Hiriak birpentsatzen

  • Gure bizimoduan, bizi-kalitatean eta harremanetan eragin zuzena du hirigintzak, baina produkzioaren eta kapitalaren hiri-eredua eraiki dugu, eta falta zaigu gizartearentzako eta bizitzarako hiriak eraikitzea. Horretarako zein urrats eman behar ditugun galdetu diogu hainbat arkitektori. Teoriatik praktikara jauzi egin duten adibideak ere eman dizkigute.

"Farola gorria ala berdea?" galdegiten zaie herritarrei, baina agian ez da farolarik behar. Hirigintza planetan herritarren eta ikuspegi anitzen benetako parte-hartzea ongi bideratzeak erabaki sendoagoak bermatuko lituzke. (Arg: Dani Blanco)

Argi dute elkarrizketatuek: ikuspegi ekonomizista du oinarri egungo hirigintzak. Esaterako, Lurzoruaren Legeak lurjabeen eskubideak bermatzen dituela baina erabiltzaileen beharrak ez dituela maila berean jartzen ohartarazi dute Projekta taldeko Miren Vives eta Patxi Galarragak. “Azpiegitura eta ekipamenduen planifikazioa ere mundu produktiboaren beharretara egokitu da”.

Turismoak hartu duen garrantzia tarteko, estetika moderno eta politaren izenean batzuetan kutsu artifizial eta homogeneoa gailendu da hirigintzan, nortasun propioaren kaltetan

“Ekonomia bultzatzeko elementutzat hartzen da Lurralde Antolakuntza –dio Unai Fernandez de Betoñok–, eta halaxe aitortzen da gainera, konplexurik gabe. Baina Lurralde Antolakuntzak beste irizpide batzuk ere hartu beharko lituzke kontuan, ingurumena, kultura zentzu zabalean eta ikuspegi soziala tarteko, hirien hazkunde zentzuduna bilatu beharko luke, ez soilik ekonomia berpiztea”. Egungo ereduak hasieran metafora bat zena errealitate bihurtu duela azaldu du: Euskal Hiria. “EAEn hiru hiriburuak lotu nahi dituzte urbe handi bat eginez, Europa mailan lehiatzeko adina indar izateko, merkatu globalean muturra sartu eta inbertsioak erakarri ahal izateko. Kostaldean hiri lineal bat sortzen eta kolonizatzen ari gara Bilbo eta Donostia artean, AP-8aren inguruan (Lapurdiraino luzatzen dena), eta barnealdea husten ari da. Kostaldean populazioaren %60 bizi da, azalera askoz txikiagoa duen arren. Lurralde kohesioaren mesedetan, desoreka hori orekatzen saiatu beharko litzateke Lurralde Antolakuntza; demografia puntu bakarrean pilatzen ari bada, estrategia bat behar genuke hori mugatu eta beste leku batzuetan hazkundea sustatzeko”.

Euskal Herria, Guggenheim efektuari segika

Egungo hirigintzaren gaitz nagusiez galdetu diogu Betoño gasteiztarrari eta Lurralde Antolakuntzan bezala, hirietan ere joera berdintsua dela azaldu digu: “Bilbo aspalditik dago sartuta internazionalizazioaren jokoan eta beste hiriak atzetik doaz, denok nahi dugu gure Guggenheim efektua sortu, turistak eta inbertsioa erakartzeko. Globalizazioa, Europan oro har, banalizazioa ekartzen ari da hirigintzan eta oso antzerakoak dira hiri guztiak, baina lortu beharko genuke hiri bakoitzak dituen berezitasunak mantentzea eta sustatzea, berezitasun horien artean aintzat hartuz hizkuntza, tokiko janaria, tokiko ezagutzak… Tentsio hori ematen ari da”.

Desarrollismoaren eskema jarraitu dugu urte luzez eta orain
dagokigu konturatzea eraiki ditugun zenbait azpiegitura handi
ez ditugula %100ean erabiltzen. Irudian, Ficoba eraikina.

