Helmugara iritsi ez ziren 50 gutunak

  • 1757ko apirilaren 4a, Baionatik Kanadako Louisbourg-era abiatu da Le Dauphin itsasontzia. Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerra eta, laugarren egunean, itsaso handian, lau ontzi ingelesen mende da Le Dauphin. Portsmouthera eraman dute ontzia, eskifaiarekin batera. Ondasun guztiak kendu dizkiete. Tartean, euskaraz idatziriko 50 eskutitz: Lapurdum agerkarian ikusi dute argia.

Manuel Padilla eta Xabier Lamikiz, gutun sorta argitaratuak eskuan dituztela.
Manuel Padilla eta Xabier Lamikiz, gutun sorta argitaratuak eskuan dituztela. (ZALDI ERO)

2001ean Londresen zen Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Xabier Lamikiz historialaria doktore tesia helburu. Sasoi bateko merkatarien arteko harremana zuen azterkizun. Horretan zen ingeles itsasontziek XVIII. mendean harrapatutako itsasontzi etsaietako agiriak irakurtzen ari zenean Ingalaterrako hiriburuko artxibategi nazionalean. Gerren arabera antolaturik ageri ziren agiriok, itsasontziaren izenaren eta kapitainaren deituraren arabera nola edo hala katalogaturik, eta hainbat kutxatan gorderik.

Gutuneria handia zen han, eta haietatik tesi lanerako interesgarrien zitzaizkionak hautatu eta katalogatu zituen Lamikizek orduan. 2003an, lantegi horretan ari zela, euskaraz eskribituriko eskutitz sorta handia aurkitu zuen. “Bitxia iruditu zitzaidan hainbeste eskutitz aurkitzea. Hala ere, hura ez zen nire tesiaren gaia eta, beraz, zegokien artxibategiaren erreferentzia gorde eta neure lanari jarraiki nintzaion. 2006an, tesia bukatu eta ondoko urtean, Iker zentroko Rikardo Etxepare zuzendariari aurkikuntzaren berri eman nion. Hark balio sekulakoa eman zion gutuneria hari. “‘Guk ez genekien horrelakorik bazenik ere!’, esan zidan”. Handik laster ziren euskarazko gutunon kopiak Beñat Oihartzabal, Xarles Bidegain eta Rikardo Etxepareren begien aurrean. Beste aldi bat hasi zen orduan: Lamikizek eskutitzei egindako argazkiak hartu eta lanari lotu zitzaizkion Xarles Bidegain eta Manuel Padilla hizkuntzalariak, transkribapenak eginez eta haiek interpretatuz. Lamikizek, berriz, testuinguru historikoaz idatzi zuen.

Le Dauphin itsasontziaren garaia

Ingelesek 28.000 itsasontzi ere arpilatu zituzten XVIII. mendean, 50 urtez gerra egin baitzuten Ingalaterrak eta Frantziak. Manupean zuten itsasontzia ingelesen esku erori baino lehen, frantziar ontzietako kapitainek uretara botatzen zituzten –kasu gehienetan– agiri idatziak, etsaien eskuetan eror ez zitezen. Ondorioz, 28.000 itsasontzi harrapatuagatik ere, zenbait ontzik zeraman dokumentazioa baino ez zen salbatu. Horixe da Le Dauphin ontzi frantziarraren kasua, ingelesen erasoari kontra egin gabe bere burua entregatu zuena. Horrela gorde dira gaurdaino, nahiz eta artxibategiko kutxa ahantzietan izan, euskaraz idatziriko 50 eskutitz, zinez gertakari bakana, gisako agiri pilarik batera agertzea ez baita batere ohikoa.

Lamikizek gutunek erakusten duten munduari begiratu dio eta idazkiotan orduko gizartearen argazkia ageri dela dio: “Industriaurreko egoera penagarrian bizi ziren, miseria gorrian. Klase ertainik ez zegoen, artean: gutxi batzuk ondo edo oso ondo bizi ziren, eta aldiz, gehienak larri, jateko lain ez zutela eta zorretan sartuak. Argi eta garbi ageri da argazki hori gutunotan. Egia da eskutitzok idatzi dituena alfabetatua dela, edo erdizka alfabetatua, baina kontatzen dutena lastimagarria da: senideei itzultzeko erreguka ari dira, hemen behar dituztela, ahal duten moduan bizi direla… ‘Otoi, zato etxera’ da eskutitzetan behin eta berriz errepikatzen den leloa”.

Inondik ere, Le Dauphineko marinelak –gainerako itsasontzietako itsasturien gisa–, arrantzale ziren bake garaia izan zen gerra aurreko aldian. Gerra datorrela, ordea, inork ez du arrantzan nahi. “Gerra hasten delarik, arrantzaleak prest daude kortsoan parte hartzeko, beren bizia arriskatzeko, gehiago irabazten dutelako, bistan da”.

Euskararen lekukotasuna

Esan bezala, Iker zentroko kide diren Bidegainek eta Padillak egin zituzten transkripzioak eta burutu zuten hizkuntzaren gaineko azterketa. Alabaina, urteak igaro dira lanak argia ikusi dueneko. Inork ez du Le Dauphineko eskutitzok editatzeko lana berariazko proiektutzat hartu. Eta, bestalde, hor da betiko galdera: ba ote da eskutitz gehiago? Padillak berak esan digu: “Galdera egin beharra zegoen: aurkikuntza berezia da, ala aurkikuntza handiago baten hasiera? Ikerrekoek zenbait bidaia egin behar izan genituen Londresera, kutxatan gordetako dokumentuak aztertzera. Ordurako, Espainiako eta Frantziako itsasontzietan bilduak ziren hainbat idazki baliatuak zituen Lamikizek, baina Frantziako itsasontziak milaka ziren, eta haietan gorderik zetzan dokumentazioa landu beharrean ginen. Sekulako lana berriz ere! Kutxak eta kutxak aztertu genituen Londreseko artxibategian, eta eskutitz gehiago aurkitu genituen han eta hemen –nahiz eta eskutitzok askoz gehiago ez izan–, gehienak XVIII. mende amaierakoak”. Orduan bai, itzulinguru gabe esan ahal izan zuten kasu guztiz berezia dela Le Dauphinena: itsasontzia komunitate euskalduna bizi zen lekura zihoan, Kanadako Louisbourg-era. Honenbestez, bi komunitateren arteko harremanaren erakusgarri ziren eskutitzak.

