Monsantok eta AEBek Vietnam kiskalita mende erdira erosi egin dute

  • Vietnamgo ordezkaririk ez da izan Holandako Hagan nazioarteko herri auzitegian Monsanto epaitu duenean, urriaren 14tik 16ra. Gerra bukatu eta gero sortutako gurasoen haurrak gaixoarazten ditu korporazioak ekoiztutako Agente Laranja pozoiak, hegazkinek kutsatutako oihanak ez dira biziberritzen... eta hala ere Vietnamgo akademiko eta agintariek Monsantori zabaldu dizkiote ate guztiak.

‘Business Insider’ gunean Paula Bronstein argazkilariak ipinitako 11 argazki lazgarrien artetik eramangarrienetakoa hautatu dugu: ama gazte bat bere bi seme ezindu zaintzen. Mutikoek nabarmen ageri dituzte 1961-1971 artean Monsantok ekoiztu eta AEBetako a
‘Business Insider’ gunean Paula Bronstein argazkilariak ipinitako 11 argazki lazgarrien artetik eramangarrienetakoa hautatu dugu: ama gazte bat bere bi seme ezindu zaintzen. Mutikoek nabarmen ageri dituzte 1961-1971 artean Monsantok ekoiztu eta AEBetako armadak jaurtitako Agente Laranjak eragin kalteak, kutsatutako guraso edo aitona-amonengandik jasoak. Gaur Monsantok Roundup eta transgenikoak saltzen ditu Vietnamen eta bertako unibertsitateekin ikerketa programak partekatzen.

Joxe Manuel Lujanbio Txirritak Kubako gerrari jarritako bertsoak bere gain hartzen ahal lituzke Ho Chi Mihnen deiari jarraituz borrokan leher egindako hainbatek: “Azkenerako estranjerua egin zen islaren jabe / Len ere Kuba saldu ziteken hainbeste gizon hil gabe”.

Bi milioitik gora pertsonak –zenbaiten kalkuluetan ia lau milioik– galdu zuen bizia. II. mundu gerran jaurtitako bonben hiru halako lehertu zituzten yankiek. Oihan eta soro guztien %15 kiskali zituzten airetik isuritako pozoiz.  Dow Chemical eta Monsantok ekoiztutako Agente Laranja famatutik 45 milioi litro lurrindu zizkieten hegazkin eta helikopteroetatik. Hamarkadak geroago, 2016an, dioxina hilgarri haren saltzaile izateagatik auzitegi berezi batek Hagan epaitzen zuen bitartean, Monsanto nagusitzen ari da Vietnamgo nekazaritzaz.

Epaiketaren egunetan The Ecologist aldizkarirako kronika bila Mick Grant ikerlaria ez da Hagara hurbildu, Vietnamera baizik. Oina lurrean jartzearekin, ilunabarrez, jabetu da kontsumismoaren ikono yanki guztiek argitzen dituztela Saigon/Ho Chi Mihn Hiriko etorbideak: Starbucks, Golden Arches, KFCri aurpegia jartzen dion Colonel Sanders, Coca-Cola... Ez ordea Monsanto: “Hemen Monsanto esatea Apokalipsia aipatzea da”. Da... ala zen?

1961etik 1971ra bitartean iparramerikarrek gerra kimiko eta biologikoaren ataltzat barreiatu zuten Agente Laranja dioxinaduna, herbizida eta hosto galtzaile bortitza, zuhaitzak ihartuz soldadu eta gerrillari komunistei kentzeko oihan tropikalen babesa eta, arroz soroen gainean isuriaz, etsaia janaririk gabe uzteko.

Mick Grantek Gerrako Oroigarrien Museoa bisitatu du, Ho Chi Mihn Hirian. The Eologisteko kontakizuna abiatu du museoa girotzen duen musikari baten argazkiarekin: pianoa jotzen gizon itsua... ez, itsua baino gehiago, begientzako txokorik gabeko aurpegiz sortua. 17 urte, ditu mutikoak, hirugarren belaunaldian eragin dio hondamendia Agente Laranjaren dioxinak.

Mendebaldeari ireki aurretik Gerrako Krimenen Museoa deitzen zen honetan ikus daitezke pozoiek gaur oraindik haur eta gazteengan eragiten dituzten izugarrikeriak, begi, beso, zango, buru... klase guztietako gutxitasun eta deformazioak. Gainerako biktimek bezala, pianistak ere ez du inolako kalte ordainik jaso, horroreen erakusleihoa musikaz girotuz eguneroko arroza irabazten saiatzea geratzen zaio.

Hain da bortitza Agente Laranja, ezen eta arma hura erabili zuten militar eta enplegatu yanki asko ere gaixotu baititu. Haiek eta haien ondorengoak, ADNan kalteak eragiten dituelako. Etxeko beteranoengandik 291.000 kexu jaso ditu urteotan Washingtongo gobernuak; haiei erantzuteko 1.500 milioi dolarrez goiti xahutu ditu.

Ez zuten zorte bera eduki Vietnamgo kaltetuek AEBetan aurkeztutako kexuek, inolako indemnizaziorik ez dute lortu, ez Monsanto edo Dow korporazioetatik, ez gobernutik. Aldiz, gerraren eta pozoiketaren buru nagusia izan zen Henry Kissingerrek 1973an Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen, negoziaketetan Vietnamen ordezkari zen Le Duc Thorekin batera. Le Duc Tho, Bakearen Nobel Sariari uko egin dion gizaki bakarra...    

