“Jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da”

  • Aurten 49. aldiz egingo den Artzain Egunaren antolatzaile nagusia da Ustarroz, hasiera-hasieratik. Honetaz gain Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria da. Bizitza osoa darama artzain eta gaztagileen lanaren balioa aldarrikatzen eta ezagutzera ematen, bera artzain izan gabe.


2016ko maiatzaren 31n
“Industrializazioaren aldeko joera orokortuaren kontra, gurean gero eta gaztagile txikiagoak ditugu eta gainera jende gaztea sartzen ari da”
“Industrializazioaren aldeko joera orokortuaren kontra, gurean gero eta gaztagile txikiagoak ditugu eta gainera jende gaztea sartzen ari da”Dani Blanco
Jose Mari Ustarroz (1939, Uharte-Arakil)

Heldu den urtean 50. edizioa beteko duen Artzain Egunaren bultzatzaile nagusia da, Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria eta Aralarko San Migelen kofradiako lehendakaria. 56 urtez bertako kapilaua izan zen, don Inozenzio Aierbe apaiz ezagunaren gertuko laguntzailea, haurra zenetik. 45 urtez lantegi bateko salmenta arduraduna izan ostean, erretiroa hartuta dago eta “inoiz baino lanpetuago”. Hiru alabaren aita da.

Gerra amaitu zen urtean jaioa zara. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Oso gogorra. Nire aita hemengoa zen, Uhartekoa eta senideetan gazteena, horregatik 12 urterekin etxetik atera behar eta hainbat etxetan morroi hasi zen lanean. Gero, Bilbotik Mirandarako trenbidean lanean ari zela, bagoneta batek harrapatu eta hanka moztu zion. Sendatu zelarik Beasainen zegoen hemengo familia batengana joan eta haiekin bizargin ofizioa ikasi zuen. Herrira itzuli eta alkateak alminte edo aguazil izendatu zuen, baina 36an dena aldatu zen. Uztailaren 18an alkatea, bere semea eta semearen lagun bat eraman zituzten eta oraindik ez dakigu non dauden haien gorpuzkiak. Nire aita ere errepresaliatua izan zen. Oso gaizki pasa zuen. Gerra hasi orduko aguazil-lanik gabe gelditu zen eta bizargin moduan ere oso lan gutxirekin. Jendea ikaratuta zegoen, etxetik atera gabe. Gose ikaragarria pasa zuten. Nik bi anai-arreba izan nituen. Arreba justu-justu ezagutu nuen, baina anaia ez. Biak hil ziren. Amak esaten zuen bezala, “gerrako miseriak eraman zituen”. Nire ama pena horrekin joan zen. Eta beldur handiz, gainera, bizi ziren urte haietan. Urte eta erdiz goizeko hirurak arte lorik egin gabe egoten ziren uste zutelako atea jo behar zutela, “orrazia estuago” pasa behar zutela esaten zen eta. Bestalde, aita oso eskertuta zegoen hemen egon ziren legionario guztiak berarengana joaten zirelako bizarra eta ilea moztera. Horiek joandakoan, guk hemen jarraitu genuen gosea pasatzen. Sei urterekin hasi nintzen aitari laguntzen. Miseriak pasa genituen. Hemengo eskola ere penagarri zegoen urte haietan. Maisu onak bidali egiten zituzten eta ez zegoen ezer egiterik.

San Migelera nola iritsi zinen?

11 urte nituela San Migelera joateko aukera sortu zitzaidan. Garai hartan han lanean ari zen nire lehengusina batek esan zigun Don Inozenzio Aierbe kapilauak mutil bat hartu behar zuela eliz-mutil. Gurasoek pentsatu zuten han ongi elikatuko nindutela eta ikasketen aldetik hemen baino hobeki egongo nintzela, beraz hara joan eta zazpi urtez gelditu nintzen. Eskolak hartzen nituen, liburutegi oso ona zegoen, eta denetarik ikasi nuen, baita gazta egiten ere.

