Joan den udan egindako Europako Biran ezagutu genuen Sara Hebe rapeatzaile patagoniarra, zenbait adituren arabera Argentinako rapeatzaile onena dena. Berandu baino lehen Euskal Herrira itzuliko zela agindu zuen eta bere hitza betez, Gasteizko Gaztetxean eta Bilboko Hikateneoan ikusi ahal izan dugu azken asteotan. Chubut probintzian jaioa, begi berde argiak berau populatu zuten galestarrenak dituela dio; Mediterraneoko arbasoena berriz, azal beltzarana. Erresistentzia lurralde bezala deskribatzen duen hegoalde horri zor dio bere mundu ikuskera eta “bere testua”. Elkarrizketa egiteko proposamena luzatu eta agudo heldu dio gonbidapenari: “Galdetua izatea luxu bat da, erantzunen inguruan pentsatzeko aukera eskaintzen baitizu”. Musikaz eta musika ez denaz, galdetu diogu beraz.
Palo asko ukitzen ditu eta ez zaio rapaz hitz egitea hainbeste gustatzen. Bere hiru lanak horren erakusle dira: La hija del Loco (2009) Argentinako hip hop eszenako ekoizleen oinarri originalak ardatz dituen lana; Puentera (2012), reaggea, cumbia eta dancehall-a nahasten dituena; eta Colectivo Vacío bere azken lana (2015), non punk rocka, funk karioka eta cumbia uztartzen dituen.
Nola hasi zinen rapeatzen?
Antzerkia eta dantza ikasten ari nintzen Buenos Airesen, Norman Briski aktore, dramaturgo eta idazle ezagunarekin. Antzerki herrikoia eta politikoa egin izan du beti, erresistentziari lotutakoa, mugimendu sozial ezkertiar eta antikapitalistei guztiz atxikia. Bere eskola izan da nirea. Lantoki baten berreskurapenaren inguruko antzerkia prestatzen genbiltzan. Aurreko hamarkadan Argentinan gertatutako corralitoaren krisi garaian asko zabaldu zen fenomenoa izan zen hau. Patronalak fabrika asko hustu eta itxi zituen, baina langileek lantoki horiek berreskuratu eta ekoizpen sistemak kooperatizatu zituzten.
Antzerkian hori kontatzen genuen eta langileek ere parte hartu zuten. Bukaeran bada abesti bat, Gure lantegiaren ereserkia oso melodikoa izan arren errima ere baduena. Eta ni kontu honekin bueltaka nenbilenez, Normanek bota zidan ea zergatik ez nintzen errima horien rapeatzera animatzen. Oinarri batzuk deskargatu nituen internetetik eta testua horren gainean josten hasi nintzen. Orduan ekin nion “nire testua” idazteari.
Metrika eta lirika zorrotzarekin, gordin eta poetikoki egindako kritika soziala da zure hitzen ardatza. Letra zuzenak eta kokatuak.
Rapa horrexegatik gustatu izan zait beti, aurrez-aurreko diskurtsoa duelako, salaketa eta iritzia emateko plataforma gisa erabili izan delako hasieratik. Gertatzen ari diren hainbeste gauza komunikatu eta ikusarazteko modu oso on bat da.
Bat kokatu egiten da beti. Aukeratu egiten dugu nondik dihardugun, nondik sortzen eta esaten dugun. Ana Tijoux rapeatzaile txiletarrak dioen bezala, musikak ez du iraultzarik egingo, denon artean egin beharko dugu. Baina musikari eta artistoi iraultza ezberdinen bidelagun izatea dagokigu, iraultza horiekin bat egitea beren aniztasun eta adierazpen guztietan.
Udako Europako biran bakarrik etorri zinen, zure ohiko kidea den Ramiro Jota gabe. Bakarrik edo elkarrekin, baina eskenatoki osoa betetzen.
Gorputz asko jartzen dut bai, gorputzarekin abestea gustatzen zait, ez letrarekin bakarrik. Mugitzea, dantzatzea… horrela irteten zait. Gozatzen dut formatu txikian, baina oro har, nahiago izaten dut eskenatoki handietan bolumen altuan abestea. Elkarrekin soinu itzela lortu dugu taldean, oso gogorra, rockeroagoa agian, punkagoa.. Puentera gure azken lanak ondo deskribatzen gaitu biok. Palo cumbiero-tik gatoz, rocka eta hip hop-a atsegin ditugu. Batzuetan galdetzen didate ea nola definituko nukeen nire musika eta nik diot, ez nukeela definituko. Definitzea eta tipifikatzea kartzela antzeko bat dira.
Irakurria dizut, bidaiatzeko sortzen duzula eta sortzeko bidaiatzen.
Haurra nintzenetik horixe eskatzen nuen, “bidaiatu nahi dut, bidaiatu nahi dut”, eta amak, etorriko zenaren jakitun edo, esaten zidan: “Lasai, bidaiatuko duzu eta!” Eta begira orain. Lortu dut momentu honetan musikaz bizitzea eta horri esker, asko bidaiatzea. Iaztik manager baten laguntza daukat eta ekoiztetxe txiki batekin egiten dut lan. Antolatzen laguntzen didate, eta egia esan kostatzen zait, ze orain arte dena nik egin dut. Nire ahotsa zegoen. Bitartekoak egoteak zailtzen ditu gauza batzuk, baina era berean, diskoak egin eta abestea da nire lana.
Asko al zarete Argentinan emakume rapeatzaileak?
