Patata zomorroaren gerra

Patata zomorroa Lehen Mundu Gerran egonkortu zen Europan.
Patata zomorroa Lehen Mundu Gerran egonkortu zen Europan.

Patata zomorroa Europako ehun izurrite txarrenen artean dugu. Gerra ederra ematen du. Oligofagoa da, hau da, jaki gutxi batzuk besterik ez ditu jaten: patatak (Solanum tuberosum), baina bere senide diren alberjiniari (Solanum melongena) eta tomateari (Solanum lycopersicum) ere erasotzen die. Belarjalea da eta, harra denean bezala heldutan, koskaka-koskaka, di-da batean, landarea goitik behera soildu dezake; hostoa, lorea, zurtoina, den-dena jaten du.

Patata zomorroa edo patata kokoa AEBetako Colorado eta Mexiko artean ezagutu zen, 1824 aldera. XIX. mendearen amaieran Alemanian azaldu zen, baina erraz menderatu zuten. Lehen Mundu Gerran egonkortu zen Europan, Bordele aldameneko estatubatuarren base militarrean. Bigarren Mundu Gerran bizi hedatu zen: Belgika, Herbehereak, Espainia... Gerra ondoren, Ekialdeko Alemanian ikaragarrizko izurritea izan zuten, eta estatubatuarrek hegazkinez zabaldu zutelako kontua zabaldu zen. Varsoviako Ituneko herrialde “komunistek”, CIAren konplota zelakoan, ikaragarrizko kanpaina egin zuten, eta ikastetxeetan erakusten zitzaien haurrei zomorroari kontra nola egin. Duela bi urte, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran, ukrainarrek patata zomorro deitzen zituzten errusiazaleak; azken horiek Errusiako ikur militar ezagunena den marra beltz eta urre kolorekoak dituen xingola bat zeramaten soinean, zomorroaren itxura berekoa.

Patata zomorroa bere burua egoera txarrenetara egokitzeko gai den intsektu xelebrea eta egoskorra da. Adibidez, DDT intsektizidari aurre egiteko erresistentzia garatu zuela egiaztatu zuten AEBetan 1949an; pozoi izugarri horri kontra egiten lehena izan zen. Horrexegatik oso zaila da pozoi kimikoekin berari aurre egitea. 2015. urterako, 55 produkturi buru egiteko gai zen. Kimikan ere, ez dago zomorro hau garaituko duen produkturik.

Gerrak asko erakusten du, ordea. Zomorroaren arerioak ezagutzen ari gara. Lurreko zomorro batek, Lebia grandis, patata zomorroaren arrautzak eta hartxoak jaten ditu. Eta ikaragarrizko kalteak eragiten dizkio onddo batek, Beauveria bassiana izenekoak; gero eta gehiago erabiltzen da intsektizida natural hori. Nori bere ordaina; esaerak hala dio: “Emaileari emok, egileari egiok”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Besteak
2016-11-08 | Jakoba Errekondo
Ezpeldoiren kasua

Amaia Ezpeldoi nola hilko dugun barrundatzen dugun artean, ea ezpelak (Buxus sempervirens) nola salbatu asmatzen dugun. Txinatik Alemaniara ekarri eta handik Europa osora hedatu dugun harrak (Cydalima perspectalis) mendietako eta etxeetako ezpel guztiak garbituko dituen itxura... [+]


2015-03-04 | Jakoba Errekondo
Orain porru haziak

Aurten sekula baino har gehiago ikusi dut porruetan (Allium porrum) barrena. Acrolepiopsis assectella izena duen har ttiki txatxu batek porruaren bihotzean zulobidea egiteko ohitura du. Porrua begi bakarreko landarea da; hosto guztiak kimu bakar baten bueltan hazten dira, baita... [+]


Eguneraketa berriak daude