Goseak bazkatzeko oturuntzak

  • Euskal Herrian, dakigunez, mahaiaren inguruan biltzea hobetsi da. Gizonak, bistan dena. Haurrek aurrerago eta emazteek beranduago-edo sukaldean jaten zuten. Aski ikusgarria da bertsolariek nola islatu zituzten, ironiaz, umore garratzez, baserrietan edo ostatuetan antolatzen ziren bazkari eta afari fantasmatuak. Iruritako Martin-Koxeren bidea jarraitzen zuten: ongi jan, ongi edan, aseta gelditu…


2016ko ekainaren 01ean
Ainara Azpiazu 'Axpi'
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Etxahun eta Otxalde koblakari garaikideak, Betiri Santz –gosearen izen goitia…– sabelean karkara zebilkiela atera ziren Euskal Herriko pare bat taberna ospetsuetatik. Eta gainera gaizki tratatuak izan ziren. Ezpeletako Herrian (Otxalde) eta Gaztalondo Handian (Etxahun) pusketan kontatu zituzten beraien makurrak, jendeak alaitzea helburu. Baina funtsean goseak akuilatu eresiak dira.

Etxahun (1786-1862) eta Otxalde (1814-1897) ikusgarriak ziren. Arrakasta itzela zuten Iparraldean, batak Lapurdin, besteak Zuberoan, bertsoak, paperean etzanak eta bat-batean kantatuak eskaintzen zituztelarik. Urruñako Lore Jokoetan parte hartu zuten. Otxalde antiklerikala zen gainera. Fama gaitzak akuilaturik, jatetxe ilun eta gurintsuetara hurbiltzen zirenean, etxeko andereak zeken zitezkeen, animali gogorrak ahalik lasterren despeditzeko. Bi oilarrak bekoz beko aurkitu ziren behin:

    Ezagutzen duzia
    Barkoxen Etxahun?
    Holako koblaririk
    ez omen da nihun…
    Bisitaz joan nindaike
    ez balitz hain urrun.

    Jauna, ezagützen dit
    Etxahun Barkoxen:
    Egün oroz nitzozü
    hüllantik ebilten.

Etxahunen malenkoniatzarra ezaguna da, bereziki Jean Haritschelhar euskaltzainak 1969an Barkoxeko bardoaren lanak sakonki aztertu eta erdarara itzuli zituenez geroztik. Ordurako herritarrek pastoralak ontzen zituzten, hainbeste gorrotatu zituen seme kuttuna ardatz, olde andanak erakarriz eskualde guztietatik.

Pierra Topeten bertsoetan bizitzak inarrosi gizona dakusagu baina mihia, bipila eta zorrotza zuen. Baztertu baldin bazuten, mina egin zion bakoitza, gizon, apez, emazte, neskatila, kopla zoharren bidez betirako madarikatuak bezala gelditu ziren. Etxetik kanpo eman zuten eta eguneroko ibiltari bat eraman zuen, Pixtako edo Ünürritzeko Olhako artzainekin egiazki loriatzen zela. Salbai hutsa zen herrira jaistean…

Gaztalondo Handian olerki heroikoan ernatzen da bertsolariaren ironia eta herra, ezpata distiratsua bailitzan:

    Gaztalondo handian
    agitü niz arrotz,
    apaidü bat egin düt
    ezpeitzen gorgotz.
    Untsa bazkaltüren
    nintzala nintzan botz,
    khümitatzailia
    aberats nilakotz.

 

Barkoxe herri zabala da, auzo famatu anitz baditu, zenbaitek oraindik ere buruz hizkatzen dituztenak: Txapela, Larraja, Gaztalondo, Oilauki, Haranbeltz eta Karrika. Etxahunen etxea Madalena Mendiaren mazeletan kokatua zen. Laborariak dira bertan gaur, lehen bezala. Ostatuko etxeko anderea jenerusa, eskuzabala zela onartzen zuen hargatik poetak, jateko zetorkion arrotza gustukoa baldin bazuen bederen. Etxahun aldiz gorgotz, zakar hartu zuen.

