Ejean jaioa, Tuteratik gertu dagoen Aragoiko herrian. Kazetaritza ikasketak Madrilen amaitzean Ekialde Hurbilera zuzendu zituen pausoak. Libano, Siria, Jordania… Egipton arabiera eta Iranen persiera ikasi ondoren, 2013an erabaki zuen Gazako Zerrendan bizitzea. Ordutik, sare sozialen bitartez eta Hispan Tv, El Mundo edo ElDiario.es hedabideetan egiten duen lanari esker, munduko aire zabaleko kartzelarik handienaren ahotsa eta aurpegia da askorentzat. Gazan bizi den Espainiako Estatuko pertsona bakarra da.
Zergatik Gaza?
Hemen duzu erruduna (alboan duen Mussa’ab Bashir mutil-laguna seinalatuz). Berak ohartarazi zidan ez zela erreza izango. Ni aurretik Egipton bizi izan nintzen eta pentsatu nuen antzekoa izango zela, baina, bistan denez, askoz zailagoa izan da. Israelgo aire armadaren etengabeko jazarpen psikologikoaren eta blokeoaren ondorio gogorrez gain, Gazako gizartea krisian dago egunero bere burua giltzaperatuago ikusten duelako, eta jendeak bere baitan are gehiago itxi eta erlijiora jotzen du.
Zure bikotekidea gazatarra bada ere, ezkutuan heldu zineten Gazara.
Nire atsekaberako, leku itxiak gustuko ez ditudalako, tunel baten bitartez sartu ginen Gazara. Nik uste nuen bidaia hura askoz korapilatsuagoa izango zela, baina azkenean bi minutuko paseo lasaia izan zen. Oso normalizatuta zegoen. Normalizatuegia. Egun tunel gehienak suntsituta daude. Gainera, handik gutxira Egiptoko presidente Mohamed Morsi boteretik kendu zuten eta are txarragoak izan ziren Israelgo blokeoaren ondorioak.
Zer oroitzapen duzu zure lehen hilabeteei buruz?
Aurreneko erreportaje eta elkarrizketak bereziki gogorrak izan ziren jendearen bizimodu prekarioaz jabetu nintzelako, inoiz heltzen ez den nazioarteko komunitatearen laguntzaren peskizan beti. Eta, maleruski, oraindik mingarriagoa egin zitzaidan beste gauza batez ohartu nintzen: Palestinako bestaldeko politikari palestinarrek ere, Zisjordaniakoek, Gaza albo batera uzten dutela. Horri gehitu behar dizkiozu blokeoaren eguneroko ondorioak: ohiko elektrizitate mozketak, ur edangarriaren eskasia… Adibide bat jartzearren, egin kontu zer den negu gorrian ur zikinek itotako auzoen berri ematera joan, zikinkeriaz lepo itzuli etxera eta ezin dutxa bat hartzea ur berorik ez dagoelako. Halere, ez nuen uste jendeak halako pazientzia izango zuenik horren umiliagarriak diren baldintzak jasateko.
Ba al da normaltasunik edo egunerokotasunik Gazan?
“Gazakoak honezkero ohituta zaudete”, diote batzuek. Gorroto dut aditz hori. Inor ez da inoiz ohituko duintasunik gabeko bizimodura. Gazatarrek erresilientzia moduko bat garatu dute, baina hori ere higatzen ari da.
Adituek diote 2020an Gazan ezin izango dela gizakirik bizi. Hori egia da. Minbizi kasu ugari daude, emakume pilo bat bularreko minbiziak jota dago medikazio egokia jaso barik, giltzurrunetako hutsegitea ohikoa da umeengan… Gaixotasunetako asko oso lotuta daude azpiegituren eta ur zikinen sarearen gabeziekin. Ur zikinen zati handi bat tratatu gabe isurtzen da itsasora edo laborantza-lurretara. Akuiferoko ura kutsatuta dagoenez, bakteria kaltegarriak harrapatzea erraza da. Nik neuk bi hilabete eman ditut antibiotikoekin salmonella tifoideak jota. Odol analisiak egitera joan nintzenean, erizainak barre egin zuen eta zera esan zidan: “Nik ere badut hori, ikasi berarekin bizitzen, ez da ezer gertatzen”. Egun ezinezkoa da Gazako Zerrendan aurkitzea fisikoki guztiz osasuntsua den inor.
