Paramilitarren eta ultraeskuindarren enpresa batek etxe-kaleratze estrajudizialak egiten ditu

  • Luxuzko etxe-agentzia bat eta Desokupa, Europa ekialdeko milizianoek eta arte martzialen borrokalari faxistek osatutako «etxe-kaleratzeen enpresa» bat, elkar hartuta dihardutela salatu du kanpaina batek.


2016ko uztailaren 22an
Desokuparen komandoa Can Dimoniren atean, joan den apirilaren 14an.
Desokuparen komandoa Can Dimoniren atean, joan den apirilaren 14an.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

2016ko apirilaren 14a, osteguna, Josep Torres kaleko 20an, Gràcia ijitoaren erdi-erdian. Arratsaldeko laurak. Zortzi gizon gihartsuz osatutako talde batek, igeltsero batez eta sarrailagile batez lagunduta, ate nagusia zulatu eta zerratu dute, erradial bat erabilita. Joan den urteko uztailean gazte-talde batek okupatu zuen ondare historiko gisa sailkatutako eraikina –1892an jasotakoa–. Urtetan abandonatuta egon ondoren, gero eta hondatuago zegoen.

Ingurua zaintzen egon da komandoa, eta eraikinean inor ez zegoela ziurtatu arte itxaron du, han sartzeko. Barrura sartutakoan, areto nagusietako, komunetako eta sukaldeko altzariak eta hormak txikitzeari ekin diote. Babes-taldeak eta hogei bat bizilagun berehala mobilizatu, eta eraikinaren aurrean elkartu dira, eraistea galarazteko. Lortu dute, hein batean. Gizon-taldea eraikinetik atera eta ate aurrean kokatu da, Mossos d’Esquadrako ARROen (Baliabide Operatiboen Arlo Erregionala) lau furgoneta, Udaltzaingoaren bi patruila, Mossoen beste bi, eta suhiltzaileen unitate bat iritsi diren arte. Suhiltzaileak eraikinaren egoera zertan den ikustera sartu dira, eta ez sartzeko aholkatu dute. Mossoek komandoko kideak identifikatu, eta haiekin berriketan jardun dute patxadaz. Haiek beren enpresa-txartela eman diete, Desokuparen telefono eta web-helbidearekin.

Arratsalde hartan, hauxe txiokatu zuen Gràcia Viva informazio proiektuak: «Etengabea izan da poliziaren eta matoien arteko konplizitatea. Irribarreak eta sekretuak belarrira». Gizonek kale-kantoian itxaron dute, eta okupatzaileei baimena eman diete eraikinetik beren gauzak ateratzeko. Handik gutxira, langile batzuek horma bat altxa dute sarreran, Norvet Property eraikuntza-enpresak bultzatuta, eraikina birgaitzeko lanak hasi arte. Biharamunean, eraikinean egitekoak diren proiektua iragarri zuen enpresak bere webgunean.

Gertakari horiei jarraiki, #StopDesokupa kanpaina abiarazi dute bizilagunek eta aktibistek, «etxe-jabe espekulatzaileek matoiak kontratatzen dituztela ikusarazi eta horren aurka borrokatzeko, eta halako jardunen jarraipena egin eta kolektiboki geldiarazteko» helburuz. Beren webgunearen bidez halako neurriak eta haien erantzuleak salatzeko gune bat sortu nahi dute, halaber.

Eraikinaren jabea

«Norveten hitzez hitz hartzen dugu "nahi duenak ahal du" esamoldea. Proiektu batean sinesten dugunean, errealitate bihurtzen dugu. Eta hori bera egitea gomendatzen dizugu zuri. Gehien komeni zaizun etxebizitza bilatu, eta zeure egin; horretan laguntzeko ahal dugun guztia egingo dugu guk». Horixe da Norvet SL etxebizitza-agentziaren aurkezpena. Alon Younger exekutiboak kudeatutako enpresa hau «eraikin bitxiak» birgaitzen espezializatuta dago 2013az geroztik. «Bartzelona gustatzen zaigunez, nortasuna ematen dioten lekuak babestu nahi ditugu. Eraikin xarmadun batek behar dituen maitasuna eta fintasuna eskaintzen dizkiogu guk merkatuari», diote beren webgunean.

