Argiak itzali eta jarri musika. Dantza, ordu luzez dantza. Musika elektronikoarekin gorputzak batzeko eta askatzeko unea bihurtzen da gaua. Argiak jarri eta musika itzali. Hori da Paraleloan dj saioetan gertatzen dena. Badoaz erortzen Euskal Herrian elektronikaren inguruan luzaroan izan diren aurreiritziak.
“Euskal Herrian beti egon da kultura elektronikoa, baina nahiko ikusezin eta estigmatizatuta. Hasi ginenean, hemen ez zen egiten guretzat ezer interesgarririk elektronikan, diskoteka handietara mugatuta zegoen gehiena, gurea ez den giro batean. Gabezia bat ikusten genuen, guk egiten ez bagenuen, ez zuen inork egingo”. Lau urte igaro dira ordutik, Egoitz Pomares eta Ekaitz Aiarzaguena Katzak Paraleloan dj saioak abiatu zituztenetik hutsune hori betetzeko. Sorreratik oinarrizko ideia sinplea izan da Katzaren hitzetan: “Madril edo Bartzelonara joaten ginen gustuko artistak ikustera, hona ez zirelako heltzen; erabaki genuen agian momentua zela hemen ere horrelako aukera zabaltzeko”.
Bilboko Kafe Antzokia eta Donostiako Dabadaba hartu dute aterpe hasieratik. Katzak dio gipuzkoarrak ez direla Bilbora joaten, ezta bizkaitarrak ere Donostiara, ez haien gauetara bederen, eta hori dela dj gauak bi hirietan txandakatzearen zio nagusia. Katza, bizkaitarra da gainera, eta Pomares gipuzkoarra, eta bakoitza gertuago dago hiri bakoitzeko girotik. Honela, aurrenekoz etxe ingurura gonbidatu dituzte nazioartean izen handikoak diren artistak, tartean, Hieroglyphic Being, Vladimir Ivkovic edo Lena Willikens, azkenengotakoak aipatzeko. Ia beti, bertako artista garaikideei espazio bera emanez kartelean.
Kanpoko hainbat tokitan, estilo bakarrean zentratzeko joera dagoela dio Katzak, bakarrik tekno musika edo house jartzen dutela, adibidez. Ez da hori Paraleloanen gau estiloa: “Ez dugu halako mugarik jartzen, ekarri dugun jende guztiak izango du elementu komunik euren artean, baina ez hainbeste estilo aldetik. Gau luzeak sustatu nahi izan ditugu gehiago, bizpahiru dj eta dantzarako musikarekin, komertziala ez dena, undergroundari lotuago dagoena diskoteka handietako musikari baino”. Momentuan nabarmenak diren musikarien aldeko apostu egiten ahalegindu dira gaur artean, garai bateko figurei hainbesteko garrantzirik eman gabe. Eta ahal dela, beti nolabaiteko oreka landuz esperimentala denaren eta dantzagarria denaren artean.
Bidea sendo urratuta, ia hogeita hamar gau antolatu ostean, Paraleloan konstantzia eta gustu onaren sinonimotzat jo dute musika elektronikoaren inguruko kritikari eta zale zenbaitek, proposamen arriskatu eta pertsonalitate handiko egitasmotzat.
Ekaitz Aiarzaguena Katza:
“Euskal kulturgintzaren uretan musika elektronikoa hirietako periferiekin, drogekin, inguru erdaldunekinlotu izan da”
Esan izan da Euskal Rock Erradikalaren eraginez, musika elektronikoak ez duela haizea aldeko izan gurean, ez behintzat marko komertzialetik kanpo. Katzak dio horren arrazoiaren muinera iristeko badagoela oraindik zertaz hitz egin: “Hemen gauza asko estigmatizatu dira. Orain beste momentu batean gaude, baina berdina ari da gertatzen reggetoiarekin, esaterako. Beste herrialde batzuetan gazte kultura edo apur bat erradikala izan dena, hemen beste era batera ikusi da”.
1990eko hamarkadatik Euskal Herrian gailendu zen rock eszenan eman zituzten Katzak eta Pomaresek ere euren lehen urratsak musikari gisa. Lehenak rock talde batean jo zuen gaztetan eta jaietako kontzertuak antolatzen ere aritzen zen, eta bigarrenak bazuen Bidehuts-ekin lotura bat. Eremu horietatik elektronikaren esparrura momentu onean sartu zirela uste du bizkaitarrak: “Kontzertu normal-en neke bat zegoela sentitzen genuen, bazegoela jaietan modu aktiboagoan parte hartzeko gogoa, ez bakarrik dantzan, beste modu bateko esperientzien bila zebilela jendea”.
