzte gai horren gainean, Guernesey izenarekin, eta horrek ere hainbat lagundu du jendeak uhartea ezagun dezan.

Leitu dudanez, bada Guernesey uharteko haurren istorio-historia bat Bigarren Mundu Gerrari lotua.

Bai, bada. Aspaldi ezagutu nuen emakume batek kontatu zidan. 90 urte ditu oraintxe emakumeak, baina oroitzen da, artean haurra zelarik, hondartzan zebilela, eta jendea etorri zela, builaka eta hoska: “Alemanak datoz, alemanak datoz! Hemendik alde egin nahi izanez gero, oraintxe behar du, bizkor. Zenbait txalupa Ingalaterrara abiatzera doaz oraintxe! Ez jakin gero beste aukerarik izango den!”. Bistan da, populazioaren erdiak alde egin zuen, hainbat haur barne zirela. Kasu askotan, haur horiek ez zuten, bost urtean, gurasoekin harremanik izan, etxekoekin komunikaziorik ere ez. Haurrak zenbait familiatan banatu zituzten, anaia-arrebak sakabanaturik maiz kara, eta harrezkero ez zuten guerneseyeraz mintzatzeko aukerarik eduki.

Guerneseyera hiztunak ziren, hortaz.

Haietarik asko, bai. Landa eremukoak baitziren! Kontua da Ingalaterran gerla sasoi hartan inor ez zela fida ingelesa ez beste hizkuntza batean hitz egiten zuen hartaz, bateko espioiak eta besteko salatariak, inor ez zen inortaz fida, eta, ondorioz, haur haiek ez ziren guerneseyeraz mintzatu.

Ez genuen Mantxako kanaleko uharteen berririk, ez genekien guerneseyera bazenik ere. Zein du egoera?

Gauza jakina da zer den hizkuntza baten bizigarritasuna, eta horri denaz bezainbatean, guerneseyera desagertzeko arrisku gorrian da. Ez da 45 urtez beheko guerneseyera hiztunik. Onenean, haur bat edukiko duzu guerneseyeraz dakiena, baina ez du norekin hitz egin. Guerneseyeraz aise mintzatzen diren hiztun bakarrak, bakanak, 70 urtetik gora dira. Bada multzo handi bat, 50-70 urte artean, guerneseyera burmuinean gordea daukana; alegia, aditu zuten gaztetan, nahiz eta ez ziren egiaz guerneseyeraz mintzatzera heldu. Konprenitzen dute. Horien artean bada multzo bat guerneseyera biziberritu nahi duena, hizkuntza berraktibatu, eta horretan da lanean. Nire iduriko, horiek dira hizkuntzaren geroaren esperantzarik handiena, zeren eta inoiz jakin zuten guerneseyeraz, eta orain burmuinean sartua daukate, azalera ekarri besterik ez dute egin behar. Bestalde, hizkuntza baliatu nahi dute, lagun eta adiskideen artean. Ez dira ari, besterik gabe, denborapasa.

Argazkia: Zaldi Ero.

Badute guerneseyerak, eta guerneseyera hiztunek, inolako lege babesik, hizkuntza politikarik?

Nekez. Hizkuntza politika batek, hizkuntza zeinahi dela ere, dirua esan nahi du, eta aitortza, eta horri denaz bezainbatean, Guerneseyn ez dugu deusik. Are gehiago, askok usteko dizu frantsesa dela bertako hizkuntza ofiziala, XX. mendearen hasmenta arte frantsesa izan zelako irakaskuntza hizkuntza, “zibilizazio hizkuntza”, eta haren ondoan, tokiko hizkuntzak “frantses eskasa”-ren sinonimotzat zituzten; alegia, uste zuten soroetan lan egiten zuten nekazariek beste inork ez zuela erabiltzen guerneseyera.

Prestigiorik ez guerneseyrak…

Pentsatu ere ez! Alabaina, duela hainbat mende Gillen Konkistatzailearen hizkuntza zen. Normandoen hizkuntza, beraz, horretaz harro baikinen. Orain doi-doi alderantzira da, Guerneseyn bertan. XIX. mendean hainbat jendek Britainiatik Kanaleko uharteetara jo zuen, epelago egiten zuelako, eta merkeago zelako han bizimodua. Napoleonen gerlak eta gero, soldadu pentsiodunek ez zuten aski diru Ingalaterran bizitzeko, baina aski ongi bizi zitezkeen Kanaleko uharteetan. Erdi mailako gizarte klasea sortu zen, eta ondotik, goi mailakoa, eta haiek goitik behera begiratzen zieten uhartekoei. Hortik nekez etortzen ahal da “beheko” horien hizkuntzaren gorantzarik. Prestigiorik ez, alegia.

Hiztunak baditu oraindik guerneseyerak, esan duzunez.

Ez dut uste sobera berandu denik. Man uhartean, konparazio batera, gauza ikaragarria gertatu da: 1974an galdu zen han azken hiztun jatorra, eta egun, 200 edo 300 hiztun trebe izango dira, eta beharbada, 700 bat papurren bat dakitenak. Eta uste dut gu ere, antzeko gabiltzala. Betiko galdu baino lehen eutsi behar diogu, jendea aktibatu behar dugu berantegi izan aurretik.

Guerneseyerak badu sarrerarik ikastetxeetan?

