Errituak ugari azken agurrean

  • Bizi garen artean bezala, hil osterako desio eta erabakietan ere ez gara berdinak. Erritu katolikoaren alternatiba gisa, hileta zibilak hasi dira leku egiten. Erlijio, kultura eta komunitate bakoitzak bere ohiturak ditu eta hainbatek hildakoa jaioterrian ehorztea erabakitzen du. Eta bada hildakoei zerbitzu berezia emateaz arduratzen denik ere, baltsamazio edo tanatopraxia kasu.

Adituek diote etorkizunean hileta zibilak nagusituko direla (argazkian, hileta zibil bat), baina oraingoz minoritarioa da eskaera eta Eliza katolikoaren errituala aukeratzen dute gehienek. (Arg: Panateneansevent)
Adituek diote etorkizunean hileta zibilak nagusituko direla (argazkian, hileta zibil bat), baina oraingoz minoritarioa da eskaera eta Eliza katolikoaren errituala aukeratzen dute gehienek. (Arg: Panateneansevent)

Eliza katolikoaren hileta-errituetatik irten nahi dutenek gero eta aukera gehiago dituzte horretarako. Aitzitik, gizartearen ehuneko zabalenak bide hori hautatzen jarraitzen du. Hala baieztatu digu Maria Ascen Garcia de Andoinek, bizitza erdi baino gehiago hildakoekin lanean eman eta gaur egun Bizkaiko ASEF hileta etxeen idazkari eta Espainiako Estatuko PANASEF elkarteko kide denak. Ehorztetxeak sortu zirenetik, halabeharrez apurka uneko egoerara egokitzen joan direla dio. Azken urteetan, hileta zibilen agerpenari eta atzerritik etorritakoen eskariari jarri behar izan diete arreta.

Oraingoz kasu asko izan ez badituzte ere, hileta zibiletarako protokoloa ezarri dutela kontatu digu ASEFeko idazkariak. Ehorztetxe ugarik dagoeneko egin duten bezala, ikastaroak prestatzen ari dira, bide zibila hartu nahi dutenei behar bezala erantzuteko. “Izan ditugun kasuetan, ehorztetxean bertan egin izan dira agurrak. Apaiz baten ordez, senide edo lagun batek poema edo idatziren bat irakurri izan du. Gero, senideek gorpua erraustea erabakitzen dute gehienetan”, azaldu du.

Gorka Zendoia, zumaiarra:
“Hileta zibilean, berak eginiko koadroa jarri genuen hautsen ondoan. Lagun bik aurreskua dantzatu zuten eta izekok bertsoak kantatu zituen. Txabolaren aurrean lekua egin genuen hitz egin nahi zutenentzat”

Atzerritik iritsitako komunitateak hil osteko errituak ezberdin bizi dituela dio Garcia de Andoinek, eta gizarteko aniztasun kulturala ehorztetxeetako eskarian islaturik ikusten duela. Oro har, gorpua bertan lurperatzeko baino, jatorrizko herrialdera eramateko lana egiten dute ehorztetxeek. Kostua esanguratsua izan ohi da eta ez dago laguntzarik; horregatik, atzerrian lurperatuak izan nahi dutenek sarri aseguru berezia izaten dute azken unerako. “Hildako senidea jatorrizko herrialdera eramateko baliabide ekonomiko nahikorik ez zuen familia baten kasuan, herriko udalak aberriratzea ez baina bertako hilerrian ehorztea ordaintzea erabaki zuen”.

Libre

Gorka Zendoia zumaiarrak bide zibiletik agurtu zuen 41 urteko Igor anaia. “Ikusita gure anaia ez zela katolikoa eta ez zegoela ados Elizaren jarduerarekin, nahiko erraza izan zen hileta zibilaren edo omenaldiaren alde egitea”, azaldu du. Aitaren baserri ondoko txabola jo zuten horretarako leku egokitzat eta lursaila haiena izanda, Zendoiak dio ez zutela inolako eragozpenik sentitu, alderantziz, “libre” sentitu zirela nahi zuten dena aurrera emateko.

Iñaki Olaizola antropologoak ARGIAko 2435. zenbakian zioen, alde biografikoa azpimarratzea dela hileta zibilen ezaugarri nabarmenena, Elizaren erritualetan maiz falta dena, haren ustetan. Ados dago horrekin Zendoia, anaiaren agurrari emandako “pertsonalizaziotik” oroitzapen polita gordetzen du: “Berak eginiko koadroetako bat jarri genuen bere hautsen ondoan. Lagun bik aurreskua dantzatu zuten eta izekok bertsoak kantatu zituen. Txabolaren aurrean eta anaiaren errautsen atzean lekua egin genuen hitz egin nahi zuten denentzat eta banan-banan pasatzen joan ziren. Bukaeran Voltaiak jo zuen, bere musika talde kuttunak. Gero errautsak lurperatu eta gainean gorosti bat jarri genuen”.

