Adinez txikikoen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu. Sistema patriarkaleko subjektu zaurgarrienak diren heinean, ordea, badute berezko ezaugarri bat: sufritzen dutena ezkutuan gertatu eta geratzen da, erasotzaileak haien senideak direlako gehienetan. Isiltasun horrek, baina, ezin duela errealitatea desitxuratu kontatu digute Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak eta Eraikiz elkarteko pedagogo Aitziber Bañuelosek. Indarkeria sufritzen duten umeak ez dira bat edo bi; guztiok omen dugu inguruan biktimaren bat, baita erasotzaile bat ere. Eta horrek beldurtu egiten gaitu, bazterrak ez nahastera bultzatu, arazoa konpontze aldera funtsezkoa denean gaiaz hitz egitea.
Umeak sistema patriarkalaren subjektu ahulenak direlako eta ezkutuan gertatu eta geratzen den indarkeriaren biktimak direlako heldu dio gai konplexu honi Euskal Herriko Bilgune Feministak, eztabaida eremu publikora zabaldu eta konponbideak aurkitzea xede. Kolektiboaren hitzetan, garrantzitsua da egoera horietan sortzen diren isiltasun-hitzarmenak haustea: “Horretarako, sufrimenduz betetako bizi-hastapena izan duten subjektu zaurgarriak ikusgarri egin behar dira. Lehen pausoa, haurrei subjektu izaera, ahotsa eta sinesgarritasuna ematea da”. Taldeko kide Saioa Iraola Urkiolak azaldu digunez, umeek arazoa plazaratzeko urratsa ematen dutenean, maiz ez diegu sinesten: “Haien hitza ez da kontuan hartzen eta umeen fantasia eta asmakizunak direla argudiatzen da, sarritan erasotzailea familiakoa edo ingurukoa delako”.
Sistema patriarkalean boterearen hegemonia heldua, gizona eta heterosexuala da; eta hori mantentzeko tresnarik nagusiena modu eta forma anitz dituen bortxa”, dio Bilgune Feministak. “Horrenbestez, indarkeriaren monopolioa gizon helduek dute (gehienetan senarrak, aitak, osabak, anaia nagusiak, aitonak) eta hori sufritzen dutenak nagusiki jendartean zaurgarritasun-egoeran bizi diren subjektuak dira: emakumeak eta haurrak”. Indarkeria horren gotorlekua, datuek erakusten duten moduan, familia dela dio Iraolak. “Familia egitura hori eta haren gertuko sarea dira, gehienetan, errealitate lazgarri horien isilpeko babesleku; horren adibide adierazpen hauxe dugu: trapu zikinak etxean garbituko ditugu”.
Bilguneko kidearen hitzetan, “indarkeria aldaera anitzen zutabeak estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei”. Eta horri lotuta dago gizon heldu eta heteroaren hegemonia sostengatzen duen sexualitatearen eraikuntza: “Gizonek haien gozamenerako eta onurarako nahieran erabil ditzakete inguruko gorputz anitzak; horren adibide dira sexu-erasoak, bortxaketak, publizitate sexista, haurren hipersexualizazioa edota pornografia”.
Halaber, egunerokoan (modu sotilagoan) haur guztiak zipriztintzen dituen indarkeria kultural, sozial eta sinbolikoa ere salatu du Bilgune Feministak, haur eta nerabeen bizi-ibilbidea urraketaz betea dagoen heinean: “Jendarte honetan haur guztiek genero rolen banaketa pairatzen dute jaiotzen diren mementotik eta haien sozializazio-prozesuan zehar eredu binomiala modu zurrun eta hertsian jasotzen dute”.
