Blokeoaren arrazoiak

  • Confebaskek, CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eragin mugatuko hitzarmenak sinatzeko egindako akordioak tentsioa areagotu du sindikalgintzan. Espainiako erreformek estatu mailako hitzarmenei atea ireki, lan-baldintzak kaskartu eta negoziazio kolektiboa blokeatu dute. Egoera hori gainditzeko akordioa omen. Baina desblokeatu al daiteke ezer ELAk eta LABek EAEn osatzen duten gehiengo sindikala bazterrean utzita? Prekarietateari beste mamu bat gehitu zaio beraz lan harremanen esparruan: defizit demokratikoarena.

Irailaren 20an, EAEko bozak baino bost egun lehenago, manifestazioa egin zuten ELA eta LABeko milaka delegatuk Gasteizen. Negoziazio kolektiboan hauteskunde sindikalen emaitzak ez direla errespetatuko salatu zuten.
Irailaren 20an, EAEko bozak baino bost egun lehenago, manifestazioa egin zuten ELA eta LABeko milaka delegatuk Gasteizen. Negoziazio kolektiboan hauteskunde sindikalen emaitzak ez direla errespetatuko salatu zuten (argazkia: ELA).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ezohiko irudi batek alarma piztu zuen joan den uztailaren 14an hedabideetako edizio digitaletan. ELAk eta LABek agerraldi bateratua iragarri zuten goiz partean. Egun horretan Berria egunkariak lan harremanei zegokien albiste-bonba plazaratu zuen filtrazio bati esker: enpresari handien interesak biltzen dituen Confebask patronalak, esku artean zuen bi sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osatzen duten gehiengoa saihesteko “formula”. Horren arabera, akordio orokorrik ezean, gutxiengo sindikalarekin adostuko zituen “eragin mugatuko” hitzarmenak, eta –hemen berritasuna– Jaurlaritzak onetsi egingo lituzke.

Confebaskek ukatu egin zuen agiria berea zenik; Enplegu sailak, bere aldetik, “bitartekari” lanak baino ez dituela betetzen adierazi zuen. Baina ELAk eta LABek eginiko agerraldian dokumentu bat erakutsi zuten, Eusko Jaurlaritzak “Elkarrizketa Sozialerako Mahaira” eramandako akordio-zirriborroa ei zena. Dokumentu horrek ere eragin mugatuko hitzarmenak bultzatzeko estrategia proposatzen zuen: “Jaurlaritzak konpromiso horrekin bat egin eta era aktiboan kolaboratuko du bere hedapen eta ezagutza orokorrean –zioen testuak–, akordioak bildu eta argitaratuz, Langileen Estatutuaren Legeak eskatzen duen ordezkaritza mailara iristen ez direnean”.

Hauteskunde bidez lorturiko ordezkaritza sindikalaren kontrako eraso larritzat jo zuten ELAk eta LABek ustezko asmo hori, eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren dimisioa eskatu zuten berehalakoan. Ez zebiltzan oker filtrazioari emaniko garrantzian: handik hamar egunera sinatu zuten akordioa UGT, CCOO, Confebask eta Jaurlaritzak.

Prekaritatearen kontra LABek deitutako “Bideak Batuz” mobilizazioa Bilbon (argazkia: LAB)

Negoziazio kolektiboan kosta ahala kosta hitzarmena lortzeko xedea EAEko patronalak ELA eta LABen kontra darabilen estrategiaren barruan kokatu zuten bi sindikatuok: “Eraso soka luze baten azkena da”, zioen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek.

Lehenago ere Confebaskek demokraziaren marra gorriak igarotzen dituen ideia eta asmoak ibili izan ditu buruan oposizioa paretik kentzeko. 2014an EAEko patronalak agiri bat bidali zion Espainiako Estatuko CEOE enpresarien elkarteari, eskatuz sar zezala Lan ministerioaren aurrean helegite harrigarri bat: sindikatuak gordailutik “baja” ematea euren estatutuetan zehaztutako zereginera ez baziren mugatzen. Confebasken ustez ELA eta LAB “ez dagokien izaera” hartzen hasiak daude eta “boikot” dinamika daramate.