Auzoan hedatutako kondairaren arabera, jabea, Agustí Agustí Atzeries, 1.900ean eraikina birmoldatzen ari zela behea jo eta zaharberritze-lanak bukatu ahal izateko dirua lortzeko deabruarekin ituna egin zuen. Horregatik jarri omen zioten Can Demoni “Deabruaren etxea” izena eraikinari. Atzeriesek loteria irabazi eta, bizilagunen iritziaren aurka, fatxada oraindik hantxe jarraitzen duten deabru-buruez betetzea erabaki zuen.

Sareben esku geratu ostean, Roof Capital SL inbertsio-funtsak erosi zuen eraikina, luxuzko pisuak egiteko asmoz. Eraikinen salerosketan diharduen enpresak, Simón Castellá Högbom administratzailea –Banc Sabadelleko zuzendaritzako kide ere badena– buru zuela, Can Dimoniren jabetza Norvet SLren esku utzi zuen urte hasieran.

Abenduan, eraikineko biztanleek salatu zuten ustez jabeek bidalitako pertsona batzuek mehatxatuta eta zaintzapean zeuzkatela, dirua eskaini zietela eta beldurrarazten saiatzen ari zirela. Espazioaren titulartasuna zeukan Roof Capitalek hasitako jarduera haiek bere horretan jarraitu zuten eraikina Norvet SLren esku gelditu zenean. Eraikineko biztanleetako batek dioenez, Alon Younger bera gerturatu zen etxe ingurura, okupatzaileekin hitz egiten saiatzeko. «Beldurrarazteko praktika oldarkor» haiek apirilaren 14an etxe-hustuketa gauzatu zen arten iraun zuten. Desokupa enpresa ez da ageri Merkataritza Erregistroan, eta hango kide batzuk eraikinaren barruko modulu aurre-fabrikatu batean egon dira bizitzen bolada batean, birgaitze-lanak hasi arte espazioa zaintzeko.

Desokuparen komandoa

Zortzi gizonkotez osatutako komando honek mugikor-zenbaki bat eta webgune bat zeuzkan enpresa-txartel bat eman zien mossoei hustuketa-egunean. Zera irakur daiteke webgunean eta Milanuncios.com atari digitalean: «Desokupa. Indarrez eta alokairu-kontraturik gabe okupatutako pisuak utzarazten espezializatutako enpresa, legezko metodoak, 72 ordu baino gutxiagoan berreskuratuko dugu eraikina, penintsula osoan. %90etik gorako eraginkortasuna».

2009an atari berean irakur zitekeen zerbait oroitarazten digu iragarkiak: «Morosos Bcn. Sektorean 20 urtetik gorako esperientzia daukan profesional-taldea. Espezialistak gara ordaingabe, zor eta iruzurren kobrantzak kudeatzen. Metodo arinak erabiltzen ditugu, eta ordaingabeetan espezializatutako aholkularitza juridikoa daukagu. Kobrantza bizkorrak, fakturarik gabe eta B dirutan ere, antzinatasunak berdin dio, geure teknika propioak erabiltzen ditugu eraginkortasun bermatuarekin, etikarekin eta legearen barruan».

Negozio biek izen bat partekatzen dute: Daniel Esteve. Haren telefono-zenbakia harremanetarako zenbaki gisa ageri da Desokuparen webgunean. Horrekin batera, 2008an Morosos Bcn-ren kontra Castelldefelsen egindako polizia-operazioan atxilotu zuten Esteve. Polizia-zirkuluetan El segurata ezizenez ezagutzen zuten, Bartzelona eta Eivissako festa-aretoetan segurtasun pribatuaren arloan lan egiten zuela eta, El Periódicok jakinarazi zuenez.

