“Epe luzerako estrategiak behar ditugu herri mugimenduetan, beti erantzuten ez aritzeko”

  • Euskal Herrian jaio, Madrilen hazi, eta 23 urterekin itzuli zen Donostiara Haizea Núñez. Zuzenbidea ikasten hasi zenerako, bazekien boterearen arma estrategikoa zela hura, eta ez guztiok berdin epaitzen gaituen justizia itsuaren eremua. Hala ere, abokatu-lanetan aritu da azken bost urtean eta babes juridikoa eskaini die hainbat mugimendutako aktibistei.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Haizea Núñez (1987, Donostia)

Madrilen hazi zen Haizea Núñez, eta orain sei urte itzuli jaioterrira. Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta EHUn, eta hainbat okupazio-mugimendutan buru-belarri ibilitakoa da. Beste hainbat kiderekin batera, Donostiako Okupazio Bulegoa sortu zuen. 2011tik hona, Atzieta kolektiboan jardun da abokatu. Irailean utzi zuen taldea, eta orain LABen ari da lanean.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira bizitzera?

2010ean. Ni hemen jaio nintzen, baina txikia nintzela Madrilera joan ginen, aitak han lortu zuelako lana. Gurasoak donostiarrak dira biak eta aiton-amonak hemen bizi ziren. 2009ko uztailean aitona hil zitzaigun, eta aita seme bakarra denez, bada udan hona etorri nintzen amonarekin dolua egitera. Erabakita neukan jada Madrildik alde egin behar nuela, oso dinamika azkarrak zeudelako bai herri mugimenduetan bai unibertsitatean. Gero, gainera, zenbait eraikin okupatu bortizki hustu zituzten, Carlos Palomino gaztea hil zuten, gertuko batzuk modu gogorrean atxilotu… Donostiara itzultzea erabaki nuen, beti izan nuelako sentipen hori, euskaldunak ginela, nahiz eta nolabait madrildarrak ere izan.

Iristear zen M15 mugimendua. Zer giro zegoen hirian?

Aurreko urteetan, hain justu, etxebizitzaren aldeko eserialdi publiko eta masiboak egin ziren eta Madrilgo auzo gehienetan izugarri zabaldu ziren zentro sozial okupatuak eta autogestioaren kultura.

Zuzenbidea ikasten ari zinen zu. Zer ikuspegi zeneukan zuzenbideari buruz, ikasketak hasi aurretik?

Batxilergoa amaitu nuenean nire asmoa zen filosofia edo historia ikastea baina gurasoek esan zidaten horrek ez zuela ezertarako balio. Bazegoen lizentziatura bikoitz bat, zientzia politikoak eta zuzenbidea. Bigarren urtean erabaki nuen zientzia politikoak uztea eta zuzenbidearekin jarraitzea, batetik ikasketak amaitu nahi nituelako, eta bestetik, ikusten nuelako horretan trebatzea baliagarria izan zitekeela batez ere herri mugimenduen ikuspegitik.

Baina banekien boterearen arma estrategikoa zela. Banekien etsaiaren tresna zela, gu zapaltzeko.

Eta ikasketak amaitu eta abokatu jardun ondoren, zer ikuspegi daukazu zuzenbideaz?

Orain badakit zuzenbidea aldatzeko tresnak ere baditugula, eta zuzenbideak egiten gaituen heinean horretan eragin dezakegula. Bestalde, orain badakit klasean ikasten duguna ez dela gero epaitegietan gertatzen. Hala ere, egia da zuzenbidearen teorian behin aipatu zigutela zuzenbidearen barruko korronte bat: zuzenbidearen soziologia delakoa. Horren arabera, askoz garrantzitsuagoa da jakitea zer pentsatzen duen epaileak honako edo halako gairi buruz, legeak beraiek ezagutzea baino. Hori hala da. Zuk jakin behar duzu zer epaile daukazun aurrean.

Zer beste alde dago ikasketen eta jardunaren artean?

Klasean ikasten dugu zuzenbidea positiboa dela, objektiboa, jurisprudentzia jarraituz gero lortuko duzula dena delako emaitza, eta hori ez da gertatzen. Horrela prestatzen ditugu gauzak, baina beste estrategia batzuk ere hartu behar dira kontuan: herri mugimenduen kasua bada, nola lantzen den kasu hori komunikatiboki, zer-nolako presioa sar diezaiokezun epaileari bai eta kontrakoari ere. Badaude beste negoziazio-estrategia batzuk eta ez dizkizute inoiz esplikatzen, ez dizute esaten zer-nolako tresnak dituzten fiskalek zigor arloan. Ateratzen zaren arte ez dakizu zer den epaiketa bat.

