1936ko urriaren 15ean lau bou frankista Baionatik Bilbora zihoan Galerna bakailao-ontziaren jabe egin eta Pasaian porturatu zuten. Prentsa faxista eskifaia eta bidaiari presoez trufatu zen, erreketeen balentria laudatzen zuen bitartean. Gaur badakigu ontzi errepublikarra traizio baten amarrupean erori zela, eta egunkarietako lerro-buruak zorigaitza iragartzen ari zirela.
Joxe Mari Lopetegi irundar errepublikazaleak barruan zeraman samina askatu zuen Euzkadi Rojan 1937ko urtarrilean:
Agur Manolo Gurutzeaga
nere lagun maite fiña,
abeslaritan gain gañekua,
prestua ta atsegiña;
nere mingañak ez dauka itzik
lan ori neurtzeko diña,
zuek modu ortan il zaituztenak
dute diaurruen zotiña,
ez dakite oik nolakoa dan
Kristo zanaren dotriña
Manuel Gurutzeaga Arruabarrenak 37 urte zituen Hernaniko hilerriko paretan fusilatu zutenean; Galerna ontzian zihoala hartu zuten preso frankistek, beste hainbat bidaiarirekin. Astigartarra jaiotzez, makina bat aldiz ibili izan zen Lopetegi alboan zuela bertsotan, eta honek oso gogoan izan zuen Zorigaitzez izeneko sorta hartan.
Urriaren 22an kantaldia antolatu dute Lopetegiren bertsoekin Irunen, eta merezi luke gerra garaiko horrelako bertsoei toki egitea: “...hitz neurtuetan esan nahi ditut / euskaldunak abesteko...”, dio irundarrak.
Galerna ontziaren historia ezaguna da, batez ere bertan harrapatutako jendearengatik. Bidaiarien artean zegoen Jose Aristimuño Aitzol apaiz euskaltzale nekaezina, torturatua izan ondoren Gurutzeaga eta beste hainbatekin hobi komun batean amaitu zuena 36ko udazken ilun hartan.
Pasaiako Pysbe arrantza konpainiaren flotakoa, gerrarako zereginetarako erabili zuten errepublikarrek Galerna, beste ontzi askorekin egin bezala: Donostiako ebakuaziorako lehenik, eta korreo lanetarako ondoren. 1936ko urriaren 15ean baina, Pasaiatik gertu zegoela bou frankisten esku erori zen egoera oso arraroan: “Haiek hiru kanoikada bota orduko Galerna entregatu egin zen”, zioen Baionan zegoen Espainiako kontsulak txosten batean.
Antxoko moilan amarratu bezain laster hasi zen 50 pasaiarien lintxamendu publikoa. El Diario Vascok lotsagorritu gabe energúmeno edo astakirten deituko dio Aitzoli, La Voz de Españak “arrain lodia” harrapatu dutela dio. Francisco Saizar donostiar mediku “lodikotea”, José Jurico “tongo” egin duen pelotari ezaguna, Juan Antonio Landin “separatista”... Denek amaituko dute egoera tamalgarrian Donostiako Ondarretako kartzelan eta hiru egun geroago, urriaren 18an, horietako asko fusilatuak izango dira. Beste askoren patua zein izan zen ez dakigu ordea.
Galernako 28 tripulatzaileak ere ez dira El Diario Vascoren hitz pozoitsuetatik libratuko: “Ez dakite ezer, Babian daude. Mutiko hauei zerbait gertatzen bazaie, Jainkoak ez dezala halakorik nahi, Limboan toki bat daukate prest”. San Kristobal izena du toki horrek, Ezkaba mendiko presondegi beldurgarria, eta mutiko haietako bi 1938ko ihesaldi famatuan ehizatuko dituzte animalia moduan.