Urte horiek pasatutakoan herrira itzuli behar izan nuen, gaixorik zegoen ama zaintzera eta etxetik gertu zegoen lantegi batean hasi nintzen. Han 45 urte egin dut, besterik ez! Torlojugintzako fabrika zen. Arduraduna ere euskalduna zen eta oso ongi moldatzen nintzen. Gero eta gehiago saltzen hasi ginenez, salmenta arduradun izendatu ninduten. Horretan aritu nintzen merkatu nazionalean, baita munduan barna ere.

Artzaintza eta gaztagintza, zaletasuna?

Bai. Guk etxean inoiz ez dugu ez abererik ez lurrik izan, baratzea salbu. San Migelen harreman handia izan genuen artzainekin. Ahal genuen guztietan laguntzen genien eta haiek guri berdin. 1956ko otsailean, adibidez, Uztegiko bi artzain salbatu genituen. Izugarrizko elurtea izan zen eta gau hartan hemen inoiz ezagutu dugun hotzik handiena egin zuen: 25 gradu zero azpitik. Elurrak harrapatuta gelditu ziren artzainak. 16 urte besterik ez nituen eta don Inozenzio, Joxe Zufiaurre Aralarko zaindaria, Felix Etxabarri urdiaindarra eta lauok eskiekin eta erreskate txakurrekin haien bila joan ginen. Gu atera izan ez bagina, akabatuko ziren. Hura izan zen larriena, baina askotan ibili gara jendeari laguntzen mendian.

Nola hasi zineten Artzain Eguna antolatzen orain dela 49 urte?

Penintsula osoan lehenbiziko artzain txakur lehiaketa egin zen Gironan, Ribes de Freser herrian. Hango albaitariak antolatu zuen lehen txapelketa hura, Ingalaterran ikusitako baten antzera. Oñatiko mendigoizale batzuk hura ikusi eta pentsatu zuten egokia izan zitekeela Euskal Herrian egiteko. Handik urtebetera antolatu zuten lehen nazioarteko txapelketa. Oñatiko mendizale horietako asko Aralarrera etortzen ziren eta Uharteko Udalari proposatu zioten Nafarroan ere lehiaketa egitea Oñatiko lehiaketarako eta Durangon Gerediaga elkarteak egiten zuen Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko balioko zuena.

1963an zen egitekoa lehen aldiz, baina bezperan sute ikaragarria izan eta hogei minutuan herriaren laurdena erre zen. Urte batzuk geroago, 1967an, Aralarmendi Elkartea hasi zen artzain txakurren lehiaketa antolatzen. Hasieran pentsatzen genuen jendea bizpahiru urtez etorriko zela eta gero ez zuela jarraituko. Baina kontrakoa gertatu zen.  

Zergatik egiten da egun hori?

80ko hamarkadan pentsatu genuen hemengo gaztagileekin zerbait egin behar genuela, laster Europako mugak erori eta toki guztietako gaztak etorriko zirela uste zelako. Garai hartan Nafarroako Gobernuak gaztagileak asko estutzen zituen arauen bidez. Osasun erregistroa eskatzen zieten, eta laguntza edo baliabiderik batere ez. Hori dela eta ikaraturik bizi ziren. Kanpotarrek marketing hobea izango zuten gainera eta hemen ez zutela egiteko ezer izango uste zuten.

Horregatik, ardi esnez eginiko gaztaren balioa aldarrikatzeko lehiaketa egitea erabaki genuen. Lehen urtean Diputazioarengana joan ginen laguntza eske eta kasik mehatxatu egin gintuzten. Eskerrak hemengo alkateak gure alde egin zuen irmoki.  

Pentsa zer nolako beldurra zuten gaztagileek, lehiaketa aurreko gauean telefonoz ibili behar izan genuen denak konbentzitzen etortzeko, esanez ez zitzaiela ezer gertatuko. Pentsatzen zuten hona etorri orduko isuna jarriko zietela eta ia-ia kartzelara eramango. Argi ikusi genuen lagundu egin behar geniela, hemengo gaztagintza betiko desagertzea nahi ez bagenuen.  