Patronalarekiko kritiko diren erakunde sindikalak de facto ilegalizatzea zekarren ideia horrek, eta kalapita handia sortu zuen. Confebaskek orduan ere esan zuen ez zuela zerikusirik –gerora CEOEren helegitean jatorri hori nabarmen ikusi zen arren– eta Eusko Jaurlaritzaren beraren iritziz “astakeria” zen. Edonola ere, aferak erakutsi zuen zein puntutan dauden blokeen arteko erlazioak eta noraino iristeko prest egon daitezkeen botere ekonomikoari loturiko ezkutuko eragile batzuk. Baina nola iritsi da sindikatuen eta enpresa-buruen arteko gatazka horraino?

2007an krisia lehertu zenean, finantza-banku erregulatzaileek langileen eskubideak murrizteko baliatu zuten abagunea, Europan zein Euskal Herrian. Hala, Espainiako gobernuek urteotan egindako lan erreformek erabateko desoreka ekarri dute negoziazio kolektiboan; ELAko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñozek astekari honi gordin azaldu dio erreformen ondorioa: “Patronalak ere ez zuen espero hainbeste botere emango ziotenik”.

Espainiako lan erreformak: patronalak joko-arauak poltsikoan

2011ko ekainean José Luis Rodríguez Zapateroren gobernu sozialistak negoziazio kolektiboa erreformatzeko lege proiektua onartu zuen. Besteak beste ahalmen gehiago eman zion enpresa bakoitzari aurretik adostutako hitzarmenak aldatzeko, sektore-hitzarmenen kalterako. Baina horretaz gain, hemengo lan harremanen esparrua bete betean jo zuen, estatu mailako hitzarmenak probintziakoei lehenetsiz eta aukera emanez Madrilgo sindikatuei (CCOO eta UGT) eta patronalari (CEOE) erkidegoetan adostutakoa galarazi edo mugatzeko. Hitz bakarrean esanda: estatalizazioa.

Eraikuntzaren sektoreko CNC enpresen konfederazio nazionala izan zen lehena mauka profitatzen. 2012ko urtarrilean UGT eta CCOOrekin estatu hitzarmena sinatu zuen, beretzat gordez soldatak, mugikortasuna, lan-orduak eta beste hainbat gai garrantzitsu, eta edukiz hustuz euskal langileentzat askoz hobeak ziren lurraldeetako itunak; “lan baldintzen homogeneizazioa” zuten helburu. Geroztik halako beste asko etorri dira.

2011ko abenduko hauteskundeen ondoren Rajoyk ia hatz bakarrarekin ezarritako lan erreforma basatiari azken hamarkadetako greba orokor indartsuenarekin erantzun zioten langileek Euskal Herrian. Baina hala ere enpresa-buruek hainbeste desio zuten ultraaktibitatearen amaiera ekarri zuen: lehen, hitzarmen berria sinatu ezean, zaharrak jarraitzen zuen indarrean, iraungita egonik ere; orain, automatikoki estatu mailako hitzarmena edo, halakorik izan ezean, Langileen Estatutua aplikatzen zaie beharginei.

Panorama ilun horretan, sindikatu abertzaleak negoziaziorako tresnarik gabe geratu dira joko-arauak poltsikoan dituen Goliat gorbatadunaren aurrean. Erremediorik gabe ekintza sindikala dute orain habaila, eta kalea konfrontaziorako harri.

Estrategia diferentea dute ordea. ELAk, sektore hitzarmenen ahulezia ikusita enpresetan jarri du indarra. LABek, bere aldetik, hitzarmen orokorrak blindatzeko saiakerak egin ditu hainbat forotan, arrakasta askorik gabe baina: “Patronalak hitzarmen merkeak nahi ditu, eta hori askoz errazago lortzen du Madrilen”, dio LABeko negoziazio kolektiborako arduradun Garbiñe Aranburuk. Hitzarmen autonomiko edo sektorialen aldeko ekimenekin segiko dutela ziurtatu du, hala ere, LABeko kideak.

