Gasteizko Gaztedi taldeak saria jaso du Munduko Errugbi Inklusiboko 1. Txapelketan. Arabarren esperientzia abiapuntu hartuta, bereziki adimen urritasuna duten pertsonak gizartera integratzeko kirolak bete dezakeen funtzioaz eta bide horretan dauden oztopo eta abaguneez hitz egin dugu Mikel Epalza errugbilariarekin, autismoa duen Enekoren ama Aintzane Muguruzarekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kide Jurgi Olasagastirekin.
Gasteizko klubean argi dute. Inklusioa ez da aparteko beharrak dituzten pertsonak, izan down sindromedunak izan autistak, talde berezietan bildu eta elkarren aurka partidak jokatzea. Proiektu batek izan nahi badu erabat barneratzailea, barnean hartu behar ditu klubeko estamentu guztiak: kirolariak, entrenatzaileak, zuzendaritzakoak... Halaxe ari dira Gaztedin. Behar bereziak dituzten kideek gainerako jokalariekin batera entrenatu ohi dute larunbatero, eta han ikasitakoa benetako partidetan erakutsi dezakete tartean behin, errugbilari denak, urritasuna izan ala ez, talde berean nahastuta. Iaz, adibidez, altxor ederrarekin itzuli ziren Ingalaterratik.
Frantzia, Eskozia, Irlanda, Gales, Italia, Serbia eta Argentinako taldeek parte hartu zuten, Gaztedirekin batera, Bradford hirian jokatutako Munduko Errugbi Inklusiboko 1. Txapelketan. Bi sari banatu zituzten: onena izateagatik Sunday’s Well Rebels irlandarrak lortu zuena batetik, eta inklusio lan eredugarriagatik Gaztedik jasotakoa bestetik, Spirit of Mixed Ability Rugby Trophy garaikurra.
Mikel Epalza:
“Errugbi taldeetan pertsonarik arraroenak biltzen gara, eta erabat integratuta sentitzen gara halere. Down sindromedun eta autistekin batera entrenatu eta jokatzea urrats bat gehiago
izan da”
“Munduko Kopa irabaztea zoragarria izan da guztiontzat, zer esanik ez Down Araba elkarteko kide diren eta gure taldean jokatzen duten pertsonentzat”, esan digu Escor-Gaztediren talde federatuan ari den Mikel Epalzak. “Bat-batean erreferente bilakatu gara. Erantzukizun polita izanik ere ahalegin handiagoa eskatuko digu, jende gehiagorengan eragin beharko dugu proiektua hazten joan dadin”.
Erreferente bila ari da, hain justu, Aintzane Muguruza donostiarra, Eneko 10 urteko ume autistaren ama. Kontatu digu semeari “izugarri” gustatzen zaiola lagunekin futbolean aritzea, eta irratian entzun zuenean Levante taldeak bazuela egitasmo integratzaile bat, Realari Twitter bidez mezua bidali ziola pasa den martxoan, galdetuz ea horrelakorik baduen edo antolatzeko asmorik duen. Erantzunik ez zuen jaso –euskal futbol talde profesionalek ez dute kirol integratuko egitasmorik–, baina tematuta jarraitzen du, jakitun kirola inklusio-tresna eraginkorra izan daitekeela. “Futbolean ikaragarri disfrutatzen du semeak, baina zailtasunek atzera botatzen dute; frustrazioa modu bortitzean azaleratzen du orduan, edo berean gotortzen da. Horregatik geratzen dira bera bezalako hainbeste pertsona etxean sartuta. Nire asmoa da halakorik ez gertatzea”. Azaldu digu kezka bera duen adiskide batek Gipuzkoako Futbol Federaziora idatzia bidali zuela, eta erantzun ziotela Diputazioaren bitartez bideratu beharreko kontuak direla horiek. “Nire nahia, ordea, ez da gizarte zerbitzuetara jotzea”, dio Muguruzak. “Gautena autismo elkartea eta halakoak sekulako lana egiten ari dira, baina urrats bat harago joan nahi dut. Behar bereziak dituzten pertsonak gizartera irekitzea da helburua, eta hori lortzeko beharrezkoa da denak nahastea, ezgaitasunak dituztenak benetan barneratuak senti daitezen eta gainontzekoek aukera izan dezaten errealitate hori gertutik ezagutzeko”. Inklusioa ulertzeko moduan bat datoz Epalza eta Muguruza.
