“Euskara erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan, diskurtso hutsak ez du ezertarako balio”

  • Euskaldun zaharra eta euskaldun berria etiketak gainditzeari buruz hasi dugu solasaldia Jone Goirigolzarri soziologoarekin (Getxo, Bizkaia, 1984). Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Goirigolzarri, eta Ane Ortega, Estibaliz Amorrortu eta Jacqueline Urlarekin batera, Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak ikerketa egin du. Orain arte azterketa sakonik egin ez dela eta, hiztun berrien errealitatera urreratu gura izan dute.

“Garrantzitsua da, euskara ondo egiten ez badute ere, hiztunak legitimatzea”. Argazkia: Irantzu Pastor.
“Garrantzitsua da, euskara ondo egiten ez badute ere, hiztunak legitimatzea”. Argazkia: Irantzu Pastor.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ikerketan “hiztun berria” terminoa darabilzue, eta “euskaldun berri”ren karga negatiboa plazaratu duzue.

Bai, hiztun berrien artean aniztasun handia dago, eta denentzat ez du balio “euskaldun berri” berbak. Horrez gain, etiketen atzean legitimazio kontu bat dagoela konturatu gara. Esaterako, Lekeition bizi eta nahiz eta familia erdalduna izan egunero euskara erabiltzen duena, bere buruari euskaldun etiketa jartzeko legitimatua sentituko da. Bestalde, euskaldun berritzat daukate euren burua gaitasun maila txikia dutenek, erdaraz pentsatzen dutenek, euskara gutxi erabiltzen dutenek... zer edo zer falta dutenaren diskurtsoa dutenek. Euskaltegiko irakasle batek esan zigun euskaltegian aspaldi utzi ziotela termino hori erabiltzeari, euskaldunak dira denak. Zentzua dauka; bakoitza bere gaitasunekin, bere erara, euskalduna da, euskaraz berba egiteko gai delako.

Batzuentzat frustrazio handiko prozesua izan ohi da, ezta?

Hiztun berri batzuek euren burua asko zigortzen dute. Egunerokoan euskaraz egiten duten askok esaten dute, “nik oraindik asko daukat ikasteko” . Euskaldun zaharra ez zarenez, beti ikasi behar duzu gehiago.

Desberdina izango da testuinguru oso euskaldunean edo erdaldunean bizitzea.

Helduaroko ikasketa prozesua laburragoa izaten da herri euskaldunetan, inguruak lagundu egiten duelako. Herri erdaldunetan kontrakoa gertatzen da. Ikasketa prozesu guztia euskaltegian egin baduzu, amaitzen duzunean akabo. Ez daukazu euskara erabiltzeko esparrurik, eta atzerapauso eta aurrerapausoen ziklo etengabea izan dezakezu; euskaltegian izena eman, eta aurrera; utzi, eta atzera; gero berriro izena eman…  Egoera horrek frustrazio handia eragiten du.

Azterketek ere eragina dute ezinegon horretan?

Euskaltegietako jarduna azterketara begira badago, euskararen erabilerari behar besteko garrantzia ez emateko arriskua dago. Orain mahai gainean dago azterketa eredua aldatzearen eztabaida; buelta bat eman behar zaio, argi eta garbi. Gurean zuzentasunari garrantzi handia eman zaio, eta bide horretan hiztun pilo bat galdu dugula uste dut, pentsatzen dutelako ez direla gai hain ondo egiteko.

Gizartean behar beste aitortu da hiztun berrien ahalegina?

Kanpainak egiten dira, baina uste dut diskurtso indartsua sortu behar dugula hiztun horiei balioa emateko, eta diskurtso horrekin gizartea bonbardatu. Horrekin batera, erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan; ez baduzu euskara erabiltzeko espaziorik, diskurtsoek ez dute ezertarako balio.

