Amezketarra Mexiko DF-n euskara irakasle, unibertsitateetan eta euskal etxean. Baina ez da ikasle gaztearen urtebeteko pasadizoa, bertan errotu den emakumearen ibilia baizik.
Ikastola-umea da. Amezketan, auzoko ganbaran ekin zion ikastolari, eta elizako sakristia ere ezagutu zuen Ordiziako ikastolara baino lehen. Euskara irakasle izan zen Errenteriako udal euskaltegian Mexikora baino lehen. Gaur egun, euskara eta euskal kultura irakasle da Mexiko DF-ko UNAM unibertsitatean.
Zer egiten du amezketarrak Mexikon?
Ahal duena!... Zer nahi duzu, hasieratik kontatzen hastea?
Hartuko nuke.
Euskara irakasle nintzen. Hamalau-hamabost urte baneramatzan lanean, gehienak Oreretako udal euskaltegian egin nituen –urte bat Pasaian–, gustura ari nintzen, baina 40 urte betetzera ere banindoan, eta urtea joan, urtea etorri, berritasunik ez. Euskaltegian ere ikasle kopurua ere hortxe, beherantz, eta irakasleoi eusteko, berriz, ikasleak behar, bestela ez zegoen. Hortik ere kezka. Eta, azkenik, koadrilako lagunak ere familia osatzen. Behin, igande baten, lagunartean bazkaltzen hamabi lagun, eta halako batean, bakarrik geratu nintzen mahaian. Bata umeari kasu egitera, bestea komunera laguntzera… sakabanatu egin zitzaizkidan. Denek bere bidea egina zutela iruditu zitzaidan, eta ni, aldiz, bakarrik nengoela. Bai, banuen familia, gurasoak, anaia-arrebak, ilobak, baina, modu batera, bakarrik. Eta orduan, euskaltegiko korridorean, batek: “Aditu al duzue? Euskara atzerrian irakasteko deialdia egin dute, Mexikon, Varsovian…”. Gogoan hartu nuen, eta izena eman nuen, curriculuma bidali eta egin beharrekoak egin nituen. Denbora joan zen, eta ezer ez. Harik eta handik sei hilabetera deia jaso nuen arte. Elkarrizketa bateko hitzordua. Aukeratuen artean nengoela, eta destinoa ere aukera nezakeela.
Eta Mexikora zu.
Ez nuen batere pentsatu beharrik izan: Mexikora! Varsovia baino askoz erakargarriagoa egiten zitzaidan. Gero, esan ere egin zidaten: “Baina ez atzera egin orain. Behin baino gehiagotan damutu zaigu jendea. Izena eman, aukeratua izan dela esan, eta ezetz, ez doala”. “Trankil alde horretatik, ni bai, joango naiz”. 2005eko irailean joan nintzen. Urtebeteko zen asmoa, baina hamaika egin ditut.
Mexikoko Unibertsitatean irakasten hasi zinen.
Usteko nuen bilera bat egingo zela, unibertsitateko ordezkariak, Jaurlaritzarenak, ni neu… Euskaraz ikasteko ikastaroan matrikulazioak eginak egongo zirela, ikasleren bat edo beste izango nuela zain… baina bai zera. Ezer ez. Neuk hasi behar izan nuen: Txindokiren argazkia banuen, Donostiako Kontxakoa… haiek handitu, bertan neure eskuz idatzi kurtsoari zegozkion oharrak: izen-ematea non, eskola-egunak, orduak… Hartu neuk egindako afixak eta unibertsitatean batean eta bestean jarri nituen. Eta sekulako arrakasta, jende mordoak eman zuen izena. Ehunen bat, eta hortxe ibili zen beti ikasle kopurua.
Zeure kontura egin zenuen.
Bai, Mexikon gauzak nola diren ikasi nuen orduan. Gogoan ditut erabili nituen argazkiak. Gero, ikasle batek esan ere egin zidan: “Bai, zuk jarritako argazki horietako bat kortxotik kendu eta etxean daukat, logelan jarrita”.