Ozeanoaren alde bateko senideek beste aldera joanei bidaltzen zizkieten gauzez gainera, gutuneria zegoen: sinatuak dira, 1757ko otsailetik apirilera bitartean Lapurdiko hamar bat herritatik bidalitakoak. Jendeak ontziren bat itsasoratuko zelako berria jaso eta gutunak bidaltzeko baliatu ohi zuen. “Batak besteari idaztea oso gauza ohikoa zen. ‘Aurten bost aldiz idatzi dizugu eta zure aldetik ez dugu erantzunik izan’. Gisako esanak askotan irakurri ditugu. Jendeak gutunak idazten zituen, hemendik hara nahiz handik hona. Gerra testuinguru horretan segur da hainbat eta hainbat eskutitz galduko zirela, ontziekin batera. Esaterako, Le Dauphinen badira 50 gutun euskaraz, eta 108 frantsesez, Lapurdin idatziak denak ere. Hori da: eskutitz guziak ez dira euskaraz idatziak, baina zati polit bat, bai”.

Lapurdiko itsas hegiko herrietako jendeak idatziak dira gutunak, gehienbat, baina badira barnealdeko zenbait lekutan idatziak izan direla erakusten dutenak ere. Batean da Hendaia, bestean Azkaine, barnago Sara.

Padilla hizkuntzalariaren arabera, aipagarriena da gutunok jende xumeak idatziak izatea. “Ez dira handiki ez elizgizon, herri xehe eta marinelen familia dira, kasik beti. Haien mintzamoldea euskara da, oso euskara naturala. Bistan denez, idatzizko generoa da gutuna, formula jakinak ditu, baina, gainerakoan, irakurtzen den hizkuntza oso da naturala”. Idazkiok, bestalde, bestelako ekarpen ederrik ere egiten digute, Padillak jakinarazi digunez, eta hizkuntzen historiari lotua da. “Mendebaldeko hizkuntzen historia egin izan denean, testu inprimatuak gertatu dira iturri lehen eta nagusi, hau da, literatur kanon batean ezarriak dira testuok. Nork idazten zituen? Bada, beti edo gehienean handikiek, eskola handiko jendeak, elizakoek. Azkeneko urteotan, berriz, beste lerro bat ireki da, nazioartean Hizkuntz historia behetik izendatu dutena, language history from below. Lerro horretan, mota honetako lekukotasunak lehenesten dira, batez ere erdizka alfabetaturik zegoen jendearenak. Arrazoiak ere badira horretarako: izan ere, haien jarioa hizkuntza mintzatutik hurbilago dago eta errazago islatzen du egiazko ahoskera. Bada ekuazio halako bat: zenbat eta alfabetatuago izan, orduan eta urrunago idazten da mintzatutik, eta alderantzira”.

Elebakar alfabetatuak

Lapurteraz idatziak dira denak. Haietan erakusten denez, duela kasik hiru mende, Ipar Euskal Herriko herrietan, Hegokoetan ez bezala, herri xehea euskaraz idazteko gai zen. Oso modu naturalean idazten zuen, herritar gehienak elebakar izanagatik ere: elebakar alfabetatuak ziren, euskaraz besterik ez zekiten. Are gehiago, populazioaren zatirik handiena euskaldun elebakar horiek, zati batean euskaraz alfabetatuak, osatzen zuten Lapurdi. Bestela zen Hegoaldean: irakurtzen edo idazten zutenek gaztelaniaz egiten zuten; gaztelaniaz baino lehen, berriz, latinez.

Manu Padilla hizkuntzalariaren gogoeta: “Nazioartean, gutun egileak gizonezkoak dira neurri handienean. Le Dauphinek zeramatzan euskarazko eskutitzen egileak emakumeak dira, gehienbat. XVIII. mendean populazioaren zatirik handiena euskaldun elebakarra zen, eta alfabetatzen zenean, euskaraz alfabetatu ziren. Gure ustez, maila batetik gorako jendeari dagokionean aldiz, frantsesez alfabetatu ziren; hauek gizonezkoak ohi dira gehienbat. Le Dauphineko gutun-idazleak emakumeak izaki, haien ikuspegia ageri da idazkiotan. Esaterako, bildumako bi gutun luzeenak oso aipagarriak iruditzen zaizkigu [horietako bat goiko argazkian]. Bata amak alabari idatzia, noka. Neskato joana du alaba, inondik ere. Bestea zapatagile baten emaztearena da, biziki ongi idatzia, ia-ia lapurtera klasikoan; emakume irakurria da, zalantza bihirik gabe”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-09-25 | Bea Salaberri
Toponimoak ezabatzen

Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.

Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]


2024-09-24 | Euskal Irratiak
Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.


Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Elgarretaratzea deitu du EHEk Gorka Torreren sustenguz

“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Iparraldeko eskola publikoen %66 elebiduna izanen da ikasturte honetan

Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da.


Folklore Basque-a

Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]


2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


2024-07-24 | Euskal Irratiak
Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


2024-07-16 | Euskal Irratiak
Sébastien Castet
“Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira”

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


Eguneraketa berriak daude