Irakurleak galdezka

Kaixo. Kotxinilla zuriaren izurriterako tabakoarekin tratamendua egitea aholkatzen duzu. Zigarro edo puruekin egin daiteke, edo belarra behar du izan? Zer proportziotan? Eta bukatzeko: amona mantangorrien larbak erosi ditut, entzun baitut kotxinilla eta zomorro txikiak jaten dituztela. Tabako belarraren tratamendua martxan jartzen badut egokia da mantangorriak zabaltzea? Mila esker.

Karlos Larrañegi (Zarautz)

Kaixo Karlos. Nikotina da tratamendurako erabiliko duguna. Beraz, aipatzen dituzun horietako edozein egokia da, zigarro, puru edo belar. Gaur egun hain hedatua den “liatzeko” tabakoarekin egitea oso erraza da. Hau da nire ustez formula eraginkorrena: litro erdi bat alkohol eta beste hainbeste ur nahastu eta 100 gramo tabako sartu. Hamabost bat egunez beratzen utzi. 100 gramo xaboi neutro gogor birrindu eta hamar litro uretan urtu. Tabako ura eta xaboi ura nahastu.

Deskuiduan intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoari izurrite esaterik ez bada, tratatzeko erantsi beste hogei litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu. 

Nikotinak intsektu guztiei erasotzen die, baina batez ere harrei, azal ahulena dutenei. Beraz, mantangorrien harrak tratamenduak egin ondoren zabaltzea hobe litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galderak
Eguneraketa berriak daude