Betiko galdera beti: nork eman zuen izena, nork du euskaraz ikasteko interesa Mexikon?
Usteko nuen euskal jatorrikoak izango nituela ikasle gehienak, hemendik hara joan beharra izan zutenen ondorengoak, baina unibertsitateko errealitatea ez zen hori. Hamarretik batek zuen hemengo jatorria. Gainontzean, denetatik zegoen. Akordatzen naiz batek esan zidala amona euskalduna zuela, alzehimerrak jota zuela, eta euskarara itzuli zela orduan. Biloba hark euskara berreskuratu nahi zuen, neurri batean bazen ere, amonari hitz batzuk euskaraz esateko, eta ahal bazen hari zer edo zer ulertzeko. Horrek hunkitu egin ninduen. Askok musikagatik eman zuen izena.
Musikagatik?
Bai, Ferminen musika.
Fermin Muguruza?
Bai, jainkoaren pare jarrita daukate han Fermin Muguruza. Hemengo beste zenbait talde ere ezagutzen zituzten, nik ezagutzen ez nituenak, edo nik baino askoz gehiago zekiten haiei buruz. Batek, euskaraz irakurtzeko gai izatera iritsi nahi zuela esan zidan. Baziren arrazoi xelebreak ematen zituztenak. Batek esan zidan aitak artzain-txakurra eraman ziola Madriletik, begiratzen hasi eta “euskal artzain-txakurra” omen zen, eta txakurrari euskaraz zuzendu nahi zitzaiolako eman zuela izena euskarazko ikastaroan. Beste bat, xelebrea, Japoniako marrazki bizietako kantuak ikasi nahi zituelako etorri zen. “Baina hori ez da euskara!”, esan nionean, berak: “A, ez al da euskara?”. Beste batek esan zuen Europako aborigenak ezagutu nahi zituela. Horrela.
Hutsetik hasi zinen.
Eskolak irekiak eta doakoak izan behar ziren, hau da, unibertsitateko ikasleentzako ikastaroa zen, baina zenbait leku libre utzi genituen, nahi zuenarentzat. Hamarretik bederatzi leku, Mexikoko unibertsitate autonomoko ikasle, irakasle edo langileentzat izango ziren, eta bat kanpoko jendearentzat. Eta kanpoko horietan, euskal jatorrikoak ziren gehienak.
Mexiko DF-ko euskal etxearekin bat eginda ari zinen?
Ez, euskal etxeak berak ere euskarazko eskolak eskaintzen zituelako, baina han ere neu nintzen irakasle. Bietan. Jakina, distantziak handiak dira han, eta handiak ez direnean ere, hor da trafikoa, ikaragarrizko oztopoa. Nik neuk hamabi kilometro ditut unibertsitatetik etxera, hau da, ordu eta erdi. Eta beste ordu eta erdi, itzultzeko. Hiru ordu bidean, lau eskola-ordu emateko. Nekea handia da. Hemengoa luxua da. Hemen gehienek etxean bazkaltzen dute. Han ez da horrelakorik ezagutzen.
Zertan da hiriburuko hango euskal etxea?
Aldaketa handia ikusi dut joan nintzenetik hona. Jende gehiago joaten zen, orduan, zahar eta gazte. Gazteak, guraso gazteak, ume txikiak hartu eta bertara joaten zirenak. Ume horiek ezagutu dute euskal etxea –behintzat, ezagutu dute–, eta baliteke hortik segida etortzea, baina beraiek erabaki beharko dute hori, euskal etxera joan, ez joan. Hala ere, gaur egun euskal etxean apenas umerik ikusten den. 110 urte inguru ditu euskal etxeak, eta handik hona asko aldatuko zen egoera, seguru, zeren nik hamar urte daramatzat Mexikon, eta aldaketa handiak ikusi ditut bertako euskal etxean. Arrazoiak? Globalizazioa ere bai. Gaur egun ez dago nostalgiarik, bigarren, hirugarren generaziokoak dira, mexikarrak, eta nahi badute, udaro etorriko dira Euskal Herrira. Han, berriz, eguneroko bizimoduan lanean leporaino bizi dira.
