Gaur egungo irudi askotan aurkitzen ditugu garai bateko protesten eszenak, behin eta berriz errepikatuko balira bezala. Zinemari esker jakinarazten zaizkigu aspaldiko promesa politikoak, bete gabe geratu zirenak, egun betetzear daudenak. Erresonantzia horiek aztertzea da Pablo La Parra valentziarraren lana New Yorkeko Unibertsitatean; hilabeteotan Tabakaleran dabil egoiliar, bere proiektuan sakontzen.
Zehazki, zer ari zara lantzen Tabakalerako egonaldi honetan?
Garatzen ari naizen proiektuaren izenburua Europa, geroaldi burutua da. Ikerketa lana da, publikoari zuzendutako egitarau batekin osatzen dena. Funtsean, proiektuaren xedea da praktika zinematografiko garaikideak eta 60ko eta 70eko hamarkadetako zinema militantetik sortutako artxiboa harremanetan jartzea.
Zinema militantea garaiko errebolten erretratua da?
Zinema militante deiturikoaren bilakaera liluragarria izan da. Ez zen mugimendu koherente eta bateratua izan, zinema eta politikaren arteko harremana birdefinitzen saiatu ziren praktiken multzo heterogeneoa izan zen. Zinema horren garapena bereizezina da nazio askapen mugimenduetan eta 68ko errebolten testuinguruan sortu ziren disidentzia politikoen forma berrietatik. Esango nuke zinemagile haien interesa ez zela film bidez garaiko giroa erretratatzea soilik; borroka horien guztien parte aktibo izan nahi zuten.
Baina horretarako zinema arau askotaz libratu behar zen, ezta?
Jakina. Horrek zinearen ekoizpenerako baliabideak errotik aldatzea eragin zuen, egiletza kolektibo zein asanblearioak entseatuz eta orduko militanteen parte-hartzea ziurtatuz. Pelikulen banaketari dagokionez, haien zirkulazioa bermatzeko sare autogestionatuak osatzen zituzten eta jendearen esku egon zitezen fabriketara edota ikasgeletara eramaten zituzten. Eztabaida sakonak sortzen ziren eta ekintza politikorako tresna bihurtzen ziren.
Zein da film-artxibategi horren interesa zure ustez?
Kristin Ross-ek dioen modura, 68ko maiatza izan da, beste askorekin alderatuz, narratiboki gehien desitxuratu den pasarte politikoa: urte haietako borrokak 80 eta 90eko hamarkadetako narrazio neoliberalek filtratuta iritsi zaizkigu eta horiekin ulertzen ez ditugun gertakariak kontatzen zaizkigu, distortsionaturik eta despolitizatutako estereotipoen bidez. Zinema militantea borroka horien guztien erdigunean sortu zen, eta horregatik militanteak eurak ikusten ditugu hitza hartzen. Nire ustez, gerturatze horrek oso esperientzia maila bitxia eskaini digu: gaurko irakurketatik iraganean ongi edo gaizki zer egin zuten aztertzea baino, modu sentikorrean garai bateko praktika eta subjektibitate politikoekin kontaktuan sartzea da interesgarriena. Zein mundu amesten zuten? Nola lortu nahi zuten? Nola adierazten zuten gogo hori?
68ko irudiek eta gaur egungo mobilizazioetan ikusitakoek harremanik al dute?
Krisiak eta egun ematen ari diren borrokek Europa neoliberalaren erabateko porrota utzi dute agerian. Ezagutzen dugun Europa hau 60ko hamarkada luzean eman ziren borroka guztien arrastoen hondarretan eraiki da. Nolabait esatearren, ematen du garai hartako irudiek ez gaituztela abandonatu eta gaurko une historiko eta sozialean baino ezin dugula ulertu ezkutuan gordetzen duten promesa politikoa. Ez da kasualitatea beraz, egunotan garai hartako film-artxibo militantea berrerabiltzen eta berrinterpretatzen ari dela ikustea; esan liteke iraganeko irudi horiek baldintzatu egiten dutela orainaldia irudikatzeko eta erakusteko dugun gaitasuna.
Zinemagileen eta egitura politikoen arteko harremana ez da beti xamurra izan...
Nire ustez, zinema militantearen alerik interesgarrienak alderdi eta sindikatuetatik kanpo egindakoak izan ziren. Alderdi batzuek zinemarekiko interesa erakutsi bazuten ere –batez ere, Italiako Alderdi Komunistak–, uste dut, orokorrean, etengabeko tentsioak bizi zuela harreman hori. Oinarrizko arazo bat zegoen: zinema militanteak errepresentazioaren ohiko moduen kritika zorrotza egiten zuen, behetik egindako diskurtsoaren ekoizpena aldarrikatzen zuen eta horrek zuzenean egiten zuen talka alderdi leninisten logika bertikal eta hierarkikoarekin. Auzi hori oso argia da off ahotsaren erabilerarekin: dokumental politikoaren ikuskera klasikoaren aurrean –non narratzaile orojakileak eszenak egoki kontatzen baitizkigun–, zinema militantearen pelikuletan narratzaile kolektiboek hartu zuten hitza. Askotan egin izan da zinema militantearen karikaturizazioa, sinplistatzat eta lausotzat joz, baina artxibo honen tentuzko azterketa batek garaiko subjektibitate politikoen aberastasuna erakusten digu.
Egiten al da gaur egun zinema militanterik?
Ez dakit gaur egun zinema militanteaz hitz egiterik dagoen. Jadanik ez da termino hori erabiltzen, eta garai historiko eta sozial jakin batera bideratzen gaitu. Proiektu honekin dugun asmoa ordea, praktika bisual garaikideen eta artxibo militante horren artean dauden erresonantziak aztertzea da. Gaur egun irudi alternatiboen politizazioa, haien distribuzioa edo erakustaldia ahalbidetzen duten estrategia asko ezin dira aztertu zinema militantearekin duten harremana ulertu gabe. Erresonantzia horiek leku askotan daude: zinemagileengan, egungo kooperatibetan, zine-forumetan, gune autogestionatuetan, okupatutako plazetan…
“Oso garrantzitsua da ulertzea zinema militantea ekoizpen modu jakin batzuk eskuratzearekin lotuta zegoela: subestandar formatuek (8x16 mm) zentsurarekiko eta sare komertzialekiko independentzia ekarri zuten, tresneria arinek ahalbidetu zuten filmazioak eta proiekzioak eramatea errebolta sozialak gertatzen ari ziren lekuetara. Gaur egungo mugimendu sozial eta politikoek baliabide digitalak eta sare sozialak bere egiten dituztenean antzeko zerbait iradokitzen ari dira: diskurtso disidenteen zirkulazioa eta ikusgarritasuna ematen da eta, era berean, bestelako medioetan tokirik izango ez luketen subjektibitate politikoentzako leku dira”.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]