Leire Reguero Farmazian lizentziatu zen 2007an eta 2014tik irakasle atxikia da Leioako Medikuntza Fakultateko neurozientzia sailean. Azaroan Nature aldizkari entzutetsuan kannabinoideek memorian duten eragina aztertzen zuen artikulu bat argitaratu zuen beste hainbat ikerlarirekin batera. Urteetako lanaren fruitua da argitalpena, eta kannabinoideek memorian nola eragiten duten azaltzen du, inoiz azaldu ez bezala.
Kannabinoide hitza entzun eta Cannabis-a datorkio burura edonori.
Cannabis landarea antzinatik erabili izan da, nola errito magikoetarako, hala modu terapeutiko eta ludikoan. Jendeak ez zekien zergatik ordea. Landare horrek fitokannabinoideak eta beste substantzia asko sintetizatzen ditu. Ezagunenak, Delta 9 THCa eta CBDa edo kanabidiola. THCa da jendeak ezagutzen duena, psikoaktiboa delako, “kolokatzen” gaituelako. 1964an isolatu zen, eta CBDa, berriz, 90eko hamarkadan.
Cannabis-ak zer onura terapeutiko izan dezake?
Minbiziari dagokionez, adibidez, kimioterapiak eragindako okadak saihesteko edo gosea pizteko erabil daiteke eta hainbat laborategitako saioetan tumoreen aurkako funtzioak izan ditzakeela ere ikusi da. Euskal Herrian badago esklerosi anizkoitzaren zenbait ondorio tratatzeko cannabis-etik eratorritako farmako bat, Sativex izenekoa. THCa eta CBDa ditu pareko kontzentrazioan. Gainera, memorian duen eragina gaindituz gero balio dezake Alzheimerra eta Huntington sindromea tratatzeko ere.
Cannabis-a eta kannabinoideak estigmatizatuta daude zeharo.
Bai, Cannabis hitzetik eratorritako oro droga ilegalarekin erlazionatzen da eta zailagoa da komertzializatu eta horrekin lan egitea. Esperimentaziorako ez dago hainbeste arazo; guk saguekin lan egiteko, esaterako, ez dugu arazorik. Baina gero gizakiengan erabili nahi baduzu, traba eta oztopo asko sortzen dira saio klinikoak egiteko. Herrialde askotan ilegala da cannabis-a eta, beraz, landare horretatik ateratako substantziak ere estigmatizatuta daude. Uste dut, hala ere, ikerketa gehiago egin ahala argiago geratuko direla cannabis-aren onurak. Haur epilepsiaren kasua nabarmena da. Beste farmako batzuk ez badira eraginkorrak, azkenean, kannabinoideak erabili beharko dira.
Nola gainditu estigma hori?
Heziketa oso garrantzitsua da. Alde batetik nerabezaroan, ez bakarrik kannabinoideekin, beste drogekin ere berdin egin behar da. Oso garrantzitsua da erabilera ludikoa eta terapeutikoa bereiztea. Kontsumo ludikoari dagokionez norberak nahi duena egin dezake, baina berebizikoa da kannabinoideek sor ditzaketen ondorioen inguruko informazioa izatea. Nerabezaroan oso arriskutsua da THCa kontsumitzea.
Zergatik?
Oraindik burmuina ez dagoelako guztiz garatuta. Nerabezaroan neurotransmisoreen arteko komunikazioa garapen fasean dago eta exokannabinoideak hartuz gero, neuromodulazio hori galtzeko arriskua handia da. Ikusi da eskizofrenia, agerraldi psikotikoak eta horrelako gaitzak sor ditzakeela. Helduen kontsumoak, berriz, ez ditu horrenbeste arrisku. Memoria galera izan liteke ohiko ondorioetako bat. Alta, inor ez da hil cannabis-a hartzeagatik, ez baita hain erasokorra.
Ikerlaria zaren aldetik, zer iritzi duzu gaur egungo legediaren inguruan?