“Integrazioak denoi egiten digu mesede”, esan digu Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikari Jurgi Olasagastik. “Urritasun bat dutenentzat kirola praktikatzea positiboa da, onura fisiko, psikologiko eta sozialak dakartzan heinean; besteontzat, maiz aldamenean ditugunak ere gizartearen parte direla konturatzen ez garenontzat, harremanak estutzeak laguntzen digu bizitza beste modu batera ikusten, norberaren lehentasun eta arazoak erlatibizatzen”.
Errugbian lor badaiteke…
Gaztedik egindako ibilbidearen harira, Epalzak azaldu digu barneratze printzipioek hasiera-hasieratik markatu dutela klubaren norabidea, kirol horrek, amateur mailan bereziki, berezkoak dituen baloreak ardatz: “Errugbi taldeetan pertsonarik arraroenak biltzen gara, eta erabat integratuta sentitzen gara halere. Down sindromedun eta autistekin batera entrenatu eta jokatzea urrats bat gehiago izan da. Gaztedin topo egin dute abertzaleek eta militarrek, ezkerreko jendeak eta eskuinekoak, beltz, marokoar eta zuriek, guardia zibilek eta haien semeek… eta ez da sekula arazorik izan. Errespetua oinarrizko balorea da klubaren estamentu guztietan, zelai barruan bederen”.
Aintzane Muguruza:
“Behar bereziak dituzten pertsonak gizartera irekitzea da helburua, eta hori lortzeko beharrezkoa da denak nahastea, ezgaitasunak dituztenak benetan barneratuak senti daitezen eta gainontzekoek aukera izan dezaten errealitate hori gertutik ezagutzeko”
Talde barneratzaileak indarberrituta ekin zion 2012ari, Escor-Gaztediko jokalari eta Down Araba-Isabel Orbe elkarteko hezitzaile David Izquierdoren eskutik, denbora gutxian munduko txapeldun izatera heltzeraino. “Gure helmuga ez da hori”, dio Epalzak. “Lanean jarraituko dugu, erakusteko inklusioa errugbian lor badaiteke beste esparruetan ere posible dela, izan kalean, tabernetan edo beste edozein lekutan. Gizarteratzea funtsezkoa da”.
“Eneko bezalako gazteak aisialdi talde itxietan mantentzen badituzu, proiektu txalogarriak izanik ere, jendartearekin elkarrekintzan jarduteko aukera galduko dute”, azaldu digu Muguruzak. Semeari izugarri gustatzen zaio lagunekin futbolean aritzea, baita haiei Enekorekin jolastea ere. Gertatzen dena da eurek eskolaz kanpoko taldeetan izena eman dezaketela, baina Enekok ez. “Erakutsi nahi dut badagoela ume hauek gizarteratzea, zailtasunak zailtasun. Hori da justizia, bakoitzari behar dituenak ematea”.
Lehia vs partaidetza
Ildo berean mintzo da Olasagasti: “Pertsona orok izan behar du inklusiorako aukera. Beste kontu bat da, kirola nola antolatua dagoen ikusita, aurrera nahi beste egiterik badagoen ala ez, gaur egun lehia baitu orokorrean ardatz, parte-hartzea baino gehiago. Klub edota elkarteek kontuan izan behar dute badagoela konpetitibo hutsa ez den beste biderik”. Gipuzkoako Federazioko teknikariak, halaber, argi du inklusibotasuna “oso polita” dela baldin eta tartean diren norbanako guztiak nahikoa kontzientziaturik badaude, ingurunea bortitza baita batzuetan. “Badakigu futbolean jokatzen duen edonork zer nolako astakeriak entzun behar izaten dituen; bada, pentsa zer jasan lezaketen urritasunak dituzten gazteek…”.