Argazkia: Dani Blanco.

Behin baino gehiagotan aipatu dituzu herri mugimenduak. Zertan eta nola hasi zinen?

Unibertsitatean nengoela pil-pilean zegoen Bolonia Planaren aurkako mugimendua. Madrilen bazegoen ikasle-asanbladen koordinakunde bat, eta geuk zuzenbideko asanblada egin genuen eta handik sartu nintzen bai okupazio mugimendura bai etxebizitzaren aldekora.

Complutense unibertsitatean eraikin bat okupatu genuen, eta Facultad Okupada Autogestionada deitu. Hiru hilabete iraun zuen. Carlos Berzosa IUko errektoreak bota gintuen: 100 eta piko polizia etorri ziren gau hartan tokia zaintzen ari ginen 10 lagunak botatzera. Halaxe hasi nintzen.

Eta unibertsitatea baino lehen?

Ni oso eskola pribilegiatu batean egon nintzen, La Moralejan. Gurasoek nahi zuten gure heziketa ondo ordaindu, eta bidali gintuzten PSOEko elitearen zein Madrilgo burgesia progrearen seme-alabek ikasten duten tokira. Eskola horretan sartuta egon nintzen beti, ghetto txiki batean, harik eta unibertsitate publikora pasa arte. Ordura arte, politikari buruzkoak telebistan bakarrik ikusten nituen, liburuetan, edo familiako eztabaidetan, zeren aita beti izan da ezkertiarra eta euskalduna, eta ama, berriz, eskuineko familia batetik dator.

Jauzi handia egin zenuen, beraz.

Bai, eta oso bortitza izan zen. Batetik erabaki nuen unibertsitate publikora joatea, eta ez hori bakarrik, etxetik gertu zegoen mintegi batean hasi nintzen lanean, loreak zaintzen, eta beraz lehenengo urte horretan ia ez nintzen gurasoen etxean egon. Gero, bigarren urtean bloke bat okupatu genuen, eta halako leherketa moduko bat gertatu zen: etxetik joan nintzen, eta gainera, armairutik atera.

Zer eman zizun okupazioak?

Hasieran oso modu idealistan ikusten nuen. Proiektu horretan oso jende ezberdina batu ginen: batetik, ikasle mugimendutik gentozenok, eta, bestetik, etxebizitzaren aldeko jendea, kalean bizi zirenak eta beste. Batzuk oso pribilegiatuak ginen, egunero klasera edo lanera joaten ginen, eta beste batzuek, berriz, bestelako beharrak zeuzkaten. Gainera, guretzat oso garrantzitsua zen asanbladetara joatea eta hori guztia, orduan talka handiak egon ziren, errealitate-kolpe handi bat jaso genuen.

Hala ere, esperientzia hori gabe, ni gaur ez nintzateke naizen hori izango. Emakume batzuk bizi ginen han, eta oso inportantea izan zen geure burua trebatzea hainbat arlotan, baita talkan ere, gure kideak ziren mutilekin eztabaidatzea erabakien inguruan. Egunero ari ginen borrokan eta gauzak sortzen. Urte bat egon ginen bloke horretan, eta gero etxebizitza bat okupatu genuen beste bloke batean emakumeok bakarrik.

Zer dela-eta?

La Alarma zentro soziala hustu nahi zuten, eta erresistentzia egon zen. Hainbat mikro-matxismo eta eraso gertatu ziren, eta horren ondoren asanblada bat egin genuen, eta proposatu emakumeok bakarrik batzea. Talde feminista bat jarri genuen martxan eta batzuoi kartzelari buruzko kezkak sortu zitzaizkigun. Galiziara joan ginen emakumea eta kartzelari buruzko jardunaldi batzuetara eta erabaki genuen talde berezi bat egitea emakume preso sozialei bisitak egiteko. Horren ondoren okupatu genuen etxea, batetik geu bizitzeko eta bestetik presoak hara etor zitezen, baimenak-eta zituztenean.

