“Susmoa dut gure aukeren azpitik jokatzen ari garela, herri bezala eta norbanako bezala”

  • Txinan, norbait gorroto baduzu, garai interesgarriak bizi ditzala opatzen diozu. Garai zailak, alegia. Komunikazioaren arloan dabil Xabier Landabidea, ikertzen eta saltsan, eta badaki halako sasoi batean gaudela gu, sasoi ezinezko batean. Hala ere, etsipenik ez du sentitzen; aitzitik, parte hartzeko, gauzak probatzeko eta jendearekin egoteko urrezko aroa iruditzen zaio.


2016ko azaroaren 09an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Xabier Landabidea (1981, Bilbo)

Ikus-entzunezko zientziak ikasi zituen EHUn, telebista-ohiturei buruzko doktoregoa egin zuen Deustun, eta irakasle ari da gaur egun, unibertsitate horretan. Gainera, Errota Digitala ikerketa-taldeko kidea da, eta hainbat komunikabiderekin kolaboratu du. Eremuz kanpo izeneko irratsaioa egiten du astero Eneko Olazabalekin, Bilbo Hiria eta 97 Irratietan, zinemaren eta beste hainbat konturen inguruan.

Zenbat saltsatan sartuta zaude?

Gaur egun oso zaila da gauzak bereiztea… Ikerlaria eta irakaslea naiz unibertsitatean, baina, gero, irrati libre batean hartzen dut parte. Printzipioz, bi gauza horiek ez daukate zerikusirik, baina, gero, lanetik ezagutzen duzun norbait eramaten duzu irratira, edo alderantziz. Orduan, neuk ere ez dakit zenbat saltsatan nabilen, baina oso pozik nago gaur egun egin daitezkeen gauza guztiekin nagoen lekuan.

Gauza konkretu batetik abiatuko gara orduan. Telebistari buruzko doktore-tesia egin duzu.

Ikus-entzunezkoen komunikazioa ikasi nuen EHUn. Gero master bat egin nuen komunikazioarekin lotuta eta doktoregoa egiteko aukera sortu zitzaidan Deustun, Aisiazko Ikaskuntzen Institutuan. Gaia aukeratzerakoan, nire obsesioarekin jarraitu nuen, iruditzen zaidalako gaur egun gure aisia egituratzeko moldeei buruz hitz egiten badugu, ezinbestean hitz egin behar dugula komunikabideei buruz, eta komunikabideei buruz hitz egiterakoan, erdigunean dagoela telebista. Duela 7-8 urte hasi nintzen eta oso momentu interesgarria zen, telebista zalantzan zegoelako: internet zetorren, mugak lausotzen ari ziren, eta guk sumatzen genuen aldaketak gertatuko zirela. Aldi berean, hortxe jarraitzen zuen telebistak, familiak bezala, gizarte-instituzio nagusi.

Zer jakin nahi zenuen, zehazki?  

Halako ikuspegi antropologiko batetik, interesatzen zitzaidan jendeari galdetzea oso gauza erraz bat: zer da telebista zuretzat? Hartu nituen Bizkaiko leku eta bizitza-garai oso ezberdinetan zeuden pertsonak, taldetan batu, eta halako galdera tontoak egiten hasi nintzen. Mundu guztiak daki zer den telebista, sukaldean edo egongelan dagoen zera hori, baina juntatzen dituzu 7-8 lagun, eta taldean berehala berotzen garenez, gure iritzia eman nahi dugu eta segituan pizten dira eztabaidak.

Ikuspegi antropologikoa aipatu duzu. Zer-nolako marko teorikoren arabera ikertu zenuen?

Niri garai hartan asko interesatzen zitzaidan grounded theory (teoria funtsatua) delako korrontea: aurretik finkatuta ditugun kategoria batzuetatik abiatu beharrean, utz diezaiogun jendeari hitz egin dezan, eta goazen teoria eraikitzera hortik aurrera. Zu joan zaitezke zure ikuspegiarekin eta zure goiko begiradarekin, telebistak ergeltzen duela eta abar, baina horrek ez dizu askorik balio jendearen erabilerak benetan ulertzeko. Jendearekin hitz eginda, adibidez, konturatzen zinen askorentzat oasi bat zela telebista. Horrek hobeto esplikatu dezake zergatik kontsumitzen dugun telebista kontsumitzen dugun bezala.

Nola kontsumitzen dugu bada?