Galdera zaila da. Ez daukat batere garbi. Oso jomuga interesgarriak izan ditzakete cannabis-ak edo cannabis-etik eratorritako farmakoek medikuntzan. Nik ez dut ulertzen zergatik den ilegala cannabis-a, eta aldiz, tabakoa eta alkohola ez. Bitxia da, tabakoak eta alkoholak ez dutelako erabilera terapeutikorik eta jendea hil egiten delako bien kontsumoagatik. Eta cannabis-a, berriz, funtzio terapeutikoak izan arren ilegala da. Zalantza izpirik gabe, erabilera terapeutikorakoak legala izan beharko luke. Hori bai, kontrolarekin, tabakoak eta alkoholak ere izan beharko luketen kontrol berarekin.
CBDa ez da psikoaktiboa. Nola da posible debekatua egotea?
CBDa landareetatik ateratzen da, eta ezin da patentatu. Enpresa farmazeutikoei ez zaie interesatzen CBDarekin lan egitea. Azkenean ez baitute diru asko irabaziko. Interes komertzialek berebiziko eragina dute drogen inguruko legedian. Morfinaren kasua oso antzekoa da. Papaver somniferum landaretik morfina sortu zen lehenik, eta gero haren deribatu gisa heroina atera zen, beste batzuen artean. Cannabis-arekin gauza bera gertatzen da, medikamentuak atera daitezkeela, baina haxixa ere bai. Horregatik da garrantzitsua erabilera ludikoa eta terapeutikoa bereiztea.
Kannabinoideek memorian duten eragina aztertu duzue zuek, hain zuzen ere, Nature aldizkarian publikatutako artikuluan.
Bi artikulu argitaratu dira, zehazki. Lehenengoa Nature Neuroscience aldizkarian, 2012an. Jakina zen CB1 hartzailea neuronaren mintzean aurkitu zitekeela. Baina lehen ikerketaren bidez, jakin genuen hartzaile hori mitokondrien mintzean ere badagoela. Eta gainera funtzionala dela! CB1 mitokondrialak neuronen jarduera erregulatzen duela ikusi genuen. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen kanpotik hartutako kannabinoideek memorian duten eragina ulertzeko. 2016ko azaroan publikatu den bigarren artikulua, aurrekoaren jarraipena da. Horretan saguekin egindako memoria probak eta haietatik ateratako ondorioak bildu ditugu. Laburki azalduta, CB1 mitokondrialik gabeko sagu transgenikoen memoriarengan kannabinoideek eraginik ez dutela frogatu dugu. Hau da, CB1 mitokondrialak direla kannabinoideek memorian duten eraginaren gakoa.
“Ikertzen ez duen jendartea, geldirik dagoen jendartea da. Ez ikertzeak gure garapena geratuko luke. Eta hainbat gaixotasunetan hil ala bizikoa da kontua, haien sendabidea aurkitu nahi baldin badugu behintzat. Diru gehiago bideratu behar da ikerketara, ez ikertzea luzera begira garestiagoa irtengo baitzaigu. Guk horretan jarraituko dugu”.
Sarak 14 urte ditu eta txikitatik ikasle eredugarria izan da, baina DBHko hirugarren mailan arreta galtzen hasi da, emozio festa betean. Matematikekin ez atzera ez aurrera dabil. Etxean, aitak komentatu du familian inoiz ez direla zenbaki-zaleak izan, eta Sarak bere buruari... [+]
Gure morala, justizia eta abar, aukeramenean oinarritzen dira. Gizakia libre da ongia edo gaizkia aukeratzeko; beraz, gaizkia egiten duenari zigorra. Ez ote da normala?
Dustin Hoffmanek “Rain Man” filmean egiten zuen pertsonaia, benetako pertsona batean oinarrituta zegoen, Kim Peek izenekoa. Kim Peek honek, filmeko Raymond Babbitek bezala, guztia gogoratzen zuen. Ez dago argi “argazki oroimena” deitzen duguna benetan... [+]