Gazte zara gazte, literatura zale, zer edo zer idazten duzu, baina inor gutxi duzu inguruan zure lanaz iritzi kritiko bat ematen dizunik. Beka deialdietan eta sariketetan saiatu izan zara, emaitza handirik gabe. Gazte zara gazte, literatura zale, segi nahi zenuke idazten, baina gero eta testu gutxiago gordetzen duzu kaxoian.
Hamar dira helduentzako literatura liburu bat argitaratu duten 30 urtez azpiko euskal idazleak: Alaine Agirre, Itxaso Araque, Amaiur B. Blasco, Hedoi Etxarte, Gari Irazusta, Anartz Izagirre, Gorka Salces, Danele Sarriugarte, Garazi Ugalde eta Samara Velte (Kattalin Miner, laster). Agirre, Blasco, Etxarte, Irazusta eta Velte kenduta, gainontzeko bostak beka edo sari baten bidez atera dira plazara –Irazustarena, berriz, autoeditatua da–.
Bestalde, 20 urteko aldea dago hemen izan diren azken bi literatura banden artean –1993an manifestatu zen Lubaki Banda, 2013an bota zuten iepa-kaixoa ITU Bandakoek–. 20 urte, beren udazkeneko orbel eta guzti, 7.306 egun, beren ilunabar malenkoniatsuekin, literatura egiteko jarraikortasunez elkartu diren azken bi gazte-taldeen artean –Vladimir aldizkarikoak edo Kevin Heredia defuntua salbatu daitezke agian–. Zerk batzen ditu bi datuok, pentsa lezake inork, zertarako aritu kiribila kiribiltzen, funts handirik gabeko loturetan aztarrika, balizko krisialditxo bat iradokiz, noiz eta orain, euskal literatura Marino Jaizkibelen gora baino osasuntsuago dabilen honetan.
Demagun, ordea, datu horien atzean badagoela aztergai interesgarri bat, badaudela aletzeko moduko arrazoiak, eta, ikerlari trebatu hark nola, galderari buelta ematen diogula: zer dela eta hasiko da egun gazte bat, lanetik leher eginda etxeratu, entsalada zarpail bat irentsi, kafe kikarari zanga bat eman, ordenagailuaren aurrean jarri eta, konparazio baterako, nobela gotor bat idazten (salbu eta ez duen naturaz gaindiko barne indarra, edota literatura funtzio terapeutikorako erabiltzen?), Ramon Saizarbitoriak esana du –eta Ustela, Oh! Euzkadi eta garai hartako literatura aldizkarietan aritutako gazte askok sentitu izan dute antzera–: hastapenetan, inguruan talderik eduki gabe idazteak ez zukeela zentzurik izango. Taldeko guztien artean herriaren alde zerbait egiten ari zirela konturatzeak motibatzen omen zituen idazten segitzera. Zer gertatzen da, ordea, Lubakiko kanatsuen eta ITUko azal leunen arteko bi hamarkadetako arima bakartiekin? Zergatik itsatsaraziko dituzte ipurmasailak eserlekura ordu luzez, literaturari erabat emanak? Euskal kulturaren alde? Nazio eraikuntzan beren hondar alea jartzeko?
IKEAko aitzakiak, esango du norbaitek, arrazoi handiz. Baiki, idazteko zinezko gogoa duenak berdin topatuko du horretarako astia eta modua atzo, gaur edo San Fermin egunez. Baina hemen mahai gaineratu nahi den auzia beste bat da: panorama horretan, ea literaturgintza probatu nahi duen gaztearentzat baldintza egokienak ote diren egungoak, edo, bestela esanda, baldintzak bestelakoak balira, ez ote legokeen literatura mugimendu sendoago bat gazteen artean. Edo hirugarren modu batera planteatuta: ba ote dagoen borondaterik gazteen literaturgintzarako jauzia pixka bat kolektibizatzeko, irabazle bakar bat (eta galtzaile asko) onartzen duten beka eta sarien egungo eredua gainditu eta bestelako formulak asmatzen hasteko.