Nire hipotesiak eta nire emaitzek islatzen zuten telebistak tolesdura asko dituela, ez dela beti gauza bera. Hala ere, solasaldietan behin eta berriro agertzen ziren kategoria hauek: deskonektatzea, erlaxatzea, atseden hartzea, ez pentsatzea… Horixe eskaintzen digu telebistak: ez dut liburu bat aukeratu nahi, ez dut telesail bat deskargatu nahi, nahi dut gailua piztu eta norbaitek zerbait eskaintzea. Zentzu horretan, nahiz eta sekulako aldaketa teknologikoak gertatu, telebistak sekulako indarra dauka oraindik, oso merkea delako eta oso erraz kontsumitzen delako, eta horrek izugarrizko indarra dauka gure gaur eguneko bizi-baldintzetan.

“ETB ez da izango Telecinco bezain sexista eta zabarra, baina hor
ari da jokatzen”

Eta telebista ikertzen duen pertsona batek nola ikusten du telebista?

Bada, gutxi ikusten dut, asko sufritzen dut-eta. Hamaika Telebistaren zale handia naiz, badakit oso minoritarioa dela, gainera euskaraz, eta oso modu prekarioan ari direla lanean, baina asko gustatzen zait, iruditzen baitzait arakatzen ari direla eta saiatzen ari direla bide batzuk zabaltzen euskal telebistagintzan, azkura eragiten diguten gizarte-gai batzuk azaleratuz.

Zerekin sufritzen duzu?

Telebista normatiboagoarekin, batez ere ETBrekin. Oso hurbiletik sentitzen dut min hori: egin den ahalegina eta gero, instituzionalizazio maila handi batera heldu ostean, zer ereduri jarraitzen ari zaion eta zertarako erabiltzen ari garen 1.000 lagun enplegatzen dituen irrati-telebista publikoa, oso mingarria zait hori.

Zure ikuspegitik, zer arazo ditu ETBk?

Bi problema nagusi ikusten dizkiot. Batetik, une batean hautatu zen publizitatearen bidez ko-finantzatzea irrati-telebista publikoaren eredua, eta erabakiaz eztabaida genezake, baina kontua da, une batetik aurrera, publizitatearen sarrerek sekulako garrantzia hartu zutela.

Bestetik, audientzien joko konkretu batean erori da bete-betean, eta ez daukagu euskal ikus-entzunezkoen audientzia neurtzeko paradigma/parametro propiorik. Dagoenarekin jokatzen dugu eta, horretan, pastelaren zati gero eta txikiagoa jasotzen dugu, eraldaketa oso sakon batzuk gertatzen ari direlako.

Noren erritmoan ari da dantzan?

Azken batean, ETBk hurbildu nahi du Espainiako kate pribatu arrakastatsuek sustatzen duten eredura. Hori problema bat da ideologikoki, uste baitut ez genuela horretarako sortu komunikazio-egitura publiko bat, eta problema bat da negozio-ereduaren ikuspegitik, ez dutelako lortzen eta ez dutelako lortuko. ETBk ez du lortuko Telecincok edo La Sextak daukan potentzia komunikatiboa, haiek hobeto egingo dutelako; guk, azkenean, egingo dugu haien kopia nolabait gaingabetu, nolabait euskaltzale, nolabait sozialki onargarriago bat, kakotx guztiak jarrita. Ez gara izango Telecinco bezain sexistak eta zabarrak, baina hor ari gara jokatzen. Eremu gris batean geratzen gara eta nire ustez ez da batere interesgarria, eta gainera, ez du funtzionatzen. Leire Palaciosek Maite Iturbe zuzendariari egin zion elkarrizketan nabarmen agertu zen eusteko sentsazioa erakutsi nahian dabiltzala, baina beherakadan doaz, beren funtzio publikoa galduta, eta, okerrago iruditzen zaidana, ez dira ausartzen gaur egun irrati-telebista publiko batek eduki beharko lukeen funtzioa berrasmatzera.

Zein izan beharko litzateke irrati-telebista publiko baten funtzioa?

Bada ez dakit, baina nik uste dut funtzio klasikoa berreskuratu beharko genukeela, Ilustrazioaren balore horiek: entretenimendua, informazioa eta formakuntza. Baina, gaur egun, ekosistema guztiz aldatu da. Adibidez, lehen, telebistak albisteak eman behar zituen, telebistak ematen zuenean jotzen zen albistea benetakotzat. Gaur egun hori zalantzan dago, orduan esango nuke telebistaren erritmoa birpentsatu beharko genukeela, eta funtzio publikoa duen telebistari beste patxada bat eman, astekariaren ideiarekin lotuta: zergatik ez ditugu aurreko asteko gaiak lantzen, edo testuinguratze-lan bat egiten… Justu kontrakoan ari gara, ordea.

Argazkia: Dani Blanco.

Laborategien garrantzia azpimarratu izan duzu.