Yuen Tao, txinatarra:
“Lehen gehiago uste zen hiltzera sorterrira joan behar zela. Egun, gero eta txinatar gehiagok senidea hemen ehorzten dute”

Herriz herri, gero eta udaletxe gehiagok onartu dituzte hileta zibilak arautzeko udal ordenantzak. Adituek etorkizunean horien aldeko joera nagusituko dela iragarria dute, baina apurka ugarituz badoaz ere, minoritarioa da gaurkoz eskaera. Olaizolaren hitzetan, belaunaldi oso bat igaro beharko da hileta erlijiosoen gainbehera nabarmena izateko.

“Hemen, nork jarriko dit kandelarik?”

“Ez dut inoiz txinatar edo marokoar baten hiletarik ikusi herrian”. Ez da arraroa halakorik entzutea, Garcia de Andoinen ustetan. Txinatarren kasuan, hauek artatu dituzten oso ehorztetxe gutxi ezagutzen dituela adierazi du, larriki gaixotu edo zahartzean, sorterrira itzultzeko joera dutelako: “Kulturalki, jaiotako lekura itzuli ohi dira hiltzera. Horregatik ez dugu ezagutzen hemen ehorztetxe txinatarrik eta ez dugu kasik gorpurik bidaltzen Txinara”.

Yuen Tao txinatar gaztea ez dator guztiz bat Garcia de Andoinen hitzekin. “Lehen gehiago uste zen hiltzera sorterrira joan behar zela. Egun, gero eta txinatar gehiagok senidea hemen ehorztea aukeratzen dute, nahiz eta Txinako hileta-ohiturak ezberdinak izan”. Beste faktore bat ere aipatu du Taok: Euskal Herrira txinatar asko gazte iritsi dira eta oro har hiltzeko adinean ez daudenez, ez dira ugariak haien hiletak gurean.

Marta Baya boliviarraren kasuan, Euskal Herrian bizi denetik gertuko inor ez du heriotzak hemen harrapatu. Hala gertatzen denean, ez dauka argi zer egin ohi duten hemen bizi diren boliviarrek, baina ahal duten guztiek gorpua sorterrira eramateko ahalegina egingo dutelakoan da: “Ni bihar hiltzen banaiz, nire herrialdera eraman nazaten nahiko nuke. Hildakoen Egunean hilerrira loreak eta kandelak eramateko ohitura handia daukagu han; eta hemen, nork jarriko dit kandelarik?”.

M. Gueye, senegaldarra:
“Gorpua izara zuri batean bildu eta meskitara eramaten dugu lurperatu aurretik azken otoitza ematera. Hiru egunen ostean, lagun eta senideak elkartu eta festa txiki bat egiten dugu”

Hango hil osteko erritua nahiko ezberdina dela gaineratu du; besteak beste, hildakoa haren gustuko musikarekin lagunduta eramaten dute hilerrira eta ehorztetxerik ez dagoenez, gorpua etxean izan ohi dute, azken agurra ematera hurbildu nahi dutenez inguratuta.

Eredu talka

Komunitate musulmanak ere sorterrira eraman ohi du hildakoa, batez ere, erritu islamikoaren arabera ehortzi ahal izateko. Hemen legeak gorpua hilkutxarekin lurperatu beharra exijitzen du, eta horrek talka zuzena egiten du erritu islamikoarekin. Gorpuak Mekara begira, eskuin aldera etzanda eta zapi zurietan batuta ehortzi behar dira, lurrarekin kontaktuan.

Maodo Gueye senegaldarrak argi ikusten du hiltzean sorterrira itzuli beharra. Musulmana da eta kalean denetariko saltzaile ateratzen du bizimodua. Gogoan duen azken senegaldarra hil zenean, gorpua jaioterrira eramatearen kostuari aurre egiteko – 8.000 euro izan ziren– Euskal Herrian bizi diren senegaldar bakoitzak 10-15 euro jarri zituela dio. “Behin Senegalera iritsitakoan hilkutxa kentzen diogu, izara zuri batean bildu eta meskitara eramaten dugu lurperatu aurretik azken otoitza ematera. Hiru egunen ostean, lagun eta senideak elkartu eta haren omenezko festa txiki bat egiten dugu”, kontatu du.

Hala ere, hainbat arrazoi tarteko, badira gorpua bertan lurperatzeko erraztasunak eskatzen dituzten musulmanak. Eskari horri erantzunez, oraingoz, Euskal Herrian lur eremu bakarra dago espresuki musulmanak ehorzteko: Derioko hilerriko lur zati bat, 2008tik Udalak Bilboko musulmanei edo bertan hildakoei utzitakoa.

