“Mikelekin zer gertatu zen badakigu, aitorpena falta da”

  • 26 ditu azaroak urtero. Mikel Zabaltza guardia zibilek atxilotua, Intxaurrondora eramana. “Ez dago hemen”; omen. Handik hogei egunera, 15 dituenean abenduak, Endarlatsako putzuan agertu da gorpua, bertara eraman duten Intxaurrondoko guardia zibilei eskapo, itota; omen. Segurtasun-indarrek beti dute gehiago indarretik segurtasunetik baino, hemen eta munduan.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lurdes Zabaltza Garate (1954, Orbaizeta)

Zazpi seme-alabako familian, lehena zen Mikel, bigarrena Lurdes. Andereño izan zen irakasle ikasketak egin aurretik, 1972an. San Fermin ikastolan hiru hilabeteko praktikak egin eta Larrasoainen eta Zubirin jardun zuen lanean, magisteritza ikasketak ere eginez 1982an. Barañainen irakatsi zuen gero. Harrezkero, bulegoko lanean aritu zen. Mikel 1985ean hil zuten. Aitaren minbizia. Amaren depresioa. Lurdesen minbizia. Lanerako ezgaitua dago: “Itxura ez daukat txarra, baina segituan nekatzen naiz. Ez dut bi perretxiko balio”. Lurdes da, Mikel Zabaltzaren arreba: “Mikel nire anaia zen, eta kito”.

31 urte dira anaia Mikel hil zutela. Batean eta bestean hitz egin izan duzu, kazetariek eta ez-kazetariek galdeturik. Bada 31 urte honetan esan ez duzunik?

Gauza asko. Hala ere, esan beharrak esaten ditugu, ez pentsa. Baina seguru gauza asko esan gabe gelditzen direla. Batzuetan, ez direlako etortzen, eta beste batzuetan, munduari ez zaizkiolako inporta. Esate baterako, gure txikitako kontuak, gaztetakoak… munduari ez zaio horrelakorik inporta, kasua baizik, Mikelekin gertatu zena.

Zenbat anai-arreba izan zineten etxean?

Zazpi ginen. Mikel zen zaharrena, bigarrena ni, txikitan elkarrekin ginen beti Mikel eta biok. Elkarrekin joaten ginen eskolara, elkarrekin lanera, aitari aziendan laguntzen. Elkarrekin ginen nerabezaroan ere. Elkarrekin izan ginen beti, nahiz eta gaztetan nork bere bidea hartu zuen. Mikel Donostiara joan zen lanera, eta ni berriz, Iruñea aldera.

Zu ez ezik, zure ahizpak ere ikusi izan ditut hedabideetan Mikelen kasua kontatzen.

Esate baterako, Arantxak omenaldietan hitz egiten du. Bestela, Idoia eta Begoña ere –etxeko txikienak, bizkiak–, agertu izan dira hango edo hemengo egunkarietan.

Denok berdin kontatzen duzue “kasua”?

… Ez dugu kontatzen… Nafarroako Parlamentura joan ginenean, adibidez, gure artean hitz egin genuen, gutxi gorabehera denok gauzak berdin xamar esan beharra dauzkagulako, baina etxean asko kostatzen da, asko, horretaz hitz egitea… Orain, dokumentala egiten ari diren honetan, gehixeago hitz egin da. Hala ere, esaten dizut, asko kostatzen da hartaz hitz egitea. Omenaldia delarik, omenaldia, han bi hitz egingo ditu Arantxak, eta besterik ez. Ez da gai goxoa, ez. Gutxitan hitz egiten da. Beharbada hobeko genuke bildu, hitz egin eta barnea hustu. Nik bizipen jakinak ditut, nire senideek bezala, zeren eta garai hartan haiek Orbaizetako etxean zeuden, eta han gertatu zen gauza gehiena. Inor inora joatekotan, Orbaizetara joaten zen, gure etxera. Ni, berriz, Iruñea ondoan bizi nintzen ordurako. Ama, esate baterako, ez zen gauza hori kontatu zalea, “Ez dut hori berriz kontatu nahi!”, esaten zuen.

Noiz hil zitzaizkizuen gurasoak?

Ama 1998an, aita 1992an.

Nola eragin zien Mikelen heriotzak?

Zizko eginak gelditu ziren. Amak depresio ikaragarria izan zuen, urteak behar izan zituen onera etortzen. Aitak, berriz, hil egin nahi zuela esan izan zuen, Mikelen ondora joateko. Zen gizon bat oso indartsua, oso sasoi onekoa… Ezagutzen zutenek beti esaten zuten: “Gizon honek daukan osasuna! Ehun urte ere iraun behar du!”. Eta gero, minbiziak jo eta bi egunean eraman zuen.