Ekaitz Goienetxea:
“Literatura lehiaketek badaukate alderdi hori: baztertzaileak dira. Niretzat ankerrena aipamenik ere ez jasotzea izaten zen. Ez nekien testu hark inolako balio literariorik ote zuen ere”
Itzul gaitezen Saizarbitoriaren hitzetara: “(Sariketena) oso gai serioa da, zeren, norbait saritzen den bakoitzean, beste batzuk uzten dira saririk gabe”. Pelloren egia ematen badu ere, esaldiak badu mamia, zer esanik ez sariketa horietan parte hartzen dutenak gazte hasiberriak badira. ITU bandako Itziar Ugartek adierazi du berriki: “Gazteoi askotan argitaratzeko gelditzen zaigun bide bakarra lehiaketetan aurkeztea da, eta gero, horien bitartez, argitaletxeetarako saltoa egitea. Sistema horrek, lehiakortasuna sortzeaz gain, testu asko kaxoian gordeta uztea dakar. Horregatik sortu dugu Lekore, gazteon testuak libreki argitaratzeko espazio bat behar genuelako”. Horixe, Lekore aldizkaria, funtsean: egun dauden joko arauei aurre egiteko saiakera bat.
Bekak eta sariak aho biko ezpatak dira, idazteko zaletasuna eduki bai baina sekula deus argitaratu ez duenarentzat: irabaziz gero, norbere lehen lana argitaratzeaz gain, aurrerantzean idazten jarraitzeko akuilu izan ohi dira. Aldiz, gerta daiteke deialdietara aurkeztu eta puska batean saririk jasotzen ez duen gazteak etsi eta literatura asmo oro betiko baztertzea. Ez, ziur asko, sariekin edota argitaratzearekin itsututa zegoelako, ez bere burua egunkariko kultur orrialdeetan irudikatzen zuelako, opera prima besapean eta titular arranditsuak jaurtikiz. Literaturatik aldenduko da, batez ere, ez duelako topatu –gertuko adiskideez gain– bere lanaren feedbacka emango dion inor, deus ganorazkoa, txarra edo mediokrea egin ote duen argudiatuko dion inor, eta, besterik ezean, irabazi ez dituen bekek eta sariek bete zezaketelako funtzio hori –eta, noski, erantzunik eza ulertu duelako erantzunik eza ulertu ohi den bezala–.
Sumatu izan du feedback horren falta Ekaitz Goienetxeak –berriki Igartza Saria jaso duen bermeotarrak–. Orain bi urte Gabriel Aresti ipuin lehiaketara bi lan aurkeztu eta biak saritu zizkioten. “Ipuinetako zaharrenak, beste lehiaketa batzuetara aurkeztu arren, ez zuen inoiz aipamenik txikiena ere jaso. Ordura arte ikusezina izan zen. Literatura lehiaketek badaukatelako alderdi hori ere: baztertzaileak dira. Niretzat ankerrena aipamenik ere ez jasotzea izaten zen. Ez nekien testu hark inolako balio literariorik ote zuen ere. Ondo legoke gutxienez testu iruzkin labur bat jasotzea epaimahaikoengandik, hobetzeko ezer ikusi duten, zer gustatu zaien eta zer ez, gomendiorik ote duten”. Hutsune horri erantzuteko modua bururatzen zaio: literatura lehiaketetatik aparte, irakurle kritikoen sare bat sortzea, edozein idazle hasiberrik –edo ez hain hasiberrik– bere lanak bidali ahal izateko. Bide batez, Goienetxeak gehitzen du: “Bost urteko aldea dago Gabriel Aresti lehiaketara bidali zituen bi ipuinen artean: zaharrena idatzi ondoren, bost urte behar izan nituen ipuin berri bat idazteko”.