Mozal Legea hizpide: “Boterean daudenek ikasi dute kolektiboki erantzuten diogula honi, eta ez dela horren errentagarria gu bezalako jendea kartzelan edukitzea”

Zer moduzko esperientzia izan zen bisitena?

Gure super-proiektua zen emakume mordo batekin ipintzea harremanetan eta azkenean emakume bakar batekin egin genuen kontaktua, hark esan baitzigun behar zituela bisitaldiak. Bestalde, makro-espetxeak geneuzkan buruan, Soto del Real eta abar; Briebara joan ginen, ordea, kartzela txiki-txiki batera. Ikusi genuen Euskal Herriko jendea joaten zela asko espetxeetara, eta ijitoak ere bai pila bat. Bi klan horiez aparteko presoak nahiko abandonatuta zeuden. Komunitaterik ez dagoen heinean, jendea oso bakarrik geratzen da kartzelan. Azkenik, gure asmoa zen halako harreman horizontal bat eraikitzea, baina zaila zen, zeren barruan dagoenak behar bereziak ditu eta badaki kanpoan dagoenak baliabide gehiago dituela kanpoan egote hutsagatik.

Zenbat denboraz aritu zineten horretan?

2008ko azaroan okupatu genuen etxea eta 2010eko martxoan bota gintuzten. Ondoren, lagunen etxeetan egon nintzen, eta gero hona etorri nintzen. Bisitei dagokionez, nik ez, baina kideek jarraitu zuten proiektuarekin.

Zer moduzko ongietorria egin zizun Euskal Herriak?

Oso zaila izan zen. 2010eko maiatzean etorri nintzen, eta uztailean gauza traumatiko bat gertatu zitzaidan. Patti Smithen kontzertuaren ostean Be Bop tabernara joan ginen sei lagun: bost neska eta mutil bat. Adiskideetako bat komunera joan zen eta gizon bat joan zitzaion atzetik, erasotzera. Adiskideak lortu zuen ihes egitea, baina atzetik etorri zitzaion berriro gizona, heldu egin zion, eta orduan gu ere joan ginen laguntzera. Tipoak edalontzi bat hartu eta aurpegira bota zidan. Pentsa, heldu berritan, aurpegia apurtuta… momentu batean ni neu apurtu nintzen barrutik. Zorionez, lagun batek zaindu ninduen eta Bilgune Feministako eta Medeak taldeko kideek ere asko lagundu ninduten.

Euskara, behinik behin, ez da oztopo izan.

Oso argi neukan euskararen bila nentorrela, ez nuela nahi amona hiltzerik nirekin euskaraz hitz egin gabe.

Duela gutxi oso gauza kursia esan nuen, baina egia da: euskarak askatasuna eman dit, eta lasaitasuna. Gure herriaren zauriak bete-betean zeharkatzen du gure familia: batetik, amaren familiak hizkuntza zapaldu du; bestetik, aitaren familiatik datorkigun hizkuntza da euskara. Erantzukizun historikoa sentitzen nuen, nolabait ere. Batzuk modu bidegabean saiatu dira adar hau mozten, eta banator ni hori eragoztera. Azken batean, nire aita alemana izan balitz, txikitatik jakingo nuke hizkuntza.

Euskara eta askatasuna aipatu dituzu. Zelakoa da euskararen egoera epaitegietan?

Oztopo handiak daude. Funtzionario gehienek ez dakite euskaraz eta gertatu izan zaigu epaileak esatea itzultzailea ez dela etorri, eta orduan, gaztelaniaz egingo dugula, “axola ez bazaizue”. Urraketa horiek etengabe gertatzen dira.

Oso paradoxa tristea bizi dugu. Adibidez, etortzen bazaigu indarkeria matxista jasan duen emakume bat, eta emakume horrek nahi badu bere prozesua euskaraz egin, abokatuok esan behar diogu prozedura asko luzatuko dela, tartean itzulpena dagoelako, eta beraz, nahi baldin badugu gauzak azkar egin, urruntze-agindua ahalik eta bizkorren lortzeko eta hori guztia, bada gaztelaniaz egin behar dugula prozedura. Aldiz, defendatzera bagoaz, idatzi guztiak euskaraz sartzen ditugu, idatzi potoloak, denbora lortzeko eta bien bitartean okupazio bat luzatzeko, adibidez.

Argazkia: Dani Blanco.

Azkenaldian, besteak beste, Gipuzkoa Zutik mugimenduaren abokatu ibili zara.