Hezitzaile eta entrenatzaileak behar bereziak dituzten pertsonak zuzen artatzeko prest ote dauden galdetuta, oro har ezetz erantzun digu Muguruzak, atzera berriz ere lehiaren auziari helduta: “Normala da, ez baduzu prestakuntzarik jaso eta Eneko bezalakoekin sekula lan egin… Gainera, helburua ahalik eta lehiakorrena izatea baldin bada nekez egingo dugu aurrera. Hain justu, Gipuzkoako Futbol Federazioak erantzun digu helburua txapelketak direla eta hortik kanpo dagoen beste edozer Diputazioaren gizarte ekintzen ildotik bideratu behar dugula. Kontua ez da hori”. Bera kontziente da hasieran zaila gerta daitekeela, semeak mugak dauzkalako bere sentimenduak adierazteko eta gauza berrien aurrean ezkor jokatzen duelako maiz. Badira pautak, ordea, zuzen landuz gero ahalbidetzen dutenak denontzat onuragarriak diren gauzak lortzea. Muguruza ziur da luzera begira abantailak denontzat liratekeela. Irribarrea ezpainetan, kontatu digu Enekok futbolaren arauak ezagutzen dituela baina, zenbaitetan, irabazten ari denean, aurkariak berdinketa lortzea nahi eta agian gola sartuko duela bere atean. Edo erabakiko duela inori ezer esan gabe beste taldera pasatzea, edo partida bere gustukoa ez delako ospa egitea…“.
Heziketan tematzea gako
Kirol Egokituko Federazioko Jurgi Olasagastik eragile ugari egiten ari den ahalegina goraipatu du, baina berak ere ez du uste oro har entrenatzaileak-eta prest daudenik, egiaz ez gaudelako prest kirola beste modu batean ulertzeko. Kirol kolektiboetan bereziki, helburua irabaztea izanik, jokalari baten jardunak talde osoari eragiten dion heinean, urritasuna duen jokalariak estrategiak barneratzen ez baditu edo defentsan kamuts aritzen bada, oztopo bilakatuko da.
“Prest al gaude hain trebeak ez diren umeak gure gain hartzeko?”, galdera airean Olasagastik. “Gauza bat argi utzi nahi dut, dena den: nik ez diot txapelketari duen garrantzia kendu nahi”, diosku. Lehia eta partaidetzaren arteko oreka lortzea, horratx gakoetako bat, ez soilik adimen urritasuna duten kirolarien integrazioari dagokionez, zentzu zabalagoan baizik, nagusi den ereduak bere neurrirako egitura finkatu duen heinean, egokitzen ez direnak bazterrean utzita sarri.
Jurgi Olasagasti:
“Zergatik uzten diote gazteek kirola praktikatzeari? Ez zaielako kirola egitea gustatzen? Ala indarrean den eredu konpetitiboa da gustuko ez dutena?
Agian, gehiago joko bagenu jolas parte-hartzaileen bidetik…”
Parte-hartzearen bidea sendotze aldera, Olasagastik dio “heziketan” ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela, ezinbestekoa dela kirol ibilbidea eskolatik bertatik hasita berregituratu eta klubekiko harremanak sendotzea, besteren artean. “Zergatik uzten diote gazteek kirola praktikatzeari? Ez zaielako kirola egitea gustatzen? Ala indarrean den eredua da gustuko ez dutena? Agian, gehiago joko bagenu jolas parte-hartzaileen bidetik… Jarduera fisikoak berezkoak dituen onuren gainean arreta handiagoa jartzeak mesede egingo liguke aurrera begira”.
Zentzu horretan, parentesi moduan-edo, gauza bera komentatu ohi dute emakume kirolarien errealitatea aztergai duten adituek, alegia, federazioaren eredua ez zaiela ongi egokitzen eta partaidetza zabalagoa bermatzen duen kirolaren ildotik egin dutela bidea neska ugarik. “Gaztetan, askotan entzuten dugu neskek ez dutela gogoko kirola egitea. Gertatzen dena da, agian, gustuko ez dutena egitura konkretu batzuetan dagoen estiloa dela, edota jasotzen duten tratua”, esan zigun berdintasun gaietan aditu eta 2012ra arte eskubaloi jokalari federatua izan zen Ainhoa Azurmendik, ARGIAren 2571. zenbakian egin genion elkarrizketan.