Bularreko minbiziak jo zintuen zu.

Bai.

Esaten dutenez estres egoera gaitzak dira minbiziaren jatorrien artean.

Hala diote. Nire minbizia horren ondorio dela esaten didate. 2000. urtean sortu zitzaidan gaitza. Egia den ez dakit. Nik baino gehiago dakitenak badira esateko harremanik baden edo ez.

Dokumentala aipatu duzu arestian.

Bai. Hor nork bere esatekoa du, eta nik, esaterako, transmisioaz hitz egiten dut, zeren eta bi alaba neuzkan garai hartan, eta kasua alabei nola transmititu zen nire gaia.

Iruñean zinen Mikel atxilotu zutenean, 1985eko azaroaren 26an.

Baita ama ere, nirekin zen, aitaginarreba erresidentzian geneukalako. Goizean, telefonoz deitu zuten esanez etxeko bi anaia, Aitor eta Patxi, atxilotuta zeudela. Lanera joana nintzen ordurako, eta haraxe deitu ninduen amak. Lanean esan eta irteten utzi zidaten. Patxi Zabaleta abokatuarekin hitz egin, habeas corpus-a eskatu eta Iruñeko kuartelera joan ginen. Han zeudela esan ziguten. “Mikelek ere jakin egin behar du!”, esan genuen, eta etxera deitu genion, Donostiara, han egiten baitzuen lan. Baina inork ez zuen hartzen. Lan egiten zuen Donostiako Tranbia konpainiara deitu, eta han ere ezer ez. Lanera joan behar zela, baina ez zela azaldu. Neskalagunaren etxera deitu, eta Idoia Aierbe ere atxilotuta zegoela jakin genuen, guardia zibilek eraman zutela. “Mikel ere atxilotuta egongo da!”. Iruñean Zabaletarekin izan ginen, eta Donostian, berriz, Iñigo Iruinekin. Intxaurrondora jo zuten, ukatu egin zieten Mikel han zegoela. Are gehiago, han amari esan zioten semea galdu bazuen, objektu galduen bulegora joateko.

Hortik dokumentalaren izena! “Objektu galduak”!

Bai… “Objektu galduak”… Aitor eta Patxi arratsaldeko bietan eta hiruretan askatu zituzten, libre, kargurik gabe. Oroitzen naiz amaginarrebarekin erresidentzian bazkaltzen ari nintzela bi anaiak agertu zitzaizkidanean. Aldiz, Mikelekin batera bizi zen Manolo lehengusua eta Idoia, Madrilera eraman zituzten, Lege Antiterrorista pean.

Azaroaren 26an atxilotu, abenduaren 15ean agertu zen Mikelen gorpua. Zer izan zen egun horietan?

Istorio asko egun horietan. Hasteko, ukatu egin zuten Intxaurrondon zegoela. Gero, bertsio ofiziala zabaldu zuten, atxilotuta eduki zutela, eta itaunketan Mikelek bere borondatez aitortu zuela zulo bat zuela Endarlatsan –inoiz ez zuten esan armamentua zen, lehergaiak ziren–, eta haren bila eraman zutela Mikel, hiru guardia zibilekin. Inori ez zaio buruan sartzen zulo baten bila atxilotua eta hiru guardia zibil ibiltzea, baina hori ere esan zuten. Guardia zibil bat aurretik, bi zituela atzean Mikelek, batari kolpea eman eta errekara bota zuela bere burua. Sinestezina… Hurrengo egunean, Guardia Zibilaren sindikatu klandestinoak esan zuen ez ibiltzeko bila, Intxaurrondon akabatu zutela.

Argazkia 2014koa da, Mikel Zabaltzari egindako omenaldi batekoa.
Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press

Eta zuek?

Sinetsi nahi genuen eskapatu zela! Gero, Auritzeko kuarteleko guardia zibiletako bat Orbaizetako etxera ere etorri izan zitzaigun, esanez beste aldean halako herrian halako etxean ikusia zutela Mikel behin baino gehiagotan. Baina ez zen horrelakorik, jakina. Nola egongo zen, bada, han. Itsasoko Gurutze Gorria Mikel ustez eskapatu zen urbazterra arakatzen ibili zen, lagunak mendi inguruan Mikelen bila… Eta, horrela, bezperan Gurutze Gorria bila ibilitako lekuan, hantxe agertu zen Mikel, hila.

