Alexei Yablokov hil da, Txernobylen egia estalia harrotu duen jakintsua

  • Errusiako ekologismo modernoaren patriarka hil da Moskun urtarrilaren 10ean. Txernobylgo hondamendi nuklearrak Europako jendeen osasunean luzaz eragingo dituen kalteak erakutsi zituen, agintariek eta lobby atomikoak eskainitako analisi partzialak larrutuz. Artiko itsasoan armada sobietarrak urperatutako erreaktore eta erregaien kutsadura itzelak azaleratu zituen. Hil arteraino izan da agintarientzat gogaikarria.

Green Russia gunetik hartutako argazkian, Alexei Yablokov jakintsu zaharra protesta ekintza batean, 2014an, eskuetan daramala “Vitishko Askatu” dioen pankarta. Yevgeny Vitishko geologoa polizia errusiarrak preso hartu zuen, kalean salatzeagatik Sotxiko Olinpiar Jokoen antolakizunak eragindako ustelkeria eta kalte ekologikoak. Energia atomikoaren ondorioez goi mailako aditua, errespetatua bezain eztabaidatua izan da Yablokov
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Urtarrilaren 10ean hil da Moskun Alexei Vladimirovitx Yablokov 83 urterekin. “Errusiaren arima berdea” deitu dio azken agurrean Nuclear Free Future elkarteak. Lagun eta ikerketetan kide izan duen Oleg Bodrovek idatzi du: “Egunotako On Kixote bat bailitzan, Lurraren eta ingurumenaren alde borrokatu da, epelkeriarik gabe eta amaiera arte”. Gurean, Txernobylgo hondamendi sekula ez itzaliari buruzko kronikak leitu dituztenek menturaz oroituko dute haren izena, urteotan behin baino gehiagotan aipatu duguna. Berriaren hemerotekan ere aurki lezake Harald Neuberrekin 2011n izandako elkarrizketa: “Energia nuklearra bukatzeko beste bi edo hiru Fukushima beharko dira”. Garoñako lapiko atomikoa berriz piztekotan dabiltzan garaiotan gogoratzeko modukoa: ezin esan abisatu ez zigutenik.

1933an jaioa, ikasketaz biologoa, jardun akademikoan hainbat ataletan ikertu zuen: ekologia, zoologia, eboluzioa, populazioak... Errusiako Zientzien Akademian zeukan ospearekin, Mikhail Gorbatxov eta Boris Jeltsin presidenteen aholkulari izan zen 1989tik 1997ra arte. Gaur Ukraina den Txernobylgo zentral nuklearra 1986an lehertua zen.

Yablokovek dimisioa eman zion Jeltsini salatuz oligarka berrien nahietara makurtzen zela eta politika ekonomikoaren aldarean sakrifikatzen zituela ekologiaren balioak bezala demokraziarenak. Geroago, Vladimir Putinek aldarrikatu zuenean Errusian ekologiagatik ezarritako kontrol oro ezabatzea –negozioei bidea libre uzteko–, hari politikan ere aurre egitea erabaki zuen zientzialari zaharrak. 2016an, ordurako oso gaixotuta, plazaratu zuen Txernobylgo istripuari buruzko azken monografikoa.

Nuklearren arriskuen eztabaidetan klasiko bat da 2007an Yablokovek Vassily eta Alexey Nesterenko bielorrusiarrekin batera plazaratutako “Txernobyl: hondamendiak gizadiari eta naturari eragindako kalteak“. Klasiko bat, energia atomikoaren industriak istripuen kalteak neurtzerakoan ezarri nahi izan duen kontsentsua auzitan jarri zutelako: “Kontsentsuaren mitoa Gezur Handi bat da”.

Yablokovek salatu izan duenez, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen argudioak behin eta berriro errepikatzen ari diren adituak gaia osotasunean aztertu gabe, edo ezjakinak dira –eskuzabal epaitzekotan– edo erabateko gaiztoak. Haurrak gaixotzen ari dira gobernuak ez direlako gai onartzeko erradioaktibitateak –baita dosi txikietan ere– bizia suntsitzen duela, gorputzetan malformazioak eragiten, kantzerrak eta beste hainbat gaixotasun sortzen.

