“Brasilen urtegiek kaltetutakoen %70ek ez du indemnizaziorik jasotzen”

  • Hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek antolatuta iragan irail bukaeran Bilbon egin ziren III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten gerizpean iritsi zen Brasildik Euskal Herrira Moisés Borges MABeko (Urtegiek Kaltetutakoen Mugimendua) ekintzailea. “Mugimendu sozialak: erresistentziatik eredu energetikoaren eraldaketara” tailerrean parte hartzearekin batera ordezkatzen duen mugimenduaren berri ematera etorri zen Borges, hainbeste buruhauste sortzen dizkien Iberdrolaren sorterrira.

"Orain dauden 2.000 presa hidroelektrikoez gain beste 2.000 egiteko aurreikuspena dago orain Brasilen: beste milioi bat inguru kaltetu", esan digu Moisés Borgesek. (Arg.: Aitor Kaltzakorta).

Urtegiek Kaltetutakoen Mugimenduaren portugesezko siglak dira MAB. Zer da?

Mugimenduak 60ko eta 70eko hamarkadetako Brasilen ditu erroak. Garai horretan presa hidroelektriko andana eraikitzen hasi ziren herrialdean. Milaka lagun kaltetzen zituen eraikitzen hasten zen urtegi bakoitzak, sekulako degradazio sozial eta anbientala eraginez. Tokiko borrokak pizten hasi ziren orduan, han eta hemen, baina elkarren arteko lotura garbirik gabe. Brasil herrialde kontinentala da, oso handia, eta batzeko beharra ikusi genuen: enpresek herrialde osorako estrategia bera bazuten, geuk ere herrialde osorako estrategia bateratua behar genuen. 1991n lortu genuen. Egun lurralde osoan gaude gure borrokak aurrera eramaten. Bide luzea dugu oraindik. Urteotan 2.000tik gora presa eraiki dira, eta milioi eta erditik gora dira horiengatik kaltetu eta desplazatuak. Horien %70ek ez du jasotzen ezer; ez lur berririk, ez indemnizaziorik…

1941eko lege batean oinarritzen da babesgabetze hori, ezta?

Hori da, lege horrek esaten duenaren arabera lurraren jabeek baino ezin dute kalte-ordainik jaso. Gure herrialdearen errealitatea da, baina, 200 urtez gaindi belaunaldiz belaunaldi lursail bat esplotatzen aritu direnetarik gehienek ez dutela jabetza aitortzen dien dokumentaziorik. Komunitate brasildar anitzetan ez da inoiz halako titulurik behar izan, eta hortik datoz arazo asko, legeak ez baititu kaltetutzat onartzen. Enpresek lege hori erabiltzen dute presioa eta xantaia egiteko.

“Enpresa pribatuek gure baliabide naturalak doan erabiltzen dituzte, eta energia oso garesti ordaintzera behartzen gaituzte”

Zein zen eraikuntza lanak egiten hasi zireneko egoera politikoa? Barea ez gero...

Garai horretan Brasilen agintea diktadura militarraren pean zen. Gobernuak buruan zuen gauza bakarra herri lan izugarriak egitea zen, herrialdea garatzen ari zenaren itxurak egiteko. Epe horretan Brasilek eraiki zuen munduko presa hidroelektrikorik handiena. Handikeriazko zurrunbilo batean sartu zuten herrialdea ondorioetan pentsatu gabe. Gatazka izugarriak sortu ziren, eta jende asko izan zen jazarria, torturatua edota desagerrarazia. Garai korapilatsua izan zen ordukoa, neurri batean azkenaldian ere bizitzen ari garena, Dilma Roussefen aurkako impeachment delakoaren harira; Brasilgo demokraziaren kontrako estatu kolpea bizi izan berri baitugu iragan abuztuaren 31n: Michel Temer presidenteordea agintera iritsi da herritarren babesik gabe. Salbuespen egoera batean gaude beste behin ere, eta esan dezakegu 1985ean diktadura militarra bukatu zenetik demokrazia epe oso motza izan dugula.

Zer lotura du MABek MST (Lurrik Gabekoen Mugimendua) eta Lula zein Dilmaren gobernuetan euren burua ordezkatuta ikusi duten beste mugimendu batzuekin?

MST eta MAB mugimendu garaikideak dira. Mugimendu anaiak garela esaten dugu. Lularen gobernuak-eta, koalizioa izanik, herritarrontzat gauza on asko egin zituzten arren, gauza onuragarri gehiago egin zituzten enpresaburu eta elite ekonomikoentzat. Halere, haiek ez ziren ase onura horiekin, eta gehiago nahi zituzten. Esaterako, Lulak eta Dilmak onartu zuten lege bat dugu, esaten duena Brasilgo petrolioak eragindako mozkinen parte bat hezkuntzan eta osasungintzan inbertitu behar dela. Bi alorrotan eragin handia izan dezakeen dirutzaz ari gara.