Hiru laborategi behar ditugu. Edukien laborategi bat: Hamaika eta tokiko telebistak badira, eta ETBko zenbait eduki ere bai. Audientzien laborategiak ere behar ditugu: 400 audimetro dauzkagu EAEn, horien bidez neurtu eta ezagutu ote ditzakegu egoera soziolinguistiko oso ezberdinetan bizi diren bi milioi pertsonaren ohiturak eta praktikak? Badakigu ezetz. Orduan akaso behar ditugu beste hurbilketa batzuk, beste neurketa gureago batzuk… Eta hirugarrena, maila politikoan, beste laborategi edo prozesu parte-hartzaile bat behar dugu, nahi dugun eta gure ondoren datozenek urte batzuk barru behar izango duten irrati-telebista publikoa zelakoa izan behar den pentsatzeko. Nik uste dut hortik doala alternatiba: pentsa dezagun eta egin dezagun eta pentsatzeko egin dezagun.

Deustuko Unibertsitatean zabiltza irakasle.

Bai, eta oso pozik nago. Ea, unibertsitateak oso egitura mediebalak dira, oso konplexuak eta oso ez-eraginkorrak, erakunde asko bezala. Momentu honetan, eraso neoliberal oso gogor baten aurrean daude, etengabe frogatu behar dute beren bikaintasun maila parametro konkretu batzuen arabera, eta etengabeko lehia dago, ez horrenbeste ikertzeko, baizik eta aldizkari jakin batzuetan artikuluak argitaratzeko. Hala ere, unibertsitateak badu parte erromantiko hori ere, ezagutzarekin eta ideiekin lan egiten du, ikasleekin kontaktuan gaude, ikasleak etengabe dira gazteak, gu zahartu arren… Oso estimulantea da.

Nola eragiten dizue irakasleei eraso neoliberal horrek?

Asko etsitzen nau presak, egin, egin eta egin behar horrek: jende asko ari da antsietate-bajak hartzen, sekulako presioa dago, asteburuetan denok egiten dugu lan, iluntzeetan denok egiten dugu lan… Xabier Gantzarainek hauxe esan zuen artean lan egiteaz, eta gurean ere halako zerbait gertatzen da: onartzen duzu gustatu egiten zaizula eta horregatik egiten duzula, baina esplotazio-karga nabarmen bat dauka. Gainera, uste dut areagotzen ari dela joera.

Zer iruditzen zaizu Deustuko Unibertsitatea?

ETBri ikusten dizkiodan kontraesanak ikusten dizkiot Deusturi ere: besteen parametroen arabera dihardu eta etengabe galtzen du; ez du pentsatzen ea zer-nolako ekarpena egin beharko lukeen gureagoak edo gureak liratekeen parametroetatik. Gure benetako helburua al da, adibidez, ingelesezko aldizkari batean argitaratzea, berdin izanda zeri buruz idazten dugun, ala Euskal Herriarekin lotutako gaiei buruz aritu beharko ginateke? Ikertzaileak bultzatu behar ditugu nazioarteko tesiak ingelesez aurkeztera ala euskarazko tesiak aurkezteko plan bat izan beharko genuke, jakinda inportantea dela ezagutza hizkuntza propioetan zabaltzea eta guk bakarrik egin dezakegula hori, euskal unibertsitate bezala?

Nola lotzen dira ikerketa eta pasioa?

Zeuk benetan egin nahi dituzun gauzak egiteko beste bide batzuk aurkitu behar dituzu, unibertsitateak diru-iturriak behar baititu, eta bezeroak markatzen dizu, nolabait, zertan ikertu dezakezun eta nola. Neu juntatu naiz neuk bezala gauzak egin nahi zituztenekin, kasu honetan Gorka Salces eta Koldo Diaz Bizkarguenagarekin, eta egitura inprobablea sortu genuen: Errota Digitala. Koldo Mondragon Unibertsitatean zebilen, Gorka EHUn eta ni Deustun. Geure unibertsitateek baimena noiz emateko zain egon gabe, erabaki genuen elkartea sortzea gauzak egin ahal izateko. Behin elkartea sortuta, unibertsitateak ondo hartzen du. Alderantziz, baimena eskatuz gero, zailagoa da.

Zirrikituak bilatu behar dira, aurkitzen dituzunean errekonozitu, eta noizbehinka zuk zeuk eragin zirrikitu horiek. Ez du sekulako kolpea izan behar, baina batzuetan bultzada batekin posible da arrakalak zabaltzea. Zeren, bestela, elefanteak eramaten zaitu beti.

Izango garelako garela dio zure Twitterreko biografiak. Azalduko al zeniguke zer esan nahi duen horrek?