“Planeta honetako milioika pertsonari –diote internetez doan eskuragai dagoen liburuan– Txernobylgo laugarren erreaktorearen leherketak bitan erdibanatu die bizia: lehenagokoa eta ondorengoa. (...) Inongo herrialdetako ezein pertsonak ezin du pentsatu irradiazioen kutsaduratik babestuta dagoenik. Erreaktore nuklear batek planetaren erdia kutsa dezake. Txernobylen eraginak Ipar Hemisferioa osorik estali zuen. Eta galderek hor diraute: zenbat partikula irradiatu zabaldu ziren munduan zehar? Zenbat irradiazio dago oraindik zentralari ipini dioten sarkofagoaren barruan? (...) Hiru mila milioi jendetik gora bizi dira Txernobylek irradiazioz kutsatutako eremuetan. Europako 13 herrialderen zabaleraren %50etik gora harrapatu zuen eta beste zortzi gehiagoren %30etik gora. Biologiaren eta estatistikaren legeak kontutan hartuz, eskualde horietan kalteak agertuko dira ondorengo belaunaldi askotan”.

Kutsadura eta osasuna, politika da

Chris Busby zientzialari britainiar ezagunak, Yablokovekin elkarlanean sarritan jardunak, hil berriari deitu dio “Scientific giant of the post-Chernobyl age“, gai izan zelako inglesez jarrita munduan zabaltzeko Errusiako aditu disidenteak istripuaz ekoizten ari ziren dokumentazio zientifiko aberatsa, eta bere borrokarekin urratu zuelako lobby nuklearrak ipinitako estalkia.

Industriak, eta hauen gerizpean agintariak, prest daude onartzeko istripu nuklear batek sortutako irradiazioen  atal batzuk, lehen egun eta orduetan zabaldutakoek gorputzei kanpotik eragiten dietenak, dosi handikoak. Aldiz, Busby, Yablokov eta beste zientzialari batzuk proposatzen dute kontutan hartzea dosi txikiagoko irradiazioak eta gorputza barnetik kaltetzen duten partikulak, gaixotasun bihurtu arte urteak edo belaunaldiak eman ditzaketen arren kalterik handienak horiek eragiten dituztelakoan.

Irradiazioen arrisku eredu alternatibo horren berririk apenas iristen den herritarren belarrietara, baina esplikatzen ditu oraindik ere Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako lurralde kaltetuetan ikusten diren osasun arazo larriak eta kontutan hartu beharko genituzke Europa osoan ere.

Hildako lagunaren agurrean Busbyk idatzi duenez, “elkarrekin lanean hasita laster ohartu ginen irradiazio bidezko kutsaduraren eta osasunaren arteko loturarena funtsean gai politikoa dela eta bigarren maila batean dela zientifikoa”. Industriak eta politikak atomoaren kalteen jakintza lausotzen praktikan nola saiatzen den konprenitu nahi duenak, interneten dauka Suitzako telebista publikoak 2004an ekoiztutako 50 minutuko “Nuclear Controversies” dokumentala (hemen frantsesezko azpitituluekin), Txernobylgo hondamendia gertatu eta lau urtera Kieven antolatutako biltzarra jasotzen duena. Bertan entzun eta ikus daitezke bi aldeetako argudioak, tartean Yablokov berarenak, haserre kutsaduraren eraginak minimizatu nahi dituztenekin: “Zientziarekin frogatu ezin dituzten informazioak zabalduz, kutsatuentzako kalte-ordainak aurreztu nahi dituzte”.

Errusiako establishmentarentzako Yablokov eta bere lagunek egindako bekatu handia, hala ere, izan zen publikoki zabaltzea armada sobietarrak Artiko itsasoan hondoratuta abandonatutako urpeko atomikoen eta bestelako hondakin nuklearren albisteak. Artikoko Kara itsasoan, Zembla Berria uhartearen inguruko urpean dautza: hondakin erradiaktiboz betetako 17.000 kontainer, 19 bapore gai erradioaktiboak dauzkatenak, 14 erreaktore nuklear zeinetatik bostek oraindik erregaia barruan daukaten, 735 makina astun erradiazioz kutsatuak eta, sortaren lore ustelena, K-27 urpeko atomikoa, barruan bi erreaktore nuklear dituela. Sistema sobietarrak, bere kolapsoan, ez baitzekien zer egin hondakinokin. Dirua eskas.

Eskandaluaren mendeku, agintariek atxilotu zuten Alexander Nikitin militar ohi eta Bellona erakunde ekologistara bihurtua, sekretu militarrak haizatzeagatik. Alexei Yablokovek bere jakintza, diplomazia eta ospea jokatu behar izan zituen Nikitin traizioagatik epaitu zuen auzian, errugabe irtetea lortu arte.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txernobylgo istripua
2022-04-26 | ARGIA
Txernobyl gogoan, “desentxufatu energia nuklearra” dei egin du Ekologistak Martxanek

Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.


2022-02-25 | ARGIA
Txernobylgo eremua kontrolpean du Errusiak

Errusiako armadak Txernobylgo zentral nuklearraren eremua kontrolpean du. Hala adierazi du ostiral goizean Errusiako Defentsa Ministroak.