Euskal etxera joateko indarrik gabe.
Laneko orduez gain, etxetik lanera eta lanetik etxera bidean egiten dituzten orduak ere kontuan hartu behar dira. Eta euskal etxera gabe ere, aisialdiko aukera asko dituzte. Halako gainbehera bat ikusi dut euskal etxean. Akaso buelta emango diote, akaso. Ematen ez badiote, zer edo zergatik izango da. Onerako ere izan liteke. Batek daki hori.
“Baziren euskara ikasteko arrazoi xelebreak ematen zituztenak. Batek esan zuen Europako aborigenak ezagutu nahi zituela”
Nola moldatu zinen Mexikoko bizimodura?
Euskal etxera joan nintzen hara heldu eta hamabost egunera. Neure burua aurkeztu eta, ezertan laguntzerik banuen, hantxe nengoela ni. Haiek, berriz, pozik, aspaldi ez zutela euskarazko irakaslerik, bakarren baten bila ere bazebiltzala, umeekin zer edo zertan hasteko besterik ez bazen ere, larunbat arratsaldetan. Nik baietz, eta han ere hasi nintzen. Jai eta aste, denbora dena bete nuen. Eta eskola haien bidez lagunak egin nituen. Bitartean, igandea besterik ez libre, eta etxea jaso, merkaturen bat ikusi, paseoren bat… Gogoan daukat irteera bat, aurrenetakoa, Migel Arregi eta Mikel Plazaolarekin, Santu guztietan egin genuena. Ospakizun handia han. Gauez hilerrira joan eta hango lorea, hango janaria, hango kantua eta hango kandela emana. Kanposantuan jaten eta edaten jendea.
Txoke handia behar du: Amezketa-Mexiko DF.
Bi mundu zeharo diferente, baina Mexiko DF-n bertan ere, hainbat bizimodu ezberdin dituzu. Baina hemendik hara, egia da gauza batzuk zeharo ezberdinak direla: eguneroko bizimodua, ohiturak… Han zarenean, hangoa onartu beharra daukazu. Ernegazioak ez du balio han.
Urtebeteko joana, hamaika egin dituzu han.
Ez zen urte erraza izan, kurtsoa neronek abiatu beharra, bizitokia bilatu… Urtea eman nuenean, “Bigarren urtea ez duk okerragoa izango”, pentsatu nuen, eta hantxe segitu nuen, urtero erronka berriei aurre eginez. Lehenengo urtean, unibertsitate batean, gero bitan, gero hirutan… Hemengo Jaurlaritza eta hango unibertsitatearen arteko hitzarmenak, berriz, hiru urteko iraupena zuen. UNAM unibertsitate autonomoko esperientzia pilotuak izandako arrakastaren ondorioz, Monterreyko Unibertsitate Teknologikoa ere euskarazko eskolak eskaintzen hasi zen, eta hurrena, Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarra. Horrela, harrapatuta geratu nintzen.
Zeure sarean harrapatuta.
Gustura harrapatuta. Erronka berriak ziren urtero, eta haiei aurre egiten nien. Bestalde, oso esker oneko jendea izan dut inguruan beti. Ikasleak, zoragarriak zaizkit. Bete egiten naute, eta hantxe eusten. Apurra eman diedala iruditzen zait, eta aldiz, haien esker ona ikaragarria da. Neu nagoela beraiekin zorretan iruditzen zait. Gauza asko erakutsi dizkidate. Nik programako paperean jartzen zuena erakutsi diet, baina bestelakoak erakutsi dizkidate ikasleek: umiltasuna, zintzotasuna, esker oneko izatea… Eguneroko bizimoduan baloratzen ez ditugun gauzak baloratzen lagundu didate.
Hemen ez zen horrelakorik?
