Herodesen garaian erromatarrek olibondoak ekarriz geroztik, hogei mendez urteko sasoi alaiena izan ohi da Palestinako herri askotan urri-azarokoa, oliben uztaroa. Aurtengoa biziki tristea suertatu da Betleem ondoko Beit Jalan: Israelgo armadak herriko soro oparoenak okupaturik bere defentsako harresia eraikitzeko, azken oliba bilketa izango dutela sumatzen dute palestinarrek. Ez nazioarteko irudiak eta ez lekuko apez katolikoen eukaristiek, deusek ez ditu gerarazten kolono juduak.
“Palestinarrek negarrez biltzen dute Cremisan ibarreko azken oliba uzta”, idatzi du Sheren Khalelek Aljazeeran. Israelek apartheid-harresia luzatzeko betirako urrundu nahi ditu Ekialde Hurbileko oliorik mitikoenetakoa ematen duten soroak bere betiko jabe palestinarrengandik.
Kazetariak ikusi duenagatik, urte osoan kasik zaindu gabe egon diren olibondoak kimatu gabe eta aspaldiko itxura itsusienaz daude. 300 hektarea bete arbola, azeitunarik ederrenak eman ohi dituztenak, ezin izan dituzte zaindu beren jabeek, armada juduak ezarritako oztopoak direla medio.
Ricardo Jaweejatek, belaunaldi askoz olibondootatik bizi izan den familiakoak, esan du: “Ez naiz etorri urte osoan zehar, begira kimatu gabeko altsuma horiei, ikus karrikatik ekarrita utzi dituzten zakarrok. Israeldarrek lurrok berenganatu behar zituztela esan zutenetik ahalegindu naiz ez etortzen, arriskutsua da hemendik ibiltzea”.
Aljazeerako kazetaria horren lekuko. Erreportajea egiten ari zela, bidean zeharkatu dute jeep militar judu bat. “Ezin dugu ezer horien kontra. Etorri eta nahi dutena egin edo harrapatu dezakete”, diotso Jaweejatek.
Gauza da Israel eta Palestinaren arteko itunak ezartzen dituen hiru segurtasun eremuetatik, Beit Jala A zonan dagoela, osorik palestinarren kontrolpean. Hori teorian da, ordea. Eremuaren erdian dago Gilo izeneko kolonia judu ilegala, eta hura defenditzeko Israelek basea ezarri du muino batean. Patruilen joan-etorriak eten gabeak dira, osorik Israelek kudeatutako C eremua bailitzan.
Beit Jala kokaturik dago Cremisan haranean, Jerusalemetik Betleemeraino luzatzen den ibar oparoan. Bere baitan hartzen du Cremisan santutegi ospetsua, ardo eta olio ezagunen ekoizlea, gaur apez salestarren jabegoa dena. Betleem inguruotan asko kristauak baitira. Palestina osoan ere 1948an %18 ziren hemen kristauak eta gaur %2 izatera murriztu dira, asko aipatu ez den exodoaren ostean.
Tel Aviveko gobernua palestinarrak Cremisaneko ortuetatik kanporatzeko operazioa hasita, Palestine Monitor webguneak egin dio hilabeteotan jarraipena palestinarren kontrako hamaikagarren zigorrari. Joan den abuztuaren 17an iritsi ziren militarrak beren bulldozerrekin eta hiru astetako lanaren ostean Beit Jalako 58 familiaren bizibidea desegin zuten, fruitu arbolak erauzi eta lurrazala hondeatuz. Ez baserritarrek, ez kazetari edo abokatuek ikusi ahal izan dituzte egindako kalteak aste luzez
Ehunka urtez arbasoak alorrotan nekazari eduki dituen Issa Elshatleh esan zuen: “Duela 2.000 urte Jesus olibondoon itzalean eseri zen! Gure lurra da, gure etorkizuna, gure historia, gure memoria. Ikusten ditudanean arbolak ebakitzen eta errotik ateratzen, nire atalak erauziko balizkidate bezala egiten didate min. Alde egiteko gogoa sentitzen dut, daukadan guztia horietan dagoelako. Baina ez dakit zer egingo duten gure haurrek”.
Bederatzi urte eman dituzte Israelgo gobernuarekin auzitan sartuta Beit Jalako baserritarrek, segurtasun aitzakian Zisjordaniako herri palestinarrak juduen bizilekuetatik, eta bide batez lurrik emankorrenetatik, bereizteko eraikitzen duten hesi erraldoiak ez zitzan zeharkatu Cremisan haraneko baratzeak. Apirilean Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien arren, gobernuak helegitea aurkeztu eta uztailean Gorenak militarrei baimena eman zien berei zerizkien lekutik urratzeko harresia.
