Beti kontserbadore bozkatzen duten estatuetako herritarrak AEBetako beste estatuetakoak baino pobreagoak dira, gutxiago eskolatuak, osasun txarragoa dute, estatu liberalenetakoek baino 5 urte gutxiagoko bizi itxaropena. Estatu gorriak –errepublikarren kolorea– txapeldun dira industriak eragindako kutsaduratan ere. Zergatik bozkatuko dute ingurumena zaintzeko legeak ezabatuko dituen Donald Trumpen alde?
Arlie Hochschild (1940) soziologo iparramerikarrak ulertu egin nahi zuen: zergatik dabiltza sistema neoliberalak gehien kaltetu dituenak Tea Party mugimenduan eta Donald Trumpen aldeko kanpainan? Aurretik beste soziologo batek, Arthur O’Connorrek, erakutsia zuen 1992tik 2008a arte lehendakaritarako egin bost hauteskundeetan beti errepublikarrek irabazitako 22 estatuak direla ingurumen kutsadura arazo larrienak pairatzen dituztenak.
Erantzunen bila Hochschild andereak bost urteotan, bere 76 urteekin, Kaliforniako Berkeley liberaleko erosotasunetik aldendurik behin eta berriro jo du Louisianako zingiretan krisi ekonomikoak eta multinazionalen kutsadurak izorratutako jendeak elkarrizketatzera. Haien arrazoiak entzunez ikasitakoak bildu ditu “Strangers in Their Own Land: Anger and Mourning on the American Right" (Beren lurrean atzerritar: haserrea eta dolua AEBetako eskuinean) liburuan. The Guardian egunkariak aurreratu du atal oso bat, honela hasten dena: “AEBetako politikaren ‘Paradoxa handiak’ esplika dezake Trumpen arrakastaren sekretua”.
Behin eta berriro lagun egin arte soziologoak bisitatu dituenetako bat da Lee Sherman, 82 urte, gaztetan futbolari izandako gizona, gaur taka-taka batez lagundurik nekez dabilena. Ez du kexurik, halere: petrokimikako faktoria batean lanean aritu ostean, taldean ziren 15 obreroetatik bera da bizirik dirauen bakarra. Lanik arriskutsuenetan ari izana baita Sherman.
1965ean hartu zuten PPG Pittsburgh Plate Glass konpainian, eta teknikari ona izaki, bere ardura zen kutsagai arriskugarriak zeramatzaten hodietako matxurak konpontzea, egunero borrokatuz dikloroetano, merkurio, berun, kromo, hidrokarburo aromatiko polizikliko eta dioxinekin. Istripuen artean eskapada galantak egina da Sherman. Konpainiako nagusiek gehiago behar, ordea, eta usinako lanik arriskutsuena izendatu zioten.
PPGren faktoriak sortutako hondakin kimikorik pozoitsuena, dikloroetanoaren fabrikazioak labe handien barrenean utzi pasta likatsua, kamioiz eraman behar zuen Bayou d’Inde zingira ederreraino. Zabor arriskutsuak bero-bero iritsi behar zuen, solidotu aurretik arrastorik utzi gabe errioko ur ilunetan hondoratu zedin.
“Badakit ez nuela ondo egin”, diotso soziologoari. “Toxinek hil egiten dute. Benetan sentitzen dut egin izana”. Urtetan egin zuen garraio hilgarria Shermanek, azkenean ugazabengandik erruki gutxiko ordaina jasotzeko.
Kimikoekin bera ere gaixoturik, zortzi hilabetez etxean egon behar izan zuen medikuen aginduz. Lanera itzultzean, hamabost urtez hutsik egin gabe enkargurik lanjerosenak konplitu ostean, absentismoa aurpegiratuz kaleratu zuten.
Lee Shermanek maite ditu Louisianako Bayou deitu padurak, hango bizimodua eta jendeak, arrantzaren inguruko mundua. Eta ondo demostratua du. 1987an, zientoka fabrikak Louisianako padura paradisiakoetan bota izan eta oraindik botatzen dituzten pozoien erruz, AEBetako agintariek neurri zorrotzak ezarri zizkieten bertako arrantzaleei. Gobernuaren ordezkarien eta arrantzaleen arteko bilkura haietako batean Shermanek hitza hartuta ordu erdiz azaldu zien berak egindako garraio kutsagarria. Hala lortu zen arrantzale bakoitzarentzako 12.000 dolarreko kalte-ordaina.
AEBetako “paradoxa handia”
Louisiana da AEBetako zabortegi toxiko handiena. Auzo osoak suntsitzera iritsi dira kutsagaien ondorioak. Lehen bertako hondar kimikoak bezala, orain Pennsylvania eta urruneko beste estatuetan frackingak sortutako ur kutsatuak aintziraren hondoa zulatuta injektatzen dituzte. Ondorioz gertatu dira leherketak, lurrikarak eta baita etxeak eta are kale osoak ere irentsi dituzten lubakiak ere.
Jende asko mobilizatu da bayouen defentsan, talde eta koaliziotan bildu dira arotz, irakasle eta nekazariak, mugimendu sozialak ugaritu dira nonahi. Baina horietako gehienak errepublikanoen Tea Partyren inguruan mugitzen dira. Arlie Hochschildek urteotan elkarrizketatu dituen jendeen artean ohikoena hori da: beren bizitzako gertakizun nagusia izanik industriak traizionatu eta zanpatu dituela, lanik gabe utzi, komunitate osoak suntsitu... hala ere berek sentitzen dute –eta bozkekin erakusten– traizioa AEBeko gobernu federalak egin diela. Ingurumen legeak ez betetzearen biktimak izanik, botoa emango diote dauden lege pittinak ere kentzea iragarri duen Trumpi.
