ARGIAko kolaboratzaile fina Bartzelonatik Aritz Galarraga unibertsitate irakaslea. Hamaika ditu, gatz eta piper, parte hartzeak han eta hemen. Ongi etorri beraren kritika minak, beti eta gehienean errespetuz, ironiaz eta umorez eginak.
Herrialde Katalanetan bizi izanagatik ere, testuak han eta hemen publikatzen dituzu. Bost elkarrizketa baino gehiago egina, eroso ez zuzeneko solasaldian?
Erosoago idatzizkoaren lurraldean. Azken urteotan egin dudan lanari begiratzea aski da horretaz konturatzeko. Alegia, idatzizkoa landu dut gehienbat, eta idatzizkoaren lurralde horretan bertan ere heterogeneo jardun dut, era askotako testuak produzitu ditut, eta ez naiz ahozkoan trebatu, ez naiz abila, bertsolariaren sen eta etorririk ez dut, eta horrela, erosoago ibili behar idatzizkoan.
Katalanak badu ahozko jario errazik?
Bai, dudarik gabe. Katalanak hemengoa baino hezkuntza-egoera egonkorragoa du, hiztun kopuru handiagoa –hamar milioi, diote azken inkestek–, tradizio finkatuagoa bai literaturan bai ahozko erregistroari dagokionez. Ahozkotasuna landuagoa du katalanak. Haien eta gure arteko diferentzia nabarmena da hango hiztunak normal hitz egiten duela katalan estandarizatua, edozein egoera eta erregistrotan, eta hemengoa, aldiz, ez dela horretarako gai, oraindik. Hartu Barçako futbolari katalan hiztuna: maila bera du katalanez eta espainolez. Besterik da zein den futbolariaren maila hori, zertaz hitz egiteko gai den ostikolaria edozein hizkuntzatan ere, terreno labainkorra hori.
Kar, kar…
Hizkuntzaren erregistro, aberastasun eta naturaltasunari dagokienez, gaitasun bera du –Piqué batek, adibidez–, katalanez zein espainolez. Ez da gure kasua: hemen, euskara hiztuna euskaraz ari delarik, eskas ditu hiztegia, ohitura eta naturaltasuna. Alde handia dago hango eta hemengoen artean. Bi hizkuntzen arteko ezberdintasun handietako bat.
Nola segitzen duzu Bartzelonako urrunetik hemengo herrialitatea? Inori irakurria dio hitz hori ere, herrialitatea…
Fisikoki leku batean egonagatik ere, ez da zaila bestenon edo nongo aktualitatea jarraitzea, eta are gehiago, aktualitate horretako parte izatea. Badakit garai batean kasik ezinezkoa zela hori, hau da, gaur egun nik egiten dudana egitea. Nire bizimodua ez da, finean, Hondarribian bizi denaren zeharo bestelakoa: denbora asko pasatzen dugu ordenagailu aurrean, eta beraz, internet, telefono eta gainerako tramankuluen bidez komunikazioa momentukoa da. Esaterako, egunean zehar, ia gehiago hitz egiten dut Euskal Herriko jendearekin, Kataluniakoekin baino, dela whatsapp bidez edo bestelakoz.
EHUko Psikologia Sozialeko irakasle emeritu Sabino Aiestaranek ontzat ematen du sare bidezko harremana, baina, urtean behin bada ere, bilera fisikoa behar dela dio.
Bai, harremanak oso diferenteak dira birtualak direnean, osoki, edo, aldiz, presentzia fisikoa ere badutenean. Harreman birtualak puntu bateraino heltzen dira. Hortik aurrera, zuzeneko harremana behar da: elkar ikustea, elkarrekin egon eta hitz egitea… Horri dagokionez, Bartzelonan egoteagatik nik ez dut nire burua gutxiagotua ikusten. Hemen dagoen nire gisako pertsona baten modura bizi naizela esango nuke: irakasle eta kazetari prekario batek, hemen, nire bizimodu bera –edo oso antzekoa–, duela pentsatzen dut.
Zer da erbestean bizitzea baina, begi batekin bada ere, norberaren herrira begira ematea eguna?