Indarkeria oro aintzat hartu arren, sexu erasoak nabarmendu ditu Bilgune Feministak, “eguneroko errealitatea baitira gurean”. Gaia oso delikatua da, eta ez da erraza datuak aurkitzea. Informazio falta dago eta dauden ikerketa ofizialak zaharkituta geratu dira. 1994an Felix Lopez doktoreak Espainiako Gizarte Gaietako Ministerioak eskatuta eginiko txostenean jasotzen denez, “Kanada, AEB eta Europar Batasuneko hainbat herrialdetan (Espainiako Estatuan tartean) eginiko ikerketek erakusten dute 17 urtetik beherako nesken %23-25ak eta mutilen %10-15ak sexu gehiegikeriak pairatu dituztela. Eta eraso horien %70-80a familia giroan edo haurraren konfiantzazko inguruan gertatu direla”.
Umeen kontrako indarkeria sistema patriarkalaren ezaugarri askoren ondorio da: familia eredua, gorputzen sexualizazioa, jendartearen isiltasuna eta konplizitatea, figura patriarkala, helduen nagusitasuna eta abar. Horiek guztiak dira, besteren artean, datu, ikerketa eta irakurketa gutxi egotearen arrazoi nagusiak. Ildo berean, beldurra, lotsa, errudun sentimendua, isiltasun-hitzarmena edota familia ereduaren indarraren ondorio da biktimen isiltasuna.
Bestalde, kaleko jendea “egiaren beldur” da, eta ez du informazio eta ikerketa gehiagorik eskatzen. Politikoek, horretaz jakitun, “beste aldera” begiratu ohi dute ardurak saihesteko. Bilgune Feministako kidearen ustez, “arazo bat konpontzeko lehen urratsa aitortu eta onartzea da; jendarteak begiak irekitzea nahitaezkoa da, gai honen inguruko beldurra eta tabua gainditzeko”.
Lanketa eta hausnarketa prozesu kolektibotik ateratako irakurketan argi utzi dute dimentsio zabal eta anitza duen gaia dela honakoa. “Umeen kontrako indarkeria patriarkalak ertz asko ditu, eraso fisikoez harago, arduragabekeria fisikoa eta emozionala, eraso psikologikoak, sexu-abusuak edota euren amak pairatzen duen indarkeriaren lekuko izatea”. Salatu dutenez, “azken kasu honetan legeak hutsune nabarmenak ditu, etxean indarkeria-egoerak bizi dituzten haurrak ez direlako zuzeneko biktimatzat hartzen”. Adituen arabera, haurrengan albo-ondorioak izaten ditu indarkeria mota horrek eta sarritan gaitz psikologikoak, agresibitatea edota urduritasuna eragin ditzake.
Erakunde feministak ohartarazten duen bezala, “sistema judizialaren egitura bera patriarkala da eta haien baldintzen arabera aztertzen dira kasuak. Orokorrean epaileak gizonezkoak dira, eta haurraren hitzak ez du pisurik, sarritan ez dagoelako froga garbirik. Lekukoa oro har, haurraren ama izan ohi da eta haien hitza zalantzan jartzen da sarritan, manipulazioa argudiatuta”.
Sexu abusuen kasuan oso ohikoa da hori. “Hasteko, salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen eta lortzen duten apur horiek trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre, eta zenbait kasutan gertatu den bezala, seme-alaben zaintza kentzeko arriskua hartuta”. Iraolak gehitu duenez, prozesuen geldotasuna kontuan izanik, auziak aurrera jarrai dezan aparteko abokatu bat behar izaten da gehienetan, eta askok ezin izaten dute aurrera segi, baliabide ekonomikoen faltagatik. “Azken batean, epaitegietara iristea lortzen duten salaketek bide judizial motza izan ohi dute, kasu gehienak artxibatu egiten baitira”.
Bilgune Feministak urte hasieran Gasteizen jazotako muturreko adibidea ekarri du gogora. Alicia izeneko 17 hilabeteko haurrari sexu-abusuak egin eta gero balkoitik botata hil zuen haren amaren bikotekideak. “Eusko Jaurlaritzak berak ez du indarkeria sexista gisa izendatu eta onartu. Horrez gain, zaintza partekatuaren legea onartu zenetik, epaitegietan erabakitzen diren banaketa gehienetan ez dira indarkeria sexista egoerak kontuan hartzen, eta erasotzaileei bisita-erregimena mantentzen zaie”, salatu du elkarteak.
Azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira Bilgune Feministak egin duen irakurketa ez dela zerotik abiatzen esan digu Iraolak. “Psikologo, abokatu, hezitzaile eta elkarteak lanean ari dira aspaldian, baina Bilgunetik gure ekarpena egin nahi dugu, gaia ezkutukoa dela jakin badakigulako. Umeen aurkako indarkeria lehen planora ekarri eta eztabaida publikoa sortzea da gure helburua: konpartitzeko beldurrez barnean ditugun bizipen lazgarriez hitz egiten hastea, ezkutuko errealitate anitzak bistaratu eta horietara gerturatzea; finean, ezkutuko bortxa sistema horren biziraupena onartzen duen isiltasun hitzarmenak haustea”.
Egin duten irakurketa politikoa gai honetan sakontzeko abiapuntua dela diote: “Jendarte heldu gisa dugun arduraren jabe izan behar dugu. Agintari politiko eta judizialen ardura eta inplikazioa exijitzen dugu, baina baita jendarte osoaren elkarlana ere. Hortaz, nahitaezkoa da txikitatik autodefentsa feminista lantzea eta hezkuntza eredu hezkidetzaile eta feminista baten aldeko jardunarekin jarraitzea”.
Esku-hartze sozialaren eremuan egiten du lan Eraikiz kolektiboak. Bilboko egoitzan elkartu gara Aitziber Bañuelos hezitzaile eta pedagogoarekin, umeen aurkako indarkeria azaleratzea xede, jardunaldiak antolatu berri eta txosten bat plazaratzear dutenean. Azalpenak eman bitartean zirriborro ugari egin du paperean, erdigunean “sistema patriarkala” idatzi eta “familia” hitzaren gainean boligrafoa maiz pausatuz.
Familia barruan gertatzen da umeen aurkako indarkeria kasu gehien.
Harremanak saretzeko indarkeria baliatzen dute sistema guztiek, eta familia ez da salbuespena. Babesgabetasun, inpunitate eta zaurgarritasun espazioa da, apurtzeko oso zailak diren baloreak dituena eta senideak maitatzera behartzen zaituena inolako baldintzarik gabe. Indarkeria matxistarekin gertatzen den bezala umeen aurkako indarkeriaren kasuan ere, garrantzitsua da hau, zeren eta min egiten diguten pertsonak gehien maite ditugunak direnean, defentsa mekanismoak errotik zartatzen zaizkigu. Hurbilekoen indarkeriak sortzen ditu traumarik handienak, konfiantza galera izugarria dakarrelako berarekin: Min egiten didatenak babestu beharko ninduketenak baldin badira, norengan izango dut konfiantza? Familia barruan sortzen den indarkeria da ankerrena.
Ankerrena, eta bistaratzen zailena…
Hala da, horregatik inpunitatearena. Trapu zikinak norberaren etxean garbitzen dira, besteren etxeetan sartzeko eskubiderik ez dugula pentsatzen dugu. Gainera, besteren familiak ispilu dira guretzako. Ikusten dugunean auzokoenean zerbait txarra gertatzen ari dela, sentitzen dugu gurean ere gerta daitekeela, eta beldurra ematen digu. Beldur horrek, gurean ere biktimak edota erasotzaileak aurkitzeari, besteren etxeetan muturra ez sartzera bultzatzen gaitu.
Umeen aurkako indarkeria ezkutuan geratzen da gehienetan, ez da detektatzen, are gutxiago salatu. Indarkeria matxista ari da pixkana azaleratzen, mugimendu feministak urratsak eman ditu, emakumeak batu eta ahotsa altxa dute. Umeak, ordea, ez dira gai teoria bat garatu eta taldean biltzeko, norbaitek egin behar du eurengatik: pertsona helduek. Eta hain justu, haientzat erreferentzia diren helduak dira maiz min ematen dietenak. Babestu beharko lituzketenak erasotzaile. Gai oso konplikatua da. Eta horri gehitzen badiogu sexualitatea, akabo.