Zenbait pertsonak (Figueresetik Valentziaraino) Morosos Bcn-ko kideek «modu basatian behartu» zituztela salatu eta gero, Mossos d’Esquadrako bahiketa eta estortsioen unitateak ikerketa bat ireki zuen, Gavàko 3. zenbakiko instrukzio-epaitegiak gidatuta. 2008ko azaroaren 4an, Mossoen Interbentzio Talde Bereziak (GEI) Esteve atxilotzeko operazioa egin zuen, legearen aurkako atxiloketa, irainak, mehatxuak eta zilegi ez den elkarteko kide izatea leporatuta. Polizia-operazio hark oihartzuna izan zuen, parte hartu zuen agenteetako batek urtebeteko espetxe-zigorra eta inhabilitazioa jaso baitzituen. Granada itsutzaile batekin Antonio Coscolini (Daniel Esteverekin batera ari zena gau hartan) eskuin testikulu eta ezkerraren zati bat txikitzeagatik zigortu zuten mossoa.

Eskuin muturra ere tartean

Urte batzuk geroago, Mixed Martial Arts-eko (MMA) borrokalari eta diskoteketako atezain ohiak La Isla Fighting Championship SL ekitaldi-enpresa eratu du. Isla Fighting Championship txapelketak antolatzen ditu enpresak. Borroka-jaialdi horien bosgarren edizioa Vall d'Hebron pabiloian egin zen maiatzaren 15ean, MMA, K-1, Muay Thai eta boxeoko nazioarteko borrokalariak elkartu ziren.

Zenbait lekukok adierazi dutenez, Can Dimoniko hustuketan parte hartu zuten komandoko gainerako kideak gidatzen eta posizioak eta eginkizunak agintzen aritu zen Daniel Esteve, kirol-topaketa hori baino aste gutxi batzuk lehenago. Dena den, lekukoek diotenez, «beste komando bat» kontratatzeko gomendatu zion Estevek eraikinaren inguruan zebilen Can Dimoniren jabetza daukan enpresako kide bati, ez baitzekien zeuzkan gizonekin «eraikina gauez defendatzerik» izango ote zuen.

Taldekideetako batzuk Facebookeko argazkietan ageri dira Bartzelonako eta Castelldefelseko arte martzialetako gimnasioetan entrenatzen. TV3ko Entrelínies saioko kapitulu bat, 2008ko otsailean emandako «Kontrolpeko indarkeria» izeneko monografikoa, ikusi eta gero taldekide horietako bat identifikatu dute Gràciako hustuketan izandako zenbait lekukok: Ernesto Navas. Ikus-entzunezko dokumentu hartan, Navas «borroketan aditua» bezala definitu zuen TV3k.

Navasek berak borroketan aritzen zela onartu, eta zera esaten zuen: «Borroketan ondo pasatzen duzu». Halere, ezkondu eta ume bat izan eta gero, «bizimodua aldatzea» erabaki zuela erantsi zuen. Camp de l’Arpako metroan hiru gazte redskin jipoitu eta haietako bati labankada bat sartu ondoren hasitako auzibidean hilketa-saiakeragatik zigortu zuten Navas, 2006ko urrian, artean adingabea zela. Dokumentalean bertan dioenez, bi urte eta bi hilabete eman zituen horregatik zaintzapeko askatasunean. Geroago, «birgizarteratze soziala» egin omen zuen, Muay Thaiko Chinto Mordillo munduko txapeldun ohiak Nou Barris auzoan daukan Meguro Roquetes gimnasioan bultzatzen duen bazterreko borrokalarientzako programari esker.

