Matthew urakanak Haiti jo zuen urriaren 4an, Ameriketako herrialderik txiroenaren mendebaldean sekulako txikizioak eraginez. Hilabete geroago, ia 900 hildako zeuden kontabilizatuta, eta kolera izurritea zabaltzen ari zen hiri eta baserrietan barrena. Hondamendi naturala aipatu den arren, Haitiko ezbehar berri hau da ehunka urteko desastre politiko, ekologiko eta sozialek eragin eta larriagotutako katastrofea.
2007an bereak eta bi egin zituen Felix urakanaz geroztik Matthew izan da Karibea astindu duen 5. mailako lehenbiziko zikloi tropikala. Kolonbian hildako bat utzi du, 4 Errepublika dominikarrean, 49 AEBetan... bakar bat ere ez mota guztietako krisiei aurre egiten eredugarri den Kuban. Haitin hildakoen kopurua ia 900era iritsia zen azaroaren hasieran, baina zenbait adituk 1.500 edo gehiago izan direla uste du. Estatistiketarako betarik ez dauka Ameriketako herrialderik txiroenean munduko gizarterik zanpatuenetakoa kudeatzen duen sasi-estatuak.
Haiti ekaitz erraldoiak harrapatu du oraindik burua jaso ezinik zebilenean 2010eko lurrikaratik. Urtarrilaren 24 hartan Richter eskalako 7. mailako astinduak sekulako triskantza eragin zuen, iturri batzuen arabera 100.000 eta 160.000 artean hildako, Port-au-Princeko gobernuaren kopuruetan 300.000tik gora hamar milioi eta erdiko populazio batean. Hondamendi bakoitza da Apokalipsia hemen.
“Baina gertatua ez da naturala izan”, idatzi du Laura Wagner antropologo iparramerikarrak. “Hemen hondamendien sustraiak daude faktore sozioekonomikoetan eta bortizkerian [‘slow violence’], hondamendien kalteak izugarri nozitzen dituzte hirietako txabolategi mukuru betetako zein urrun bakartutako herrixketako jende txiro baztertuek. Matthew urakana bezala 2010eko lurrikara dira Laurent Dubois historialari haitiarrak aftershocks of history deitzen dituenak, mendeetako gertakizun politiko, ekologiko eta sozialek eragindako oihartzunak”.
Wagnerrek antropologiako tesia Haitin egin zuen, 2010eko lurrikararen eraginetan ikertuz. Orduan hiriburua eta inguruak birrindu zituen katastrofeak, izuak eta goseak eraginda milaka haitiar eramanaz Tiburon lur muturrera eta bereziki Grand’Anse eskualde naturaz aberatsera. Oraingoan alderantziz gertatu da eta gaur Port-au-Princera ikasketetara edo lan bila joandako herritarrak dira Grand’Anseko familien berririk gabe geratu direnak.
Askorik aipatzen ez den arren, Haitiren antolaketa hiper-zentralizatuak areagotzen ditu kalteak. Lurrikarak txirtxilatu zuen hiru milioi biztanletik gora –herrialdearen herena– bidonville txabolategietan pilatzen dituen hiriburua. Orain urakanaren azioak are gaiztoago gertatu dira mendebaldeko sarrera-irteerak arras kaxkarrak direlako. Argindarrik gabe, uholdeek zubiak eramanik, kaltetutako populazioak isolaturik geratu dira aste luzez.
XVIII. mendean Frantziak munduko nekazaritza instalazio emankorrena bihurtu zuen Haiti, milaka jenderen esklabotzan oinarrituta. Haiek ezarritako eredu zentralista, hiritarrak eta baserritar morroiak erabat bereizten zituena, gaurdaino heldu da, administratzaile bakoitzak –AEB okupatzaileek 1915-1931 epean, Duvalier diktadore neokolonialek geroztik...– okerragotu du lurraldearen antolaketa buru gabea. Matthewk milaka herritar gehiago eramango ditu bortxaz Port-au-Princera, han direlako nazioarteko indarrek eta GKEk banatzen dituzten laguntza gehienak.
Lagun batek idatzi dio Wagnerri Haititik esanez irratian norbaiti entzun diola ekaitz hau gaiztoagoa izan dela duela sei urteko terremotoa baino. “Harritu ninduen, ezin baitira alderatu orduko eta oraingo biktimen kopuruak. Gero ohartu naiz, ordea, nazio osoa elikatzen duen mendebaldea birrindu duela Matthewk, zuhaitz bakar bat ez duela zutik utzi, soroetako uzta guztiak desegin dituela, eta agian arrazoi zuela”.
Bakegileak eta gosetearen industria
Urriak aurrera egin ahala, Haitik hedabide nagusietara iritsitako irudiak aberastuz joan dira, alde batetik laguntzaz betetako hegazkinak iristen mundu osotik, bestetik kolera izurriteak hildakoen lehenbiziko albisteak.
Baina kasu kolerarekin, dio Wagnerrek. “Ez duzu pentsatu behar hondamendiak automatikoki dakarrela kolera. Izurriterik ezin da gertatu koleraren bakteriorik ez den lekuan, denik eta txiroena izanda ere, eta Haitik ez zuen kolerarik Nazio Batuen Erakundeak bake misioz bidalitako militarrek zabaldu zuten arte 2010ean”. Hilabete gutxitan 9.000 jende hil eta milioi erdi gehiago gaixotu ziren, ustez haitiarrei laguntzera NBEaren MINUSTAH operatiboan iritsitako militar nepaldarrek sarturik.