Guggenheim efektuaren atzetik, auditorio, hotel, museo eta azpiegitura handiekin liluratuta aritu dira gure agintariak, oparotasun garaian. 1998-2008 hamarkadan adreiluaren burbuilak berotuta asko eraiki ostean, ordea, krisi ekonomikoak mantsotu egin du erritmoa. “Lurraldea eraldatu behar da, ez gaitezen inozoak izan –dio Betoñok–, ezin dugu azpiegitura guztien aurka egon, baina oreka lortzea da gakoa. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak desarrollismoaren eskema jarraitu dute urte luzez eta orain dagokiguna da konturatzea eraiki ditugun zenbait azpiegitura handi ez ditugula %100ean erabiltzen eta gutxienez lehenengo urratsa dela horiek erabili arte berririk ez eraikitzea”. Alegia, beste metro koadro bat urbanizatu aurretik, ondo aztertu zer gertatzen den jada urbanizatuta dagoen horretan. Beste saltoki, etxe, industrialde, aisi-gune, azpiegitura… bat aurreikusi baino lehen, birpentsatu eta berrerabili daukaguna. “Egungo eredua, eraiki eta eraiki, saihesbidea bete denean beste saihesbide bat egitea, epe luzerako begiradarik ez duen ihesaldia da, ez da jasangarria”.

Berdin etxebizitzekin, udalen jardun kuttunetakoa baita etxegintza, ez alferrik udalen finantzazio iturri nagusiak zergak (batik bat ondasun higiezinen zerga, etxebizitzari lotuta) eta etxegintza bera baitira. Baina “etxe hutsak ditugun heinean (Euskal Herrian %10 inguru), zertan ari gara etxe berriak egitea planifikatzen?”.

Hirietako erdiguneetan aldaketa sumatu du arkitekto gasteiztarrak: alde zaharren berezitasunaz konturatu eta horiek edertzen hasi gara, txukuntzen, mimatzen, arkitektonikoki politak jartzen eta zuten gainbeherari buelta ematen. Horrek, ordea, gentrifikazio mailakatua ere ekarri du batzuetan: alegia, alokairu, saltoki eta gainerakoen prezioa igotzen ari da guneotan eta jende askok alde egin behar izan du.

Hirigunea zaharberritzeko irizpideak ere ez dira beti egokienak izan. “Hainbatetan, dirua bertako ikastetxeak edota liburutegiak hobetzera bideratu ordez, eraikin ikusgarrietan gastatu da, edo eskailera mekanikoak museoak lotzeko jarri dira eta ez irisgarritasunaren ikuspegitik beharrezkoagoak ziren lekuetan, graffiti aldarrikatzaileak ezabatu dituzte eta udalak sustaturiko muralak hobetsi…”. Turismoak hartu duen garrantziak badu zerikusirik, estetika moderno eta politaren izenean batzuetan kutsu artifizial eta homogeneoa gailendu baita hirigintzan, nortasun propioaren kaltetan.

Espazio publikoa, denon espazioa?

Administrazioak gestionatzen du kalea, denon espazioa, baina gehiengoaren ongizatea bilatuz egiten du ala batzuen interesen mesedetan? Sarri, sektore pribatua bereziki zaintzeko erabakiak hartzen ditu administrazioak, erantzun digu Betoñok: “Eta ez dago gaizki, baina ez bada beste guztion kaltean. Bilboko espazio publikoaren ordenantzan ikusten da: debekatuta dago kalean edatea, baldin eta ez baduzu edari hori taberna batean erosi; hor asmo garbia dago kalean egiten dena kapitalizatzeko eta sektore pribatuarekin, ostalaritzarekin, lotzeko. Gasteizen Patxi Lazcozek proposatu zuen, alkate zenean, Plaza Berria (euskal neoklasikoaren gailurretako bat) estaltzea, merkataritza-zentroa bailitzan funtzionatu zezan. Ostalaritzari gehiegizko babesa ematen zaio, terrazen fenomenoa lekuko. Eta zergatik debekatzen dira okupazio batzuk, baina uzten zaie turistei kalea nahieran erabiltzen? Gero eta handiagoa da espazio publikoaren pribatizazioa eta mugatu egin beharko litzateke”. Hala ere, espazio publikoa administrazioak kudeatzearen aldekoa da arkitektoa, bestela botere ekonomikoak kalea are gehiago fagozitatuko lukeela iritzi baitio. Adibiderako, Madrilen Sol plazako metro geltokia Vodafone Sol izan da gutxira arte edo istiluak sortu ziren Gasteizko plaza batean, Heineken kartel erraldoi bat behin betiko jarri nahi izan zutenean.