Hogei egun.

Ez oinutsik, ez bilutsik, ez arrainek jana. Osorik agertu zen, jantzita, bi oinetakoak zituela, arrainek ukitu gabe. Mikelek ez zituen hogei egun haiek uretan iragan.

Zein da zuen bertsioa?

Tortura pean hil zutela, bainera egiten ari zirenean, zeren eta Manolo lehengusuak aditu zituen Mikelen garrasiak, eta haren botakak. Idoiak ere ikusi zuen plastiko pean edo zer edo zer, eta gorpuzkerarengatik Mikel zela zioen. Eta guardia zibilen komentarioak: “Oso gaizki dago, joan egin zaigu!”. Horrelakoak... Manolok gure amari esandakoa: “Izeba, Mikelek ez zuen batere indarrik eskapatzeko. Nik aditu nuena aditu eta gero, Mikelek ez zuen ezer egiteko indarrik”.

Eta abenduaren 15ean, gorpua agertu zenean?

Luis Roldanek, Guardia Zibilaren zuzendari nagusia, deitu gintuen. Niri egokitu zitzaidan telefonoa hartzea. Gorpu bat eskuburdinak jarrita agertu zela Endarlatsan esan zidan. Nik ez nuen horrelakorik sinetsi nahi: “Segur nire anaia dela?”, eta “Nork behar du, bada, izan?”. Handik berehala, Efe agentziak deitu zuen: “Eta orain zer diozue?”, “Bada, uretara bota dutela, beren bertsioari sinesgarritasuna emateko”. Gero, gure kontrako salaketa jarriko zutela ere ekarri zuen prentsak, lagun batek esan zidanez, difamazioagatik, omen. Hurrena, Espainiako gobernuko presidente Felipe Gonzalezek esan zuen entenditzen zuela familiaren minak eragindakoak zirela gure hitzak eta ez zuela salaketarekin aurrera egingo.

Garai hartan Donostiako Herri Irratian lanean ari zen kazetariak esana da Mikel desagertu zenetik agertu bitartean huraxe izan zela albisteetan lehena.

Guk irrati eta prentsa bidez jakiten genituen gauzak. Lanean ari nintzela ere, ordu oro jartzen nuen albistegia, ea berririk jakiten genuen.

Eta Mikel agertu zenean?

Amorrua, ondoeza, ezina… Dena! Alde batetik, “poztu” egin ginen, agertu zelako. Hila zen, baina makurrago izango zen hila eta galdua. Alde horretatik, espero dut orain Naparraren familiak argia ikustea, hainbeste urte eta gero.

Argazkia: Dani Blanco.

31 urte honetan, Mikel Zabaltza gogoan, izan duzue laguntzarik, babesik, aitortzarik?

Jende askok gure alde egin du, izugarrizko laguntza eman digutenak. Haientzako esker ona besterik ez daukagu. Haiei esker oihartzun handia izan zuen Mikelen kasuak, eta iritsi zen gure kexa Madrileraino, eta behartu zuten azkenean Barrionuevo esatera: “Aparecerá, o será encontrado” (Agertuko da edo aurkitua izango da). Badira kontra egin dutenak ere. Instituzioen aldetik, berriz, ezer ez, Glencree-ra deitu gintuzten arte. Guretzat errekonozimenduaren balioa izan zuen hara deitzeak. Ofizialki ez da ezer, baina instituzioak egiten zuen onarpena izan zen, Mikel hil egin zutela aitortuz. Poliki-poliki, aurrera egin du horrek. Nafarroako Parlamentuan egon ginen beste zenbait biktimarekin batera, aurten Gasteizko legebiltzarrean egon gara. Bake eta Bizikidetza Idazkaritzatik gonbidatu gintuzten eta joan ginen. Instituzio batek kasu egiteak asko esan nahi du guretzat. Asko laguntzen dizu.

Nafarroako Parlamentuak Polizia indarkeriaren biktimen legea onartu zuen iazko martxoan, baina Espainiako Gobernuak errekurritu egin zuen abenduan. Aurten, Gasteizko legebiltzarrak ere onartu du gisako legea.