Rapak jarraitzaile asko ditu. Eremu publiko denetan bezala mutil gehiago dabil, baina gero eta gehiago gara emakumeak. Erreferente garrantzitsu batzuk baditugu, 90. hamarkadan ezagun egin zen Actitud Maria Marta adibidez. Izendaezinak (Sarak ez du Carlos Medem Argentinako lehendakari ohiaren izena inoiz esaten, zorte txarra dakarrela baitio) diktadura militarreko errudunak indultatu zituen garaian, oso ezaguna egin zen letra antifaxista eta konprometituengatik. Desagertuen Hijos elkartearekin eskuz esku aritu zen. Bera eta beste askori esker, egun rap kultura handia dago Argentinan. Batez ere hegoaldean, nire jatorrian. Han inon baino gehiago entzun eta egiten dela esango nuke.
Zeri erantzuten dio horrek?
Argentinan badugu nortasun arraro bat, jatorrizko herrien sarraskiaren inguruan forma hartzen duena. Hainbeste herri, kultura eta hizkuntza suntsitzen garatu den identitate bat. Badago zerbait kulpogenoa hor, argentinarrongan. Suposatzen dut horri erantzuten diola.
Hegoaldearen kasuan, klima sozial oldarkor bat ere gehitzen zaio horri. Hain urruti dago, ezen inoiz ez dakizun zer gertatzen den bertan. Indarkeria polizial handia dago, ustelkeria eta nagusikeria itzela. Maputxeen lurrak sistematikoki lapurtuak izan dira, gobernuaren zein enpresa handien gehiegikeriak jasaten dituzte etengabe. Patagonia baliabide natural asko dituen lurraldea da eta enpresa handien esku geratzen ari da, Benetton multinazionala kasu. Baina Patagonia erresistentzia lurraldea ere bada, jende antolatuarena, mugimenduena… Hegoaldeak izaera erresistentea du, herri borrokalaria da. Suposatzen dut bertako jendearen adierazpen kulturaletan ere igarriko dela hori.
Palo cumbierotik zatozela diozu. Erritmo horien inguruan hedatu den dantza moduak misoginiatik baduela aipatu didazu.
Bai, baina iruditzen zait gauza batzuk desmoralizatu egin behar direla, generoa kendu behar zaiela, adibidez, perreoa edo twerkingari, eta esan: ni nahi dudan tokian kokatzen naiz, gura dudan rolean, hemen edo bestean, heteroaraua baztertuz. Baina ez pentsa, kostatzen zait batzuetan twerking feministaren hau ondo ulertzea. Gorputz adierazpena trantzean egoteko bide bezala ulertzen dut, ez dut gustuko estetikari eta azalekotasunari erantzuten dionean. Dantzan ari naizenean bost axola dit zein logikari erantzuten diodan, baina interesgarria iruditzen zait estetikatik irten eta gauzak modu primitiboagoan bizitzearen ideia. Mugimendu horiek denak urbanizatutako dantza afrikarrak direla ez dugu ahaztu behar.
Nola ikusten duzu borroka feminista zuenean?
Urte hauetan egindako bideari esker feminismoaren borroka oso aktibo eta indartsu dago Argentinan. Ni una menos (Ezta bat gutxiago ere) martxak indarra hartu du. 200.000 pertsonatik gorako manifestazioetan irten gara kalera. Erailketa matxisten kopurua itzela bada Europan, imajinatu gurean, Latinoamerikan. Zazpi orduan behin Mexikon emakume bat erailtzen dute; Argentinan 30 orduan behin dela uste dut. Mugimenduak indarra hartu du eta orain, misogino eta matxistena ere agertzen da “Ezta bat gutxiago ere” dioen kartelarekin. Hori ere gertatzen da eta protesta banalizatzeko arriskua egon daiteke, baina kalera irteten jarraitu beharra dago.
Azken hamarkadatan ezkerreko bloke bat sortzeko saiakera garrantzitsua egon da Latinoamerikan, baina hau geldotzerakoan, eskumak aurrea hartu du. Feminismoarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Inoiz baino ozenago eta antolatuago ari garen honetan, bai gurean bai mundu mailan, kontra-ofentsiba ere izugarria da.
Uztailean estreinatu zen El Marginal Argentinako telebista publikoan. Zure ahotsak zabaltzen du telesaila.
El Marginal single hau kartzelari buruzko izen bereko telesailerako eskatu zidaten ekoizleek, nobelaren gortina gisa. Ramiro Jota eta Flor Linyerarekin batera egin nuen. Flor (Cumbia Queers taldeko kide eta teklista) espezialista da cumbian eta abesti honetako erritmoek cumbia villera, Argentinako auzo txiroetako erritmo modua dute oinarri. Hitzekin ere gustura geratu nintzen.
Giltzaperatua egoteaz, espetxeratzeaz, kartzelaz eta askatasunaren prezioaz kantatzen dut.
Letra unibertsala da eta munduko lau hegaletako errealitateak deskribatzeko balio dezake. Hemen ere ezagun duzue hori. Tristea eta beldurgarria iruditzen zait euskal preso politikoen egoera, Ginebran dagoen Nekane Txapartegirena kasu. Faxismo europarrarena itzela da… Latinoamerikan ere bide beretik goaz, edozein altxamendu herritar zein sozial oztopatzen ari dira. Zorionez, borrokan alaitasunarekin ari garen sorgin eta aztiak asko garela uste dut. Zer egingo diogu bada! Horrelakoa da erresistentzia.
Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025
--------------------------------------------------------
Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.
Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]
'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.
---------------------------------------------------------
Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.
Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]