Unai Fernandez de Betoño: “Ostalaritzari babes gehiegi ematen zaio, terrazen fenomenoa lekuko. Zergatik debekatzen dira okupazio batzuk, baina uzten zaie turistei kalea nahieran erabiltzen? Espazio publikoaren pribatizazioa gero eta handiagoa da”

Ezin aipatu gabe utzi, bestalde, gure hirigintza ereduan autoek eta merkataritza-guneek duten nagusitasuna. Diskurtsoa badakigula dio Betoñok, alde batetik bestera autoz mugitzera derrigortzen gaituzten urbanizazioen ordez hiri jarraiak behar ditugula, trinkoak, baina kontrakoa dela joera: Euskal Herriak geografikoki duen kokapen estrategikoa aprobetxatuz, errepideak egin eta egin ari gara, saihesbidearen saihesbideak, ekonomian pentsatuz. “Gertutasuneko hiriak aldarrikatu behar ditugu, lanera oinez joan ahal izateko modukoak. AEBetan hori sustatzen ari dira orain, eta New Urbanism deitzen diote, baina funtsean Europako hirigintza zaharra berreskuratzean datza”.

Saltoki handien kasuan, merkataritza askearen ideia juridikoa arriskutsua dela azpimarratu du arkitektoak. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak gune hauek mugatzeko plana atera eta ondorioztatu zuen Donostiako Garbera ezin zela handitu, 25.000 metro koadro baino gehiago ezin zituelako izan, baina Garberak salaketa jarri zuen eta Madrilgo auzitegiak arrazoia eman zion, merkataritza-askatasuna ezin dela mugatu argudiatuta. “Ekonomian dena liberalizatzen dugun heinean, hirigintzari ere eragingo dio”.

Egungo hiri ereduak ghettoak sortzen al dituen galdetuta, Euskal Herrian ghettoak batez ere 70eko hamarkadan sortu zirela argitu digu, industrializazioak erakarritako migrazioari lotuta periferian etxebizitza poligonoak jaio zirenean (Otxarkoaga, Bidebieta, Zaramaga, Baiona iparraldeko Gurutze Sainduko ZUP bloke erraldoiak…). “Urteekin, auzo hauek hobetu egin dira, nahiz eta soziologikoki neurri batean ghetto izaten jarraitzen duten; hala erakusten dute hizkuntza datuek”.

Hartu parte: zer nahi duzu, farola gorria ala berdea?

Modako gaia da herritarren parte-hartzea, eta 2006ko EAEko Lurzoruaren Legeak adibidez jasotzen du kontzeptua, baina esaten du emaitza ez dela loteslea, ez du eragin zuzenik, “eta horretan sakondu beharko genuke, galdeketa eraginkorra izateko”. Galdeketak eurak ere, itxurakeria dira sarri: “Emaitza jakinen gainean galdegiten zaie herritarrei, zein nahiago duzu, farola gorria ala berdea? Baina agian ez da farolarik behar! Edo kontsulta egiten da soilik administrazioari interesatzen zaionean, parte-hartzearen erabilera alderdikoia eginez: zergatik halakori buruzko galdeketa bai, eta bestelakoari buruz ez?”.

Zeinentzat eta zeren arabera birmoldatu hiriak? Eta nola?

“Eraiki dugun hiri eredua lan-hiria da, produkzioaren eta kapitalaren hiria, eta falta zaigu gizartearentzako eta bizitzarako hiria eraikitzea, bizitzak eta zaintzak aintzat hartuko dituena”, dio Hiria kolektiboko Koldo Telleriak. Projekta taldeko Miren Vives eta Patxi Galarragak gaineratu digutenez, hirigintza planetan jende asko ikusezina da eta a zer kasualitatea, beti jende bera da kanpoan gelditzen dena: “Estandar ‘neutro’ bat sortu da, etxetik kanpo lan egiten duena, autoz mugitzen dena leku batetik bestera, eta horren araberako hirigintza egiten da, kontuan izan gabe zaintzan dihardutenak, haur eta adinekoen beharrak, ezgaitasunen bat dutenena…”.