Sexu erasoez ari al zara?
Bai, baina horri heldu aurretik gauza bat: Haien amek pairatzen duten indarkeriaren zuzeneko biktimak dira umeak. Indarkeriak ez du derrigor esan nahi kolpe edota irainak daudenik, ez du zertan fisikoa edo hitzezkoa izan. Adinez txikikoak indarkeria-ingurune batean hazteak esan nahi du borroka-giroa bizi dutela, maitasun eza dagoela eta komunikazio gabeziak daudela. Eta komunikazio ezak indarkeria gradu altua gordetzen du batzuetan, ez baitago indarkeria makurragorik inkomunikazioa baino.
Agerikoa ez den indarkeria oro identifikatzeko zailagoa da, eta haren inpaktua kaltegarriagoa da gainera, bereziki gauzak desberdintzeko gai ez direnentzat. Haur batek ikusten badu gehien maite duen pertsonari min ematen diotela, nork eta gehien maite duen beste pertsonak… Ez da gai ongia eta gaizkia desberdintzeko, eta ikasten ari dena bereziki etxean jasotzen du. Umeak zuzeneko biktimak dira. Bestelakoa esatea garrantzia kentzea litzateke, eta umeen babesgabetasun eta zaurgarritasuna areagotzea.
Sexu erasoei dagokienez, patriarkalak dira sexistak baino gehiago, neska eta mutilak baitira biktimak, baina erasotzaile ia denak gizonezkoak dira, eta hurbilekoak, aita, aitona, osaba... Egia da datuen arabera biktimen artean gehiago direla neskak, baina diferentziak ez dira nahikoa handiak umeen generoa arrisku faktorea dela baieztatzeko. Plazaratutako ikerketek diotenez, umeen lehendabiziko urteetan zazpi mutiletik batek pairatzen ditu sexu abusuak, eta bost neskatik batek. Adinez aurrera egin ahala neskak dira gehiago.
Zazpi eta bostetik batek, hori asko da.
Umeen %17ak sufritu ditu sexu gehiegikeriak. Kontua da denbora errealean –biktimak erasoak jasaten ari diren bitartean– kasu guztien %2 detektatzen direla, eta horietatik %1 besterik ez dela salatzen, etxekoek erabakitzen dutelako isilpean mantentzea. Zaila da beraz profilez hitz egitea, %98 ezezaguna baitzaigu. Baina ikerketa gehienak bat datoz: Umeen ia %20k sufritu du sexu erasoren bat.
Sinestea era kosta egiten zaigu…
Ikusezinak baitira, isilpean geratzen dira. Eta isiltasuna apurtzeko onena zer den? Hitz egitea. Zuri ez dizu inguruko inork kontatu umea zenean sexu gehiegikeriak sufritu zituela? Guztiok dugu inguruan kasuren bat. Ohikoa da. Galdetzeak berak ere beldurra ematen digu, ordea. Zuri bihar lagunik onenak kontatzen badizu sexu-gehiegikeriak sufritu zituela, atzekoz aurrera eroriko zara. Eta esaten badizu bere alabaz abusatu zuela? Komunera joan eta oka egingo duzu, baina ez hainbeste nazkagatik, sustoagatik baizik. “Zer demontre egingo dut nik orain?!” Biktima batzuek latzak kontatu dizkigute, pelikuletan ere ikusten ez ditugunak. Eta beldurra sentitzen dugu, beldurra biktimak gertu izateari, beldurra erasotzaileak gertu izateari.
Eta, nola egin behar zaio aurre honi guztiari?
Funtsezkoa da kontatu dizutena sinesten duzula eta oso garrantzitsua iruditzen zaizula ikusaraztea. Eta beste gauza bat: sexu-gehiegikeriek ez dituzte konpontzerik ez dauden ondorioak eragiten. Tratu txar guztiekin gertatzen den bezala, horrekin bizitzen ikas daiteke, ahaztu ez baita egin behar.