Mikel Peruarena:
“Sarien tresna motz begitantzen zait, eta trabagarri”
Hemen eta orain bada euskarazko literatura diruagatik idazten duenik. Paradoxikoa, baina horra beka eta sariketa ereduaren beste albo ondorio bat: teorian literatura idaztea gustuko dutenei beren zaletasunean laguntzeko sortu diren arren, gerta daitekeela –zer esanik ez garai estuotan– diru-sariaren karameluagatik ez balitz sekula ezer idatziko ez lukeen jendea suertatzea irabazle. Irabazlearen partetik erabat hautu zilegia, esan gabe doa, baina ez du ematen sarion helburuarekin bat egiten duenik. Alegia, literatura idatzi nahi duten gazteei bultzada emateaz ari bagara, sarien eta beken egungo formula agian ez dela eraginkorrena.
Goienetxeak –literatura zale sutsua izanagatik– idatzi izan du diruagatik. Gabriel Aresti lehiaketarako bigarren ipuina prestatzeko lana hartu zuen, langabezian zegoelako eta diru sarrera bila zebilelako: “Erredaktorea naizenez, hor ikusi nuen aukera bat, probatzeak kalterik egingo ez zidana. Han eta hemen lan egitera ohitu garenok adi egoten gara beka deialdietara, lehiaketetara edo laguntzetara. Hori ere bada ‘lana’ lortzeko modu bat. Bakoitzak bere arloan. Eta nola nik erredakzio lanetan eskarmentua eta sormen apur bat baditudan, literatura deialdietara aurkeztera ausartu nintzen”.
Sarietan, bederen, testu literarioa hartzen du aintzat epaimahaiak. Beketan, ostera, pisu handia har dezakete literaturaz gaindiko arrazoiek, proiektua saltzeko duzun abileziak, adibidez. Hala bizi izan du Goienetxeak: “Aurkezten duzu proiektu bat, defendatzen duzu gai izango zarela proiektu hori garatzeko, argudiatzen duzu gogoan epaimahaia limurtu behar duzula jakinda... Eta zu hautatzen bazaituzte, orduan hasi behar zara lanean. Aurten eman dizkidaten bi beka horietan, zalantza sortu zait ez ote den izan proiektu bat ondo argudiatzeko gaitasuna garatu dudalako publizitate arloko esperientzia urteetan”.
Ramon Saizarbitoria:
“Seguru nago sari literarioetan eta gauza ez hain beharrezkoetan gastatzen duten diru kopuruarekin, dozena bat idazle, beste egitekorik gabe, beren produkzioari emanak bizi ahal izateko adina izango genukeela”
Gainontzean, ez da erraza formula baliagarriak zehatz-mehatz proposatzea, baina ze norabidetakoak behar luketen argi samar dago. Oro har, sariketei buruz askotan aipatu diren kontuek berdin balio dute gazteentzako beka edota sarientzat ere. Aspaldikoak dira lehiaren –eta idazle gutxi batzuk hauspotzeko formulen– aldean onuren banaketa kolektiboago bat defendatu duten ahotsak. Sakoneko ideia batek batzen ditu proposamenok: egun, hemen, artista gehienek sariketaren bat edo beka deialdiren bat irabazi arte modu prekarioan sortzea beste aukerarik ez dutela, eta hori irauli beharra dagoela, deus sortu nahi duenari prozesuan bertan lagunduz, ahalik eta baldintza duinenetan aritzeko aukera izan dezan –antzerkian, esaterako, gero eta konpainia gehiagok defendatzen dute formula hori–. Ez da atzo eguerdiko aldarria. 2001ekoak dira Saizarbitoriak Euskal Idazleen Elkarteari buruz esandakoak: “Seguru nago sari literarioetan eta gauza ez hain beharrezkoetan gastatzen duten diru kopuruarekin, dozena bat idazle, beste egitekorik gabe, beren produkzioari emanak bizi ahal izateko adina izango genukeela”. Gaineratzen zuen: “Serio hartzeko gaia litzateke hau, baina kontua da idazleok garen bezalakoak garela eta ez dugula hartuko”.
