Beste Bilbo baten oihartzuna

  • Gezurra dirudien arren, Bilbon dena ez da porlana, autoak eta zarata. Hiriaren mugen barruan, baserri auzo batzuek XXI. mendera arte iraun dute eta haiekin batera, antzinatik datozen ohiturek ere bai. Arbolantxa auzoan, esaterako, euskal giroko erromeria egiten dute urtero, Justu Egune. Mahats orrien itzalean, trikitilariak eta bertsolariak lagun, azken hatsa ematear den Bilboko jatorrizko euskalkiaren doinua entzuteko aukera ederra da.

Argazkia: Dabi Piedra.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Industrializazioa iritsi zenetik, hiritartze prozesuak ez du etenik izan Bilboaldean. Itsasadarraren ertzeko hiri koxkorra, Zazpi Kaleak ardatz zituen hura, metropoli bihurtzeraino hazi da, inguruko landa eremuaren kontura. Behinola udalerri independente izan ziren Deustu, Abando eta Begoña irentsi zituen Bilbok eta mendi magaletako ortu eta basoak auzo jendetsu bilakatu ziren. Ingurune malkartsua da, ordea, Bilbo ingurua, eta urbanizazioak ezin izan ditu goiko auzo batzuk harrapatu. Auzo horietan baserriak, larreak eta basoak dira oraindik nagusi.

Aurrera egin baino lehen, komeni da argitzea ametsetako oasiak ere ez direla auzo horiek. Euskalduntasun puruaren edo industrializazioaren aurreko ohitura garbien bila hara jotzen duenak jai du. Egia da behinola Bilbo inguruetan hitz egiten zen euskarari Seberetxe eta Arbolantxa auzoetako baserri batzuetan eutsi diotela. Baina hori bezain egia da transmisioa aspaldi eten zela eta hiztun zahar batzuk baino ez direla gelditzen. Populazioak beherakada nabarmena izan du, gazteak hiriguneko auzoetara joan direlako, eta baserritik bizi direnak gutxi dira. Hala ere, beste Bilbo hori bizirik dagoela gogoratzea eta aldarrikatzea dagokigu, hori ere hiriaren memoriaren parte baita.

Bagoaz, beraz, Arbolantxa auzora, Justu Egunaren aitzakian, abuztuko larunbat sargori batean. Pa...Ya! konpartsaren ahaleginari esker eutsi ahal izan zaio erromeriaren tradizioari. Iturritxualde mendiaren aldapetan sakabanatutako baserri batzuek osatzen dute auzoa, Otxarkoagako etxebizitza-bloke erraldoien gainean. 1924ra arte, Begoñako udalerriaren lurrak izan ziren horiek.

Txakolina izan zen garai batean Begoñako Errepublikako produkturik preziatuena. Hala, inguru horretako herritarrei mahatsorri ezizena ematen zaie. Goikoetxe baserria, Justu Eguneko ekitaldien erdigunea, txakolingintzarako prestatua dago: Etxe ataria mahatsondoen hostoak eta adarrak zabal daitezen egokituta dago, txakolina egiteko mahatsak goxo-goxo hazteko modu aproposean. Gerizpe atsegin horretan jarri da abadea, meza emateko. Paraje honetan, bazter guztietan dago istorio ezezagunen bat, nork deskubrituko zain: Alboko baserria, Bekoetxe, Tomas Zumalakarregiren tropen kuartela izan omen zen Lehenengo Gerra Karlistan (1833-1840), Bilboko setioan. Kontuan izan behar da, XIX. mendean, Begoña herri karlista zela, Bilbo liberalaren aldean. Gerra hartako kolperik latzena, haatik, Begoñan bertan jaso zuten karlistek, han zauritu baitzuen bala galdu batek Tomas Zumalakarregi jenerala, eta horren ondorioz hil zen.

Mezaren ondoren, Arkaitz Estiballesen eta Etxahun Lekueren bertsoak entzun ahal izan dituzte bertaratutako guztiek, baita txalaparta doinuak ere. Aurtengo protagonista nagusia, baina, 91 urteko Manolo Legina izan da. Arbolantxan jaiotako trikitilari honek urteroko hitzordua du Justu Egune eta aurten ere ez du hutsik egin. Antolatzaileek omenaldia egin diote, auzoari egindako ekarpena eskertzeko. Goikoetxe baserriko etxeko andreak, Arantza Zaratek, ekitaldirako propio egindako txapela jantzi dio soinujole beteranoari. Oso pertsona maitatua da Legina, agurtzera eta zoriontzera hurbildu zaion auzokide piloak adierazten duenez. Adinak hatzak moteldu dizkio, baina ez festarako gogoa. Hala, pieza batzuk jo ditu trikitiarekin, bertaratutako guztien gozamenerako.

“Atzamarrak, ai atzamarrak!”, kexatu da Manolo Legina, garai bateko trebetasuna gogoan. Soinua jotzea gero eta zailagoa zaionez, panderoa eta kainabera jotzen hasi da orain. Ez da oso tresna ezaguna kainabera, baina Euskal Herriko txoko batzuetan eutsi diote hura jotzeko ohiturari. Goikoetxeko mahatsondoen itzalean, hirukote polita osatu da giroa alaitzeko: Koldo Etxebarriaren trikitia, Gaizka Molinuevoren panderoa eta Manolo Leginaren kainabera.

Eguna biribiltzeko, bazkaria antolatu dute Bekoetxe baserriko landetan. Adin guztietako jendeak parte hartu du aurtengo Justu Egunean, tartean hainbat umek. Haiek izango dute beste Bilbo honen memoriari eusteko ardura. Ez, beharbada, Bilbon mendez mende hitz egin den euskalki zaharrean. Baina bai euskaraz, hiriaren sustraiak gogoan. Alderdi asko baititu Bilbok eta urtero Justu Egunean ikusten dena, gehienentzat ezezaguna izanagatik, Guggenheimeko titanioa bezain baliotsua da.