Blokeoa datutan ere zenbatu daiteke. Lan Harremanen Kontseiluaren azken buletin soziolaboralean ikus daitekeenez abuztuan langileen ia erdiak (%46,2) oraindik berritzeko zuen hitzarmena, 253.993 lagunek hain zuzen; beste 110.167 hitzarmenik gabe zeuden (%20) eta soilik heren batek (%33,8) zuen eguneraturik bere lan baldintzak arautzen dituen testua, hau da, 185.472 langilek.

ez ohiko irudia: Ainhoa Etxaide (LAB) eta Adolfo Muñozen (ELA) agerraldi bateratua, lan hitzarmenetan gehiengo sindikala baztertzeko asmoa zegoela jakin eta gero (argazkia: Argazki Press)

Ultraaktibitatearen amaierak zerikusi zuzena du estatistika horiekin. 2013ko uztailaren 7an 300.000 behargin geratu ziren hitzarmenik gabe, patronalak enpresa-buruei eskatu zielako uztailaren 8ra arte ez negoziatzeko, egun horretan indarrean sartu zen Rajoyren erreformak zekarzkien abantailak poltsikoan izateko. Jokaldi horrekin soldata jaitsierak eta baldintza prekarioagoak inposatu ahal izango zituzten.

Lan gatazkak epaitegietara eramatea ekarri du horrek guztiak, hitzarmen askok ultraaktibitatea blindatzeko klausula espezifikoak dituztelako. Auzitegi Gorenaren epaiek lan erreforma nokeatu dute, baina enpresariek hari helduta segitzen dute negoziazio ororen kartak markatzeko. 

Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eseri?

2014ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak “Elkarrizketa Sozialerako Mahaia” jarri zuen martxan, “konfrontazio hutsak etsaia identifikatzeko baino ez du balio”, azaldu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietarako orduko sailburu Juan Mari Aburtok. Baina mahaia herren jaio zen, LABek eta ELAk uko egin diotelako beraiek “ilegalizatzeko azpilanean” ibilitako patronalarekin esertzeari; murrizketak “legitimatzeko” baizik ez du balio izango haien iritziz. CCOOk eta UGTk, ordea, foro horretan parte hartzeko arrazoiak ikusi dituzte hasieratik “enplegua sortu eta pertsonen ongizatea hobetzea helburu” izaki.

Bi urteko ibilbide gorabeheratsuan Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak apenas egin du urratsik lan harremanen arloan –CCOO sindikatua bera ere behin baino gehiagotan altxa da mahaitik, Eusko Jaurlaritzak ez dituelako martxan jarri han adostutako neurriak–. Gehiengo sindikal abertzaleak salatu du CCOO eta UGTren hipokrisia, Euskal Herrian mahai horretan hitzarmen sektoriala defendatzen duten bitartean, Zapateroren erreforma baliatzen ari direlako estatalizazioaren bidez negoziazioa Madrilera eraman, monopolizatu, eta baldintza kaskarragoak dituzten itun orokorrak presaka ezartzeko.

Unai Sordo sindikatuaren idazkari nagusiaren ustez, baina, negoziazio kolektiboaren korapiloa ez dago estatuko legeek eta hitzarmenek esaten dutenagatik harrapatuta, baizik eta ELAk –eta neurri batean LABek– hitzarmen kolektiborik ez izateko estrategia “kaltegarria” darabilelako, konfrontazioa enpresaz enpresa eramateko. Egoera horri irteera emateko sinatu dute, diotenez, eragin mugatuko hitzarmenen akordioa uztailean.

CCOOk eta UGTk Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin negoziazio kolektiboaz egin akordio hori estatalizazioa gerarazteko dela ematen du aditzera onartutako testuak, “lurraldeko sektore hitzarmenaren aldeko apustua” egiten baitu. Besterik da zer nolako berme eta baldintza eskaintzen duten. Defendatu al daiteke euskal lan harremanen esparrua, erabakimena Madrilen baldin badago?

Eragin mugatuko hitzarmenen akordioak “ez du ezer blindatzen”

Enpresa edo sektore batean aplikazio orokorreko itunik ez balego –eta ikusi dugu asko eta asko egoera horretan daudela momentu honetan–, gutxiengoan dauden sindikatuek patronalarekin lan baldintzak adostu ditzakete, eta langileek hitzarmen horretara gehitzeko aukera izango dute. Hori dira “eragin mugatuko hitzarmenak”. Eusko Jaurlaritzak erregistratu eta argitaratu egingo ditu, izaera ofiziala emanez.

