“Erremontetik ezin zaitezke bizi”

  • Gazteak dira, baina ez berriak. Josetxo Ezkurra (Doneztebe, 1992) eta Endika Barrenetxea (Hernani, 1990) erremontistek urte batzuk daramatzate goi mailan, eta ongi ezagutzen dituzte kirol honek azken urteotan pairatutako gorabeherak, erremontea hilzorian utzi zuen krisitik hasi eta jokoarekiko maitasunak ekarritako berpizkunderaino. Binakako Txapelketa bete-betean harrapatu ditugu, Hernaniko Galarreta frontoian. Ionekin ari da Ezkurra II.a, Segurolarekin Barrenetxea IV.a.

"Harrobia praktikarekin lantzen da", dio Josetxo Ezkurrak (ezkerrean). "Koopetatiba gisa funtzionatzea erabaki genuen", kontatu digu Endika Barrenetxeak (eskuinean). / DANI BLANCO

Zer moduzko hasiera eman diozue txapelketari?

Ezkurra: Nahiko parekatua dago ligaxka. Lehenetik azkenera lau puntuko aldea dago, partida batekoa, alegia. [Ezkurrak eta Ionek jada lortu dute semifinaletara pasatzea]

Barrenetxea: Hasiera onena eman diogun bikotea gara, Koteto Ezkurra eta Etxeberria III.arekin batera. Ezin gara kexatu, baina matematikoki ziurtatu nahi dugu finalerdietarako txartela.

30 lagun zabiltzate goi mailan. Osasuntsu al dago erremontea?

Ezkurra: Bi txapelketa nagusienetan jende gehiago animatzen da ikustera, batez ere finalerdi eta finaletan. Ostegunetan jende gehiago gerturatzen da, larunbatetan esku pilota, futbola eta beste kirolek osatutako eskaintza handiagoa dagoelako. Guk ezin dugu kirol horiekin lehiatu.

Barrenetxea: Kirolarioi dagokigunez, jende dezente dago, baina egutegia nola hala betetzera iristen gara, beste urteetan baino partida gehiago jokatzeak erakusten duenez. Hori bai, argi dago jende gehiago egoteak patxada handiagoa emango ligukeela. Batzuetan gertatu izan zaigu erremontistak aldi berean lesionatuta egotea, eta halakoetan gainontzeko pilotariek estuan aritzera behartzen ditu.

Erremonteak egoera kritikoa bizi izan zuen duela urte gutxi.

Ezkurra: Ni oraindik debutatu gabe nengoen, baina egia da erremontea impasse moduko batean egon zela duela urte gutxi; aurrera jarraitu edo bertan geratu. Oriamendi 2010 enpresak esfortzua egin zuen, proiektu berri bat sortuz, eta ilusioarekin eman zaio buelta. Gainera, Nafarroako Gobernuaren fundazioarekin batera eman da erremontea zabaltzeko zenbait pauso: Zaragozan jokatu dugu duela ez asko. Horrekin pixkanaka jende berria erakarri nahi da.

Barrenetxea: Guk Oriamendi 2010 flotagailu moduan hartu genuen. Ikusi genuen aurreko enpresak itxi zuenean erremontearen itsasontzia hondoratzen ari zela; ura leporaino genuen, eta helduleku gabe geratu ginen. Oriamendi 2010 izan zen une hartan hau biziberritzeko pausoa eman zuen bakarra. Gero, hilabete amaierara iristeko arazoak zeudela-eta, bide berriak eskaini zizkigun enpresak. Haietatik bat aukeratu genuen; kooperatiba gisa funtzionatzea. Hasieran kostatu da hori barneratzen, lehen hilabetea iritsi eta aurrekoaren %60 kobratzean jendeak “nik aurrekoan adina lan egin eta gutxiago kobratu dut” esaten duelako. Jende batek ez du jakin bideratzen eta utzi egin du, egoera eramaten asmatu ez duelako. Orain, portzentajeak igotzen ari dira eta datozen hiru urteak hobeagoak izatea aurreikusten dugu.

Zer egin behar da jendea erakartzeko?

Barrenetxea: Lehenengo eta behin, etxekoetatik hasi, lagunak eta beste erakarriz. Ahoz aho, txapelketaren inguruko berriak eman. Horrez gain, sare sozialen, telebistaren eta egunkarien laguntza ezinbestekoa da. Ondo deritzot Zaragozara joatea, baina han ez dugu kirolari asko batuko. Behintzat jakin dezatela hor gaudela.

Komunikabideetako oihartzunean al dago gakoa?

Barrenetxea: Bai, nire ustez hedabideak dira gehien lagundu dezaketenak. Esku pilotarekin konparatzea zaila da, baina hango emankizunekin alderatuta gureak duen kuotari dagokion dirua jasotzea ez legoke gaizki, eta berdin gainontzeko kirolekin ere: zesta punta, aizkora, sega eta beste. Ez dut uste hori betetzen denik, eta laguntza handia litzateke, dela egurrak erosteko edo beste gauzetarako. Baita kirol horien zabalkunderako ere.

Ba al dago belaunaldien arteko transmisiorik?

Ezkurra: Bai, Nafarroako Gobernuaren Fundazioak jarri ditu zenbait eskola abian. Besteak beste, nire herrian, Donezteben, Atarrabian eta Agoitzen daude. Horrez gain, Galarretako eta Euskaleko eskolek ere ateratzen dute jendea; saiatzen ari dira, jende berria erakarri asmoz. Harrobia praktikarekin lantzen da, eta hori egiteko ordua da.

Barrenetxea: Eman da, bai. Gazte asko dago, eta zaharxeagoak gutxiago daude. Beteranoetan betiko hiru izarrak geratzen dira. Nafarroan lortu da, hamalau gazte berri sartu dira, eta hemen sei gazte ditugu 18-19 urte ingurukoak; horiei gorputza pixka bat gehiago egitea falta zaie. Erremontista gehiago egotea ez da jende faltagatik, ekonomiak ez duelako uzten baizik.

Harrobitik gorako saltoa nolakoa da?

Ezkurra: Orain ez dago duela hamar urteko mailarik. Nire kasuan, sumatu nuen saltoa. 2012an debutatu arren, aurreko urte eta erdian probak egiten ibili nintzen, baina esaten zidaten oraindik itxaron egin behar nuela, indar gutxi neukalako. Azkenean, 19 urterekin egin nuen debuta, baina kostatu zitzaidan. Eta jauzia eman eta gero ere, kostatu zitzaidan estelarretara igarotzea. Pixkanaka lortu dut goian finkatzea.

Barrenetxea: Esan bezala, belaunaldi aldaketa eman da. Nik 26 urte ditut, eta duela bizpahiru urte erremontisten erdia ni baino zaharragoa zen, eta orain alderantziz da. Intendenteak lan handia egiten ari dira aurten guztia egokitzeko, eta ondo ari direla uste dut.

Nola bizi da goi mailako erremontista bat?

Ezkurra: Duela zortzi bat urte, krisiarekin, diru-laguntzak murriztu egin ziren. Orain dirua irabazten den arren, zaila da hortik bizitzea: batzuk lanean ari dira, besteak ikasten... apur bat kobratzen dugu, baina zaila da hortik bizitzea. Hala ere, sos batzuk kobratzen ditugu gustuko dugun kirola egiteagatik eta biak uztartzerik badugu, aurrera.

Ez al da inor erremontetik bizi?

Ezkurra: Urte horiek igaro ziren. Goikoek irabazten dute dirua, baina ez bizitzeko lain, kasu gehienetan. Gainera, ez dakizu etorkizunak zer ekarriko duen eta prest egotea komeni da beti ere: mina hartzen duzula edo... badaezpada ona da beste zerbait izatea, eta gehienak horretan gabiltza.

Nola ematen da uztarketa?

Barrenetxea: Bi taldetxo daude, lehengoak eta oraingoak. Lehendik daudenek 2009ra arte erremontea zuten diru-iturri nagusi. Hori aldatu egin da, eta horrela zebiltzan askok utzi egin dute egoera aldatu denean. Alderantziz gertatu da belaunaldi berriekin; ikasketekin uztartuta hasieran, lanean hasi eta erremontearekin jarraitzeko saltoa naturalki eman dute, zaletasun handia dutenez. Urrizaren kontua bestelakoa da; hark betidanik uztartu izan ditu erremontea eta ingeniaritza lanak.

Hori bai, egia da ez duzula zertan zortzi ordu sartu, bi nomina dituzulako eta lanaldi erdi batekin lotu dezakezu, baina erremontetik soilik ezin zaitezke bizi. Hemen dabilena zaletasunez ari da, eta txalogarria da, konpromiso maila handia erakusten ari direlako pilotariak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-08-26 | Jon Torner Zabala
Munduko Euskal Pilota Txapelketan, euskal pilota selekzioak lekurik ez

Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]


Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin diote 50 pilotarik

Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.


Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


2024-02-15 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Naroa Iturain, pilota epailea
“Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako”

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


2023-05-11 | Estitxu Eizagirre
Nola osatzen da Herriarteko Txapelketako talde bat 250 biztanleko herrian?

Maiatzaren 13an Larraul-Azpeitia partidak jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, eskuzko modalitatean. 18:00etan hasiko dira partidak Tolosaldeko herri txikian, eta urtetan pilota sustatzen egindako lanaren emaitza izango da: jai handi bat, lehen aldiz parte... [+]


Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]


Euskal Herriko zesta-punta liga antolatu dute, Iparraldeko eta Hegoaldeko lehiaketak bateratuta

Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko lehiaketak batu egingo dira Jai Alai League sortuz.


2022-12-15 | Jon Torner Zabala
Ados Pilota klubaren Binakakoa, ETBren programaziotik at

Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.


Eguneraketa berriak daude