Guk, pertsona helduok, halakoak detektatu nahi baditugu, inguruari adi-adi begiratu behar diogu, zerbaitek kirrinka egiten duenean erreakzionatu ahal izateko. Era berean, umeei irakatsi behar diegu mugak jartzen, haien gorputz eta emozioak ezagutzen, eta garapen psiko-sozialerako gaitasunak lantzen. Baina umeak ezin du eragotzi sexu-gehiegikeriak sufritzea. Besterik esatea ume horiek erruduntzat jotzea litzateke. Biktimari argi azaldu behar zaio berak ezin zuela gertatutakoa eragotzi, kasu askotan ez baitago indarkeriarik, manipulazioa baizik. Berarentzat berezia den pertsona bat denean halakoak egiten dizkiona, gertatzen ari dena ulertzea ere kosta egingo zaio, eta litekeena da sexuaz gozatzea, edo parte hartzea, ez baitaki sexua nola-norekin praktikatzen den. Horrek ez du esan nahi umeek ezin dituztenik detektatu –eta komunikatu– gustuko ez dituzten jarrerak, baina harreman afektiboa dagoenean defentsak erabat jaisten dira.
Ezinbestekoa da, bestalde, agente guztiek elkarlanean urratsak ematea: justiziak, hezkuntzak, administrazioek, etikaren alorrean dabiltzanek (giza eskubideetan adituak, esaterako), biktimekin esku hartzen dugun elkarteok, parte-hartzea sustatzen dutenek… eta zuek, hedabideek.
Gomendiorik?
Ez alarma sozialik piztu, eta ez dramatizatu. Sarri entzuten dugu: “Gaixoa bortxatua izan den umea”. Ez, “gaixo” hori ken ezazu, faborez. Bortxatua izan da, kito. Albisteen bitartez pertsona horiek nola ahaldundu pentsatu behar dugu. Biktimak ez du behar irakurtzea “gaixoa zu”, zera esatea baizik: Biktimatzat aitortzen zaitut, sinesten dizut eta zure mezuarekin bat egiten dut: hau akabatu beharra dago.
Hezkuntza-esparruan haur eta nerabeek jasan ditzaketen erasoen aurrean profesionalek nola jokatu behar duten azaltzen duen protokolo berria jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Dokumentu horren helburu nagusia arriskuak garaiz prebenitu eta detektatzea da.
Bestalde, Iruñeko Andrea elkarteak emozioak eta sentimenduak ezagutu eta gidatzeko pintura tailerra antolatu du, indarkeria patriarkala jaso duten 6-14 urte bitarteko haurrentzat.
Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla eta “kaleko bortxatzaile mamuaren ideiatik” aldendu beharra dagoela nabarmendu du Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak. Ikerketak gazteengan jarri du arreta,... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]
Bi erizainetatik batek lanean eraso sexistak jasaten dituela azalerazi du Erizainen Ordenak joan den urte bukaeran egin ikerketak. 21.000 erizainek ihardetsi dute, sektore pribatu, publiko eta liberaletik. Hauetan 2.500 gizonak dira.
Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]
Gernikako saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa hasi da astearte honetan Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak 14 urteko espetxe eskaera egin du, eta akusazio partikularrak hamazortzikoa, sexu abusuak leporatuta. Lópezen defentsak adierazi du entrenatzaile... [+]
Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]
Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]
84 urteko andrea erail zuen bere semeak urtarrilaren 3an euren etxebizitzan. Kolpeka hil zuela azaldu dute zenbait iturrik. Astearte arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak Barakaldon eta Euskal Herriko lau hiriburutan.
Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.
Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.
Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]
Dozenaka lagun batu dira igandean Laudioko Herriko plazan, Ez zara fisioa, erasotzailea zara lelopean.
2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra... [+]