“Zidor antidemokratikoa”, “iruzurra”, “aurrekari gabekoa”… LAB eta ELA sindikatuek hitz oso gogorrak erabili dituzte ituna sinatu denetik hura kalifikatzeko. Euren esanetan, langileek botoen bidez aukeratutakoari muzin egiten dio eta gutxiengo baten nahia inposatzen dio gehiengoari.

Irailaren 20an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren erdian Gasteizen manifestazioa egin zuten “euskal langileek modu erabat zilegizkoan” hautatutako ELA eta LABen milaka delegatuk. Amaieran, Muñozek konparaketa ukigarri batekin azaldu zion Iñigo Urkullu lehendakariari nola sentitzen diren: “Baten batek esaten badu zure alderdiaren 27 eserlekuak parlamentuan hutsaren hurrengo direla, ondo irudituko litzaizuke? Ba, hori bera egin nahi dute gurekin”.

Ángel Toña sailburuaren aburuz, aldiz, “maltzurkeria” da akordioa antidemokratikotzat jotzea, langileak indibidualki batzea eskatzen baitu eta ez dio eragiten sinatzen ez duenari.  “Demokrazia parte-hartzea da –dio Toñak– baina baita konpromisoa ere, eta akordioak lortzeko beharrezkoa da irtenbideak aurki daitezkeen foroetara jotzea”. Bere esanetan, hitzarmenik eta erreferentziarik gabe geratu diren 380.000 langileei alternatiba eskaini nahi diete. Raúl Arza euskal erkidegoko UGTko idazkari nagusia ere iritzi berekoa da, hots, langile horien guztien lan baldintzak “eguneratu” ahal izango direla.

Zaila dute ordea gehiengo sindikalak apo hori irenstea: “Akordioak ez du ezer blindatzen –diote ELAk eta LABek elkarrekin egindako balorazio dokumentu zabalean–, Confebaskek ez du bertoko negoziazio kolektiboko markoa blindatuko duen egiturazko inolako akordiorik behar”. Euren esanetan, estatalizazioak segitzen du patronalari aukera  ematen milaka langileri “xantaia” egiteko.

Uztailaren 22an sinatu zuten Lakuan eragin mugatuko hitzarmenak egiteko akordioa. Irudian ezker-eskuin: Roberto Larrañaga Confebask enpresarien elkarteko presidentea; Arantza Tapia, Ángel Toña eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Enplegu eta Hezkuntza sailburuak; eta Unai Sordo eta Raúl Arza, CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak (Argazkia: Argazki Press)

Ekaitza eta beste lan erreforma bat zerumugan

Eta epe ertainean zer? Ezin esan konponbidea gertu dagoenik, ekaitz hodei trinkoak ikusten dira urrunean. Jadanik hasi dira eragin mugatuko hitzarmenak ezartzen. Araban metalgintzan akordioa sinatu dute duela gutxi SEA enpresaburuen elkarteak, CCOOk eta UGTk; eta Eusko Jaurlaritzak lurralde horretako aldizkari orokorrean argitaratu du, nahiz eta sindikatu horien pisua %30 ere ez den metalaren arloan.

Euskal sindikatuek, bestalde, euren eskura dituzten tresna guztiak erabiliko dituzte estatalizazioari mugak jartzeko. ELAk Europara jotzeko asmoa ere azaldu du estatu mailako ostalaritza ituna dela-eta. Madrilen sinatutako itun horren klausula batek galarazten du sektoreari dagozkionak beste inon negoziatzea kontrol batzorde baten baimenik gabe, eta ondorioz  langileek euren soldataren %50 galdu dute, urteko lanaldia 50 orduz luzatu dieten bitartean. ELAk Estrasburgora eramango du kasua, sindikatu bati bere eremuan negoziatzeko ahalmena ukatzea nazioarteko legearen kontra doala uste baitu.

Baina lainorik potoloena beste bat da eta atzean dator. Sindikatuek behin baino gehiagotan adierazi dute kapitalaren botere faktikoak beste lan erreforma bat ari direla prestatzen langileak are gehiago estutzeko. Zantzuak hor daude. Esaterako, Garbiñe Biurrun epailearen ustez, Europako Justizia Auzitegiak behin behineko langileen kaleratze merkeak debekatuz emandako epaia “aitzakia” bezala erabiliko dute, lan kontratuen inguruko legea aldatzeko.

