“Dibertigarria ere izan zen poliziaren zaintzari iskin egiten ibiltzea”

  • Zigorra du jatorri, gerrak zigorturik heldu baitzen Feliu Dord familia Iruñera. Zigorra izan du lagun urte askoan, kartzela eta desterrua ezagutu baititu Juan Marik, abertzaletasuna lagun eginik. Zigor horiekin batera, sari izan du mendia, Frantziako Alpeetan eta Kataluniako Pirinioetan gurasoak jaiorik...

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Juan Mari Feliu Dord (1942, Iruñea)

Euzko Gaztediko kide eta Iruñeko Eusko Bazterrako sortzaileetakoa 1967an. Urte hartan bertan preso hartu zuten Andeetan ikurrina jartzeagatik. Berriro sartu zuten kartzelan 1968an, ikurrina Urbasan paratzeagatik. 1970ean erbesterako bidea hartu zuen. Mugalde inprimategia ireki zuen Jean-Mixel Larzabalekin batera. Bi atentatu izan zituzten. 1977an itzuli zen Iruñera betiko. PNVko zena, EAkoa izan zen gero. Eskalatzaile, mendizale eta eskiatzaile trebea, hainbat liburu, artikulu eta argitalpenen egile da. Memoriak idazten ari dela utzi dugu: “Euskal kausa eta mendizaletasunaren artean”…

Feliu Dord… hemengoa zara, katalana zara…

Iruñean jaioa naiz, Motxuelo auzoan. Ama frantziarra nuen, Saboiakoa, Alpeetakoa; aita katalana, Bergakoa, Pirinioetan. Manresan elkar ezagutu zuten eta bertan ezkondu ziren. Aita ERCkoa zen, Manresako kultura zinegotzia gerra garaian, eta 1939ko erretirada etorri zenean Ipar Kataluniara igaro zen funtzionario eta politikariekin batera. Batera eta bestera ibili zen bi urtez, eta bitartean, ama, aitatxi-amatxiak eta nire anaia gehiena Donostian zeuden, senideen babesean. Aita 1941ean itzuli zen Manresara, bertako batzuen bitartekaritza baliatuz, baina Kataluniatik 200 kilometrora bizitzera zigortu zuten. Iruñean kokatu ziren eta bertan jaio nintzen ni.

Gerra historia!

Aita lasaia zen aiurriz. Neketan ikusiko zenuen hura haserre. Andeetakoa gertatu zenean ikusiko nuen benetan amorratuta. Guardia zibilak ez ninduen bakean utzi, behin eta berriz hartu ninduen atxilo. Trikornioak, azkena, 25.000 pezetako isuna pagatu ez nuelako etorri zitzaizkidan. Aitak aurre egin zien, eta kasik kartzelara lagundu ninduen. Orduko hartan hiru egun eduki ninduten zuloan. PNVk dirua bildu, isuna pagatu eta irten nintzen. Ez naiz debaldetan ari hau kontatzen, zeren eta etxera etorri nintzenean aita solasean hasi baitzitzaidan. Esan zidan txikitandik zetorkidala su txiki bat, sei-zazpi urte nituela galdetu niola zein hizkuntzatan solasten ziren gure auzoak. Orkin zuten deitura auzoek, “pilotariak” ezizenez, etxean baten bat pilotaria baitzuten. Euskaraz solasten ziren, eta aitak esan omen zidan historiaurreko hizkuntza bat ibiltzen zutela, eta horrek erabat harritu ninduela. Euskara zen hizkuntza hura, jakina.

Ama Alpeetakoa, aita Piriniokoa, ezinbestean mendizale zu.

Zaila ere ez-eta! Ni baino lehen, anaia gehiena, Markos, hasi zen Oberenan, eta haren eskutik joan nintzen ni klub hartara, hamahiru bat urte nituela. Mendian, eguerdian, angelusa errezatzen zen. Eta itzulian, autobusean, arrosarioa. Hura gehiegi zen! Azkenean, Navarra Kirol Klubera aldatu ginen, eta han besterik zen, han Internazionala, Marseillesa nahiz Boga Boga kantatzen genituen. Bestalde, mendizale zailduenek mapak hartu eta euskarazko toponimia itzultzen ziguten. Horrela, nire baitako su txiki hura bizitu eta lama egin zen mendian.

Su txikia lama egin zen… Su hura hauspotu zuenik ez ote zen izan?

Beti da baten bat. Bagenuen auzo bat, biziki preziatzen gintuena. Periko Ezkurdia zen. Abertzalea, gerra baino lehen Iruñeko PNVren uri buru batzarreko presidentea eta, ondoren, Alava sareko kide. Altzari fabrika zuen, Juan Ajuriagerrak propaganda paketeak igortzen zizkion eta Perikok egur-ohol tontor baten artean ezkutatzen zuen. Perikok jakin zuen baten batzuk Claveria eta Garcia Falcesekin biltzen ginela Jorde Sarasaren etxean, haien Euskalerriko Adiskideen Elkartearen gainean solasean. Laster galdetu zidaten Garcia Falcesek eta Perikok euskal kausaren alde lan egin nahi ote nuen.