Ez, eta arrazoiak hainbat izan litezke, baina aurren-aurrena, jendea ezberdina dela han eta hemen: izaeraz eta kulturaz. Beste alde batetik, hemen, helduak “behartuta” joaten dira euskaraz ikastera, han ez bezala, han beren gogoz joaten dira.
Eta nola ikusten duzu Mexiko, hona heltzen zaigun irudiaren arabera: Ciudad Juarezeko feminizidioa, AEBetara migrazioa, ustelkeria, ezberdintasun sozial handiak…
Eta nola ikusten duzu Europa? Ustelkeria politikoa, migrazioa, ezberdintasunak… Nola dago Europa? Haurrak goseak akabatzen, Europako ateak irekitzen ez ditugulako. Bi garrasi egin eta aurrera, hurrengo iragarkia: “A zer autoa! Zenbat balio ote du? Hurrena horixe behar dut nik!”. Hori da hemengo errealitatea, Mexikokoa bezalakoa. Egia da oraindik ere deigarri egiten zaidala Mexikoko kalean hainbeste ume eskean ikustea, edo obratan lanean hamar-hamabi urteko mutikoa, edo emakume asko, eskean, umeak lepotik zintzilik dituztela, eta emakume edadeko asko tartean… Amaren irudia etortzen zait orduan. Horiek denak ikusi eta jendeak esaten zidan: “Jarriko zara!”, ohituko nintzela horiek ikusten, esan nahi zuen. Eta nik neure artean: “Ez al naiz jarriko!”. Eta ez naiz horretara jarri. Horiek ikusten ohituko banintz, niretzat akabo.
Herrialde aberatsa da Mexiko.
Aberastasuna gaizki banatuta dago, ordea, Mexikon, Europan eta munduan. Mexiko, dagoen lekuan dago, AEBetara igarobidean, bertatik dabil droga guztia, eta AEBetara doa, han kontsumitzen delako. Narkotrafikoa ez da, bakarrik, Mexikoren arazoa, AEBena ere bada. Ciudad Juarezekoa dela eta, ez pentsa guk, Mexikon, askorik dakigunik. Dabilen moduan dabil informazioa.
“Talo zalea nintzen hemen, eta hara joan eta talo-janak egin behar nituela pentsatu nuen. Baina aurreneko hozka egin, eta nire buruak ezetz esan zuen. Gero konturatu naizenez, hango arto-irinak karea du, eta kare gustua, eta hori ez zait gustatzen. Artisau taloak, eta etxean egindakoak, aldiz, diferenteak dira, askoz hobeak. Karearen ondorioa izan liteke, berriz, mexikarrek hortzak, hezurrak eta ilea osasun oneko izatea”.
“Oso mexikarra da. Bigarren, hirugarren belaunaldiko jendea duzu han nire adinekoa, mexikarra. Badira lauburuak eta ikurrina, bada sentimendua, baina euskal etxe mexikarra da. Euskal etxeak funtzio batzuk zituen garai batean, eta beste batzuk ditu gaur egun: txoko bat da, biltzeko, futbola ikusteko edo musean egiteko”.
“Iaz, eta orain dela bi urte, bosten bat e-posta jasotzen nituen egunero hemendik, Mexikorako asmotan edo nahian zegoen jendeak bidalitakoak. Euskal etxera euskaraz jotzen zutenei nire helbidea ematen zioten, eta ehunka eta ehunka mezu jaso izan nituen, hango egoeraz galdezka, zer lan egin ote zezaketen. Baina han ere ez dago garai bateko erraztasunik”.
“Txikitan Lekeitiora joaten ginen udan. Gurutze nintzen ni, baina han baten batek esan zuen: ‘Gurutze? Mutil izena da hori. Gurutzne beharko du neskarena!’. Eta, gero, etxean ere hasi begiratzen eta Josu-Josune eta horrelakoak, eta azkenean, Gurutzne”.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]
Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.
Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.
Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]
Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]
San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]
Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]
Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.
Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]