2021-04-27 | Ixone Arana
Txernobilgo historia kontatu zuten emakumeak

Apirilaren 26an bete ditu 35 urte Txernobilgo istripu nuklearrak. Horren harira Beyond Nuclear Internationalek hiru emakumeren lana azpimarratu du: politikariek ezkutatutako informazioak eta Bielorrusiako eta Ukrainako herritarren bizipenak hartu zabaldu zituzten Alla... [+]


Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua

Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]


Txernobylgo sutea kontrolpean dutela dio Ukrainako Gobernuak; gezurretan ari dela diote ekologistek

Hamar egun pasa dituzte Txernobyl inguruko 20.000 hektareak sutan. Apirilaren 4an piztu zen sua Txernobylgo esklusio eremuan, eta haizeak zentraletik 1,5 kilometrora hurbildu zuen. Erradioaktibitate tasa normala baino hamasei aldiz altuagoa izatea bultzatu zuen suteak. Orain,... [+]


Txernobylgo zentral nuklearraz 1,5 kilometrora dira sute kontrolaezinak

Apirilaren 4an pizturiko suteak ezin kontrolatuz dabiltza suhiltzaileak eta 20.000 hektarea baino gehiago dira suntsiturik. Erradioaktibitateak gora egin du, normala baino hamasei aldiz altuagoa da erradioaktibitate tasa. Greenpeacek jakinarazi duenez, zentral nuklearretik 1,5... [+]


2020-04-08 | ARGIA
Txernobylgo zentraletik hurbil gertatutako suteagatik erradiazioa asko handitu da zonaldean

Ukrainan, Txernobylgo zentral nuklearretik 50 bat kilometrora dagoen baso batean gertatutako suteagatik, erradiazioa 16 bider handitu da zonaldean. Lurrean zeuden partikula kutsatzaileak aireratzen ari dira sugarrak.


Zer ikasi dugu Harrisburgen eztandaren ondoren?

Three Mile Island zentraleko istripu nuklearraren 38. urteurrena bete da, AEBetako historiako larriena, eta munduko hirugarrena. Zentralak ihes bat izan zuen eta substantzia erradioaktiboz betetako burbuila bat zabaldu zen zentraletik kanpo. Harrisburgen irakaspena, baina, ez... [+]


2016-04-26 | ARGIA
Energia nuklearrari boikota egiteko deia, Txernobylgo istripuaren 30. urteurrenean

"Energia nuklearra deskonektatu" boikot kanpaina abiatu du Ekologistak Martxan taldeak Espainiako Estatuan, Txernobylgo istripua gertatu zenetik 30 urte pasa direnean.


Ukraina eta Bielorrusian haurrek badakite zer gertatu zen Txernobylen

Apirilaren 26an dira 30 urte Ukrainako iparraldean, Bielorrusiarekiko mugan, Txernobylgo zentral nuklearra lehertu zela, gizakiak eragindako hondamendi industrialik bortitzena. Hiru hamarkada beranduago, Europako herritar askok segitzen dute beren soinetan nozitzen kutsadura... [+]


2016-02-26 | Unai Brea
Garoña irekitzekotan Endesa eta Iberdrolarekin kontratua eteteko konpromisoa iragarri dute hainbat eragilek

24 erakundek (alderdi politikoak, sindikatuak, talde ekologistak...) eta bederatzi norbanakok Garoñako berriro irekitzearen aurkako manifestua aurkeztu dute Bilbon egindako ekitaldian. Adierazi dutenez, zentral nuklearra berriro martxan hasiko balitz Iberdrola eta... [+]


Txernobylgo istripuaren urteurrena

Apirilaren 26an 29 urte bete ziren Txernobyleko zentral nuklearra lehertu zenetik. Leherketaren ondorioz material erradioaktibo ugari barreiatu zen munduan zehar. Ukrainan bertan, erradioaktibitatea ez zen uniformeki barreiatu, gune batzuetan asko eta besteetan gutxi... [+]


2013-02-14 | ARGIA
Txernobyleko sarkofagoari eusten zion eraikin bat hondatu da

Ukrainako zentral nuklearraren laugarren erreaktorearen sarkofagoari eusten zion eraikin bateko hormen eta sabaiaren zati bat puskatu egin dira, asteazkenean Pravda egunkariak argitaratu zuenez.


2012-12-03
Alemaniako ehiztariek kalteordaina daukate Txernobylek kutsatutako basurdea ehizatuz gero

Txernobylgo zentral nuklearrak eztanda egin eta 26 urtera, 1.500 kilometro urrunago Alemaniako Bavarian basurdeek zesiuma metatzen dute beren okeletan. Hori dela eta, ehiztari bavariarrek basurde hilak analizatzera eraman behar izaten dituzte gobernuak baimendutako 70 kontrol... [+]


Eguneraketa berriak daude