Diru publikoa esku pribatuetara, beraz...

Chevron, Shell, Exxon eta sektoreko beste enpresa batzuek lobby izugarri indartsua dute eta eragotzi egiten dute inbertsio hori aurrera eramatea. Areago, Nazioarteko Harremanen Ministroak esan berri du Petrobrasen presa Chevroni emango diola [Petrobras enpresa erdi-publikoa da]. Hori Brasilen subiranotasunaren aurkako eraso onartezina da. Lehen aipatu dudan estatu kolpea, zentzu horretan, nazioarteko estatu kolpetzat jo behar dugu, pozik ez dauden eskumako indarren oldarralditik harago. Enpresa horiek eta gehiagok, Iberdrolak barne, Brasilgo baliabide energetiko oro kontrolatu eta bereganatu nahi dute. Guk ez dugu hori onartuko, eta jada aurrean gaituztenez, hasi dira euren agenda inposatzen. Michel Temerrek berak “Etorkizunera zubia” programa aurkeztu du datozen urteotarako, Brasil agenda neoliberal basatian murgiltzera eraman nahi duena.

MABen mobilizazio bat, Sao Paulon (Arg.: Marcelo Camargo / ABr).

Nola dago afera orain?

Brasil munduko hirugarren potentzia hidrikoa da, Txina eta Errusiaren atzetik. Neurria emateko, pentsa Brasilek maneiatzen duen energiaren %80 inguru iturri horretatik ateratzen dela. Europan oso bestelakoa da egoera, erregai fosilekiko, nuklearrekiko eta abarrekiko menpekotasun handia baitago. Guk energia hidriko iturri emankorra dugu, eta ekonomikoki hobari handiak ematen ditu. Kapitalak hori badaki eta bereganatu egin nahi du, baina herritarrak gara hori sufritzen dugunak, andana bizi baita erreka ondoetan. Iberdrolak Paranako Behe Iguazun badu dagoeneko kontratu bat sinatuta: energia megawatta 100 errealean (28 euro inguru)salduko du, produkzio kostua bost euro ingurukoa denean. Urtean 45 milioi euro garbi aterako ditu. Energia eredua mozkinei begira dagoela bistakoa da, eta ez behar sozialei begira. Enpresa estatalak megawatt bera bederatzi euroan saltzen du. Onartu ezin den gurpil bat da: enpresa pribatuek brasildarron baliabide naturalak doan erabiltzen dituzte, eta batere produkzio kosturik gabe, energia oso garesti ordaintzera behartzen gaituzte.

Iberdrola aipatu duzunez... 1997an iritsi zen Brasilera helburu garbi batekin: estatuaren enpresa elektrikoak bereganatzea.

Egungo egoera 90eko hamarkadan gertatutakoaren ondorioa da. Diktadura bukatutakoan neoliberalismo garai batean murgildu ginen Brasilen. Meatzaritza estatala zein energia sortzaile, banatzaile, saltzaile eta abarrak ere pribatizatu egin ziren. Iberdrola energia kate osoan egin zen presente, Nova Energiaren bidez. Azken hamarkadan ia 4.000 milioi euro irabazi ditu eta ez du inolako inbertsiorik egin. Duela gutxi Pernambucon hiru pertsona hil ziren goi tentsioko kableak apurtuta zeudelako kale erdian. Hori argindar enpresaren ardura da, ezbairik gabe, baina ez du ardura bakar bat hartzen bere gain. Areago, enpresa horretako mantentze lanetarako langile bat hiltzen da 45 eguneko. Lularen garaian enpresa estatalak pisu gehiago hartu zuen, guztiz pribatizatua izatetik sistema misto batera pasatu baitzen.

“Azken hamarkadan Iberdrolak ia 4.000 milioi euro irabazi ditu hemen, eta ez du inolako inbertsiorik egin”

Eta Behe Iguazuko gatazkara iristen ari gara apurka.

2013an iritsi zen hara Zeru Urdin izeneko partzuergoa (Iberdrolak %39ko parte hartzea du bertan, ofizialki). Izen politegia hainbeste arazorentzat. Eraikitzen hasi eta batera Iberdrolak eta kontsortzioak esan zuten ez zegoela arazorik ia, eta zeuden apurrak konponduta zeudela. Horren aurrean, kaltetuok martxak, manifestazioak eta harrobien okupazioak egin ditugu. Orduan hasi dira onartzen kaltetutako familiak zeudela. Absurdoa dirudi, baina gure lehen garaipena kaltetuak izan baginela aitortzea izan zen. Beno, hori ere erdipurdi, 360 familia kaltetu aitortu baitzituzten, guk ia 900eko erregistroa izan arren; 3.000 pertsona inguru. Eta aitortza partzialean geratzen da dena, aitortutakoei ere ez baitizkiete ordaintzen kalte-ordainak.