Soluzioa, Vives eta Galarragarentzat, gainerakoak ere barnebilduko dituen hirigintza da: “Zenbat eta irizpide eta datu gehiago bildu, orduan eta orokorragoa izango da ikuspegia eta orduan eta jende gehiagoren beharrak izango ditugu mahai gainean aztergai; erantzuna beti izango da osoagoa eta pentsatuagoa, plan bizigarriagoak eta bidezkoagoak egin ahal izateko”. Horregatik, hirigintzan arlo denak elkarlanean aritzea ezinbesteko jotzen dute: “Ongizate sailekoei eskatu ohi diegu muturra sartzeko Hirigintzan, ‘ez geratu zuen esparruan’, eta berdin Hirigintzakoei eurei ere, ‘zabaldu ateak Berdintasun Sailari, Migraziokoari… Bestela beti jende bera geldituko da bazterrean”. Projektak berak “hiri barneratzaile, aktibo eta osasuntsuak” lortzea du helburu, eta ez dira bakarrak. Horren lekuko, hirigintzaren ikuspegi kritikoa egiten duten behatoki metropolitarrak, diziplina anitzetako profesionalez osatuak. Hirigintza planetan komunitatearen parte-hartzea ongi bideratzeak ere, benetako parte-hartzea, erabaki sendoagoak bermatuko lituzke.

P. Galarraga, M. Vives: “Etxetik kanpo lan egin eta autoz mugitzen den estandar ‘neutroaren’ araberako hirigintza egiten da, kontuan hartu gabe zaintzan dihardutenak, haur eta adinekoen beharrak… Jende hori ikusarazteko, sailen arteko elkarlana behar da Hirigintzan”

Zentzuzko bizilekuak ereiteko irizpide batzuk

Zein gidalerro behar ditu lurralde plan batek? Hona Unai Fernandez de Betoñoren hainbat proposamen: balio ekologikoko gune babestuak elkarren artean egokiro lotu; balio kulturaleko guneak babestu, euskararen arnasgune geografikoak ahaztu gabe; nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta basogintzarako lur egokienak babestu, elikadura eta energia burujabetza handiagoa helburu; herrietako alde zaharrak eraberritu eta auzoak zaharberritu; azpiegitura handien beharra errentagarritasun sozialaren arabera ere baloratu; gelditzen diren lur komunalen jabetza publikoa blindatu; etxebizitza zein industria-higiezinen espekulazioa gelditzeko mekanismoak indarrean jarri; merkataritza-gune erraldoiei ‘aski da’ esan; hiriburuen hazkunde amaigabeari mugak jarri; kostaldearen eta barnealdearen zein hiriaren eta landaren arteko lurralde-desorekak konpentsatu, nazio ikuspegia txertatu…

Teoriatik praktikara

INGURUMENA

Berdegune isolatuen ordez, korridore ekologikoak, naturari jarraikortasuna emango diotenak aldarrikatu dituzte elkarrizketatuek. Esaterako, Gasteizko eraztun berdearen adarrak, hirian barne-eraztun berdea sortuz. Animaliak, zuhaitzak… ez daitezela eremu bereizietan egon, hormigoiz inguratuta: parke solteak egin beharrean, parkeak elkartzea. “Naturatik kanpo dauden elementu gisa ulertu dira hiriak: hiriak ez dira natura, landa-lurra da natura. Eskema hori apurtu eta ekosistemaren parte diren elementu bizitzat hartu behar dira, hiria eta landa besarkatu daitezela”, dio Koldo Telleriak. Biosferaren Erreserbak ere, kontzeptualki gutxienez, interesgarriak iruditzen zaizkio Unai Fernandez de Betoñori, ingurumenaz gain giza jarduera ere aintzat hartzen dutelako.

Energia kontsumoari begira, azpiegituretan erabiltzen den energiaren portzentaje bat berriztagarrietatik eratorria izatea derrigorrezkoa da; zenbat eta gehiago handitu portzentaje hori, orduan eta hobeto. Euri-ura, haizea, egurra, eguzkia... aprobetxatzen duten eraikin “adimentsuak” ere badira, hainbeste ur alferrik ez galtzeko komun idorrak erabiltzen dituztenak… Berokuntza eta garbiketa sistema kolektiboen alde egiten du Telleriak: “Zergatik ez garbigailu bat bloke osorako, etxe bakoitzak berea izan ordez?”.