Hilketa haien oroimena, Aitzolen heriotza, atzeraguardia frankistako krudelkeriaren sinboloetako bat bihurtu zen. Lopetegik berak azaldu zuen moduan, barkatu ezinezko basakeria –Dierriyari ekarririkan / ontzi ‘Galerna’ ordaña...–. 1956an Javier Mendizabal almirante-ordeari enegarren domina jarri ziotenean, hogei urte lehenago Galerna harrapatzen izandako parte hartzea nabarmendu zuten agintari frankistek. Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako prentsa bulegoak berehala erantzun zuen: “Ez dute esaten nora eraman zituzten pasaiariak: gupidagabe torturatuak izan ondoren, Hernani inguruetan fusilatu zituzten arrazoi eta epaiketarik gabe”.
Traizioa eta dirua, beti dirua
Frankistek balentria gisa saldu zutena, traizioak eta lukurreriak bultzatako amarrua besterik ez zen izan. Beti susmatu izan da Galerna etsaiaren esku utzi zutela bere kapitain eta ofizialak, baina orain nahikoa datu baditugu hori baieztatzeko.
Zantzuen zerrenda amaigabea da: ontzia kostatik 17 miliatara zegoen, segurtasun protokoloak agindutako 40 miliatara beharrean; abiadura handiagokoa izan arren, norabidea aldatu eta frankistengana jo zuen astiro; ez zuen artileria erabili, ezta irrati seinalerik ere... Gainera, kapitaina eta lehen ofiziala azpijokoan zebiltzala egiaztatzen duten salaketa eta dokumentuak daude. German Gómez kapitainak berak frankisten aldera deklarazio sinatua igorri zuen –Avilako Agiritegi Militar Orokorrean aurkitu dugu– amarrua azalduz: “On Luis Pradera eta On Angel Gascuerekin izan nintzen Baionan, eta beraiekin ados jarri nintzen ontzia berreskuratu zezaten”.
Pradera eta Gascue, Pysbeko mandatari eta donostiar jendarteko aberaskumeak ziren. Eginahalak egiten ari ziren Defentsa Batzordeak konpainiari konfiskatutako bakailau-ontziak bereganatzeko, eta horretarako ez zuten kezka handirik izan barruan zeuden pasaiarien destinoarekin. Dirua, beti dirua.
Baina Gómezen asmoak jakinak ziren –Baionako kontsulak galdera zorrotzak egin zizkion mesfidati– eta ihes egin zuen. Haren ordez, lehen ofiziala zen Jorge Martín-Posadillok egin zuen lan zikina, eta urriaren 15eko ilunabarrean ontzia entregatu zuen Baionatik Bilbora zihoala. Martin-Posadillok ez zuen ezkutatzen faxistenganako begirunea; Gipuzkoa oraindik errepublikarren menpe zegoenean arrantzale anarkistak bere bila joan ziren eta Pasai Donibaneko batzokian kukutu behar izan zen. Galernaren traizioa egin eta gero alde frankistan borrokatu zuen; 1937ko martxoan adibidez, itsas armadako ontzi-alferez gisa ageri zaigu Espainiako aldizkari ofizialean. 1939an, berriz, “Pasaiako bakailao faktoriara” itzuli zen. Hor galdu dugu bere lorratza.
Historia honen biktimarioez gutxi dakigu, baina biktimez askoz gehiago ere ez. Galernan zihoazen dozena bat lagun gutxienez fusilatu zituztela kasik segurutzat eman daiteke (ikusi koadroa). Aitzitik gauza ugari daude oraindik argitzeko –haien gorpurik ez da azaldu Hernaniko hilerrian–, baita egiteko ere, eraildakoen senideek pasatako sufrikarioaren kontakizuna osatu gabe baitago.
Nerea Pérez Ibarrola historialariak aste honetako ARGIAn frankismoaren errepresioaz hitz egiterakoan dio “datuak hildakoen kopuruetan” gelditzen direla, haien familiek izandako bizimodu gogorra kontuan hartu gabe. Kontuan hartzekoa baita, adibidez, Galernako pasaiariekin batera hil zuten Jose Maria Elizalderen alaben testigantza: ama dirurik gabe geratu zen, haren mertzeriari boikota egiten baitzioten “gorriaren” estigmagatik; eta sinarazi zioten senarra ustekabean hil zutela kalean tiroz, Hernanin fusilatua izan zela jakin arren. Zorigaitzaren zorigaitza.