Ingurumen drama agerikoaz landa, dimentsio sozial eta humanoa ere aski latza da.

Argi eta garbi. Milaka herritar xehe etxerik gabe daude makinek hormak bota dizkietelako, bizimodua galdu dute, eta hiru urtez gaindi daramate inolako kalte-ordainik jaso gabe, urtero 45 milioiko irabaziak dituen enpresa batek ez baitu dirurik familientzat. Presaren lanak aldi baterako geratzea lortu genuen mobilizazioen eta ekimen juridikoen bidez. Baina justizia bera fartsa honen parte da. Enpresa kalte-ordainak ordaintzera behartuta dago, baina negoziatu egin dezake. Enpresak depositu edo fidantza gisako bat sartzen du familien kontuetan, eta epaitegiek enpresa ordaintzen ari dela ontzat ematen dute, diru hori familientzat erabilgarri egon ez arren. Gainera, ez da negoziatutako kopuru bat, alde bi behar baitira negoziatzeko. Brasilgo lurrik emankor eta onenak prezio negargarrietan eskuratzen ari dira. Hirian etxebizitza xume bat eskuratzeko ematen ez duten prezioetan. Gu nekazariak gara, eta lurra nahi dugu, ez dirua, lanean jarraitu ahal izateko eta herritarrentzako elikagai merke eta osasungarriak produzitzen jarraitzeko. Horrekin batera, geure herrian, geure eskualdeetan bizitzen jarraitu nahi dugu. Gure hildakoak lurpetik ateratzen ere ez digute utzi. Sustraiak moztu dizkigute geure familiakoen hilotzen aurrean negar egitea ukatzeraino. Etxetik joan nahi ez badugu, gainera, presa ireki eta urpean geratzeko mehatxua luzatzen digute. Neurrigabeko zanpaketa da, horren kontra ezin dugu ezer egin.

Hildakoak izan dira mugimenduan.

Jende asko izaten ari da jazarria. Kide asko ari dira mehatxuak jasotzen, kartzelaratuak izan dira, eta hil ere egin dituzte batzuk. Emakumeak ari dira bereziki hau pairatzen: ez dira kaltetutzat aitortuak. Emakumeak eta adinekoak ez baitira lan-indar enpresarentzat. Emakumeei ez diete onartzen negoziatzeko gaitasunik ere. Giza eskubideei erasoa maila guztietan ematen ari da. Areago, prostituzioarekin eta indarkeria matxistarekin arazo handiak sortzen ari dira obra handietara iristen diren langileen eskutik. Adingabekoen aurkako jazarpen sexuala ere nabarmen hazi da.
Enpresen estrategia garbia da: lehenik mehatxua. Nahikoa ez bada, polizia bidaltzen digute, une honetan milizia papera jokatzen duena, eta neurrigabeko indarkeria erabiltzen duena. Epaileek eta mehatxuek eragiten ez dutenean zuzenean indarkeria erabiltzen dute gure kontra.

Eta lurra bera ere, babesgabe...

Atzeraezina da kaltea, maila ekologiko guztietan. Aurrera begira, ortzi-muga kezkagarria da. Temerren gobernua ingurumen legedia okertzekotan da lobby industrialei men eginez –egungo legediak asko du hobetzeko baina ez da hain txarra–. Edozein proiektu egiteko inpaktu azterketarik egin behar ez izatea nahi dute. Dauden 2.000 presa hidroelektrikoez gain, beste 2.000 egiteko aurreikuspena dago une honetan. Beste milioi bat inguru kaltetu. Eta horrekin dena esanda dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


2025-01-29 | Aramaixo Bizirik
“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]


2025-01-28 | Estitxu Eizagirre
Urumeako Mendiak Aske
“Benetan behar duguna da aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen aldaketa ekonomiko eta soziala”

“Urumeako mendiak bizirik” herri-ekimenak jende andana elkartu du Hernaniko plazan. Mendi horietan egin nahi dituzten bi makroproiektu eolikoen berri eman du, ekarriko lituzketen kalteak azaldu ditu eta Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei dei egin diete... [+]


Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


AHTk Arabako nekazal lurren desjabetze handia ekarriko duela salatu dute

Añana eta Trebiñuko kuadrilletako ordezkariek eta Arabako nekazari eta abeltzainek salatu dute "mespretxu instituzional izugarria" jasaten dutela AHTren lanak direla-eta. Denera bi miloi metro koadrotik gora "lur emankor" desjabetuko dituzte... [+]


Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]


2025-01-22 | Sukar Horia
Semaforoa vs. herritarrak

Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.

Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-17 | Usurbilgo Noaua
Parke eolikorik ez momentuz, Usurbil eta Zizurkil arteko Ezkeltzu mendian

Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


Eguneraketa berriak daude