Bigarren urtean ardi latxaren erakusketa egin genuen ideia berarekin: hemengo arrazak babestu kanpokoen aurrean. Poliki-poliki lehiaketa gehiago egin ziren: ardikiena, ardi ile moztaileena… Orain egitarauan, eta plazan, ez da gehiago sartzen!

Eta Idiazabal izendapeneko kontseiluan nola hasi zinen?

Artzain Egunarekin eta gazta txapelketarekin hasi eta hortik harrapatu ninduten Idiazabal Jatorrizko Izendapena abian jartzeko.

80ko hamarkadan erabaki zen jatorrizko izendapen bat, kontseilu erregulatzaile bat egin behar zela artzainei beren lanbidea errazteko. Egia esan, kosta egin zen abian jartzea. Izenaren inguruan ere proposamen desberdinak ziren: Urbasa, Urbia… baina merkatu ikerketa egin eta ikusi zen hemendik kanpo gehien ezagutzen zen izena Idiazabal zela. Toki estrategikoa izanik, bisitari asko pasa da eta han Urbian, Aralarren, Urbasan eta Andian egindako gaztak saldu izan dira aspalditik. Horregatik aukeratu genuen Idiazabal izena. Beraz “Idiazabalgo gazta” gaizki esana dago. Gurea “Idiazabal gazta” da. 1987an abian jarri zen kontseilua.

Jatorrizko Izendapena Europak babestua da. Horrek ez du esan nahi dirua ematen digutenik, baizik eta beste inork ezin duela gure izena erabili.

TTIP Atlantikoz bi aldeetako itunak mehatxu berriak ekartzen ahal dizkie Europako jatorrizko izendapenei. Kezkatuta zaudete?

Bai, hala da, eta babes hori oso beharrezkoa da. Gure gazta ardi latxaren esnez egiten da. Ardi hori hemengoa da eta oso garrantzitsua da bere eragin soziala. Hemen ez dago makro artalderik. Hemen denak ekoizle txikiak dira. Familia edo baserri bakoitzak badu bere artaldetxoa. Horrek esan nahi du Euskal Herri heze osora zabaltzen dela gure marka. Ardi latxa dagoen tokietan daude gure gaztandegiak. Beraz jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da.

Zenbatekoa da Idiazabal gaztaren ekoizpena?

1.227.000 kilo egin genuen iaz. Tamaina desberdineko 122 gaztagile ditugu. Proportzioan artzain eta gaztagile gehien dauzkagunak gara munduan. Industrializazioaren aldeko joera orokortuaren kontra, gurean gero eta gaztagile txikiagoak ditugu eta gainera jende gaztea sartzen ari da. Aurten, Nafarroan, hiru gaztagile berri gazte sartu dira. Iaz, aurreko urtearekin alderatuta, %8,2 handitu zen ekoizpena eta aurten ere igoera espero dugu.

Non saltzen da gazta?

Euskal Herrian erdia baino gehiago. Gainerakoa Madrilen, Bartzelonan, Katalunian… Harrera ona du, maite dute gure gazta. Esportazioan ere gero eta arrakasta handiagoa du. Etorkizun oneko lana eta jakia da. Gure kontseilua Europako zorrotzenetakoa da eta oso harreman onak ditugu beste kontseiluekin, adibidez Parmesanoarekin.

Merkatuan harrera ona eta sariak ere bai.

Hemen ez dugu behar adina baloratzen. Oraintsu Madrilen izan naiz Gourmet azokan, eta Bartzelonan Alimentaria azokan. Gure artzain batek, Ordiziako Otatza baserriko Joseba Insaustik, han jaso du Penintsula osoko gaztarik onenaren saria Aralarren eginiko gaztarengatik. Gainera, “Euskal Herriko mendiko gazta” bezala aurkeztu zuen Ministerioak. Hori ere garrantzitsua da. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen du hemengo gazta eta izugarri estimatzen du. Mantentzen segi behar da.