Zer zen euskal kausaren alde lan egitea?

Adiskideen Elkarte hura ez zen PNVren babes ezkutu bat besterik. 1964 zen, eta solasaldi haietara joaten ginen gazte koadrila Bergarako Aberri Egunera joan ginen ondoko urtean. Bitartean, gazte haiek, Gotzon Bergerandi, Fernando Bara, Martine Iturralde… honetaz eta hartaz solasten ginen, mendira joaten ginen, eta Durangaldeko gazte batzuk ezagutu genituen. Euzko Gaztedikoak zirela zioten, itzulingururik gabe. Haiek kontaktuak nahi zituzten nafar jendearekin, eta horrela endredatu ginen. Garai berean, Jose Antonio Urbiola eta Mirentxu Oiarzabal senar-emazteak Parisetik Iruñera itzuli ziren, eta laster nintzen Napar Buru Batzarrean. Iruñeko eta Nafarroako gazte abertzaleak biltzea zen gure lana. Alde batetik, intelektualak zeuden –Claveria, Sarasa, Elena Gereziaga, Gurrutxaga–, euskaltzaleak –Diez de Ulzurrun, Cortes Izal…–, eta gazte ekintzaileok, Urbiola, Garcia Falces, Uztaritzeko Intxausti ahizpak eta beste zenbait. Guk, Adiskideen Elkarteko bilkuretan parte hartzen genuen, baina, bestalde, gazteon bilkurak egiten genituen Gurrutxagaren etxean, Ezkurdia eta Santiago Alonsorekin. Eta Euzko Bazterra sortu genuen 1967an.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zer izan zen Euzko Bazterra?

Adiskideen Elkartearen gazte saila. 120 lagun izango ginen, unibertsitarioak batzuk –Patxi Zabaleta, Manterola, Serrano-Izko…–, baina orobat mendizaleak denak. Saila osatu genuen eta hitzaldiak antolatzen hasi ginen, Ama Lur eta Pelotari proiektatzen, eta ezkutuan propaganda banatzen, eta poliziagandik ihesi zebiltzanentzat ezkutalekuak aurkitzen. Oroitzen naiz 1967an Elias Anton, Iñaki Mujika eta Baserri ezizenekoa etorri zirela Iruñera Gipuzkoatik ihesi, eta haiei esker ekintzek indarra hartu zutela. Euzko Gaztedikoak ziren, eta Iruñean izan ziren Urbasakoa arte.

Zer duzu Urbasakoa?

Ikurrinatzar handi bat jarri genuen Urbasan 1968ko Aberri Egunaren bezperan. Atxilotu eta epaitu egin ninduten beste lau lagunekin batera. Hori ez ezik, aurreko urtean Iruñeko Aberri Eguna baino lehen Bi Haizpen beste ikurrina bat jarri izana ere leporatu zidaten, eliz dorreetan jarritako beste hainbat, mugaz alde batetik bestera propaganda pasatu izana… Kartzelara!

Usteko nuen Urbasakoa Espainiako Txirrindulari Itzulian jarritako lehergailua zela.

Hori ere 1968an izan zen, baina geroago. Errepidean sekulako zuloa egin zuen lehergaiak eta ziklistek geratu beharra izan zuten. Itzulia bertan behera utzi ez utzi izan ziren, eta zalaparta handia atera zuen ekintza hark nazioarteko hedabideetan. Napar Buru Batzarreko batzuek bagenekien nondik etorri zen atentatua, beste batzuek, aldiz, ez. Nahaste-borraste galanta, eta errepresioa, jakina. Hala ere, batzuek ez zuten etsi, eta bide horretan saiatu ziren, 1969an Alberto Asurmendi eta Jokin Artajo hil ziren arte.

1969ko Aberri Egunaren bezperan, lehergailuak eskuetan zapart egin zienean. Zuk biak ezagutu zenituen.

Ezagutuko ez nituen, bada! Haien heriotzak dena aldarazi zuen. Nik neuk ekarri nituen gure artera. Asurmendi guztiz irekia zen izaeraz. Artajo, aldiz, isilagoa. Euzko Gaztedikoak ziren. Garai hartan, Euzko Gaztedikook bortxa erabiltzea ETAkoei gu ere borrokan ari ginela esateko modua zen, bortxa bai, baina inor bahitu edo hil gabe. Bi lagunak hil zirenean dena aldatu zen. Dena dela, gero jabetu nintzen horretaz, garai hartan ni Carabanchelen bainindukaten preso. Zortzi hilabete neramatzan kartzelan.