Ez du lege aitortzarik, ez du eskolan presentziarik, jendeak ez du berezko hizkuntzatzat hartzen. Eranskin bat du, ez besterik, “dialekto eskasa”, tokiko hizkera… Ikasgai ez-ofiziala da zenbait lekutan, eskola orduz kanpo, astean ordu erdi, konparazio batera. Hiztun jatorrak deitzen dituzte eskolara joateko, baina ez dira, egiaz, hiztun jatorrak, ez baitago hiztun jatorrik dena delako hizkuntza horretan hitz egiten ez baduzu. Edadekoak dituzu, nekez elkartzen dira bata bestearekin, eta haietarik bat hiltzen delarik, bizirik denak ez du guerneseyeraz norekin hitz egin.

Orduan, hiztun jatorren heriotzarekin batera doa hizkuntzarena.

Hizkuntza galtzera eta galtzera doa. Hala ere, eskolara doan jende hori, hiztun jator hori, langile erretiratua da gehienetan. Astean behin eskolara doalarik, ordu erdiz… ez daki nola irakatsi. Hiztun horiek haurrak ziren Bigarren Mundu Gerran, ez zuten eskolatzeko modurik izan, nahiz eta alemanez ere ikasi behar izan zuten. Oroit naiz emazte batek esan zidala: “Gaztetan irakasle izan nahi nuen, baina ez nuen aski eskola eduki. Orain, guerneseyera irakats dezaket, eta horrek harro sentiarazten nau, pozik naiz”. Baina hori ez da egiazko irakaskuntza sistema bat.

“Ez da 45 urtez beheko guerneseyera hiztunik. Onenean, haur bat edukiko duzu guerneseyeraz dakiena, baina ez du norekin hitz egin”

Ez da?

Ez da irakaskuntza eraginkorra. Esan nahi dut, inportantea da hiztuna harro sentitzea, baina hori ez duzu irakaskuntza: ez materialik dute, ez xederik, ez biderik… Batzuetan, ez da eskola orduz kanpoko ekintza hutsa besterik –gurasoek beti okupatuta nahi dituzte haurrak–, besteetan guraso horiek hizkuntzaren gaineko benetako interesa dute, baina ez dute beraiek ikasteko asmorik, edo ahalik, eta pentsatzen dute: “Helduok ezin ikasirik gabiltza, baina haurrek ikasiko dute gure partez, geroan baliagarri izango zaie”. Baina haurrei bost axola zaie hizkuntza etorkizunean baliagarri izango zaien edo ez; dibertigarri bazaie, ikasiko dute, eta bestela, kasu gutti hizkuntzari.

Zein dituzu guerneseyeraren lehentasunak egun?

Gisa honetako hizkuntza ttiki baten kasuan –hiztun kopuru ttikia duena–, nire iduriko lehentasuna helduen artean hiztun andana trinko bat osatzea da, egun ez baitugu horrelakorik. Baditugu adin handiko hiztunak, zaharrak, eta baditugu zenbait haur, baina tarteko hiztun larririk ez dugu, eta horiek gabe ezinezko duzu hiztun komunitate bat osatzea. Horretan naiz ni, eta horretan ari naiz lanean.

Zergatik ikasi behar du inork guerneseyera?

Askotan aditu dut hori. Guerneseyera ez da hizkuntza handia, ez da frantsesa, ez ingelesa, ez txinera… Zenbaitek horixe dio: “Inportanteagoa da hizkuntza handia ikastea, baliagarriago da!”. Hitz bera beti: “baliagarri”. Hara, inkesta bat pasatua dugu Guerneseyn, hizkuntza ikasteko interesaren inguruan. 30-40ren bat heldu dira oraintxe guerneseyera ikasten, eta banan-banan hitz egin dut haiekin. Haien esanak dituzu: “Nire hizkuntza da; guerneseyeraz zerbait esan niezaieke nire bezeroei; emozioen hizkuntza dut…”. Uhartean turista asko bizi dira, eta horiekin batera, badira Erresuma Batuko bizilagunak Guernesey berekoekin esposatuak. Horietarik batzuek tokiko kulturaz gehiago jakin nahi dute, komunitatearekin loturak ere sendotu nahi dituzte. Horiek nekez erabiltzen dute “baliagarri” hitza.

Zein lotura da guerneseyeraren eta identitatearen artean? Zuk aztertua duzun gaietarik bat dugu.

Zenbait jendek uste du hizkuntza identitatearen parte inportantea dela, baina hizkuntza ordezkatua duen pertsonak esango dizu halako identitateren jabe izateko ez duela zertan jakin halako hizkuntza, identitate baten jabe izateko badela beste biderik. Batzuek ohiturak azpimarratuko dituzte, beste batzuek tokiko janaria; halakok, hondartzak; beste halakok, natura… Esan nahi da, modu askotara eraikitzen duela jendeak bere identitatea, baina guerneseyera uhartean beste inon ez dago, gauza bakana da, eta horixe azpimarratzen ahalegintzen gara gu. Ez gara, besterik gabe, Ingalaterrako parte bat, guztiz ingelestua –beste zenbait uharteren kasua baita hori–, Guerneseyn hizkuntza diferente bat daukagu, sustatzea merezi duen zerbaiten jabe gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guerneseyera
Eguneraketa berriak daude