Aralarko San Migeleko Kofradiako lehendakaria zara.

Don Inozenziorekin oso harreman ona izan nuen, duela 15 urte hil zen arte. Gure kofradia oso zaharra da, X. mendekoa omen, eta XII. mendean 40.000 kide izatera iritsi zen. Historian zehar eraso asko sufritu du. Abderramanek 924an egindako erasoetan, Aralarko elizaren zati handi bat suntsitu zuela uste dute, adibidez. Gero izurri beltza etorri zen, eta geroago Nafarroako konkista, eta horrek ere bere aztarna utzi zion. Gauza jakina da Nafarroako erregeek asko maite zutela Aralar. Historiak dioenez, 1094an eliza berregiten ari zirenean, Petri I.a Nafarroako erregeak harea zakua eraman zuen bizkarrean hartuta, eskaintza egiteko.

Urte luzetan kofradia gainbeheran izan zen, XX. mende hasieran Mariano Arigita, katedraleko txantrea zena, berpizten saiatu zen arte. Ez zuen lortu, baina lekukoa don Inozenziok hartu eta asmoa burutu zuen. Nik lagundu nion estatutuak eguneratzen eta dena abian jartzen. 1999an hasi ginen eta hasieratik lehendakari izendatu ninduten. Egun 1.500 kofradiakide gara.

Don Inozenziori esker hasi zen ETB ikusten Nafarroan duela 30 urte, ezta?

Paz de Ziganda ikastola inguruko batzuk prestatu zuten dena eta baimena eskatu zioten Aralarren antena jartzeko eta berak baietz esan zuen berehala. Erabaki oso ausarta izan zen. Bere bizia hainbat aldiz jarri zuen arriskuan isil-isilik herri honen alde borrokatzen, eta behin ere ez ziren sartu berarekin. Zerbait berezia zuen gizon horrek.

Erretaulako esmalteek ere beren historia dute.

Esmalteak munduko onenak dira, baina inork ezingo lituzke saldu oso ikertuta eta oso ongi katalogatuta daudelako. 1979an Erik belgikarrak lapurtu zituen, baina gaizki atera zitzaion Interpolen esku utzi zutelako afera eta segituan harrapatu zuten.

Ia mila urte dira erretaula han dagoela eta egin zen garaian bezala dago. Duela hamar urte, Baluarte kongresu eta erakusketa gunera eraman zuten gure iritziaren aurka. Hara eraman zutenean, tenperatura eta hezetasun datuak biltzen dituen erregistroak izugarrizko gorabeherak erakutsi zituen. Oso kaltegarria da, eta erretaula toki batera eta bestera eramateko eskatzen hasi zirenean, ezetz esan genuen. Mila urte bikain gorde dena hamar urtean hondatu behar dugu? Ikusi nahi duena Aralarrera etor dadila.

Sakanan langabezia tasa Nafarroako altuena da. Nola ikusten duzu hemengo etorkizuna?

Metalurgiarekin gehiegi lotua egon da hemengo industria. Ez genuen behar adina dibertsifikatu. Krisiaren ondoren gure ekonomia berriz altxatzea zaila izango da, baina toki onean gaude eta bide berriak zabaldu beharko ditugu. Metalurgiaz gain bestelako industriak eta zerbitzuak eratu behar dira. Horrez gain, nik beti esaten dut emakumeek gehiago parte hartu behar dutela lan munduan. Nik lan egiten nuen enpresan 100 bat langile izatera iritsi ginen, haietarik 37, emakumeak. Egiten zuten lana kalitate handikoa zen. Beti faltan bota izan dut emakumeen parte-hartze handiagoa produkzioan. Beharrezkoa da. Artzaintzan ere ezagutzen da emakumeen parte-hartze positiboa. Emakume bat integratzen bada etxalde edo gaztandegi baten antolaketan, hori aurrera aterako da zalantzarik gabe. Familia osoan eta negozioan nabari da eta berarentzat ere oso garrantzitsua da bere autoestimurako. Artzainaren emaztea izan edo etxeko artzain edo gaztagilea izan ez da 360 graduko bira, hirukoitza, baizik! Gainera, inguruan lanpostuak orekatu behar dira gizon eta emakumeen artean herrietako bizitasuna mantentzeko, bestela zer? Gizonak hemen lanean eta emakumeak Iruñera lan bila? Hori ez da bidea herriak bizirik mantentzeko.