Pozoitzailea elikatzaile    

Mick Grantek ondoko egunetan lekuko beste ikerlari batekin, giza eskubideen aldeko militantea, bisitatu ditu Mekong ibaiaren erribera oparoak. Zertan ote dira U-Minh parkeko parajeak, duela 50 urte yankiek suntsitu arte oihan tupitu zirenak?

Gida batek daramatza txalupan. Basorik ez, baina ibai bazterrak bananondoz josirik ageri dira. Azkenean lortu dute gidariak nonbait lehorreratzea; bananondo ilarak zeharkatuta aurkitu dute zein nekez ari den biziberritzen antzina oihan tropikal sarria izandakoa. Zuhaitzak oso urri datoz, bestelako landareak bezala, abere basatien arrastorik ez. Eukalipto plantazioak ere egin dituzte, dioxinaren aurrean gogorragoak omen.

Errioan behera jota, Mekong deltako mangladiek itxura hobea dute. Baina itxura besterik ez, lagun vietnamdar ikerlariak erakutsi dionez. Funtzionarioek mangle berriak landarazi dituzte, baina kosmetika da beste ezer baino gehiago. Agente Laranjak erre ostean, etsai berriak dauzkate hemengo padurek: urtegi handiek ur emaria gutxitzea, izkira eta otarrainxken haztegi erraldoiak... eta klimaren aldaketa.

“Baina –dio Grantek– Monsantok etekina atera nahi dio klimaren beroketari ere: lehorteari aurre hobeto egiten dioten landareen haziak patentatu, ur gaziagoetan bizirauten duten arrozak... Mekong ibarrean itsasoaren maila gora ari baita. Baina egun batean uraren maila horientzako ere gehiegi igoko da”.

Laguna eta biek itzuli bat egin dute nekazaritzako horniketa almazenetatik. Mundu osoan bezala, hemen ere Dow Chemical, Bayer, Syngenta, BASF eta beste agro-erraldoien hazi, ongarri sintetiko eta pozoiak. Non da Monsanto?

1998an erositako konpainia baten marka darabil: DeKalb Genetics. Aurretik, 1995ean AEBek Vietnamen kontrako enbargoa kendu bezain fite itzuli zen Monsanto. Enbaxada amerikarrak gonbidatu zituen multinazionalaren aditu eta buruak transgenikoen abantailez hitzaldiak ematera, haien hazi eta pestizidetan datzalakoan Vietnamgo elikagai eskasiaren konponbidea.

Konbentzitu dituzte lekuko goi funtzionario eta politikoak, antza, edo menturaz erosi. 2014an lau transgenikoren ereite esperimentala onartu zuten. Bidean daude arroz transgenikoen baimenak. Ho Chi Mihn Hiriko zenbait erakundek adierazi du 2020rako Vietnamgo uzta guztien %30-50 genetikoki eraldatutako hazietakoak izatea nahi dutela. Neurri horretan geratuko da ekoiztutako laboreen kontrol osoa –haziak eta pozoiak, biak loturik– patenteen jabeen esku.

Milioika herritarrek oraindik nozitzen dituztenean aspaldiko Agente Laranjaren dioxinen mutilazioak, Roundup –glisofatoa– sartzen die vietnamdarrei Monsantok, pozoi horrekin bizirauten duten hazi transgenikoekin batera. Hainbat eritasun egotzi zaizkio glisofatoari, autismotik minbizi eta jaiotzatiko gaixotasunetara, naturako ekosistemetan eragiten dituenez gain. Monsanto eta Coca-Cola: AEBek eraso militar beldurgarriz lortu ez zutena, Vietnam menderatzea, lortzen ari dira merkatuak, kultura eta elikagaiak kontrolatuz.  

Bitartean, planetaren ia antipodetan, Monsanto Auzitegiak aztertu ditu multinazionalaren kontrako krimen salaketak Hagan. Vietnami buruzko bi galdera ebatzi behar zituen: ea Monsanto denez gerra krimenen erruduna AEBetako armadari herritarrak sarraskitzen laguntzeagatik eta Agente Laranja ekoiztu eta salduz ekozidioa egin ote zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma kimikoak
Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Tran To Nga: Vietnamen AEB-ek erabili arma kimikoei gerla deklaratua dien vietnamdarra

Urtarrilaren 25ean Paris ondoko Instantzia Handiko Auzitegira begira izanen dira milioika vietnamdar. Egun horretan hasiko da Vietnamgo gerlan AEBetako armadak erabilitako arma kimikoei buruzko auzia.  Hego Vietnamen agente laranja  izenez ezaguna den herbizida eta... [+]


Vietnamgo gerra ez da bukatu

1961etik 1971ra AEBek 67 milioi litro agente laranja bota zituzten Vietnamen 20.000 kilometro koadro baso eta 2.000 kilometro koadro labore lur suntsituz.


Poliziaren gas potoak, jendeak sakabanatzeko arma kimiko hutsak

Gerrarako debekatuak baina bake garaiko protestetan huskeria bezala erabiliak, gas negar-eragileek irudikatzen dituzte estatuen bortxa modernoaren kontraesanak. 1920ko hamarkadatik herritarren mobilizazioak zapuzteko prestatuak, gason erabilera fite ugaritu da azken urteotan... [+]


Eguneraketa berriak daude