Eta batez ere, Troika eskean ari da berriz. Bruselak azaldu berri du Espainiak 5.500 milioi euro murriztu behar dituela defizit muga betetzeko. Eta ez du ematen, preseski, diru hori aterako denik joko-arauak egiten dituztenen poltsikotik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Arabako Foru Suhiltzaileek hiru asteko greba deitu dute

Eskakizun nagusienen artean plantilla handitzea, hitzarmen berri bat lortzea eta atseden egunak errespetatzea jaso dituzte ELAk eta LABek. Grebak ez du eragingo eguneroko suhiltzaileen zerbitzuan, baizik eta langileen atseden-egunetan bakarrik, Diario de Noticias de... [+]


2024-07-05 | Gedar
Astean sei eguneko lanaldia ezarri du Greziako Gobernuak

Egunean hamahiru orduz lan egitea ere legeztatuko dute 'Georgiadis Legea' delakoaren bidez, kaleratzeak eta "eskariaren araberako enpleguak" errazteaz gain. Langileek ezingo diote uko egin asteko seigarren lanegunari.


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


LABek soldatak igotzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu dio Jaurlaritza berriari

Aurreko gobernuak proposamen horiei “bizkar emanda” eta “entzungor” eginda jardun duela salatu du. Eusko Jaurlaritzak iragarritako bilera erroldatan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du.


Bilbobuseko langileak lanera itzuli dira ia 80 eguneko greba amaituta

Asteazkenean egindako bilkuran, aurreakordioak aldeko 332 boto, kontrako 186, hiru boto zuri eta sei baliogabe jaso ditu. Maiatzeko aurreakordioan izandako desadostasunak gainditu dituzte enpresa-batzordearen gehiengoak eta Biobide enpresak, eta greba mugagabea bukatu dute.


Bilbobuseko greba amaitzeko aurreakordioa bozkatuko dute asteazkenean, 80 eguneko grebaren ostean

Enpresa-batzordearen gehiengoaren eta Biobideren artean aurreakordioa lortu dute. CCOO, UGT eta LSB alde azaldu dira, eta ELA, LAB eta ESK, kontra. Asteazkenean dira langileen batzarra eta Bilboko Udala akordio hau onartzen duten ala ez erabakitzekoak.


Protesta egin dute Cementos Rezolako langileek, eta akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute ostiralean

ELA eta LAB sindikatuek “erabat gaitzetsi” dute Añorgako Cementos Rezolak (egun, Heidelberg Materials) 56 langile kaleratzeko egindako proposamena.


Nafarroako ikastoletako eta itunpeko ikastetxeetako langileek negoziatzen hasteko eskatu diote gobernuari

Nafarroako hezkuntza hitzarmen berria negoziatzea exijitu die Nafarroako Hezkuntza kontseilariari, Carlos Gimenori, Iruñean eginiko mobilizazioan. Langileek salatu dute Gimeno, patronalarekin bakarrik biltzen dela, eta ez dituela aintzat hartzen langileek negoziaziorako... [+]


Emakumeek baserria defendatu zutenekoa

1958an, emakume baserritarrek Donostiako Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan... [+]


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Sinadura greban dauden ‘El Diario Vasco’-ko langileek grebara joko dute orain, soldata igoera eskatzeko

Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba dago deituta El Diario Vasco-ko langileen artean, hitzarmen kolektiboa eguneratzeko aurrerapausorik ez delako eman. Gainera, maiatzaren 30az geroztik sinadura greba egiten ari dira kazetariak: “Hori ezkutatzeko enpresak lehentasuna... [+]


Errenteriako Iztieta osasun zentroko “egoera prekarioa” salatu du ELAk

Hemezortzi mediku beharrean hamabi daude eta sei erizainek hamabiren lana egiten dute. “Lan gainkarga eta agenda neurrigabea handitu” egin dira, sindikatuak ohartarazi duenez, eta murrizketa gehiago etor daitezke etorkizunean.


Murrizketak egingo dituzte udan Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroen herenean

Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.

 

Eguneraketa berriak daude