Eta EAEkoa ere errekurritu egin du Espainiako Gobernuak. Errekonozitu beharrean, errekurritu. Ez dute egia azalera ekarri nahi. Ez dakit zer ondorio ekar ditzakeen egia onartzeak. Bestela, ez dakit zertan ari diren errekurtsoak jartzen. Nafarroako Parlamentuak legea onartu zuen, Espainiako Gobernuak errekurritu zuen, eta EAEkoa onartu zutenean, pentsatu genuen: “Ausartuko dira hemen ere berdin egiten? Lehen ere frankismo garaian indarkeria politikoaren biktimak aitortu zituen Eusko Legebiltzarrak. Haren kontra ez zuten egin, hau ere ez dute errekurrituko, ez dira ausartuko…”. Bada, bai, ausartu dira, errekurritu dute.

Inoiz jakingo da egia?

Aitortuko dute inoiz egin zutena? Guk ez dugu batere zalantzarik, matizen bat ez bada. Badakigu zein den egia, eta hor daude prentsan argitaratutako konfidentziak eta beste guztiak. Baina hor geratzen dira informazio horiek. Beste urratsik egingo duten ez dakit. Paper klasifikatuak desklasifikatuko dituzte inoiz? Dena da galdera eta zalantza alde horretatik, baina Mikelekin zer gertatu zen kontatuta dago. Bada Mikelen heriotzaren 25. urteurrenean Arkaitz Almorzak prentsan idatzitako erreportajea, dena kontatzen duena. Mikelekin zer gertatu zen badakigu, aitorpena falta da.

Zein egunetan jaio zen Mikel?

Abuztuaren 2an.

Zer izaten da abuztuaren 2an zuen etxean?

Deus ez. Haurrek Mima deitzen zuten, eta haiek esango dute: “Gaur Mimaren urtebetetzea!”. Beti aipatzen da. “Gaur urteak egingo zituen!”.

Biktimak

“Iñaki García Arrizabalagarekin egon nintzen Nafarroako Parlamentuan, hitz egiten, gure kasuak kontatzen. Iñakiri aita hil zioten Komando Autonomo Antikapitalistakoek Donostian. Bahitu zuten eta Ulian hil [1980an]. Gu ez ezik, beste biktima batzuk ere egon ziren parlamentuan, eta beti dira askoz gehiago alde batekoak bestekoak baino”.
 

Lege antiterrorista

“Nik uste Espainiako Estatuari barkamena eskatzea dagokiola. Eta Lege Antiterrorista kendu. Lege hori indarrean dagoen bitartean, eta inkomunikazioa eta tortura, edozer gerta daiteke. Bitartean, babes osoa dute poliziak nahiz guardia zibilak”.
 

Intxaurrondo

“Intxaurrondoko buruak terrorismo delituengatik epaitu eta kondenatu zituzten. Baina Enrique Rodríguez Galindori gradua goratu zioten, domina jarri. Orduko Espainiako Barne ministro Jose Barrionuevo kartzelara sartu zuten, eta zenbat denbora egon zen? Eta nola joan zitzaizkion alderdikideak kartzela atarira, babestera? Horrela, Barrionuevok baimendu zituenak ere babesten zituzten. Hor dira horiek oraindik”.

Azken hitza: Ez objektu, ez galdua

“Semea galdu baduzu, jo objektu galduetara!”. Intxaurrondoko guardia zibilak Mikel Zabaltzaren amari esana. Ez objektu, ez galdua. Mikel Zabaltza kasua da, epaileek bitan irekia, bitan itxia. Kito kasua Espainian. Intxaurrondon guardia zibilek mutil gazte bat hila.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


2025-01-15 | ARGIA
Torturatu oro gonbidatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarean parte hartzera

“Ahots propioa duen sare bezala” gorpuztuta, eta torturatuen aitortza eta erreparazio publiko, sozial eta ofiziala helburu, otsailaren 15ean eratu eta aurkeztuko du bere burua Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Tortura jasan duten 700 pertsona baino gehiagorekin... [+]


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Errekonozimendurako bidean
Torturari buruzko III. Nazioarteko Konferentzia iragarri du Nafarroako Torturatuen Sareak

Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


ANALISIA |
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


KRONIKA | URRIAK 12, GASTEIZ
Guardia Zibilaren terrorearen apologia, plaza erdi huts batean

Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]


2024-10-09 | ARGIA
Zabalza auzia ez desklasifikatzeko, “segurtasun nazionala” argudiatu du Espainiako Justizia ministroak

Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina,... [+]


Estatuaren biktimen aitortzarako pauso gehiago emateko eskatu dio Egiari Zorrek Jaurlaritzari

Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Israelgo armadak sendagile palestinarrak torturatu izana salatu du Human Rights Watch erakundeak

Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]


Eguneraketa berriak daude