“Kamera geldian” egindako genozidioaz hitz egin izan duzu.
Makiavelikoa da. Nire ustez dena aztertuta daukate. 2005ean Israelgo armada Gaza ingurura bildu zen eta orduan pentsatu eta ezarri zuten blokeoa. Arnon Soffer, blokeoa diseinatu zuen geografoak –egun Haifako unibertsitateko irakasleak– zera esan zuen: “Animalia horiek are animaliago bihurtuko ditugu”.
Gerra ere bizi behar izan duzu.
2014ko uztaila zen. Nik ez nuen sekula gerraz informatu. Lagunak eta auzokideak ebakuatuak, bonbardatuko dutena zure etxea edo albokoa izango den beldurrez… horrela lan egitea oso gaitza da. Ezinbestekoa da burua hotz edukitzea.
Ez dira asko zurea bezalako kazetaritza lana egiten duten emakumeak.
Badirudi gaur egun ere hedabideek ez dutela konfiantza handirik emakume kazetariengan. Nahiago dute emakumearen irudia aurkeztu eremu bortitz batean dagoen figura babesgabe edo zaurgarri bezala. Ikusle gehiago lortu edo ale gehiago saltzeko trepeta baino ez da.
Birzeiteko (Zisjordania) Unibertsitateko Emakumearen Institutuak egindako ikerketaren arabera, Palestinan sexu erasoen ugaltzea estuki lotuta dago Israelek biolentzia handitzearekin eta okupazio politikekin.
Hala da, 2014ko gerraren ostean emakumeen aurkako biolentzia kasuek gora egin zuten, eta gaur egun izugarri handia da horien kopurua. Badira emakumea isilarazten duten familiak edo beren alabak oso gazte ezkonarazten dituztenak. Gazako Zerrenda isolatuta dago, blokeatuta. Zisjordanian ez bezala, Gazara ez da atzerriko pertsonen sartu-irtenik ematen, ezta diasporatik bueltan datozen palestinarrak ere. Gainera, Gaza da munduan langabezia tasarik handiena duen herrialdea, Munduko Bankuaren arabera. Beraz, frustrazio hori nola bideratzen dute gizon askok? Bere emaztea edo seme-alaben aurkako biolentziaren bitartez. Gazako emakumeek bereak eta bi egiten dituzte oso baliabide urriekin beren familia aurrera ateratzeko. Gizonezkoak, aldiz, kafetegian eserita topatuko dituzu shishari zurrupaka. Botere guneak emakumeen esku baleude, egoerak hobera egingo luke nabarmen. Adibidez, Palestina gaur egun politikoki zatituta dago eta Gazako emakumeak dira astero Kontseilu Legegilearen aurrean mobilizatzen direnak Palestinako indar politikoen batasunaren alde.
Feminismoa mundu islamiarrean. Ezezagun hori.
Patriarkatu islamiarraren narratibari aurre egiteko Koranaren bestelako irakurketa berriak erabiltzen dituzte feminista islamiarrek. Baina jakina, patriarkatuak ere bere kartak baliatzen ditu. Esaterako, seme bakarra eta bi alaba dituen familietan, oso ohikoa da esfortzu ekonomikoak semearen formakuntzara bideratzea, alabena alboratuz. Liburu baten interpretazioetan oinarritutako patriarkatua borrokatzeko, ezagutza da giltza.
Herriaren opioa futbola bada, zer da erlijioa?
Erlijioa pertsona askorentzat opioa izan daiteke, baina erlijioaren irakurketa okerrengatik da. Nire bizitzan ez dut erlijiorik jarraitzen, baina erlijioa dutenek ikasi eta ondo aztertu beharko lukete, beste inoren interpretazioen menpe egon gabe. Hartara, Gazan eta mundu islamiarrean orohar, emakumeen ahalduntze handiagoa gertatuko litzateke. Beloa ezinbestean jantzi beharrekoa dela uste duten neska gazteak ezagutu ditut. Zergatiaz galdetuta, beren erantzuna da aitak, patriarkak edo familiaren mokhtarrak esandakoa mimetikoki errepikatzea. Neska horiek irakurri, hezi eta ideiak partekatzeko aukera izango balute, egoera oso bestelakoa izango litzateke. Azken batean, heziketa falta kontrolerako tresna da.
Non hasten da politika eta non amaitu erlijioa?