Ideologian eragin eta espazioak sortu…

Nire ustez, normalizaziorako bigarren fase indartsu bat behar dugu, modu masiboan egitekoa. Hezkuntza arloan, adibidez, apustu oso handia egin zen D ereduaren alde, baina hor geratu da. Umeentzako aisialdi jarduera piloa oraindino gaztelaniaz egitea drama bat da. Uste dut apustua egin behar dela benetan umeek eduki dezaten aukera eskolaz kanpo euskaraz bizitzeko. Lanbide Heziketan ere garrantzitsua litzateke praktiken tutoreak praktikak euskaraz egitera konprometitzea; euskara lantegian barneratzen hasteko modua izan daiteke. Egoera non irauli behar den ikusi, eta plangintza oso bat behar dugu; horretan inbertsio handia egin behar da.

Bestalde, hizkuntza politikan garrantzitsua izango da lekuan lekuko errealitateak kontuan hartzea. Adibidez, orain ardura berezia sortu du arnasguneetako euskararen atzerakadak. Ardura logikoa da, baina beste inguruneetako joerei ezin diegu atea itxi. Arnasgune bateko herritarrentzat euskara erabiltzen ez duen pertsona ez da euskalduna. Gu kontrakoa esaten ari gara; nahiz eta gutxi erabili, sentitu zaitez euskaldun, sentimendu horretatik hasi ahalko zara-eta gehiago erabiltzen. Garrantzitsua da, euskara ondo egiten ez badute ere, hiztunak legitimatzea. Batzuentzat galera dena, besteentzat irabazia da. Hizkuntza politika herri eta eskualde desberdinetako errealitateetara egokitu behar da.

"Ezin duzu esan 'euskara erakargarria izan behar da' eta hori lortzeko jarduerarik ez sustatu"

Gazteei dagokienez, ikerketan hiztun mota berriak sortu direla diozue: murgiltze ereduan euskaldundu direnak edo ama hizkuntza euskara batua dutenak.

Gure imajinarioa aldatu beharko dugu; Barakaldon ere badaude euskaldun zaharrak. Gazte horientzat agian euskalkia ez da inportantea, euren herrian ez dagoelako aldaera berezirik, baina bai kaleko hizkera. Oso garrantzitsua da hizkuntza informala lantzea, eta horretarako eskolaz kanpoko jardueretan egin beharko da lana. Gazteek ikusten badute euskarak balio diela Frantziako Iraultza kontatzeko, baina lagun artean mugatuta sentitzen badira, hor galduko dute euskara.

Ondorioztatu dugu, baita ere, euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia ohitura falta dela. Bada, ohiturak aldatzeko jarrera proaktiboa behar da, eta jarrera hori ez da behar beste sustatzen. Are gehiago, inposizioaren diskurtsoa agertu dute gazteek ikerketan; euskara murgiltze ereduan ikasi duten gazte batzuek sentitu dute, eurek familia erdaldunetakoak izanik, inposatu egin zaiela euskara. Oso kontu handiarekin ibili behar gara.

Motibaziorako zer tresna izan daitezke eraginkorrak?

Euskal kultura kontsumitzea, adibidez; irratia euskaraz entzutea, telebista euskaraz ikustea, antzezlan bat euskaraz ikustea… Horrela, astiro-astiro komunitatearekin lotura sortzen da. Horretarako ere barietatea egon behar da. Gorka Salcesek euskarazko komunikabideen inguruko bere tesian, besteak beste, esaten du Gaztea irratia oso garrantzitsua dela, haren bidez euskararekin loturarik ez duten gazte askok euskara entzuten dutelako. Batzuetan badugu joera pentsatzeko euskal kultura izan behar dela garbia, kultua, maila batekoa… hori ere egon behar da, baina normalizazioaren erakusgarri izango da horrekin batera kultura erraza eta telezaborra ere egotea.

Gazteek dibertigarriak eta esanguratsuak diren gauzak euskaraz egiteko aukerak eduki behar dituzte, baina horretarako sortu egin behar dira aukera horiek. Ezin duzu esan “euskara erakargarria izan behar da” eta hori lortzeko jarduerarik ez sustatu.