Tautologia hutsa da, baina kanpotik begira bizitzeak horixe ematen dizu, kanpotiko begirada. Ez zaude saltsaren erdian, eta horrek ikuspegi ezberdina ematen dizu, nahitaez. Musika emanaldi bat bertatik bertara jarraitzen duenak eta telebistaz edo irratiz jarraitzen duenak ikuspegi ezberdina duten moduan. Ez da ez hobea ez okerragoa, baina ezberdina, behintzat. Nire intuizioaren arabera, ikuspegi sanoagoa ematen du distantziak. Ordenagailu pantaila ere ez da berdin ikusten bi zentimetroko distantziatik, edo hogeita hamar zentimetrokotik. Kanpoan egonda, zure ikuspegiari beste bat eransten diozu: zauden leku berri horretako ikusmoldea. Begirada ireki eta kritikoa izanez gero, handik eta hemendik jasotzeko prest egonez gero, utzi duzun lurraldearen gaineko ikusmoldea ere osatzeko aukera izan dezakezu.
Herrialde Katalanak eta Euskadi. “Anai zaharren lur gazte” zioen Xabier Letek Canço a Catalunya-n.
“Anai” orduan, “senide” litzateke orain, politikoki zuzen mintzatuz. Kar, kar… XX. mendean izan da senidetasunik bi herrion artean, eta orain ere bada. Esate baterako, ni seguru nago neroni euskalduna ez banintz diferente ikusiko ninduketela han, bi herrion harreman historiko horrengatik, hain zuzen. Baina harreman horren norabidea aldatu egin dela ematen du: garai batean katalanek euskaldunei zieten miresmen horrek –axalekoa, nahi bada, akritikoa–, bira eman duela iruditzen zait. Kataluniako egoera politikoa lehen lerrora igaro da, eta orain euskaldunok gara hara miresmenez begira bizi garenok. Egoera politikoak jotzen duen ildotik jotzen duela ere, ordea, bi herrion arteko afinitate edo konplizitateak iraungo duela uste dut, nahiz eta uste baino ahulago den afinitate eta konplizitate hori.
Hari ahula, zure ustez.
Bai, estatu beraren mende gaudela partekatzen dugu, bi herriotako gizartearen parte handi batek soberania desioa izatea. Bestela, Kataluniak eta Euskal Herriak ez daukate ikustekorik.
Soberania desioa aipaturik, zertan da “Kataluniako prozesu soberanista”?
Nik esango nuke ez dela existitzen, ez da prozesu soberanistarik, hori inoiz existitu bada, prozesurik inoiz existitu denik ere zalantzan jartzen baitute batzuek, eta ez naiz bereziki espainiazaleez ari. Gaur egun ez dago prozesurik, nire ustean, pasa den iraileko hauteskundeek prozesu horrek aurrera egin dezan gehiengo sozial nahikorik erakutsi ez zutelako. Plan bat aurkeztu zuten, estatu egitura jakin bat sortzeko epeak… baina ez dago horrelakorik, ez dute Espainiako jurisdikzioarekin konfliktoan sartu nahi izan, soberanismoaren bidean gehiengo den Junts pel sí-k ez du desobedientziaren bidean pausorik eman nahi… eta, ondorioz, dena delako prozesua ez aurrera ez atzera dago. Bestalde, gobernua osatzeko istiluak izan ziren, eta gobernua osatuta zegoenean, aurrekontuak ez dizkiote onartu.
Ez arre, ez iso.
Bai, bada. Ez dago gehiengo sozial nahikorik aurrera egiteko. Gehiengo handi bat dagoenean lortzen dute herriek soberania osoa.
Hemengo herrietan galdeketak egiten ari dira.
Jendea soberanismora ekartzeko modua izan liteke, aspirazio logikoa, bestalde. Herrietan egin diren galdeketak onuragarri izan litezke masa jakin bat osatze aldera, baina horrek ez du soberanismorik ekarriko, funtsezko oinarria zera delako: horren alde gehiengo soziala egotea, eta Euskal Herrian horrelakorik ez dago. Eta Katalunian ere ez, hauteskundeek erakutsi dutenez. Horregatik ez du prozesuak aurrera egiten.
Mobilizaziotzar handiak gorabehera?