Manolo Legina
“Lehen arbolantxan dena zen euskaraz, hika hitz egiten genuen”

San Justo bideko Atxetas baserrian jaio zen Manolo Legina, orain dela 91 urte, Begoñako lurrak Bilboko udalerriaren parte bihurtu ziren garai beretsuan. Auzoan izan diren aldaketen lekuko izan da soinujole beteranoa. Euskararen transmisioa bizi-bizirik zegoeneko garaiak gogoan ditu. Umea zenean Arbolantxan euskara entzuten ote zen galdetu eta berehala erantzun du: “Euskara entzun? Lehen hemen dena zen euskaraz! Gainera, hika hitz egiten genuen, badakizu, hik egin dok eta horrela”. Penaz dio gaur egun ez duela gazteen artean hika entzuten.

Txikitan gaztelaniaz ez zekiela ere azaldu du Leginak, “uste dut katezismoa ikastera Begoñara joaten hasi nintzenean ikasi nuela erdaraz”. Bilboko jatorrizko euskaraz hitz egiten duen hiztun apurretako bat da gaur egun. Hizkuntzalari batzuk ibili izan dira auzoz auzo hizkera hori aztertu nahian. Iñaki Gamindek, esaterako, Buian, Larraskitun eta Arbolantxan aurkitu zituen hiztun batzuk. Auzotik auzora desberdintasun txiki batzuk dauden arren, ikerketek garbi utzi dute Nerbioi ibarreko euskararekin duela lotura handiena Bilbokoak, hau da, Arrigorriaga, Basauri, Zaratamo eta Ugaokoarekin.

Sei hilez baino ez zen eskolara joan eta, kontatu duenez, Santa Marinako abadeak irakatsi zion Leginari idazten eta irakurtzen. Musikarako zaletasuna ere orduan sortu zitzaion, inguruko ospakizunetan: “Nik entzuten nuen trikitia eta pentsatzen nuen, ‘zergatik ez dut nik berdin egingo?’”. Besteei entzunda ikasi zuen soinua jotzen, “belarri ona nuen, eta memoria ona ere bai”.

Lehenengo soinua 16 edo 17 urterekin erosi zuela gogoan du Leginak, “15 pezetan erosi nuen, hiru ogerleko”. Harrezkero, Euskal Herria goitik behera ezagutu du, jairik jai. Ipar Euskal Herrian maiz ibili dela dio eta, beste muturrean ere, Karrantzan, makina bat aldiz alaitu ditu bazterrak. Ondo gogoan du Madrilera, Televisión Españolara joan zirenekoa: “Txilibrin albokaria, Guillermin de Artxanda pandero-jotzailea, Boni txistularia eta ni, laurok joan ginen, Euskadiren ordezkari”.

Arbolantxatik mundura, trikitia lagun, pasadizo andana ditu Manolo Leginak gogoan. Adibidez, trikitia ostu zioteneko estualdia. Ezagun bati esker, egun batzuk geroago berreskuratu zuen, baina badaezpada, bere izena idatzita darama orain erabiltzen duen soinuan. Txakolindegi zaharretako mahatsondoen itzalean entzuteko istorioak dira horiek, Bilboko berezko euskara bitarteko dela, hiriko porlanezko oihana begien bistan, hain hurbil eta hain urrun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Elle-aren biya

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]


Leire Amenabar. Harrera-herrirantz
“Deserosotasunik barik ez da ezer aldatuko”

Harrera-herri euskaldun nola izan gaitezkeen galdetu zion Leire Amenabarrek bere buruari eta parean zituenei iaz, Gasteizen, harrera-hizkuntzari buruzko jardunaldietan, eta galdera horrexetan sakontzeko elkartu gara berarekin hilabete batzuk geroago. Amenabarrek argi du... [+]


Autobiografia linguistikoak eskolan euskara hauspotzeko

Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]


Euskara bihotzean eta erdara ezpainean

Azterketak amaitzearekin batera ohikoak bihurtu dira ikasleriaren artean, urteko garai honetan merkeak diren hegaldiak hartu eta adiskideekin bidaiatzea. Horrela egin dut neuk ere eta Londresera joateko aukera izan dut. Ildo beretik, bertan “euskaldun” pilarekin egin... [+]


Eskolako guraso taldean nola informatu euskara hutsean, erdaldunak haserretu gabe

"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.


Hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina

Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]


2025-03-11 | Sustatu
Etorkisuneku 01 jardunaldia 14an, “etorkizunak pentsatzeko euskaratik”

Etorkisuneku 01 izenarekin jardunaldia egingo da martxoaren 14an, datorren ostiralean, Errenterian. Badalabek eta TEKS elkarteak antolatuta "hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat" izango omen da. Badalaben egoitzan... [+]


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Haur eskoletan euskarazko ehun plaza gehiago eskainiko ditu Iruñeko Udalak hurrengo ikasturtean

Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak


'Gaztetxeak Bertsotan'
“Gazteon ahots kritikoa entzunarazi nahi dugu, txapelketaren formak determinatu gabe”

Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]


2025-03-06 | Mara Altuna Díaz
Mary Kim Laragan-Uranga, AEB-etako euskalduna eta AEK-ko ikaslea
“Euskara ikasten dut AEBetara emigratu zuten nire aitona-amonen ahalegina eta sustraiak ohoratzeko”

“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


C2ko ikasleei eskerrak

Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]


Elebitasunaren tranpa

Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]


Eguneraketa berriak daude