Trenbide ohia berdetuz Cali (Kolonbia) hirian egingo duten korridore berdea.

MUGIKORTASUNA

“Super-irlak” proiektua jarri dute martxan Bartzelonako bederatzi etxaditan: auzune horien barneko espazioan ezin da autorik sartu (karga eta deskargarako ez bada, auzunea inguratu baino ezin dute egin autoek) eta lasai asko ibili daitezke oinezkoak etxadian barna. Gure alde zaharretan sarri egin ohi dena beste etxadi edo auzoetara zabaltzea litzateke ideia, eta Gasteizen adibidez aztergai dute dagoeneko. Tankerako esperientzia baten berri eman digu Ander Gortazarrek: Freiburg hiri alemaniarreko Vauban auzoan, autoak ez daude debekatuta, baina kalean ezin da aparkatu eta etxebizitzek ez dute garajerik; autoak uzteko bi eraikin daude auzo alboan eta garraio publikoa –auzoko kale nagusitik igarotzen dena– beti dago autoa baino eskurago. Ondorioa: hirian auto-jabe gutxien dituen auzoa da eta kotxea partekatzeko car sharing programan bazkide gehien dituena. Aipatu digu, halaber, hiru urtetan hirigunetik autoak desagertzeko proiektua duela martxan Oslok; hogei urtetan autorik gabe bizi eta mugitu ahalko den hiria izateko plana garatzen ari direla Hanburgon; autobus sarea berrikusten eta berrasmatzen ari direla leku batean baino gehiagotan, “maiz duela 100 urteko hiriaren formari erantzuten baitiote oraindik”; eta hiri barruko autobideak eraisteko eskatzen duen mugimendu indartsua ari dela hedatzen AEBetan (Highways to Boulevard).

Hibridazioa bultzatzen duten herriez mintzatu zaigu Telleria: espaloiak eta errepideak, dena maila berean jarri, trafiko-seinaleak kendu eta herri guztian abiadura gehienez 20-30 km/ordura mugatuz, oinezko, txirrindulari eta gidarien arteko elkarbizitza, errespetua eta elkar-ulertzea lortu dute, garraioaren arabera espazioak banandu ordez. Herri txikietan bakarrik ez, hirietako auzoen barnean ere egin ahalko litzateke.

Herri eta hiri-ibilbideak bultzatzeko egitasmoak zabaltzen ari dira (Hiribili ekimena aipatu digu Projektak). “Herri askotan futbol zelaia, igerilekua, gimnasioa… egiteko lekua izan dute, baina ezin da ibili! Ibiltzeko leku dezenteak egituratu behar dira, herria bera izan dadila jarduera fisikorako instalakuntza, denak ez baikoaz gimnasiora”. Errepide eta kaleak oinezkoentzako bide bihurtzean, dena den, helburuak argi izatea komeni da, “sarri kalea merkantilizatzea baino ez delako asmoa, eremu hauek komertzioz eta terrazaz betez”, ohartarazi du Telleriak.

Irisgarritasuna mugikortasunari lotuta ulertzen dute galdekatutako arkitektoek. Bat egiten dute denek: gertutasuneko hiria da gakoa, denok ahalik eta gutxien mugitu behar izatea eskatzen duen hiria; bizitokia, lana, aisia, saltokiak… hurbil izango dituena. Azken finean, herritar guztiok ditugu eta izango ditugu irisgarritasun maila ezberdinak, gure bizitzan zehar.