Bizpahiru hilabetez deskonposatzen ez diren gorpuak

Victor Gonzalez Usurbilgo Gonzalez ehorztetxeko tanatopraktorea da, Euskal Herri osoan baltsamatze zerbitzua eskaintzen duen ehorztetxe bakarra. Bere esanetan, orain hasi da ehorztetxe mundua apurka ezagutzen benetan baltsamazioa zertan datzan: “Funtsean, baltsamazioak hildakoaren itxura mantentzea du oinarri, haren deskonposaketa atzeratzea. Gorpua bizpahiru hilabetez egon daiteke inolako deskonposizio arazorik gabe, eta hori aurrerapen handia da gaur egunerako”. 

Baltsamazioa orain arte ez zela ondo egiten dio Gonzalezek, hildako pertsonak asko desitxuratzen zituzten substantzia toxikoak erabiltzen zirelako. Tanatopraxian, horren erasokorra ez den prozesu kimiko bat erabilita, zelulen ikuspegitik pertsonak eritasunak hartu aurretik zuen kolore eta itxura naturala izatea lortzen dute. Kontserbazioa eta baltsamazioa prozesu bera dira, baina lehena gorpuak hiruzpalau egun irauteko egiten da, eta baltsamazioa hilabeteetarako. Denbora tarte hori, herrialdearen urruntasunak eta kontsulatuarekin bete beharreko tramiteen luzapenak baldintzatzen dute gehienetan.

Izan ere, Euskal Herrian egiten diren baltsamazioen %85-90 inguru gorpua atzerriratu ahal izateko egiten dira. Legeak behartuta, gorpua atzerrirako baltsamatuta joan behar da ezinbestez; baita distantzia laburragoetara hegazkinez garraiatuko bada eta hil zenetik 72 ordu igaro badira.

Victor Gonzalez, tanatopraktorea:
“Bizpahiru egunez udaletxe edo antzokietan herritarrentzat ikusgai jarri dituzten aktore eta alkate ezagunak baltsamatu ditugu”

Bada beste arrazoi bat senide edo lagunek hildakoaren gorpua baltsamatzea aukeratzeko: publikoki ikusgai jartzea. “Ez ditut izenak eman nahi, baina badira baltsamatu ditugun pertsona ezagunak, gero hainbat lekutan bizpahiru egunez ikusgai jarri direnak. Udaletxeetan edo antzokietan herritarrentzat ikusgai jarri diren aktoreak edo alkate ezagunak, esaterako”.

Aurreko zibilizazioei begiratuta, gorpuak baltsamatzearen ohitura betidanik egon dela azpimarratu du Gonzalezek. Orain gutxi arte, forentseek egin izan dute, baina egun, teknika berritzaileenekin haiek bakarrik egin dezakete, nahiz eta beti forentse baten eskutik joan.

“Honetan lan egiten dugunok dolu prozesuan dauden familiekin harreman etengabea dugu eta heriotza bizitzako beste urrats bat da guretzat. Gizarteak ere horrela onartu beharko luke”, uste du. Heriotzaz hitz egiteak eztabaida sortzen duela dio, eta paradoxikoa bada ere, aldi berean tabua izaten jarraitzen duela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


2024-10-23 | Jon Torner Zabala
Antzuola
Nolakoa eta norentzat izan behar du 30 urte barruko hilerriak?

Galdera potolo horren bueltako gogoeta parte-hartzailea egin dute Antzuolan (Gipuzkoa), eta oraintsu aurkeztu dituzte saio irekietan parte hartu duten herritarren ekarpenak. Helburuak izan dira, batetik, heriotzaren inguruko beldurrak eta ezezagutza gainditu eta gaiaz ahalik eta... [+]


163 suizidio kode aktibatu dituzte Nafarroan, urteko lehen seihilekoan

204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]


Baionako bestetan jipoitu zuten 58 urteko gizon bat hil da

Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]


Argizaria: bizitzaren eta heriotzaren artean

Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Errenta baxua, suizidiorako arrisku faktore
Ikerketen arabera, errenta baxua dutenen pertsonen suizidio-tasa errenta ertaina edo altua dutenen bikoitza da. Nafarroako Osasun Sareak nabarmendu du baldintza sozioekonomikoetan arreta jarri behar dela. 

Materialismo histerikoa
Ihes egin

(Azken aldi luzean ezin naiz gauez atera, eta arratsaldez ere larri, eta asteburuetan ere ez, eta (jarri zaizue jada ihes egiteko gogoa), marianitoak eta bazkari azkar samarrak izaten dira nire enkontruneak. Konpainiak ondoegi aukeratu behar ditut. Ezin ditut poteoak... [+]


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
“Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko”

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Eguneraketa berriak daude