Gimnasio horretako argazki batzuetan –Perro de pelea [Borroka-txakurra] izenez ere ezagutzen dena– besoan svastika nazi baten tatuaje handi bat ikusten zaio Navasi, eta «Rudolf Hess» nabarmen bat abdominaletan, Alemania naziko buruzagi historikoaren omenez. Desokupako egungo komandoko kideetako batzuk duela bi urte itxitako gimnasio hartan elkartzen ziren. Horien artean, Daniel Esteve eta bere entrenamentuetako laguna, Jivko Ivanov komandantea.

Can Dimoniko desalojoan parte hartu zuen Ivanovek. Komandantea deitzen diote zenbait gatazka armatutan parte hartu duelako: Kosovon, independentziaren aurka borrokan, edota Ukrainako gerra zibilean, Krimea Errusiara batzearen aldeko batailoietan aritu zen. Ivanov Stop Islamisation of Europe (SIOE) Islamaren aurkako Europa mailako mugimenduko kidea eta Bulgaria Alba Ortodoxa talde armatu arrazistako militantea da.

Donostiako Kortxoenean ere pasarte iluna

2015eko irailean Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraisten saiatu ostean, bi hilabeteko erresistentzia fasea abiatu zuten. Hondeamakinak geratu egin behar izan zituzten segurtasun neurriak bete gabe aritu zirelako eta beraz, legez kanpo. Bi hilabete horietan hamaika ekimen kultural antolatu zuten eta 24 orduz jendea izan zen gaztetxean.

Azaroaren 4ko goizaldean etorri zen bigarren oldarraldia. Hiru lagun zeuden gaztetxean, gaua han pasa zutenak. “Hondeamakinak errepidean gora zetozela entzun eta leihora hurbildu nintzen, goizeko 7:10 inguru. Hori ikusita, “Badatoz! Badatoz!” oihuka hasi ginen, baina segundo gutxira, 8-10 bat gizon gihartsu, ilunez jantzita eta burua estalita, barrura sartu ziren atea kolpez irekita. Palanka batez gain, hainbatek metalezko barrak eta egurrezko objektuak zeramatzaten”. Horrela azaldu diote ARGIAri Kortxoenearen huste ilegala, une horietan gaztetxe barruan zeuden bi kidek.

“¡Fuera de aquí! ¡No cojais nada! garrasika, behin eta berriz errepikatzen zuten. Gutako bakoitza norberaren gauzak hartzen saiatu zen, baita baliozko gauzak ere: ordenagailuak, proiektorea eta beste, baina guregana korrika etorri eta oso modu txarrean kanpora aterarazi gintuzten. Gutako kide batek adibidez, “kontuz, bizkarrean hernia bat daukat” esan eta segituan belaunarekin bizkarrean jo zuten bete-betean. Oso minduta egon zen hurrengo asteetan”.

Bultzaka, eskuak bizkarraren atzean eutsiz eta eskumuturrak bihurrituz atera zituzten. Tentsio handiko uneak izan zirela gogoratzen dute. Lehenak jantzi ahal izan zuen, beste bat oinutsik aterarazi zuten eta hirugarren kidea, barneko arropa soilik jantzita zuela.

Beren artean apenas hitz egiten zutela gogoratzen dute eta oso ongi zekitela zer egin behar zuten. Zur eta lur, ezer grabatzeko astirik eta aukerarik gabe. Aurreko saiakeran bete ez zuten segurtasun neurria zen eraikina hesitzea. Bada, eraikinetik gertu zegoen auto bat gizon horien artean lekuz mugitu eta hesitzeko moduan utzi zuten”. Une horretan, arduradunak hurbildu eta korrika ihesi hasi aurretik, zoriondu egin zituztela oroitzen dute.

Kortxoenea barnean zeuden pertsonak kanporatu eta minutu gutxira iritsi zen Donostiako Udaleko teknikaria. Eraikina hutsa zegoenez eta hesiak jarrita zeudenez, baietz, eraisketa has zitekeela adierazi zuen. Hondeamakinak paretak zulatzeari ekin zioten. Alarma deia zabaltzearekin batera, jendea hurbiltzen hasi zen eta hiru kide teilatura igo ziren, eraisketa geratzeko asmoarekin. Segurtasun enpresako kideak teilatura igo eta hauek “atxilotzen” hasi ziren, eskuburdinak jarriz.