Lau kasu daude gaur egun epaitegietan. Espediente administratibo batzuk ireki dituzte Gipuzkoa Zutik-en parte hartu zutenen aurka, Mozal Legea aplikatuta, baina hiru atxiloketetan, soilik ertzainek dauzkate kereilak, eta epaileek uste dute nahikoa zantzu daudela pentsatzeko legez kanpoko atxiloketak gertatu zirela, ertzainek oso modu maltzurrean erabili zutela legea jendea kaletik kentzeko. Gero beste kasu bat dago, kazetari baten aurkako eraso bat.

Normalean, halako kasuetan gabiltzan abokatuak defentsan gabiltza beti, oraingoan, ordea, ofentsibara pasa gara, ikusi baitugu zeuzkaten tresna guztiak erabili dituztela haiek hau isilarazteko eta jendea kaletik ateratzeko. Nik argi daukat jendea atxilotu zutela beldurra zabaltzeko, zeren hor zegoen jende gehiena ordura arte kaleko protestetan parte hartu gabea zen, eta ez zekien atxiloketa bati nola aurre egin. Indar hori eten nahi zuten, nahiz eta ekintza baketsuak izan. Erakutsi nahi genuen joko horretan ere jarriko ditugula gure mugak.

Zeintzuk dira Mozal Legearen eta errepresio “bigunaren” arriskuak?

Nik uste dut boterean daudenek ikasi dutela kolektiboki erantzuten diogula honi, eta ez dela horren errentagarria gu bezalako jendea kartzelan edukitzea. Aldiz, gu ekonomikoki xahutzea eta kaltetzea ondo datorkie, eta edukitzea jendea ez dakit zenbat denbora diru-bilketak antolatzen, zeren tarte horretan ez gaude pentsatzen eta eraikitzen.

Eta horren aurrean, zer egin?

Hainbat frontetan jardun. Oso ondo aurreikusi behar dugu zer ekintza egin nahi dugun, akaso baita aurrekontuak egin ere. Bestalde, bizitzaren burujabetza bermatu behar genuke hainbat arlotan. Estrategia integrala behar genuke. Nik uste dut eztabaida batzuk edukitzeko denbora behar dela, baina gure agenda beti presaka doa, beti erantzunean: hortxe harrapatzen gaituzte beti, ez daukagulako epe luzerako planik. Iruditzen zait herri mugimenduetan ez dagoela ikuspegi estrategiko hori.

Itxaropentsua al zara, hala ere?

Nire sentsazioa da gauza txiki asko ari direla bor-borka, adibidez, apustu polita dago ekonomia sozial eraldatzailearen aldetik. Ari gara gauzak eraikitzen, nahiz eta konfrontazioan hainbeste jardun ez. Baina bueno, konfrontazioa eta eraikuntza halako bals batean aritu behar dira beti.

Merezitako errieta

Gogoan dauzkan kasuez galdetu diot Núñezi eta irribarrea ezpainetan ekarri du bat gogora: “Oso kasu polita izan zen Urkulluri Kursaalean egin zioten eskratxearena. Hiru ekintzaile sartu ziren, pankartekin eta beste, kantuan. Oso polita izan zen
zeren epaileak benetan sinesten zuen Urkulluk halako errieta bat merezi zuela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-11-06 | Julene Flamarique
Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideen aurkako karguak kendu ditu Fiskaltzak

Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.


Gasteizko Auzolana pilotaleku okupatuaren “Inaugurazioa 2.0” ospatuko dute urtebeteko itxialdiaren ostean

Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]


Herri Labanderia ireki dute Gasteizko Alde Zaharrean, udalak abandonatutako espazioan

Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Kantauri espazioa desalojatu dutela salatu du Jardun Koordinadorak

Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.


Maider Arregi
“Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean:Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]


2024-05-14 | Hala Bedi
Gasteizko Alde Zaharreko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


2023-12-18 | Garazi Zabaleta
Otxantegi Herri Lurrak
Lurra negozioa egiteko ala elikadura eta bizitza duinerako?

Lurrak espekulaziorako eta dirua egiteko helburu bakarrarekin darabiltzaten jabeak badira Euskal Herriko hamaika txokotan; horren adibide nagusi izan dira azken urteotan Arbonako, Senpereko eta Kanboko esperientziak. Baina Hego Euskal Herrian ere badira antzeko kasuak; Uribe... [+]


Eguneraketa berriak daude