“Dirua ezin da aitzakia izan”, jarraitu du Muguruzak. “Pertsona hauek, autonomia geroz eta handiagoa izan, gauza gehiago egingo dituzte euren kabuz, uneoro norbaiten zaintzapean egon beharrik izan gabe, gastuak murriztea ahalbidetuz. Eta kirola oso tresna ona da autonomia garatzeko. Hori bai, kostua epe luzera gutxituko da, hasieran inbertsioak egin behar dira”.
Guraso eta elkarteen esku-hartzea, funtsezkoa
Lehen urratsak emateko unean Down Araba eta halako elkarteen lana ezinbestekoa da, baita gurasoen esku-hartzea ere, Gaztedi taldeko Mikel Epalzak esan digun moduan. Haien esperientzia jarri digu adibide: “Apur bat beldurturik agertu ohi dira hasieran, pentsatzen baitute errugbia arriskutsua dela, baina ikusten dutenean gazteek izugarri ondo pasatzen dutela eta gainera ez dela uste bezain kirol bortitza, pozik egiten dute bat proiektuarekin. Sarri entzun dute seme-alabek ezin dutela hau ala beste egin, eta errugbian nola aritzen diren ikustea gauza ederra da”.
Olasagastiren iritziz garrantzitsua da kirol egokitua ezagutzera ematea, ekimenak antolatu eta erreferenteak sortzea, interesa areagotu eta lagun gehiago erakarriko lukeelakoan. Federazioan 400 bat lizentzia dituzte –guztiak ez dira kirolariak–. “Kopuru txikia da, estatistikek baitiote herritarren %8k duela urritasuna; haietako asko ez dira konturatzen zenbat gauza egiteko kapaz izango liratekeen”. Zentzu horretan, hedabideok zer egin badugula esan digu, Richard Oribe igerilariaz gain badaudelako kirolari gehiago, merezi dutenak haien lorpenak ezagutzera ematea. Eta ikusgarritasuna hizpide, mailaketa egin du: “Gizonezko atletak daude, emakumezkoak gero, urritasuna duten gizonezkoak eta, amaieran, urritasuna duten emakumezkoak. Pentsa zein den azken horiek bizi duten errealitatea”.
“Duela lau urte hasi ginen gu, eta munduko txapeldun gara jada”, bukatu du Gaztedi errugbi taldeko Mikel Epalzak: “Ez dut harroputza izan nahi, baina orain gu gara erreferente, eta ez daukagu ideia putarik ere. Ziur egunero erratuko garela, larunbatetako entrenamendu guztietan, baina bagoaz aurrerantz. Bidea ekinez egiten da”.
Gaztedi errugbi taldeak iaz lortutako balentria akuilu, Gasteizek jasoko du datorren urtean Munduko Errugbi Inklusiboko Txapelketa. Hamabost bat talde bilduko dira bertan eta, nork daki, agian izango da beste klub euskaldunik ere, integrazioaren bidean pauso politak ematen ari den Hernani adibidez, edo Bilboko Universitario XV. Eneko ume autistak Hernaniren proiektua ezagutzeko abagunea izan zuen igande batez, eta Federazioaren barruko multikirol egokituan ere aritu da. Bien bitartean, harremanak sendotzen jarraitzen du haren ama Aintzanek. Esan digu Realari txioa bidali zionetik hainbat gurasok hots egin diotela jada, eta ekimen integratzaile gehiagoren berri heldu zaiola, mistoak eta ez. Familiei dei egin die ahalik eta ate gehien jotzeko, izan Down Araba, Gautena, Nafarroako ANA edo Bizkaiko Gorabide elkarteena, izan kirol egokituko federazioena eta haien parte diren taldeena, helburu izanik seme-alabek bizi duten errealitatea azaleratu eta gizarteratzeko aukerak esploratzea. Kirol mundura hurbiltzeko hamaika era daude gainera. Esaterako, aurten, adimen urritasuna duten pertsonak laguntzea xede duen Beasaingo Txolarte elkarteko kideek, Ehunmilak mendi lasterketaren antolakuntzan lagunduko dute, uztailaren 8tik 10era bitartean. Aipatu genitzake ere bai, dozena erdi adibide gehiago jartzearren, Kirol Egokituaren Euskal Federazioa 2013an antolatzen hasi zen areto futboleko euskal liga, kirol eta kultur jarduerak uztartzen dituen Angeluko Autrem’handi elkartearen jaialdia, ANA padel txapelketak, aulki gurpilduneko saskibaloia eta pilota egokitua, ezgaitasuna duen kirolaria ingurune naturalean integratzeko urrats handiak eman dituen kirola.