Beñat Irasuegirekin konpartitzen dut lema hori, etorkizunaren nostalgia. Honatx nire baikortasunaren gakoa: aukerak hor daude, errekonozitu ditugunak eta oraindik errekonozitzeko dauzkagunak. Ez dakit zer izango garen, baina nik uste dut ausartu beharko ginatekeela irudikatzera zer izan nahi genukeen, eta hortik aurrera abiatu, gure lan-lekuetatik eta militantzia-lekuetatik eraiki, eta gozatu dezagun bide horretan.

Azken hausnarketarik?

Susmoa dut gure aukeren azpitik jokatzen ari garela, herri bezala eta norbanako bezala. Zentzu objektibo batean hitz eginda, garai ezinezko batean bizi gara, tresna eta aukera ia-ia infinituak dauzkagu informatzeko, jendearekin harremanetan jartzeko, ezagutzeko… Eta nola kudeatzen dugu hori? Bada, aurrez ezagutzen ditugun erreferentzietara biltzen gara. Uste dut apur bat alferrak garela. Horrekin ez dut egin nahi halako diskurtso bat, super pasiboak garela eta denok gaudela super alienatuta. Lehen pertsonan ari naiz: uste dut gauzak egiteko aukera askoz gehiago daudela, norabide askotan, benetan egiten ditugunak baino.

Biba Bilbo

Bilboko Begoña auzoan jaio, erribera ertzeko unibertsitatean lan egin, Otxarkoagan bizi: bere hiriaz galdetu diot Landabideari. “Ni errepresentatzen nauen sentsibilitate politikoarentzat etsigarria da Bilbo: kontserbadorea, oso klasista, konformista eta atzerakoia, abertzaletasun-berniz baten atzean. Aldi berean, erremediorik gabeko baikorra naiz: zer gauza interesgarriagorik Bilbok Euskal Herriarentzat egin dezakeena asmatzeko lana baino?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telebista
2024-12-11 | Julene Flamarique
Badator Begizta, euskarazko telebista kanalen bilgunea

Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzeko sortu du erreminta Izarkomek. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da erabilgai Begizta, oraingoz Izarkom eta Onaro operadoreetan. Edukia hainbat gailu ezberdinetan ikusteko aukera emango du, baita bost profil... [+]


'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Plano aldaketa azkar asko dituzten marrazki bizidunen eragin negatiboa aztertu dute

Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.


Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


Nerabeek ez lukete egunean ordubete baino gehiago igaro behar pantaila aurrean, ohartarazi dute

Espainiako Estatuko 12 eta 17 urteko gazteek sarean sei ordu baino gehiago pasatzen dituzte egunean, eta bost gaztetik batek pantailekiko menpekotasuna garatzeko arriskua du, dio Somos Conexión telekomunikazio kooperatibak. Udako oporretan haur eta gazteek pantaila... [+]


2023-05-12 | Sustatu
Casting deia musean aritzeko euskarazko telebista saio baterako

Kanaldude Nafarroa Behereko tokiko telebistak duela gutxi berritu du webgunea, eta hedapena zabaltzea erdietsi ere; eta orain beste mugarri interesgarri bat probatzera doaz: Mus lehiaketa bat telebista emankizun moldean antolatua. Bikote bila casting irekia deitu dute, Euskal... [+]


2023-05-05 | Euskal Irratiak
Etxeko telebistetara jauzi egin du Kanaldudek eta webgunea berritu dute

Kanaldudek internetetik gure etxeko telebistetara jauzi egin du. Oraindik goiti, Free, Bouygues eta Orange internet hornitzaileen telebista boxen bidez ikusten ahalko da. Orain lanean ari dira SFR-en bidez ere ikusi ahal izaiteko. Horrez gain, webgune berria estreinatu dute... [+]


Espazioa

Jai egunen bezperan lagun bat eta biok lortu dugu elkartzea pote bat hartzeko. Mahaian jarrita gaude, labur bada ere, gure azkeneko kontuez jarduteko. Lagun kutuna dut, baina gure bizitzengatik nahi baino gutxiago egoten gara.

Tar-tar goxoa darabilgu. Gutxira, gazte kuadrilla... [+]


Albistegiak

Aspaldian nengoen Teleberria ikusi barik, baina harira ez datozen arrazoiengatik parean tokatu zaizkit larunbat eta igande gauekoak. Eta argi geratu zait zergatik laga nion telebistako informatiboak jartzeari.

Duela urte asko oso gustukoa nuen albistegiak ikustea, baina... [+]


2022-11-08 | ARGIA
Sarean euskarazko edukiak kontsumitzeko gida

Euskarazko ikus-entzunezkoen presentziaren alde lanean ari den Pantailak Euskaraz ekimenak Pantailaldia deitu du azaroaren 11tik 18ra. Horren harira, sarean euskarazko edukiak kontsumitzeko dauden aukerekin gida bat zabaldu dute. Dozenaka aukera jasotzen dira bertan, eta... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute “The Lord of the Rings” telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude