“Zure eromena bizitzaren aldekoa da? Orduan arazorik ez, lotura soziala galtzea da arriskua”

  • Psikologoa eta argentinarra da Lucía Gricman, eta buruko gaitza duen jendearekin asanblada oso emankorrak egiten ditu, Buenos Airesko zentro terapeutikoan. Eromenaz, medikalizazioaz eta psikoanalisiaz jardun dugu.

“Jatorrizko komunitateen genozidioaren gainean eraikitako gizartea da argentinarra, arazo identitario handia dugu eta horregatik gure buruari galderak egiteko beharra dugu”.
“Jatorrizko komunitateen genozidioaren gainean eraikitako gizartea da argentinarra, arazo identitario handia dugu eta horregatik gure buruari galderak egiteko beharra dugu”.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zehazki zer egiten duzue zuen egoitzan?

Egonaldi terapeutiko intentsiboa egiten dugu, aurrez zentro psikiatrikoan sartuta egon diren pazienteekin; trantsizio moduko bat da, gizarteratzeko. Pertsona batek bere buruarentzako edo gainerakoentzako arriskua duenean, zentro batean sartzen da, eta arrisku hori desagertzen denean, prest dago gurera etortzeko. Errehabilitazioaz gain (bizitza antolatzen laguntzeko) tailerrak egiten ditugu, sormena eta espresioa sustatzeko (txotxongiloen bidez, irrati bidez…), sormenetik abiatuta berreskuratu daitekeelako gizartearekiko lotura.

Sormena da beraz gakoa?

Eromenak lotura soziala galtzera eraman zaitzake, eta gizartera lotuta egoteak ez du esan nahi ekonomikoki produktibo izatea, beste pertsonekin harremana edukitzeko gogoa izatea baizik; buruan gertatzen den gauza hain berezi hori (batzuk gaixotzera daramatzana), hain zurea den hori plano kolektibo batera eramateko modua da sormena, besteei zure ekarpena egiteko modua. Gogoan dut delirio paranoikoak zituen pertsona batek delirio horiei buruzko komikia sortu zuela; gizartetik bakartuta eta isolatuta uzten zuen eromen horrekin zerbait egin zuen, besteekin partekatzeko.

Bada esaten duenik eromena ez dela existitzen…

Truman Capoteren esaldi bat datorkit burura: “Ez da beharrezkoa ero egotea hemen bizitzeko, baina gauzak errazten ditu”. Hor kokatu ohi naiz, pazienteekin hitz egiteko. Hasteko, konnotazio gutxiesgarria kentzen diogu ero hitzari, ez da zerbait txarra, denak bihurtu gaitezke ero egoera jakinen aurrean. Baina “denak gara eroak” baieztapenaren erlatibismoa tontakeria bat da, zure eromenak eraman zaitzakeelako adibidez zure burua eta besteak arriskuan jartzera. Denak gaudela ero? Hala pentsatu nahi baduzu ados, baina noiz aldentzen zaitu zure eromenak bizitzatik? Hori da gakoa; Nietzschek zioen moduan bizitza da balantza: zure eromena bizitzaren aldekoa da? Orduan ez dago arazorik, baina bizitzatik (sozializaziotik) urruntzen bazaitu esku hartu behar dugu. Hori da gure irizpidea.

Hori da sendatzea?

Hori bera, zure eromenak bizitzen utz zaitzala. Egin behar duguna da pertsona bere komunitatetik ahalik eta gertuen mantendu. Eta ez naiz ari beti zoriontsu egoteaz, sendatzea ez delako ez sufritzea, sufrimendu hori eramateko eta horri aurre egiteko baliabideak izatea baizik.

Gero eta gehiago jotzen al dugu dena patologizatzera?

Bai, batez ere haurtzaroan, eta oso larria da, haurtzaroa psikiatrizatu eta medikalizatu egiten delako. Droga-enpresa erraldoia den AEBetatik datorkigu joera eta umeen portaera oinarrizkoenak medikatzen bukatzen dugu. Ume bat bizia izatea osasun onaren sintoma da, baina geldi egoteko medikatzen dute. Ikastetxeak gain hartuta daude, gazteek dituzten arazo sozialak eskolak jaten dituelako eta ohiko prozesua da ume ‘zaila’ kabinete psikologikora eramatea, hortik psikiatrara, eta psikiatratik medikatuta itzultzen da ikasgelara. Ez zaigu burutik pasatzen eskola birpentsatu behar dela,

“Eskola birpentsatu beharrean, errazagoa da ikaslea patologizatu eta medikatzea. Arazo sozialak indibidual bihurtzen ditugu eta egokitzen ez dena kanpoan uzten dugu”

errazagoa da ikaslea patologizatzea eta statu quoa bere horretan mantentzea. Arazo sozialak indibidual bihurtzen ditugu eta egokitzen ez dena kanpoan uzten dugu, eromenarekin berdina gertatzen da. Badakizu zer esan zigun asanbladan paziente batek? Beraiek sentikorragoak direla, triste eta otzan nahi gaituen sistema honekiko sentikorragoak, eta horregatik daudela egoera horretan.

Pazienteen asanbladak antolatzea da zure ardura.

Hasieran ez zuten ulertzen nik esatea bat gehiago nintzela, denek ahotsa eta lekua zutela asanbladan. Subjektu politiko bezala birpentsatzen dugu gure burua, hiritar bezala, eta albisteez eta aktualitateaz hitz egiten dugu, hedabideek saldu nahi digutenaz… Gizartean pasatzen denaz pentsatzea ere terapeutikoa delako: giza kolektibo baten barruan parte hartzeak sendatu egiten du, bizitzeko gogoa ematen digu berriz ere. Minoriez asko hitz egiten dugu adibidez, gehiengoarekiko ezberdintzat hartzen diren kolektiboez, gurea barne. Berriki delirio asko jasan dituen paziente batek esan digu laguntzeko beharra sentitzen duela; asanbladan gaia aterata jendeak esaten zuen lehenengo norbere burua sendatzea komeni dela, eta bukaerarako ondorioztatu genuen besteei laguntzea terapeutikoa izan daitekeela. Bakarrik eta triste egon naiteke, baina besteari on egin badiezaioket, hobeto sentituko naiz.

Edo Orlandoko diskotekan gertatuko sarraskiaz aritu ginenean, ikusi genuen hedabideek beti dutela jokabide berdina, errua ero bati leporatzea, indibidualki, atzean arazo sozial larriagoa dagoela pentsatu beharrean. Baina AEBetan armak eskuratzeko dagoen erraztasunaz aritu ginen eta niretzat lorpen handia izan zen pazienteek eromena deslotzea arriskutsua dela dioen estigmatik.

“Parte izatea edo ez, horra hor bizi dugun patologia kolektiboa, kanpoan geratzeko arriskua. Azkenean denak gaude at, normal izan nahi eta inork ez duelako fikzio hori lortzen”

Gaixo egoteak eta gaixoa izateak zer esan nahi duen ere eztabaidatzen dugu. Kontatu nien duela gutxi esan zidatela asma nuela eta medikuz mediku denek azpimarratzen zidatela asmatikoa nintzela. Zer pasatzen zait etiketa horrekin eta zer egingo dut horren aurrean? Etiketez pentsatzeko balio izan digu, ez dutela zertan jende aurrean etengabe euren burua ero gisa aurkeztu, eurak gaizki baleude bezala eta gainerako guztiak ongi, bizitzaren parte ez balitz bezala une batzuetan ongi eta beste batzuetan gaizki egotea.

Egungo gizartea ero al dago?