GENEROA

Leku ugaritan egin dira puntu beltzen mapak, herritar guztiak gizon helduak ez garela aintzat hartuz denak aske mugitu ahal izateko moduko kale seguruak bermatze aldera. Mapa moreak ere egin dira hainbat tokitan, emakumeak kontuan izango dituen hirigintza aztergai. Hiria kolektiboko Telleriak garbi du: “Egungo hirigintza rol maskulinoetara egokitzen da: mugikortasun azkarra eta handia, zaintzak lekurik ez duen hiria… eta horren aldean elkar-ezagutza eta elkar-zaintza sustatzen duten hiriak behar ditugu. Lan produktiboa eta lan erreproduktiboa, biak kontuan hartzea da gakoa”. Bide horretan, hainbat ordenantza sartu ditu Projekta taldeak Irungo Plan Orokorrean: zaintzari lotuta, besteak beste hemendik aurrera eraikitzen den etxebizitza blokeak derrigorrez haur-kotxeak eta adinekoentzako scooterrak gordetzeko lokala izan beharko du, baita gutxienez 5 metro koadroko balkoia ere, etxea askorentzat lan-lekua delako, umeak edo adinekoak zaintzekoa ere bai, eta balkoiak arnasguneak dira. Ikuspegi feminista hirigintzan txertatzeko Punt 6 kolektibo katalanaren lana ere, gertutik jarraitzeko modukoa da.

IKUSPEGI SOZIALA

Auzo elkarteak oso tresna indartsuak izan daitezkeela dio Betoñok: periferian sortu ziren, arazo gehien zituztenak eurak zirelako, eta aldarrikapenak eginez lortutakoa ez da gutxi izan. Hala ere, Betoñok eta Telleriak nabarmendu digutenez, ghettoak saihesteko nahasketa da bidea: Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta etxebizitza sozialak batera egiten dira denak, eta sarri lekurik txarrenetan; horren ordez, bloke berean adibidez planta bat etxebizitza soziala izan daiteke eta hurrengoa pribatua. Etxebizitza kooperatibak ere bizikidetzarako soluzio interesgarria izan daitezke (Bruselako Brutopia eta Batzelonako La Borda ekimenak aipatu dizkigu Gortazarrek). Ez bakarrik etxebizitzekin, nahasketa zenbat eta handiagoa izan eraikin eta azpiegitura guztietan, baita auzoaren/hiriaren beraren planteamenduan, orduan eta anitzagoa eta biziagoa izango da kalea. Aldiz, gaur egun dena eremuka dugu banatuta: lana egiteko industrialdeak, erosteko merkataritza-zentroa, aisialdirako gune itxiak…

Bestalde, lorategi eta baratze komunitarioen bidez –eta horien bueltan kultur eta hezkuntza espazioak antolatuz–, auzokideen arteko bizikidetza indartu duen Landahiri proiektua nabarmendu digu Projektako bikoteak, Colombes hiri frantziarrean.

Brutopia: etxebizitza kolektiboak Bruselan.

HIRI-BIZITZA

Denentzako kale seguruak ziurtatu behar ditugu, adin eta mota guztietako bizilagunak bilduko dituzten kale biziak, ibilbide eta eremuak ongi atonduz eta bankuak eta gisakoak hobetsiz, inguruko komunitatearen elkargune. Merkataritza gune handien aldean, auzoko komertzio txikia bultzatzea ezinbesteko ikusten dute elkarrizketatuek, eta kontsumo taldeak egiten ari diren lana azpimarratu dute, baita gero eta herri gehiagotan ugaritzen ari diren ortu komunalak ere. Badira, halaber, hirigintza kolaboratiboari edota autogestioari lotutako ekimen aipagarriak, bizilagunek eurek sustatu eta martxan jarriak, Errekaleor auzoa kasu.

KULTURA

Kultur areto gehienak barrualdera begiratzen dute eta itxi egiten dira kanporantz, “kaxa itxi eta isolatuak dira, kaleari ezer eskaintzen ez diotenak –uste du Telleriak–. Liburutegiak, kiroldegiak, kultur zentroak, anbulatorioak… ekipamendu publikoek kalearen jarraipena izan beharko lukete, irekiak, esaterako kristal bidez kanpoan daudenen eta barrukoen arteko elkar-zaintza eta segurtasun sentsazioa bermatuz edota patio baten bidez kalearekin bat eginez eta kultur eskaintza nolabait kalera zabalduz”. Betoñok berriz, ondarea zaintzearen garrantzia gogoratu digu eta ondare industrialaren etsenplu bat jarri digu: Donostian, Tabakalera bota beharrean eraberritu egin dute, tabako fabrika kultur gune izatera igaro da. “Beste eztabaida bat litzateke zein arte eredu sustatzen den bertan…”.