Kazetarien aitzinean izanik ere, lasai asko aritu dira irakurketa matxistak zabaltzen Aviron Bayonnais Campus formakuntza gunearen inaugurazioan. Jean-Jacques Lasserre politikari ezagunak ere egin ditu gisa horretako adierazpenak: "[Errugbilarien zapaten] kranpoiak... [+]
Ekuazioak nola, hala askatzen ditu meleak Saioa Jaurenak (Elizondo, 1989). Kalkulagailua eta baloi obalatua ditu lanabes, matematika irakaslea eta errugbilaria den heinean. Bi alorrak halabeharrez uztartu behar ditu: errugbian ez du sosik ere jasotzen, Frantziako maila nagusian... [+]
Pasa den azaroaren 7an, Frantziako Kopako partida ez jokatzea erabaki zuten AS Baionako emakumeen errugbi taldeko jokalariek, Elite 1 mailako gainerako taldeekin alderatuta baliabide gutxi dutela eta taldeko arduradunek euren eskaerak aintzat hartzen ez dituztela azalera... [+]
"Urteak eman ditugu prestatzaile fisiko bat eta muskuluak lantzeko pisu egokiak lituzkeen gimnasioa eskatzen. Aurten lortu ditugu, baina beranduegi da. Jende gehiegik egin du ospa taldetik. Gainerako taldeekin alderatuta, baliabide gutxi dugu. Horrelakoak eskatu ditugunean,... [+]
Bertako 47 pertsona ezaguni egin zizkion "mesedeak", tartean dira kirol munduko pertsonak eta enpresariak, Naizek eman duen albistearen arabera. Otsailaren 11n deklaratu du Paueko auzitegian. Urtarrilaren 24az geroztik behin behineko atxiloaldian da.
Hasiera batean barne mailan eramanik inkesta, Baionako auzi poliziak hartu du segida eta argi geratu da: Baionako suprefeturako langile batek gidabaimena faltsuak banatzen zituen, opari batzuen kontra. Besteak beste, errugbi partidetarako txartelen kontra. Nahiz eta hori... [+]
16 urte zituela hasi zen errugbian eta geroztik horri lotuta bizi da. Euskal Herrian eta nazioartean ibilbide polita osatzen ari da eta orain Munduko Txapelketari begira dagoela aitortu digu.
Abuztuaren 17an hasi dira partidak jokatzen eta irailaren 7an bukatuko dute. Antolatzaileak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea eta Eusko Jaurlaritza dira.
Hernanin, Landaren izango da Inklusibo txapelketaren 2.edizioa ekainaren 9an, larunbatean.
Arrakasta ari da izaten Getxoko, Gernikako, Bilboko eta Eibarko emakumezko errugbilariek Europako txapelketaren finalaren atarian zabaldu duten bideoa. Gizonezkoak baino ageri ez diren bideo bat egin du Bilboko Udalak finala iragartzeko. Gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere... [+]
2016ko ekainean emakume bat bortxatu izanaz akusatu (eta absolbitu) dituzten Ulster Rugby taldeko bi jokalarien auziak hautsak harrotu ditu Irlandan. Egunkariek tarte handia eskaini diote kasuari, ez soilik kronika edota iritzi sailetan, baita iragarkientzat gordetako... [+]
Zeelanda Berriko errugbi izarra, LGBTI kolektiboaren borrokan liderra eta herrialdeko komunitate indigenaren defendatzaile sutsua da Louisa Wall maoria (1972). Parlamentari dihardu, britainiarren kolonizazioak utzitako ondorioei aurre egitea helburu.
Euskaltzaindiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru diputatuari.
Iragarkiaren hasieran, entzun behar izan dituztenak kontatzen dituzte errugbi jokalariek: “Ez da neskentzako kirola”, "mari-mutila”, “errugbian jokatzen baduzu lesbiana izango zara, ala?”... Beste aldea dator gero: “Jarraitu... [+]