Segurtasun aitzakian lur-lapurreta
Jonathan Cook Nazarethen bizi den kazetari ingelesak idatzia duenez, urri eta azaroko dozen erdi astez Palestinako ibar eta muinoak azeitunak biltzera etorritako familiaz betetzen dira, gazte eta zahar olibondoen oinetan beren arbasoen oso antzeko bizimodua eginez. Zisjordaniak dauzkan 10 milioi inguru olibondoen inguruan familia eta komunitateko elkartasun bat ospatzen da, mila urteotan kasik aldatu ez den komunio bat naturarekin eta bere oparotasunarekin. Israelen okupazioaz geroztik “uzta bilakatu da palestinarren azken erresistentzia gisako zerbait: gizabanakoak uko egiten dio alde egiteari, taldeak uko egiten dio garbiketa etnikoari”.
Aldi berean, garrantzia ekonomiko itzela ere badu, 100.000 familiaren eguneroko bizimodua baitago arbola horiei loturik. Olioak pisu handia du Palestinaren Barne Produktu Gordinaren %13 osatzen duen nekazaritzan.
Baina 1967an Zisjordania, Jerusalemen ekialdea eta Gaza bereganatu ostean, Israelek ekin zion palestinarren baratze eta olibadiak konfiskatu, estatuaren lur bihurtu, erauzi, batzuk nazio parke bilakatu eta horietan kolono juduen herri berriak eraikitzeari. Errotik atera eta erretako milaka olibondoak izan daitezke garbiketa etnikoaren ikur.
Beit Jalak ekoizten ditu Palestinako azeituna onenak, diote harro bertakoek, “limoi lurrina duen olioa” ematen omen dutenak. “Olioa ikusiko duzu egunero hemengo otordu guztietan, gosari, bazkari eta afari. Horregatik sekulako eragina dauka Beit Jalako jendeen bizimoduetan”, esan du herriko parrokoa den Aktham Hijazim apaiz katolikoak. Israeldarren planen kontra borrokatu dira hasieratik apaiz eta moja kristauak, Internetez erraz aurki daitezke horien argazkiak meza ematen edo otoitzean bulldozer eta patruila armatuen aurrean protesta baketsuan olibadietan.
Uztaileko epaian Israelgo Gorenak ebatzi zuen arren apartheidaren harresia pittin bat aldentzea komentu eta elizetatik, Aktham apaizak segitzen du protestak babesten: “Bakoitzak bere aldetik jota ez dugu deus irabaziko, ez santutegiek eta ez jendeak, zeren eta haiek lurra berdin urratzen segitzen baitute. Gure garaipenak ez du ezer balio ez baditugu jendea eta lurra babesten”.
Israelek ez du atzera egingo, bere lurraldea palestinarren bizkar zabaltzeko estrategia zorrotz kalkulatuta dago eta. Beit Jalako kasuan, harresiak lurrik oparoenak beren jabe legitimoei kendu eta hesiaz bestalde utziko ditu hasieran ilegalak eta denborak aurrera jo ahala behin betiko bihurtzen diren Gilo bezalako kolonien esku.
Beit Jalako olio kooperatiban ere triste daude, aurtengo uzta txarra izaten ari baldin bada ondorengo urteetarako ezin dutelako askoz hobea espero. Azeitunak bertako errotan galkatzeko zain dauden nekazarien ilaran aurten gutxi dira Cremisan ibarretik etorriak. Ricardo Jaweejat etsipenez mintzatu zaio kazetariari: noizbait bere familia Cremisan ibarrera itzuliko den itxaropena eduki nahiko luke, baina aitortzen du sekula ez duela ikusi lapurtutako lurrak berriro jabe palestinarrei itzultzen.
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
Gutxienez hamar palestinar hil eta 35 zauritu ditu Israelek Zisjordaniako Jenin hiriaren aurkako operazio militar batean, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi dutenez. Hildakoen eta zaurituen kopurua etengabe handitzen ari dela eta, kopuru zehatzak jakiteko zailtasunak... [+]
Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.
Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]
Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Gazan 2023ko urria eta 2024ko ekaina artean Palestinako Osasun Ministerioak adierazitakoa baino %40 hildako gehiago izan direla azaldu dute The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Zuzeneko heriotzak soilik hartu dituzte kontuan azterketan, hau da, bonbaz edo tiroz... [+]
Munduarenak ere egin du, sinbolo bat delako aspaldi, zeren eta historian lehenago ere egin dira genozidioak eta egingo dira gehiago (zorte txarra, aizu, han jaiotzea egokitu zaizu), baina Palestinarenak ezaugarri bereziak ditu:
"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]
Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.