HEZKUNTZA

Ibilbide segurua eta planifikatua adostu, seinaleak jarri eta gero eta herri gehiagotan garatzen ari diren proiektua da: haurrak ikastetxera eskolakideekin joan daitezela, oinez eta taldean, herria deskubrituz, ingurua biziz eta gozatuz, txiki eta nagusiagoekin batera bidea autonomoki eginez, kalea eta kaleko oztopo eta plazerak euren gain hartuz.

Bestalde, hainbat herrik osatzen dute Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea, denen artean haurren beharretan oinarritzen den eta horren arabera antolatzen den herria eraikitzea helburu (haurrentzat ona den herria, denentzat ona baita): umeekin elkarlanean eraldatutako jolas-parkeak eta guneak dira filosofia horren isla. Txikiark kolektiboak ere, haurren ikuspegia txertatzen du espazioetan, beraien parte-hartzea sustatuz.

HIZKUNTZA

Urteotan bereziki landu da hirigintzak hizkuntzarekin duen harremana. Horren lekuko, Lekarozen egin nahi duten proiektua: 341 biztanleko herrian golf zelaia, hotela eta 228 etxebizitza egitearen ondorio linguistikoak ebaluatu ditu Baztango Udalak eta aurreikusi du euskal hiztun komunitatean ondorio larriak izan ditzakeela. Non begiratu jakiteko, ispilu interesgarria da Gales: ingelesak lehenengo eta bigarren etxebizitzak masiboki ari dira bertan erosten eta horrek galesaren galerarekin harreman estua duela konturatuta, hizkuntzaren faktorea oso presente dute hirigintza proiektuetan. Pare bat auzo berri bertan behera utzi dituzte, kalte linguistikoa medio: “Muturreko soluzioa da hori –dio Betoñok–, baina neurri zuzentzaileak ere erabili daitezke: astiroago eraiki, harrera planak hobeto antolatu, hizkuntza eskolak sustatu…”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


Ez ezazula memoria gal, zure auzoa ere Gamonal

Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]


Ander Zangitu. Eraikinez harago
“Joera bilakatu da, baina ez dago sukaldea eta egongela bateratzeko pisuzko arrazoirik”

Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik... [+]


Los Angeles hirigintza estentsiboaren zepoan: ehundaka etxe kiskali dituzte suteek

AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-04 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Sir

Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]


2024-11-20 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Datuak lurraldera

Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]


Valentziakotik ikasi behar duguna: eman arnasa lurrari

Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza... [+]


Donostiako Udalari exijitu diote behingoz Sorleku parkea egin dezala, ehunka familia eremuan bertan sartuta

Ekintza zuzena burutu dute Donostiako Marrutxipin 600 pertsonatik gorak. Ategorrieta ondoan, Sorleku parkea egitea nahi duten lur-eremuaren inguruan buelta bat eman ostean, barrura sartu dira ordu erdi pasatxo iraun duen protestan. Duela hainbat urte, Donostiako Udalaren... [+]


2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Valentziako hondamendia:
Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean

Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta itsaso ertzak hormigoiarekin betetzeak duen arriskua dela-eta. Hormigoiarekin... [+]


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-10-23 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Aparkalekuak

Japonian auto (pribatu) bat izateko aparkaleku (pribatu) bat izatea derrigorrezkoa da. Neurria polemikoa iruditu dakiguke, hemengo araudiak (hemengo balore sistemak) autoaren gordailua publikoa den espazioak hartzea onartzen duelako. Hau da: arazoa publikotasunaren... [+]


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


Frantziako armadak Baionako eremuan egitekoak dituen obren kalte ekologikoak salatu dituzte

Baionako Zitadelan egitekoak dituzten obrak salatu dituzte CADE ingurumen elkarteen batasunak, Bergeret-22 auzotarren kolektiboak eta Attaque elkarteak, prentsaurreko bidez. 1,5 hektarea oihan moztuko lituzkete; alta, Tokiko Hirigintza Planaren arabera eremu babestu gisa... [+]


2024-09-11 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Europa

Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan... [+]


Eguneraketa berriak daude