Bai. Mobilizazioek erakutsi dute soberaniaren aldeko jendea asko dela, eta oso mobilizatuta dagoela.
Soberaniaren aldeko ez dena boto ematerakoan mobilizatzen da.
Horixe!
Unibertsitate irakasle, ohiko kolaboratzaile euskarazko prentsan, literatur kritikari Erlea aldizkarian, guraso… Nola eusten diozu goiari?
Osasun mentalari gutxi-asko eutsiz, esan nahi duzu? Kar, kar… Ez dago misteriorik. Egunak 24 ordu ditu eta badakigu denbora finitua dela, eta beraz, beste hainbat konturi errenuntzia eginez idazten ditut idazten ditudanak. Ez naiz morroi bakartia, ez antisoziala ere, baina lan eta egiteko horiek betetzen didate egunaren parte handia.
Eta suari egurra, Marx anaien film hartan bezala: tesiari buru-belarri lotuko zatzaizkio.
Eta orduan bai, bazter utzi beharko hainbat lan. Aritmetikak ez du ematen. 24 ordu dira egunean, ez gehiago.
Ikusezinago izango zaitugu aurrerantzean, aldi batean, bederen.
Ezinbestean ikusezin, bai ikusten ahal nindutenen mesedetan, baina baita neure mesedetan ere. Ez nuke esango nirea etengabeko esposizioa denik, baina bai maiz xamarrekoa, eta tesia tarteko dela ez da erraz izango horri eustea. Gainera, esposizio horrek ere desgastea dakar, egunero –edo maiz–, zer edo zer publikatzeko presioa eta beste.
Euskal Ikasketak sailaren baitako irakurle zaitugu Katalunian, bi unibertsitatetan: Bartzelonako Unibertsitatean, batetik, eta Autonomoan, bestetik.
Baina Autonomoan dute pisurik handiena Euskal Ikasketek. Egia esan, Reno salbuetsita, uste dut Euskal Ikasketek munduan Autonomoan beste inon ez dutela errekonozimendu hori. Ikasleek beren gradu ikasketak osatzeko, gure ikasgaiak hartzeko aukera dute, eta Euskal Ikasketetan minor edo aipamen bat jasotzeko era. Alegia, ikaslea izan liteke Hizkuntza eta Literatura Katalana graduatua, eta Euskal Ikasketetan aipamena duena.
Zertan dira Euskal Ikasketak Bartzelonako bi unibertsitate horietan?
Beti uste da euskara irakasten dela –eta irakasten da–, baina hori ez da programaren zati bat besterik, eta ez handiena ere. Euskal kultura dei genezakeen horren ikuspegi globala ematen saiatzen gara, hizkuntza modu instrumentalean erakusten ahal dugu, baina, gainera, euskal kultura eta gizarteari buruzko ikasgaia dugu, euskal literaturari buruzkoa, hizkuntzaren historiarena… Euskal Herria den horren ikuspegi oso eta zeharkakoa eskaintzen saiatzen gara.
Nork jakin nahi du Bartzelonako unibertsitateetan Euskal Herriaz?
Tipologia heterogeneo xamarra dugu ikasleen artean. Badira Euskal Herriarekiko afektua dutenak, eta badira euskararekiko interes linguistikoa dutenak. Motibazio ezberdinak izan litezke: jakin-mina dute batzuek, ikuspegi osatuagoa, beste batzuek… Unibertsitate ikasketak dira, eta azken batean, gehienbat jakin-min akademikoa du ikasleak. Euskara ere irakasten dugu, baina, ikasturte batean baina bi ikasgaitan, 80 ordu lektibo dira denera. Oinarri minimo batez jabetzen da ikaslea, hizkuntzak nola funtzionatzen duen konturatzen da, ez besterik.
Ez da hemen bezala…
Ez, jakina. Hemengo euskaltegietan trebetasunak modu komunikatiboan transmititzen dituzte. Gurea ikuspegi akademikoa da –zientifikoa, nahi baduzu–, euskararen funtzionamenduaren gainekoa. Ikasturtea bukatu eta hango ikasleek ia-ia ez dakite deus esaten, baina, aldiz, hizkuntzaren mekanismo orokorra zertan den ezagutzera iristen dira.