Behin baino gehiagotan atxilotu zintuzten, dakigunez, eta Andeetako lehen euskal espedizioak ere ondorio gaitzik ekarri zizun.

Ikurrina jarri genuen Atunrajun, 1967an, ordu arte inork igo gabeko tontorra. Nafar ordezkaria nintzen euskal espedizioan, eta neuk eraman nuen ikurrina. Durangoko Euzko Gaztedikoek eman zidaten, Peruko mendietara gindoazela jakin zutenean. “Etorri Durangora, Juan Mari, baina zeu bakarrik!”. Joan nintzenean, ikurrina eman eta esan zidaten. “Jar ezazu Amerikako tontor horretan!”. Baita jarri ere nik! Itzulian, egokiera izan nuenean, Manuel Irujori eman nion ikurrina Baionan, Jaurlaritzaren ordezkaritzan. Irujok esan zidan: “Hartu idazmakina hori eta idatz ezazu ikurrina honen historia. Gutunazal itxian gordeko dugu. Euskadi libre denean jakingo dute egin duzuen balentria”. Ez alferretan. Hiru hilabete igaro baino lehen jakin zuen poliziak. Atunrajutik etorri eta zenbait proiekzio egin genituen, eta haietako batean, konturatu gabe, ikurrina ageri zen argazkia erakutsi! Ikusi behar ez zutena ikusi zuten salatariek, eta salaketa. Espedizioko denak atxilotu gintuzten, baina nik eraman nuenez ikurrina, neu kargutu nintzen. Ordu arte, aitortza, sari eta domina besterik ez zen izan guretzat, baina, handik atzera, zigorra.

"Garai hartan, Euzko Gaztedikook bortxa erabiltzea ETAkoei gu ere borrokan ari ginela esateko modua zen"

Amnistia Internazionalek “Urteko preso” izendapena jasotzeko proposatu zintuen.

Gerra kontseilua egin nahi ziguten, baina ez zen gauzatu. Kartzelan mutina egin genuen eta 40 egun eduki ninduten zigor-zeldan. Amnistia Internazionaleko Alemaniako adarra izendapen hartan tematu zen –Atunrajuko ikurrinagatik, oroz gain–, baina 1968ko apirilaren erdialdera kartzelatik irten nintzenean, besteren bat izendatu behar zutela esan nien, giza maila handiko presoak baitzeuden kartzelan. Kalera irten nintzen, baina pertsekuzioa ez zen amaitu. Nirekin batera preso hartutako Mikel Erdozain eta biok zaintza estuan eduki gintuzten. Madrileko Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko brigada bat, eta beste bat guardia zibilena, izan genituen zelatan zenbait hilabetez. Dibertigarria ere izan zen poliziaren eta guardia zibilen zaintzari iskin egiten ibiltzea. Xagua eta katua nola, halaxe ibili gintuzun. Dena den, “xagu” gabe, “sugandila” zen nire ezizena, eta halaxe ibiltzen nintzen, eskapo. Eta zaintza guztiak gorabehera, Carabanchelen ezagututako lau lagun mendiz beste aldera pasatu nituen 1970ean. Gero, Eiffel dorrearen postala jasoko nuen etxean. Gure kodea zen: ongi heldu zirela adierazten zuen.

1970ean Carabancheleko lagunak beste aldera gidatzen, laster zinen zu haien pausoan.

Urte haren amaieran zenbait lagun jausi ziren. Orduan, nire emaztegaia Maria Luisa [Mangado] eta biok ezkutatu egin ginen. Lehenengo, Donostian egon ginen. Maria Luisa Gerardo Bujandak gorde zuen. Ni, Idoia Estornes eta Josean Aiestaranen etxean izan nintzen, haiek eztei-bidaian abiatu baitziren. Han nengoela, Intxausti ahizpen laguntza izan nuen, Ipar Euskal Herrira igarotzeko. Eguna zehaztu, eta Andoni nire anaiak eta bi mendizale lagunek Petretxemako lepora lagundu ninduten, eta handik Laskunera jaitsi nintzen Andonirekin. Napar Buru Batzarreko Ernesto Torio genuen zain, Donibane Lohizunera eraman ninduen hark. Gero, Maria Luisa ere etorriko zen hara, Pello anaiak eta Ziga ahizpek lagunduta.

Argazkia: Zaldi Ero.

Mugalde inprimategian egin zenuen lan Hendaian, tren geltokitik bertara.