Nire irakasle batek esan zidan egungo gizartearen gauzarik larrienetakoa normaltasuna dela. Muga indartsua dago normal izatearen eta ez izatearen artean, hori da egungo gizarteak sortzen duen fikzio handia. Parte izatea edo ez, horra hor bizi dugun patologia kolektiboa, kanpoan geratzeko arriskua oso gaizki daramagulako eta dena hainbeste psikopatologizatzen denez oso erraza delako kanpoan geratzea. Azkenean denak gaude at, normal izan nahi eta inork ez duelako fikzio hori lortzen. Kanpoan geratu naizenean, zer egin beharko nuke, berriz ere normal izaten ahalegindu, ala nire ezberdintasunetik jokatzen ikasi?

Psikoanalisiaren lurraldea da Argentina.

Batzuek uste dute psikoanalisia dela isilik geratu eta jendeari entzutea, eta ez da hala. Mundua entzuteko jarrera etiko eta politikoa da psikoanalisia, eta praktika antikapitalista da, zure burua birpentsatzeko aukera ematen duelako, bizitzen ari zarena eta hartzen zoazen erabakiak zuk nahi duzunarekin lotuta al dauden hausnartzekoa.

Psikoanalisia al da arazoei aurre egiteko modu onena?

Ospitale psikiatriko batean bukatu duten delitugileekin aritu naizenetan, sarri buruko gaitzetik harago mundutik at utzi duen problematika sozial bat ere ikusten dut eurengan, horrek ere eragina izan duela hartu duten bidean. Hortaz, ikuspegi sozialetik ere erantzun beharko genioke arazoari, kasuan kasu. Argentinan, esaterako, desoreka soziala oso handia da eta ezin dugu norbait entzun eta bere ekintzengatik moralki epaitu, pertsona horrek ez badu inoiz babes sozialik aurkitu edota biolentzian hezi bada. Gazte argentinar marjinatuen artean asko zabaldu da pasta basea [kokainaren antzekoa] eta drogaren atzaparretan erori denarekin ez duzu pentsatzeko asti askorik, ekin beharra dago. Psikoanalisia edo beste edozein terapia indibidual gainditzen duten arazoak dira.

Kasuan kasu, beraz, ikuspegi psikoanalitikoa, psikologikoa, psikiatrikoa, soziala… uztartu daitezke.

Arazoei aurre egiteko modu asko daude, psikologo-psikoanalistak daude, psikologo-psikiatrak, terapia kognitibo-konduktualak… Soluzio azkar batek balio badizu, primeran; psikoanalisiak gonbidatzen zaitu zure buruari pixka bat gehiago galdetzera, baina ez baduzu galderarik eta ondo bazaude segi aurrera zure bizitzarekin! Kontua da Argentinan gure buruari galdetzeko behar handia dugula. Nire teoria da jatorrizko komunitateen genozidioaren gainean eraikitako gizartea garela, europarron seme-alabak, eta arazo identitario handia dugula; horrek bultzatzen gaitu galdetzera, nondik gatozen, zer egiten dugun, zer garen…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


AINTZANE CUADRA MARIGORTA
“Endometriosia gizonek pairatuko bazenukete oso bestelako egoera batean egongo ginateke”

Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da. 


Sistema psikiatrikoak sexualitatean daukan eraginaz zenbait gako

La bajona kolektibo kide Heiko Elbirak salatu du psikiatriak zisheteroarautik aldentzen diren erotikak kontrolatu nahi dituela.


Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak

Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]


Nafarroako Medikuen Sindikatuak hilabete iraungo duen greba hasi du

Astelehenean abiatu da sindikatuak deitutako greba eta apirilaren 6 arte luzatuko da. Lan-gainkarga salatu eta baldintzak hobetzeko eskatu dute, baita mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortzea ere.


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzua, “egoera jasanezinean”

Gauez ia aste osoan ateak itxita izaten ditu Donibane Lohizuneko osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuak. Herri Berri udal oposizio taldeak deituta, mobilizazioei ekin diete herritarrek eta jadanik 3.000 sinadura bildu dituzte zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra"... [+]


Trebiñu Araban sartzeko “aurrerapausorik” ez dela eman salatu dute enklabeko zinegotziek

Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


Gorputz hotsak
“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Eguneraketa berriak daude