Espainiak Baionan zuen kontsulatuak zerrenda bat egin zuen Galerna frankistek ontzia harrapatu zutenean ustez bertan zeuden pasaiariekin. Horren ondoren Euskadiko Gobernuak ere egin zuen beste bat oso antzekoa. Batean zein bestean azaltzen diren pertsona asko fusilatuak izan ziren Ondarretako kartzelatik “libre” atera ondoren (Raimundo Gamboa, Francisco Saizar, Tomas Larrinaga, Juan Miranda, Jose Aristimuño Aitzol, Juan Antonio Landin...). Baina zer gertatu zen hor azaltzen diren beste askorekin? Non eta nola amaitu zuten? Paper horretako zati handi bat iluntasunak estalita dago oraindik.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
1936ko udazkenean Hernanin eta Oiartzunen frankistek egindako zientoka hilketen arduradun nagusiena izan zen Ramiro Llamas komandante eta epailea. Hilabete gutxira jendaurrean publikoki adierazi zuen fusilatze horien inguruan pentsatzen zuena; diskurtso beldurgarri hori oso... [+]
Oraindik ere 36ko Gerraren memoriak sarri jasotzen ditu haginkadak orduko borreroen oinordekoen aldetik. Azken horietako bat Eulateko Felix Goyaren monolitoak jasandakoa da. 1936an atxilotu eta hil zuten frankistek 51 urterekin, eta oraintsu hiltzaileen ondorengoek berriz egin... [+]
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eman du argitara Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika liburua eta igandean aurkeztuko dute jendaurrean. 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren aterpetuta zeuden herritarrei eraso egin zien. Egun bereko arratsaldean, Gernikan... [+]
Genetikoki identifikatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 1937ko udaberrian hildako sei errepublikarren gorpuzkiak itzuliko dizkie beren senideei, Bilboko Gogora institutuaren egoitzan larunbatean egingo duten ekitaldian.
Larunbatean Hernaniko Udalak beharrezkoa den oroimen ekitaldia egingo du herriko hilerrian 1936an frankistek hildako 200 lagunak gogoratzeko. Baina zeintzuk izan ziren krimen horien arduradunak? Zeinek sustatu eta agindu zituen fusilatzeak? Komeni da izen horiek ere ez ahaztea.
1938an tribunal militar batek epaitu eta fusilatutako miliziano ezkertiarraren gorpuzkiak aurkitu ditu Jakako hilerrian Aranzadik. Galdakaoko eta Jakako udal eta elkarteek eta Asuaren senide batek egindako ikerlan eta elkarlanaren emaitza izan da aurkikuntza. Hainbat iturriren... [+]
1936ko urrian bide bazterrean tiroa emanda azaldu eta hilerrian lur emandako gorpu baten bila aritu dira Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak herriko hilerrian. Saseta defentsa sistema ikertzeko lanketaren barruan kokatu dute indusketa.Adunako hezurtegitik ateratako hezurrak
1938ko Ezkabako ihesean fusilaturiko Leoncio de la Fuenteren gorpuzkinak eman dizkiote haren alaba Paulari. Ekitaldian izan da Paulina Lizoain, haurra zela fusilatzea ikusi zuen emakumea; haren lekukotzari eta Txinparta elkarteak egindako lanari esker aurkitu dute hobia.
Francoren heriotzaren ondoren, 1936ko fusilatuen senideak haien gorpuak berreskuratzen hasi ziren Nafarroan. Hasierako desobiratze haiek ezkutuan egin ziren, erakundeen laguntzarik gabe; hainbat herritar eta apaiz konprometituren ekimena izan zen, Ollakarizketako hobian 1979an... [+]
1936an faxistek hildako bost milizianoren gorpuak aurkitzeko Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den lanetara sartzea debekatu diote Hondarribiko Abotsanitz udal taldeko zinegotziari eta historialari bati, salatu dutenez.
Igande honetan inauguratu zuten Nafarroako Elo herrian 1936ko uztaila eta azaroa bitartean falangistek eta erreketeek fusilatu zituzten 106 pertsona oroitzen dituen parkea. Eloko Teileriako hilobi komuna dago bertan, 36ko Gerrako Nafarroako hobirik handiena.