Argoiti familiaren inprimategian. Segundo Marey genuen saltzailea, urteak geroago GALek bahitu zuena, Peixoto zelakoan. Ohi denez, beste langile batek, Jean-Mixel Larzabalek, lanean gure kontura hasteko proposatu zidan, geure inprimategia sortzea, alegia. Gauza ginen, baina ez genuen dirurik. Garai hartan, Felipe Huarte bahitu zuen ETAk. Oroitzen naiz Donibane Lohizunen izan zela Jesus Aizpun [UPNren fundatzailea 1979an], familiaren izenean negoziatzera. Kontua da Huarte askatu eta gutxira, ETAko bi militante heldu zirela Hendaiara, eta gure inprimategi asmoa interesgarria iruditu zitzaiela. Bata familia aberatsekoa zen, eta baliteke guk hamar milioi pezeta handik jasotzea, diru-transferentzia egin baitziguten. Horrela, Mugalde inprimategia ireki genuen PNV, ELA, kultur elkarte eta gainerakoentzat lanean. Hiru liburu porno ere editatu genituen Hendaiako sex-shop batek eskatuta.

Nondik heldu zen dirua?

Madrileko ABC egunkariak esan zuen Huarteren diruarekin ireki zela Mugalde. Guk ez genekien nondik heldu zen, baina ez genion ABCri kasurik egin. Azkenean, Batallón Vasco-Españolek lehergailua jarri eta zartarazi egin zuen Mugalde. 1975eko apirilaren 23an jarri zuen bonba. Handik hilabetera, maiatzaren 21ean, berriz atentatu zuen inprimategiko hondarren kontra.

Kito, orduan.

Mugalde bai, baina beste bat ireki genuen Donibane Lohizunen. Axular. Hala ere, egoera politikoa ez zen batere ziurra. Portugalen, Krabelinen iraultza izan zen 1974an. Espainiar Estatuan, Francoren errepresioak ez zuen aterrunerik –azken bost fusilamendu haiek irailaren 27an!–, eta guri berriz beste lehergailu bat jarri zigun Batallón Vasco-Españolek. Ez genuen berehalakoan pentsatuko, baina atentatua berriz. Franco azaroan hil zen, eta hurrengo urtean Iruñera itzuli ginen behin-behinean, hemen egoera inkili-mankala baitzegoen. Dena den, 1977an behin betiko itzuli ginen, PNVk eskatuta. Aro berria zetorren, alderdien legeztapena, exiliatu historikoen itzulera, Espainiako Gorte konstituziogileetarako kanpaina, geure hedabideak abiarazteko lana…

Zeruko Argia

“Hamar urte nituela kaputxinoen San Antonioko eskolaniara jo nuen. Latinez, gaztelaniaz eta euskaraz kantatzen zen. Aita Donostia, Isidro Ansorena, Jorge Riezu, Damaso Intza, Hilario Olazaran… ezagutu nituen. Komentuko sotoan egiten zuten Zeruko Argia aldizkaria”.
 

Ikurrina Bi Haizpen

“Ikurrina jarri genuen Bi Haizpen Aberri Egunaren karietara. Egunean bertan, goizean goizago, guardia zibilaren telefono-deia gure etxera, nire anaiari laguntza eske, Goi-mendiko Eskolaren zuzendari baitzen. ‘Gipuzkoar’ batzuek jarritako ikurrina kentzen laguntzeko eskatu zioten. Anaiari esan nion guardia zibilari adierazteko aste santua zela eta eskalatzaileak mendian zebiltzala, material guztia hartuta. Ez genuela laguntzeko modurik. Lizarrako erregimentuko soldaduak saiatu ziren gure ikurrina kentzen, baina ez zuten lortu. Arratsaldean berandu, Candanchuko mendi eskolako soldaduek kendu zuten”.
 

Benta Haundi

“Donostiatik Iruñera nentorren, Roncalesako autobusean. Tolosan, Benta Haundi parean, ibilgailu ilara. Trafiko istripua ematen zuen, guardia zibilaren botak izara baten azpitik ageri, motorra lurrean… Autobusa gerarazi eta guardia zibil bat igo zen, metraileta eskuan, txoferrari galdezka ea Donostiatik gentozen denok. Baietz, txoferrak. Iruñera heldu eta zain nituen Artajo, Asurmendi eta Jaunarena, kezkatan, urduri. Haiek kontatu zidaten: Pardines hila, Etxebarrieta hila…”.

Azken hitza: 1972

“1972ko azaroan hemeretzi eguneko gose-greban parte hartu zuen nire emazte Maria Luisak, hainbat errefuxiaturen deportazioaren kontra. Hura Baionako katedralean, ni inprimategian lanean, eta Aitziber alaba, txiki-txikia, Iruñean”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


Corellako karriketan ikur frankistak azaldu direla salatu du Zurekin Nafarroak

Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


2024-06-12 | Iñaki Murua
Nondik gatoz eta nora goaz?!

Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.

Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Eguneraketa berriak daude