Fabrizio Lorusso kazetariak, “Haiti, gosetearen industria” liburuaren egileak, La Jornada egunkari mexikarrean geopolitikan eta historian kokatu ditu herrialde honen malurrak: “El vudú neocolonial contra Haití”. Munduko lehen errepublika beltz eta esklabotzarik gabekoa izana baita Haiti, 1804an Napoleon Bonaparteren Frantziari independentzia irabazita.
Geroztik potentzia handiek sistematikoki ebaki dizkiote hegalak. Frantziak 1825ean kolonoek bertan utzitako ondasun eta esklaboen kalte-ordaintzat 150 milioi franko urrezko pagatzea eskatu zion Haitiri eta beste potentzia handiekin batera blokeoa ezarri. Pagakizunek 125 urte iraun zuten. Tartean, 1914an AEBetako soldaduek inbaditu zuten Haiti, gerra mundialaren aitzakian; bertan geratuko ziren 1935a arte.
1950eko hamarkadan hasi zen Duvaliertarren agintea, François Papa Doc lehenbizi, haren seme Jean-Claude Bébé Doc gero 1986 arte. Terrorezko istoriorik nahi duenak, aski du haien borrero eskuadrak ziren Tonton Macouteen balentriak irakurtzea. Duvalier Parisen hil zen bake ederrean 2011n. Aldiz, herritarren botoz hautatutako Jean-Bertrand Aristide teologo ezkertiarra bi aldiz kendu zuten militarrek bortxaz, 1991n eta 2004an. Bigarrenean bidali zituen Nazio Batuen Erakundeak tropa bakegileak, eskuinak agintea benetan galtzen duen aldi oro ongi antolatu ohi duen kaosa harturik estakuru.
“Haitiren zorigaitza askoz gehiago dago lotua geopolitika eta ekonomiarekin, naturaren apetekin baino”, idatzi du Lorussok. 2010ean Bill Clintonek publikoki eskatu zuen barkamena bera agintean egondako urteetan Haiti derrigortu zuelako AEBei arroza erostera. AEBek diruz lagunduta bere nekazaritza industriala babesten zuen bitartean, baserritar haitiar asko hondoratu eta txabolategietara emigratzera behartu zituen. Baina Clintonen hitzek ez dute aparteko aldaketarik ekarri; aldiz, haitiarrek beren elikatzeko moduak aldatu dituzte bortxaz.
Herrialdea konponbiderik gabeko txirotasunean hondoratuta, 10.000 GKEk kudeatzen dituzte nazioarteko laguntza humanitarioak. Laura Wagner, hondamendietako antropologoa: “AEBetako eta Frantziako leku asko aberats eta indartsuak dira Haiti bezalako beste asko txiro eta ahulak direlako. Gu hemen gaude haiek han daudelako”.
Orain dela hilabetetxo batzuk eztabaida bizia piztu zen sare sozialetan. Bi bando buruz buru: Euskal Herria kolonia bat ote da? Nire uste apalean, ika-mika haren muina kolonialismo eta inperialismo hitzen definizioan zegoen, oso modu ezberdinean erabiltzen ari baitziren hitzok... [+]
Irlan egon da maiatzaren 23an Frantziako presidente Emmanuel Macron eta loialistekin zein independentistekin, alde guztiekin bildu da. "Elkarrizketa politikoa" abiarazteko prestutasuna erakutsi die, baina independentistek diote horretarako baldintzarik ez duela jarri.
Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]
Internet eztabaidan dagoen lurraldea da. Eztabaida horiek gure demokrazien etorkizunari eragiten diote, baita klimarako eta gizarte eta ingurumen-justiziarako hartuko ditugun bideei ere. Borroka hauetan, gure lana egin dezagun, beharrezkoa dugu interneten dinamika ezagutzea... [+]
Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak... [+]
XX. mendetik hitzen beldur larri batekin atera gara. Ez gara gehiago menturatzen gauzak izendatzera, dena zirkunboluzio, metafora eta eufemismo gabiltza errealitatearen latza leundu nahi bagenu bezala: Elkanok ez zuen Portugaleko erregearen ametsa partekatzen eta engoitik... [+]
Geu Afrikarrok erakusketa ikusgai da otsailean Gasteizko Montehermoso kulturunean, eta hainbat ekimen antolatu dituzte horren bueltan. Ostiral honetan egingo duten "Begirada kolonialak, ikus-entzunezko baliabideak eta estereotipoak" solasaldiko parte-hartzaileetako... [+]
Ura baliabide preziatua bada, are gehiago da Hego Amerikako txokorik lehorrenetan dagoen Argentinako Mendoza eskualdean. 2019an herritarren errebolta batek lortu zuen meatzaritzako multinazionalek hango ur apurrak zianuroz ez kutsatzeko lege bat aurrera ateratzea. Baina... [+]
Total Energies multinazional frantsesak eta CNOOC China National Offshore Oil Corporation txinatarrak "karbono bonba" ikaragarria dute xede Afrikako Tanzania eta Uganda herrietan: bertako petrolioa ateratzeko 400 putzu eta horiek esportatzeko 1.443 kilometroko oliobide... [+]
Eguneroko ariketa inkontzientea gai bilakatu da Euskal Herriko egonaldian. Ez daramazkit egun asko eta jada arnasa estutu zait behin baino gehiagotan... Begirale moduan nabil ene herria bilatu eta berrezagutu nahian. Lehen ez ote nituen gauzak ikusi nahi edo atzerapauso galanta... [+]