Kontrol publikoa eta herritarren ahalduntzea Madrilen

  • Urtebete da Madrilen zorraren eta politika publikoen inguruko auditoretzak egiten hasi zirela. Bi bide independente dituzte: Madrilgo Udalak adituen batzorde bat jarri du martxan, azken hamarkadako kudeaketa ikuskatzeko. Eta herritarren lantaldeak sortu dira hiri barrutietan, PACD Zorraren Herri Auditoretzarako Plataformak sustatuta.

Usera eta Arganzuela auzo madrildar umiletan herritarrak euren kabuz hasi dira PPren udalak utzitako zorra auditatzen. (Argazkia: Guillermo Lillo)
Usera eta Arganzuela auzo madrildar umiletan herritarrak euren kabuz hasi dira PPren udalak utzitako zorra auditatzen. (Argazkia: Guillermo Lillo)

2015eko maiatzean Ahora Madrid herri hautagaitza Madrilgo Udal gobernura iritsi zen PSOEren babesarekin, han 24 urte zeramatzan PPren agintaldiari amaiera emanez. Hauteskunde kanpainan programa parte-hartzailea jarri zuen abian Manuela Carmenaren taldeak eta herri auditoretza izan zen babes gehien jaso zuen proposamenetako bat. Zorraren eta Politika Publikoen Auditoretzaren Zuzendariordetza Nagusia sortu zuen Udalera iritsi zenean. 2016ko maiatzean, Zorraren eta Politika Publikoen Herri Auditoretzaren Aholkularitza Batzordea osatu zen.

Bederatzi adituk osatzen dute batzordea eta Complutense unibertsitatean Ekonomia Aplikatuko irakasle den Bibiana Medialdea da koordinatzailea: “Giroan dago herri auditoretzaren aldarrikapena. Udal gobernuak herritarren eskaerari jarraituz sortu ditu auditoretzarako organoak, nahiz eta gu egiten ari garenaren antzeko adibide gutxi dauden, baita nazioartean ere”. Medialdea Udaleko Ekonomia sailak kontratatu du, epe-mugarik gabe, baina batzordeko gainontzeko kideen lana borondatezkoa da.

Udalaren osoko bilkuran onartu zen auditoretza egitea, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin. “Zorraren eta politika publikoen herri udal auditoretza deitzen diogu, nahiz eta kontraesankorra dirudien: udal auditoretza da, Udala delako egiten ari dena. Are gehiago, herritarrek parte-hartu nahi ez balute, auditoretza egiteko ardura izaten jarraituko luke Udalak. Baina ez zaigu zorra bakarrik interesatzen, herritarrengan eragin nabarmena izan duten udal interbentzioak ere aztertzen ari gara”.

2003tik 2015era bitartean Madrilgo udal gobernuen kudeaketa nolakoa izan den azaleratzeko beharrezkoak diren txostenak nori eta zertarako eskatuko zaizkien erabakitzen du Aholkularitza Batzordeak: “Auditoretza herritarrek duten bokazio demokratiko, sakon eta erradikal batekin loturik doa, gertatzen ari denaren berri izateko nahiarekin. Kontzeptu zabaltzat dugu guk: herritarrengan eragin negatiboa izan duten zantzuak dituzten udal politika eta esku-hartzeak aztertzen ari gara, den-denak, zorra ez ezik, enpleguan eta zerga bilketan eragina izan duten politikak ikuskatzen ari gara, baita gizarte-bazterketan, genero desberdintasunean eta ingurumenean eragina izan dutenak ere”.

Ondorioak argitaratzeko asko falta da eta zuhur azaldu da Medialdea ikerketak azaleratu dezakeen zorraren legitimotasunaren inguruan: “Zorra legitimoa den ala ez esatea zerbait morala eta politikoa da. Hori herritarrek egin behar dute, euren eskubidea da. Adituen batzorde batek ezin du ondorioztatu zorra legez kanpokoa dela, ezta Udalak ere”.

Alfredo Sánchez (PACD):
“Guk ez dugu nahi auditoretza herritarra izatea erreferenduma egon delako, prozesuan herritarrak ahaldundu direlako baizik”

Madrilgo Udalak duen zorra handia da –5.000 milioi eurokoa 2016ko maiatzean; 871 milioi amortizatu dira dagoeneko udal gobernu berriarekin– baina ez da izan auditoretza egiteko arrazoi nagusia. Medialdeak garbi utzi du Udala ez dagoela zorraren krisi batean murgildurik, ordainketei aurre egiteko gai delako. “Hala ere, Udalak baliabideak nola kudeatu dituen aztertuko bagenu, ikusiko genuke ez direla errespetatu irizpide etiko eta politikoak, ezta giza eskubideak ere”.

Herritarrek egindako auditoretza

“Madrilgo udal gobernuko hainbat sailetan beldurra dutela dirudi, auditoretzak herritarren parte-hartze handia izango duen ikusteke dagoelako. Zorraren zati batek legitimotasunik ez duela onartzen bada, zor hori ez ordaintzeko aukera dago. Udala egiten ari denari ez nioke herri auditoretza deituko, herritarrek ez baitute parte hartu, orain arte behintzat. Guk ez dugu nahi auditoretza herritarra izatea erreferenduma egon delako, prozesuan herritarrak ahaldundu direlako baizik”. Alfredo Sánchez PACD Zorraren Herri Auditoretzarako Plataformako kidea da. Ahora Madrid Udalera iritsi eta hilabetera aurkeztu zioten auditoretzarako proposamena Ekonomia Sailari, eta hainbat puntu aintzat hartu dituzten arren –adituen batzordea sortzea eta finantza kontuak soilik kontuan ez izatea– herritarren parte-hartzea alde batera utzi eta Udalak alor teknikoa soilik landuko duela uste dute. Horregatik, Madrilgo hiri barrutietan auditoretzak sustatzen ari dira.

Udalari aurkeztutako metodologia berrantolatu dute eta Useran eta Arganzuelan sortu diren auditoretzarako lantaldeei babesa eskaintzen die PACDek –helburua auditoretza prozesua Madrilgo beste hemeretzi hiri barrutietara zabaltzea da–. Lantaldeetako kide gehienak bertako bizilagunak dira eta autonomia osoz aritzen dira; plataformak luzaturiko lan metodologia nola erabili euren kabuz erabakitzen dute.

“Saiatu gara prozesua sinplifikatzen, ahalik eta jende gehienak parte-hartu dezan. Egia da komenigarria dela kontabilitateaz edo aurrekontuez zerbait dakien norbait izatea, baina bizilagunek dute garrantzi gehien, dirua zertan gastatzen den ikusten dutelako. Useran, kultur etxeen kudeaketa auditatzen hasi dira eta begiratzen dute zein ikastaro eskaintzen den, zeini egiten dion mesede… Hori jendeak ikusi egiten du, ez da aditua izan behar”. Garbiketa zerbitzuaren kontratuak ere hasi dira auditatzen.

“Hitzaldi txiki batez bizilagunei auditoretza zer den azaltzen diegu, jakin dezaten ez dela soilik zati ekonomikoa ikuskatzea. Ondoren, fitxa batzuk eskaintzen dizkiegu, esan dezaten auzoan egindako zein inbertsiok biltzen dituen ez-legitimo izateko zantzuak. Adibidez, Useran, Caja Mágica auditatzen hasi dira. Madrilen antolatu nahi zituzten Olinpiar Jokoetarako eraiki zen, eta orain hutsik dago, Madrilgo Open Tenisa soilik antolatzen da bertan, urtean bi astez. Azken urtean enpresa pribatu bat azpikontratatu da eta ordaindu egin behar da zerbitzuarengatik. Bestalde, Arganzuelan fruta eta barazkien azokaren kudeaketa auditatzen hasi dira. Eraikina hutsik dago eta 200.000 eurotik gorako gastua izan du 2007tik hona”.

Asanbladan erabakitzen dute bizilagunek zein kasu auditatuko duten, ezin baitute dena landu –Userako lantaldea hamar kidek osatzen dute, gutxi gorabehera; antzeko zerbait Arganzuelan–. Hurrengo pausoa Udalari informazioa eskatzea da, Gardentasun Atariaren bidez. Hain justu, zerbitzu horren eraginkortasun falta da aurrera egiteko oztopo nagusia, bizilagunek datuak eskuratzeko asko itxaron behar baitute eta askotan informazioa ez baita egokia izaten.

Behin informazioa lortuta, aztertutakoa legitimoa den ala ez erabakitzen dute herritarrek. PACDek hainbat irizpide ezarri ditu: aurreikusitako gastu kopurua ehuneko handi batean gainditzen duten proiektuak ilegitimotzat jo daitezke haien esanetan, baita garraio publikoa beharrean autoaren erabilera sustatzen duten proiektuak edo enpresa batek emakume eta gizonen arteko desberdintasunak areagotzen dituenean. ere Edonola, lantaldeek badituzte haiek ezarritako irizpideak.

Auditaturiko gai bakoitzaren ondorioak aterata –Madrid Audita Madrid webgunean dago bildutako informazioa–, hiri barrutiaren txosten orokorra osatu nahi dute lantaldeek. Halaber, egindako lana Udalak egindakoarekin elkartu nahi dute, haiek ere emaitzak argitaratzeko. Emaitzen gaineko erreferenduma baino, helburua gaiaren inguruan kontzientziatzea dela dio Sánchezek, “herritarrek jakin dezaten aurrekontua guztion erantzukizuna dela eta ez gutxi batzuek kudeatzen dituzten kontuak”.

Egiaren Batzorde bat zorrarentzat

Bi bide dituzte estatuek zorpetzeko. Ohikoa da aurrekontuetan aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak bat ez etortzea, estatu batek zerga eta tasa bidez bildutako dirua gastu kopurua baino txikiagoa izan delako.

Defizit hori finantziatzeak zorpetzea dakar. Beste alde batetik, estatu batek dirua eskatu diezaioke eragile bati –Europar Batasunari, esaterako–, zuzenean beste agente bati mailegatzeko edota zorra jaulki dezake, esate baterako, bankuak erreskatatzeko. Ezohikoa da estatuek zorra zertarako jaulki duten adieraztea, eta hor dago auziaren gakoa.

Hainbatek uste du ezin dela zorra ez-legitimotzat jo, estatu demokratiko deritzotenetan herritarrek aukeratzen dituztelako agintariak. Beste askok garbi dute hori ordea, eta estatuen zorraren legitimotasunik eza aldarrikatzen dute –legeaz harago, beste irizpide batzuk dituzte legitimoa zer den zehazteko–. Eric Toussaint zor publiko bidegabeak ez ordaintzearen aldeko mugimenduko buruak, esaterako. Behar egoeran dauden herrialdeek zorra ordaintzeari uko egin diezaioketela defendatzen du Toussaintek, baita zorra ez zilegia denean edota zorra gorrotagarria denean.

Ekuadorren egindakoa nazioartean estatu batek bultzaturiko auditoretzaren adibidea izan daiteke: zor publikoak diktadura finantzatu zuen eta 2007-2008an egindako auditoretzaren ondotik zorraren %70ari uko egitea erabaki zuten. Greziako Gobernuak Zorrari buruzko Egiaren Batzordea jarri zuen martxan 2015eko martxoan  –Toussaint bera izan da batzordeko koordinatzailea– eta hiru hilabete ondoren zorraren zein zatiri uko egin daitekeen azaldu zuten.

Eusko Jaurlaritzak hamar milioi euroko zorra zuen 2014 urtearen amaieran, eta badira zor hori auditatu eta ez ordaintzearen aldeko mugimenduak: Zorraren Auditoretza Herritarraren plataforma, esaterako. Nafarroan, CAN aurrezki kutxaren desagerpenaren inguruko ikerketa batzordea martxan jartzea onartu zuten apirilean, osoko bilkuran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zor bidegabea
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren “normaltasunera”

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


66.577 milioi euro: Espainiako bankuei emandako diru publikoa “erreskaterako”

Espainiako Estatuko Kontuen Auzitegiak 66.577 milioi eurotan kalkulatu du bankuak erreskatatzeko kostea. Hau da, bankuei emandako diru publikoa eta oraindik, haren zatirik handiena, bankuek itzuli ez dutena.


Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan

Mundu mailako hurrengo krisi ekonomiko handia herrialdeetan metatzen ari den zor erraldoiaren magalean jaioko dela entzuten da gero eta ozenago. Krisia krisiaren gainean. Adituen esanetan,  zorpetzea bultzatzea izan da krisiari aurre egiteko erabili den errezeta nagusia,... [+]


2018-07-19 | ARGIA
AHT-ren xahubidea
Bergarako lotuneko beste zati bat esleitu du Adifek: kilometroko 35 milioi euro

Espainiako Sustapen ministerioak Euskal Y-aren bigarren zati bat esleitu du Bergarako lotunean, trenbide azkarraren sareak bat egiten duen tokian.


Xahubidearen geografia

Europako Kontu Auzitegiak ezbaian jarri du Espainiako AHT sarea eta kritika oso gogorra egin dio ez delako eraginkorra izango; tartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eraikitzen ari diren Euskal Y trenbidea aipatzen du Europako txostenak, hau ere errentagarria ez dela izango... [+]


Javier Onieva. Diru publikoaren zaindari eta gerlari
“Nafarroan alderdi bakarrak ere ez du zor publikoa ikuskatzeko interesik”

Gogorra da entzutea Nafarroan inongo alderdik ez duela zor bidegabean arakatzeko interesik, ez eskuinean ez ezkerrean. Edo aldaketaren gobernuak ez duela UPNk baino gehiago egiten zerga iruzurraren aurka. Berarekin jardun ondoren, argi ikusten da bankuek 2008an baino botere... [+]


2018-02-14 | ARGIA
Etxegabetze asko eragin duen IRPH indizearen auzia Europara iritsiko da, Arabako kasu batengatik

Arabako auzitegiak Europara eramango du IRPH klausulen inguruko auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak, epaileen arteko desadostasun handiekin, atzera bota zuen Arabatik emandako epai bat, zeinak indize hipotekarioa baliogabetzat jo zuen.


Lizarrako kirol hiria: inoiz egin gabeko proiektuak 14 milioi euroko zuloa utzi dezake

Lizarran duela urte batzuk kirol instalazio bat eraikitzeko operazio urbanistikoak kiebrara eraman dezake udalerria, egungo alkate Koldo Leozen (EH Bildu) arabera. Nafarroako Kontuen Ganberak kaleratu berri duen txostenak susmo horiek baieztatu baizik ez ditu egin.


2018-01-23 | ELA sindikatua
Zor Publikoaren inguruko astea Iruñean

Nafarroako Parlamentu Sozialak -ELA tarteko- zor publikoaren aurkako astea antolatu du Iruñean, urtarrilaren 22 eta 26 bitartean. Astean zehar hainbat ekitaldi eta hitzaldi izango dira zor publikoaren inguruan. Aipagarria da Eric Toussaintzoren hitzaldia, alegia, zor... [+]


2017-12-27 | ARGIA
Erraustegiaren 52.000 tona eskoria nahasteko, urtean 6 milioi euro gastatuko ditu Gipuzkoak

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Eguberri egunaren biharamunean onartu ditu Zubietako erraustegiaren bigarren fasearen baldintza pleguak. Biometanizazio planta eta eskoria nahiz errauts toxikoak tratatzeko gunea egingo dituzte, orain erraustegia eraikitzen ari diren... [+]


Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, ‘elefante zuri’ berria

Aginte publikoek sustaturik altxatako eraikin oso handi, ospetsu eta garestia, aldi berean bere ustiapen edo mantenuan zama ekonomiko bihurtzen dena, horra zer den ingelesez White elephant eta frantsesez Eléphant blanc izendatzen dutena. Hondakinetatik negozio egiten... [+]


Eguneraketa berriak daude