Anaia Musulmanentzat gauza bera dira. Hamasek bere egin zituen Anaia Musulmanen sinesmenak eta nagusikeria handiz erabiltzen ditu. Egia bakarra berea dela uste dute, berauena egiazko Islama. Ez dago eztabaidatzeko aukerarik. Nagusikeriaz jokatzen dute beren ildoa jarraitzen ez duten musulmanekin eta emakumeekin.
Hamas boterera heldu zen horretarako prest egon gabe. Beren elkarrizketak eta prentsaurrekoak ikusiz gero jabetuko zara errealitateaz ematen duten bertsioa oso ahula eta erdipurdikoa dela. Hamasen sortzaileetatik bakarra dago bizirik, Mahmod az-Zahar, honezkero oso heldua da. Eta Ismail Haniyeh bezalako gazteen interesa ‘poltronari’ eustea da, Gazako Zerrendaren egoera hobetzea baino. Politikeria da, munduko gainerako txokoetan gertatzen den modukoa.
Fakzio politiko palestinarrak konponbidearen ala arazoaren parte dira?
Fakzioak ez dira arazoa, horiek osatzen dituzten pertsonak dira problema. Zonaldea kontrolatu eta indarra irabazi nahi duten estatuen txotxongilo bilakatu dira fakzioak. Israelek ere jarrera aktiboa du indar palestinarren arteko ezinikusia sustatzeko. Adibidez, 2014ko gerra abiatu zuten Fatah eta Hamasen artean adostasuna lortu eta bi hilabetera.
Alegia, kasta ez dela Madrilen deskubritu duten zerbait.
Ez, dinosaurio asko dago Palestinan ere bai. Eserlekuetan garbiketa sakona egin behar da. Palestinar asko dago politikoki frustratuta, bere burua ordezkatuta ikusten ez duena indar politikoetan. Ezkerrekoak dira, baina ez dakite nondik jo. Herrialde ia guztietan gertatzen den gisan, hemen ere ordezkaritza gabezia dago.
Borroka armatua gaur egun bake negoziazioak bezain alferrikakoa da.
Emadazu zure iritzia Palestinako gatazka konpontzeko balizko hiru bideri buruz. Aurrena, borroka armatua.
Gazara sartu nintzenean uste nuen borroka armatuak Israelgo erasoak ez ugaltzeko baliagarria zela, disuasio-neurri gisa. Baina egun ez dut uste horretarako ere eraginkorra denik, Israelgo gaitasun militarra ikaragarria delako. Borroka armatua gaur egun bake negoziazioak bezain alferrikakoa da. Bake negoziazioak Israelentzat baino ez dira errentagarriak kolonien luzamendua lortzeko, zigorgabetasuna egonkortzeko eta nazioarteko komunitatearen aurrean bere burua zonaldeko indar demokratiko bakartzat aurkezteko.
Bigarrenik, nazioarteko bide diplomatikoa.
Oso engainagarria da. Egun inork ez du horretan sinisten, ezta Fatahko jendeak ere. Bi estatuen konponbiderik ez da honezkero. Ezinezkoa da. Halaber, ez da bideragarria Zisjordaniako palestinarrek Jordaniarekin batera estatu bat sortzea edo Gazako palestinarrak Egiptoko Estatura batzea. Ez da logikoa.
Hirugarrenik, estatu bakar baten sorrera egungo Palestinak eta Israelek osatzen duten lurraldean.
Agian hori izan liteke konponbidea. Ez dakit nola hel gintezkeen hara, baina oso argi daukat nondik hasi beharko litzatekeen: Okupazioa, Gazaren aurkako blokeoa eta arrazakeria ezabatzea. Apartheid sistema errotik erauzi behar da eta gorrotoari aurre egin herritarrak elkarbitzean heziz. Agian, egunen baten indartuko da okupazioaren aurkako Israelgo gizarte mugimendua –palestinarrei itzultzeko eskubidea ere aitortzen diena– eta estatu demokratiko eta laiko batean bizi ahal izango dugu denok.
AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.
Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]
Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Gazan 2023ko urria eta 2024ko ekaina artean Palestinako Osasun Ministerioak adierazitakoa baino %40 hildako gehiago izan direla azaldu dute The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Zuzeneko heriotzak soilik hartu dituzte kontuan azterketan, hau da, bonbaz edo tiroz... [+]
Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.
Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.
Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.