Gai honi buruz behar adina berba egiten dugu?

Orain soziolinguistikan eta soziologia arloan emozioen gaia lantzen hasi gara. Zelan sentitzen garen jakiteak klabe asko emango dizkigu. Ikerketan ere igarri dugu jendeak eskertzen duela espazio bat edukitzea gai horiez berba egiteko; deskubritu zenezake beste batzuk zure moduan sentitzen direla, edo beste modu batzuk daudela sentitzeko. Enpatia lantzeko beharrezkoa da gaiaz berba egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


Ainhoa Lasa Agirre, aholkularia
“Gazteek nahi dute euskarari buruz hitz egin”

Ainhoa Lasa Agirre (Lovaina, Flandria, 1976) Emun kooperatibako kidea da. UEUko udako ikastaroetan, hezkuntza soziolinguistikoaz hizketan ezagutu genuen uztailean. Dozena bat urte daramatza DBH4ko gazteen ikasgeletan esku-hartzeak egiten. Egitasmo osoak dira, herriko ikastetxe... [+]


2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso “berriak”, sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Euskal soziolinguistika Jardunaldia atzeratu egin da apirilaren 25era

Hendaian ziren egitekoa 15. edizioa, martxoaren 23an. Egun osoko egitaraua antolatu dute zenbait hitzaldi, mahai-inguru, aurkezpen eta tailerrez osatuta. Ipar Euskal Herrian Frantziako gobernuaren erretreten erreformaren aurka deitutako greba orokorrak ekarri du erabakia.


Iñaki Iurrebaso
“Hiztunek ez diote bizkar ematen euskarari”

Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak... [+]


2023-03-20 | Leire Artola Arin
EAEko Inkesta Soziolinguistikoa
Euskaldunen %27 moldatzen da euskaraz hobeto, erdaraz baino

Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du. Duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude, baina jaitsi egin da euskaraz erdaraz baino errazago egiten dutenen kopurua, %34,6tik %27,4ra. Gazteen artean nabarmen egin du gora... [+]


2022-11-09 | Sustatu
Zapla!: podkast soziolinguistikoa Euskaraldiaren harira

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]


2022-07-13 | Unai Brea
Aitor Bedialauneta Arrate. Euskal Gorrak elkartearen presidentea
“Gorrak gutxiengo soziolinguistikoa garela uste dugu”

Zeinu hizkuntzaren interpretearen ezinbesteko laguntzaz egin diogu elkarrizketa Aitor Bedialauneta Arrateri (Ondarroa, 1991), Euskal Gorrak EAEko gorren elkarteen federazioaren presidenteari. “Interpretearen mendekotasunik dudan? Une honetantxe, biok daukagu”,... [+]


Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariketaren XV. edizioa abian da
Soziolinguistika Klusterrak eta UPV/EHUk antolatzen dute eta irailaren 16ra arte dago lanak aurkezteko aukera.

2022-05-25 | Leire Artola Arin
Euskararen kale erabilera egonkortasunetik ateratzeko beharra azaleratu du azken neurketak

Soziolinguistika Klusterrak asteazkenean argitaratu du 2021eko ikerketaren txostena. Neurtu dute euskararen kaleko erabilera egonkor dagoela, eta azken neurketan bezala zortzitik batek hitz egiten duela (%12,6). Eremu euskaldunenetan jaitsi egin da. Proposatu dute hazkundea... [+]


2022-03-16 | Leire Artola Arin
Arnasguneetako euskararen erabileraren bilakaera negatiboa erakutsi du UEMAren ikerketak

Kaleko 71.000 elkarrizketa eta 227.900 solaskide behatu dituzte UEMAko herrietan, eta 2017koa baino ikerketa are sendoagoa burutu dute. Erabilera orokorra ez da ia aldatu: bostetik hiru aritzen dira euskaraz. Adina eta generoaren arabera badira desberdintasun batzuk.


Eguneraketa berriak daude