Eta asmatu zuten antza, azken urteetan gero eta jende gehiago nabaritzen baitute elektronikaren inguruan Euskal Herrian. Paraleloanez gain, Dabadaban bertan egiten diren ekimen elektronikoak jarri ditu adibidetzat Katzak. Bere esanetan, momentu honetan askoz harrera hobea egiten dio jendeak proposamen elektronikoari hasi zirenean baino.
Ba al du musika elektronikoak gizartean eragiteko gaitasunik? Potentzialki zalantza gabe baietz dio Katzak, errealitatea gero bat etortzen den beste kontu bat da. Hala azaldu du: “Musika elektronikoaren momentu onenetan, 1990eko hamarkada inguruan, esperientzia kolektibo asko sortu ziren elektronikaren inguruan. Musikak eragiten zuen, musika hari eroalea zelako beste gauza batzuetarako, komunitateak sendotzeko, jende desberdina gela batean kantuan jartzeko. Ezin dugu ahaztu, House musika beltz eta homosexualen komunitateetan sortu zela, adibidez. Erretorika asko dago honen inguruan eta izan, potentzialtasun handia dauka, gero ostiral gau normal batean, ze potentzialtasun duen ez dakit, baina letra politikoak dituen rock kontzertu batek ere praktikan zenbateraino eragiten duen ez dakit”.
Egoitz Pomares:
“Euskal Herrian beti egon da kultura elektronikoa, baina nahiko ikusezin eta estigmatizatuta. Gabezia bat ikusten genuen, guk egiten ez bagenuen,
ez zuen inork egingo”
Paraleloan saioen zehar helburuetako bat da irizpide segregatzaile guztien gainetik, jende ezberdina espazio berean batera dantzan jartzea, musikaren bitartez komunaren alde egitea. Baina ez da bakarra, hedonismoaren aldeko praktika ere bada: “Guztiz legitimoa da aste guztia lanean eman duzunean, gela ilun batean sartu eta ordu luzez dantza egin nahi izatea. Hori ere oso aldarrikagarria da, eta ez da oso ondo ikusia egon Euskal Herrian”.
Euskal kulturgintzaren uretan musika elektronikoa hirietako periferiekin, drogekin, inguru erdaldunekin… lotu izan da Katzaren ustetan. Nolanahi ere, azken urteetan ikuspegi hori gero eta gehiago arrakalatzeak bideak irekitzen dituelakoan dago: “Dena ez da izan behar rocka eta ez da beti izan behar politikoki esplizitua, gauzak askotan eraldatzaileak izan daitezke esperientzia moduan, letra gabe ere”.
Zuloa
Merina gris
Sonido Muchacho, 2025
-------------------------------------------------------
Euskal Herrian ez da orain arte horrelako musika elektronikorik egin. Esango nuke Merina Grisek historian euskaraz egin den elektronika eta hyperpop diskorik landuena egin... [+]
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Bidai on bat
Braulio
Autoekoizpena, 2024
-----------------------------------------------------
Nik ez nioke talde bati Braulio izena jarriko; eta seguruenik inork gutxik hasiko luke lan bat sei minutuko iraupena duen kanta batekin. Baina hauei parra die eta horri esker... [+]
Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).
--------------------------------------------
Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]
Ostegunean prentsaurrekoa egin dute antolatzaileek Maiatzaren 3an Bizkaia Arena-BEC!en egingo den ekitaldiaren xehetasun gehiago aurkezteko. Ikuskizuna euskal herrian ezagunak diren hogei pertsona baino gehiagok parte hartuko dute eta 14.000 ikuslerentzat izango da.
Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.
Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]
Ultra
La Furia
Baga Biga, 2024
---------------------------------------------------------
Cascanteko La Furia-k bosgarren diskoa plazara atera du. Mimoz eta erraietatik, berarentzat funtsezkoak diren osagai horiekin, prestatu du honako pozima, pozoitsua eta aldi berean... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.
----------------------------------------------------
Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]
Asteazkenean izan behar zuen epaiketa dataz aldatu dute Lizarrako alkateak azken momentuan jarritako helegite baten ondorioz. Orain taldeari "gorrotoa sustatzea" ere egozten zaio eta lau urterainoko kartzela-zigor arriskua dute kideek.
Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]