Aralar

Aralar gainean zelai bat dago eta aurten indusketak egiten hasiko dira. Betidanik oso toki garrantzitsua izan da. Monumentu megalitiko asko dago eta hortik ere Donejakue bidea pasatzen zen Bordele eta Astorga lotzen zituen bide erromatarretik. Harri horietan dagoen espiritua uste duguna baino sakonagoa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lehen sektorea
Marieneko lurren aldeko hiru atxilotuak aske utzi dituzte, baina otsailean epaituko dituzte

 Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea handitzeko beste saiakera bat

Valle de Odieta enpresak eta bere filialak (HTN) urteak daramatzate instalazioak handitu nahian, administrazioa ezartzen ari den erregulazio guztien aurka. Epai judizial bati esker, abere kopurua gaur egun baimenduta dituzten hainbat adinetako 7.800 bururaino zabaltzea lortu... [+]


2024-10-02 | ARGIA
Bi lagun atxilotu dituzte Itsasun eta Uztaritzen, Marieniako lurren aldeko protesten harira

Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.


2024-09-24 | ARGIA
Otsoa babesteko neurriak salatu dituzte abeltzainek Amurrion, hildako ardiak jendaurrean erakutsita

Abeltzainek otsoen azken erasoak salatu dituzte igandean ospatutako Amurrioko Artzain Egunean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Iragan astean otsoek Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora, erakusteko artaldeak otsoen erasoetatik... [+]


2024-09-23 | ARGIA
‘Sareko’ bilatzailea martxan, EAEko produktu ekologikoak non eskuratu jakiteko

Ekolurrak irailaren 23a, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna, aprobetxatu du tresna berria aurkezteko. Elikagai ekologikoak kontsumitzeko erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, Sareko bilatzailearekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizle ekologikoen 269... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren kurkubitatik plastikora

Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.


2024-09-19 | Nicolas Goñi
Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan

Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu berri den ikerketa baten arabera, gertaera hori eta sortu dituen ondorioak... [+]


Ziga (Baztan)
Herri baten sorrera, eskalaz eskala

Zer da herri bat? Galdera horrek oso erantzun desberdinak izan ditzake alderdi materialari edo inmaterialari begiratuz gero: eraikin zein etxeei, edo komunitateari zein elkarbizitza arautzeko moduari. Baina herriek ingurumenari eta lanari estuki loturiko iragan bat dute, eta... [+]


2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


Arabako ardogintza: txikitasuna aldarri, eredu aldaketa bultzatzen

Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan, igandean. Egun batzuk lehenago, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi larriaz” beste behin ohartarazi, eredu aldaketa exijitu, eta... [+]


2024-09-06 | ARGIA
Nafarroako IX. Azoka Ekologikoa egingo da Noainen irailaren 13tik 15era

Hitzordua Noaingo Zentzumenen Parkean izango da. Herritarrak eta ekoizleak elikagai ekologikoen inguruan biltzeko Nafarroako topagune handiena da azoka. Bederatzigarren edizioa da aurtengoa eta laugarren urtez jarraian Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da.


2024-08-28 | Nicolas Goñi
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago,... [+]


Euskal Herriak ofizialtasuna lortu du Ardi Moztaileen Munduko Txapelketarako

Euskal Herriko ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako, eta 2026ko munduko txapelketan parte hartzeko asmoa daukate. Lehenago, 2025ean, Euskal Herriko txapelketa egin nahi dute.


Arrigorri

Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.


Eguneraketa berriak daude