Bitartean, desalojoa ilegala zela argi zutenek, Donostiako Udaltzaingora eta Ertzaintzara deitu zuten, agenteak joan zitezen beren begiekin ikustera gertatzen ari zena legez kanpokoa zela. Ertzaintza ez zen agertu, nahiz eta goizeko 6:00etatik aurrera Polloe hilerriaren ondoan operatiboa prest zuten. Gazteak teilatura igo zirenean bai, furgonetak Kortxoeneara joan ziren.

Desalojoa bizi zutenek argi dute eraikinean sartu zen gizon taldea eraikuntza enpresak kontratatu zuela, “arduradunekin bat eginda zeudela ikusten baitzen”. Elkarri bostekoa ematen eta egindako lanagatik elkarri zorionak ematen aritu ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
2024-11-18 | Leire Ibar
Bederatzi lagun epaituko dituzte Bilbon astelehenetik aurrera, Voxen ekitaldi bat eteteagatik gorroto delitua egotzita

Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.


Mobilizazio arrazistek porrot egin dute Donostian zein Gasteizen

Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]


2024-11-08 | Irutxuloko Hitza
KASen kontrako elkarretaratze berria egingo du LQNTCDD taldeak datorren astelehenean Donostian

Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]


Segurtasuna ala eskuin mutur berriaren amua?

Iragarritako heriotza baten kronika. Donostiako Udalak Egiako Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu, «segurtasunaren» aitzakian. Bizpahiru urte dira Egian segurtasuna guztien ahotan dagoela, eta azken hilabeteotan, talde eskuindarren gorakadarekin, egoerak okerrera... [+]


ANALISIA
Donostiako Egiako eta Gasteizko Errotako mobilizazio arrazistak (eta etorriko direnak): kointzidentziak eta galderak

Azken asteetan mobilizazio arrazistak piztu dira Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetan, eta biek iragarri dute asteroko deialdiei eusteko asmoa. Haien artean desberdintasunak daude, baita antzekotasun asko ere: sustatzaileak anonimoak izatea, konfrontazioa bilatzea, edo... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Mezu ultrakatolikoekin sabotatu dute LKN artistaren erakusketa Iruñean

Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.


2024-10-24 | ARGIA
Donostiako Udalaren debekuaren aurrean, Kaleko Afari Solidarioak dio etxerik gabekoei otorduak ematen jarraituko duela

Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka

Sare sozialek permititzen dituzte horrelako edukiak, eta haiek ere izan beharko lukete ardurarik auzi honetan. Baina ez dirudi inork neurririk hartzeko asmoa duenik. Zigortu izan dituzte sare sozialak, baina sekula ez ildo horretan, ez baita interesatzen. Izan ere, emozioak... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Kirolari lotuta ere bai...

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: tradwives-i buruzkoa, Elena Francis itzuli da?...]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Elena Francis itzuli da?

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]


Alemaniako ezkerra: BSW geratzeko etorri da

Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]


Kaleko afari solidarioen kontrako elkarretaratze bat egin dute Donostian, PPko zinegotzien parte hartzearekin

Afari solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean zegoen antolatuta baimenik ez zuen elkarretaratzea. Tentsio une handiak izan dira, eta Ertzaintzak KASen aldeko hainbat jarraitzaile identifikatu ditu.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Giza eskubide gehiago eta eskuin-mutur gutxiago

Bizi garen mundu frenetiko zein zorabiagarri honetan, pixkanaka gertatzen diren gizarte-aldaketak batzuetan antzemanezinak, garrantzirik gabekoak edo hutsalak direla iruditzen zaigu. Hala ere, ez da horrela, eta jakitun izan behar dugu tentuz jokatzeko. Horren adibide, azken... [+]


Eguneraketa berriak daude