Horchschilderen intepretazioan, “Paradoxa handia” den horren oinarrian dago Bill Bishopek The Big Sort –”Multzokatze handia”– liburuan azaldutako amerikarren polarizazioa: gaur egun herritarrak ez dira nahasten, leku batetik bestera bizi hobe baten bila mugitzean. Gero eta gehiago berdinak berdinekin elkartzen dira, bizimodu eta ideia antzekoak dituztenen artean, eta talde bakoitza berean erradikalizatuz doa. Telebista kate berdinak, blog eta eliza berdinak, eztabaidagai berdinak...
Talde bakoitzak garatzen du sakoneko kontakizun bat –deep story– jokabide eta politikoak hobeto azaltzen dituena testuinguru ekonomiko eta sozialak berak baino. Sakoneko kontakizuna sentitzen da egia balitz bezala, iritziak eta gertakizunak aldatzen ditu, azaleratzen du jendeak sentitzen duena. Hautu politiko bateko jendeari laguntzen dio beste taldearekiko bereizkuntza mantendu eta haren ikuspegia azaltzen.
Horchschildek metafora batez mamitu du Louisianan neoliberalismoak zanpaturik Trumpi botoa emango dietenen sakoneko kontakizuna. Hona.
Jendea ilaran jarrita dago mendira igotzeko zain, eta zu zure txanda errespetatzen zaude pazientziaz. Orduak aurrera ahala eguzkiak berotzen du, zu ez zaude oso gustura, lerroak ez du aurrera egiten, batzuetan atzeraka zoazela dirudi, gauzak okertu dira urteotan. Amerikarron legea beti da aurrera egitea, eta orain ez dago aurrerapenik. Hala ez zara kexatzen, amerikar arduratsua zara.
Baina... begira! Ilaran kolatzen hasi dira. Zein ote? Beltzak, etorkinak, musulmanak... Horientzako dira zuk aurrera egiteko urteotan behar zenituen eta ukatu dizkizuten laguntzak. Eta nor dago hau guztia baimentzen? Obama presidente beltza!
Horchschild: “Aitortu gabeko klase gerran, american dream-aren zain nekatu eta haserreturik, herritarrongan handitu da lerroan txanda ‘lapurtzen’ dutenak babesten dituen gobernu federalarekiko gorroto bizia. Gorrotatzen dituzte laguntza publikoak behar dituzten jendeak. Ez dute ikusi nahi beraiek ere laguntza publikoa behar dutela beren etxe suntsituak konpontzeko”.
Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]
Beldur hori bada. Badirudi Donald Trump etorri dela Washingtoneko bulego borobila luzerako okupatzera. Bigarren mandatua du, baina bere hurbileko aholkulariei, ez dela txantxetan ari berretsiz gainera, Konstituzioan zenbaki bakan batzuk aldatzeko bere xede zurruna aipatzen die,... [+]
Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.
Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]
Bandera amerikanoz inguratuta, muga-zergen oldarraldi berria iragarri zion munduari Donald Trumpek apirilaren 2an. Geroztik hamaika astindu jasan dituzte burtsek eta nazioarteko merkataritzak. Baina hau ez da zoro baten boxeorako ringa bakarrik: AEBetako politikan hamarkada... [+]
Washington eta Teheran Iranen programa nuklearraren inguruko bilerak egiten ari dira. Errusiara ere joango omen dira Irango ordezkariak aste honetan.
Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.
Jaitsiera AEBen muga zergen igoerari erantzun ez dieten eta negoziatzeko prest azaldu diren herrialdeei aplikatu diela argudiatu du Donald Trumpek, Europar Batasuna barne. Txina eta AEBen arteko lehia komertzialak gora egiten jarraitzen du.
Orain Errusiak inbaditu behar ei du Europa eta horren aurrean berrarmatze basatia bultzatu behar dute Europar Batasuneko herrialdeek. Lehen Sobietar Batasunak egin behar zion eraso, eta Gerra Hotzak ia mundua irentsi zuen. Gezurra zen ordukoa, eta gezurra da gaur egungoa, baina... [+]
Trumpen muga-zergen inguruan, orain arte, inor gutxik aipatu du horren guztiaren iturburua eta, Sun Tzuren ikuspuntutik, ekimenaren akatsik larriena izango litzatekeena: estrategia zuhur eta sakonik eza.
Asian Hong Kong izan da galerarik handienak jasan dituena: %13,2 galdu du, 1997tik pairatu duen kolperik handiena. Europan, berriz, %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena burtsa nagusiek. Trumpek hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte Europako eta... [+]
Mundu osoarentzat %10eko muga-zerga globala inposatuko du Donald Trumpen administrazioak, eta hainbat herrialderen inportazioak are gehiago zergapetuko ditu, tartean Txinakoak (%34) eta EBkoak (%20). Baina Hegoalde Globaleko herrialdeak izango dira kaltetuenak: Lesoto (%50),... [+]
Heriotza-zigorra eskatzeko argudio gisa, "indarkeria politikoko ekintza" izan zela adierazi du AEBetako Fiskal Nagusiak.