Bartzelonan bada euskal etxerik.
Bai, eta badut harremana, nahiz eta ez beste batzuek dutena bezainbestekoa. Alabaina, Unibertsitate Autonomoko irakasle naizen aldetik zenbait ekitalditan parte hartu ohi dut urtean zehar, literatur jaialdian [Literaldia], esaterako. Oso ekimen interesgarria iruditzen zait, Euskal Herriko jendea gonbidatzen dugu eta oso harrera ona du han. Esango nuke Euskal Herrian bertan ere ez dela hainbeste urteko ibilia duen literatur jaialdirik egiten, ezta hainbeste jende biltzen duenik ere. Horrez gainera, euskal etxeak musika jaialdia ere egiten du, eta zinema jaialdia ere bai.
Erreferente duzue Bartzelonako euskal etxea?
Zenbait euskaldunentzat erreferente handia da, dudarik gabe. Ezagutzen ditut euskal etxearekin harreman handia dutenak, aktiboki parte hartzen dutenak. Niri dagokidanez, ez dut lotura esturik agian euskal etxearekin, baina hara orduko nekien hala izango zela, alegia, ez nuen nahi –eta ez dut nahi–, Euskal Herri txiki batean bizi Bartzelonan. Horretarako, Hondarribian geratuko nintzen. Hara joanez gero, nahiago izan nuen bertakoa ezagutu, bertan sartu muturra, bertakoarekin bat egin, Euskal Herriko lotura ebidentea galdu gabe, jakina, eta euskal etxearekin ere harreman ona izanez eta hainbat ekintzatan parte hartuz. Esan dezagun, zilborresteari metro batzuk eman nizkiola.
Literatura ikasketak egin zituen. Bartzelonako bi unibertsitatetan euskal kultura irakasle da 2006an hara zenez geroztik. Katalunian izanik ere hemengo hainbat hedabidetan kolaboratzen du, ARGIAn, Berria-n, Erlea-n, Euskadi Irratian eta bestetan. Luma-zorrotza da, bilorik gabe idazteko joera du, zurian beltz, distantziak eman ohi duen libertatearen jabe. Doktore tesiari ekiteko puntuan da katalanera itzulitako euskal literaturaz. Katalana du emaztea eta bertan jaioak bi seme-alabak, partez katalanak, partez euskaldunak.
"Bigarren hezkuntza edo institutua egin genuen lekukoak omen gara, eta nik Donostian ikasi nuen...baina, ez, honddarbiarra naiz".
2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]
Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.
Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta... [+]
Urriaren 25a. Valentziako Meteorologia Elkarteak iragarri duenez, hurrengo astean goi geruzetako tanta hotz batek euri-erauntsiak eragin ditzake Valentzian. Egunez egun, aurreikuspenak berresten dira, eta urriaren 29an, goizeko lehen orduan, Espainiako Estatuko Meteorologia... [+]
Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza... [+]
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Uholdeek hartu duten zonaldea "katastrofiko" izendatuko du Valentziako Generalitateak, eta 31.400 milioi euroko laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuari, tanta hotzak eragindako kalteak konpontzeko. Pedro Sánchez presidenteak astearte eguerdiko agerraldian... [+]
Hogeita hamaika suhiltzaile nafar joan dira Valentziara, uholdeen ondoko garbiketa lanetan laguntzen, Horietako bat da Iñaki Sexmilio. "Zenbait lekutan gurea izan da iritsi den lehen laguntza taldea, herritarrak oso eskertuta daude", azaldu du Metropoli Forala... [+]
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta itsaso ertzak hormigoiarekin betetzeak duen arriskua dela-eta. Hormigoiarekin... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
154 pertsonari aplikatu diete amnistia, eta erdia baino gehiago dira mossoak, guardia zibilak edo Espainiako Poliziako agenteak.
750.000 oilo izanen lituzke Sineu herrian eraikitzekoa duten Son Vanrell izeneko makro-etxaldeak. Ekologikoki kalte handiak eraginen lituzke: amoniako gehien isuriko lukeen Espainiako Estatuko hazkuntza-zentro handiena litzateke eta herriaren ur kontsumoaren herena bereganatuko... [+]
6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.