Antzeko oihartzunak suma zitezkeen, orain urtebete, Mikel Peruarenak Euskadi Sariaren ukoa azaltzeko bere blogean argitaratutako testuan. Honek –testuingurua zena izaki– administrazio publikoa jarri zuen jo puntuan. Iruditzen zitzaion lehiatik aterata badirela literatura produkzioa, sormena eta egileak sustatzeko bestelako bideak: “Sarien tresna motz begitantzen zait, eta trabagarri”. Gainera, defendatzen zuen literatura lehiaketak beste era batera egin daitezkeela, eta, adibidez, sari bakarra eman beharrean urtean argitaraturiko dozena bat edo dozena erdi bat liburu nabarmentzea egokiagoa litzatekela, “liburu horiei ezinbestekoa zaigun kritika bat eginez, gainera”. Testu berean, aipatzen zituen diru publikoarekin sormena sustatzeko beste tresna batzuk: adibidez, sortzaileentzako estatutu fiskal bereziak sortzea edo pizgarri fiskalak sortzea: “Demagun, aurten liburua argitaratuko duten egileei, zerga deklarazioa egiterakoan, hainbesteko diru bat itzultzea. Edo langabezian direnentzako laguntza bereziak sortzea”. Gazteei bideratutako literatura beka guztiz publikorik ere ez dago egun.
Ainhoa Larrañaga Euskadi Literatura Sarietako epaimahaian izan da azken urteotan. Hark ere aipatzen du kultur sorkuntza sustatzeko beken eta sarien formulatik harago joan beharra dagoela. Traba handi bat ikusten du horretarako, ordea: “Guk ez daukagu estaturik, eta, ondorioz, kultura babesteko tresna sendorik. Literatura sariak edo antzeko beste hainbat ekimen ditugu, baina administrazio subalternoa den heinean, horraino baino ez gara iristen”. Pentsa daiteke, beraz, neurriok martxan jartzea ez dela dirudien bezain erraza, eskuak loturik dauzkagula, bi estaturen menpe gaudenez gero. Panorama horretan, saia gintezke dauzkagun eskumenak gutxienez kultur sorkuntzarako ekimen demokratikoagoak bultzatzeko erabiltzen, edo bestela, horrelaxe segi, eta auzi hau ere estatu propioa lortzean aldatuko diren gauzen itxarongelara bidali. Independentziaren biharamunean sekulako nobedadeak espero dira herri honetan.
Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.
Zero. Transhumanismoa ate-joka erdi aro berrian
Aitor Zuberogoitia
Jakin, 2024
-----------------------------------------------------------
Hasieran saiakera filosofiko-soziologikoa espero nuen, baina ez da hori liburu honetan aurkitu dudan bakarra. Izan ere, biografia... [+]
Adolfo Bioy Casares (1914-1999) idazle argentinarrak 1940an idatzitako La invención de Morel (Morelen asmakizuna) eleberria mugarritzat jotzen da gaztelaniaz idatzitako literatura fantastikoaren esparruan. Nobela motza bezain sakona da, aparta bere bakantasunean, batez... [+]
Anton Txekhov, Raymond Carver eta Alice Munroren ipuingintzari buruzko mahai-ingurua egin dute Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria idazle eta itzultzaileek, Ignacio Aldecoa zenaren ipuin literarioaren jaialdian, Gasteizen. Beñat Sarasolak gidatuta, autore... [+]
Ihes plana
Agustín Ferrer Casas
Itzulpena: Miel A. Elustondo
Harriet, 2024
---------------------------------------------------------
1936ko azaroaren 16an Kondor legioko hegazkinek Madrilgo zenbait museori egin zieten eraso. Eta horixe bera da liburu honetara... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Alberdania, 2024
Gogotsu heldu diot irakurketari. Yolanda Arrietaren obra aski ezaguna zait eta iragan maiatzean argitaratu zuen proposamen honetan murgiltzeko tartea izan dut,... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
SCk Zerocalcareri egindako galdera sorta eta honen erantzunak, jarraian.
Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.
Rosvita. Teatro-lanak
Enara San Juan Manso
UEU / EHU, 2024
Enara San Juanek UEUrekin latinetik euskarara ekarri ditu X. mendeko moja alemana zen Rosvitaren teatro-lanak. Gandersheimeko abadian bizi zen idazlea zen... [+]
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Itzulpena: Leire Lakasta
Katakrak, 2024