Lau bertset izkiriatu zituen berehala. Sei aldaera kausitu zaizkio denboran zehar. Arrebari abestu zizkionetan salatzen du Arangaraiko zakurrak zango-sagarra ausiki ziola. Egoera llabür eta hun korapilatzen du, entzulearen izpirituan algara haziz, pobreki errezibitua izan baitzen: artozko ogia, mestura, gatzik gabeko salda, lursagar erdi hotzak, baxera zikinak, eta bukaeran, bekatuetan bekatuena, ardoa zein bekaitz isuri zion:
    …
    zopak nütin artoz
    salda ahül gatxotx
    godalia hur hotz
    eta hetarik landa
    bi pattako erhotz.

    …
    zieta nin sakho,
    gathülia manddo,
    kullera zurezko,
    tahalla beltz ta xatar
    bat lunjeratako.

Etxahun, gosetu etengabearen pare irudikatzen dugu. Jatetxeetan sartzean, bereziki bere auzokoa zen Gaztalondon, apairu izugarriak lehiatzen zituen alabaina. Errealitatea arras ezberdina zen, tabernetako gela tepuetan, mahaiaren zabalean, klase-borroka mota bat jolasten zela, nehork txintik salatu gabe. Erran eta gorde arren, azaltzen denaren arteko harremanak Gaztalondo Handian bertso-saileko perla bederak ezinbesteko egiten dizkigu.

Otxalde bidarraitarra, Etxahunen moduan, mugazaina izanagatik ofizioz ez zen aberatsetatik. Herririk herri ibili arazten zuten eta hamaika haurreko familia zuen hazteko funtzionario soldata urriarekin. Argentinara joan zen emazte eta umeekin, baina handik laster itzuli, andrea eta ume zenbait bertan abandonaturik. Mezarik gabe ehortzi zuten Bidarrain, ideologiaz gorrietatik zelako. Iruñeko Ferietan, Makila edo Kilo egilearen kantuaren ontzailea da.

J.D.J. Sallaberry apezak 1870ean bildu Ezpeletako Herrian zatiko zazpi kopletan Otxaldek, Etxahuni Zuberoan gertatua errepikatzen du, miraila jokoa bailitzan: hitz emanak ez zuen alabaina egiazki emanaren itxurarik Lapurdi zolan ere. Peio Ospital kantariak abesten ditu, noizean behin publikoan aritzea galdatzen diotelarik.

Bertso bietan nabaritzen dugu gizonen artean eta bidez bide zein mendiz mendi zohitu poeta hauen joera misoginoa: emazteak ez zituzten begi onez ikusten, Gaztalondon ala Ezpeletan, faltsukeria, urguilua, alferkeria, bazterkeria sozialerako jaidura egozten zietela. Etxahun mundu guztiaren kontra kexu zela ez dezagula ahantzi. Otxalde leunagoa zen:
    
    Ezpeleta herrian, ostatu batian
    Gertatu izan naiz bazkari batian,
    uste gabian, laur lagunetan;
    etxek’anderia bere lanetan,
    espantuia franko bere saltsetan,
    ageriko da gero obretan…

Noski, bazkaria aitzina joan arau, deus ez da iragarriaren neurrikoa. Ezpeletako jatetxearen jabea goizik jaiki zen, sua piztu zuen eta haragia erosi. Dena ongi zebilen horraino. Jatera plantatu zirenean egia zartatu zitzaien:

    Poxi poxi bat eman zautan niri,
    zer jenero zen ez zen ageri,
    mamia guti, hezurra handi.

Ardoa ez zen zinezko ardoa:

    Edan dezagun beraz gogotik,
    horditziaren beldurra gatik,
    honek ez gaitik joko burutik.

Eta saltsa?

    Saltsa eztela egin berria,
    bezperakua, mintzen hasia.

Haragiak ez zituen aseko:

    Be’iratu eta egin neron irri,
    zikiruaren fama tzarrari;
    mehe zen baina ez zen ernari.

Kafea azkenik ura zen, kikara erdi bat purruxkekin egina, agian ikatzarekin. Bertsoak behatzaileak barrez lehertzeko helburuarekin josiak dira eta lortzen zuen Otxaldek, Etxahunek Gaztalondo Handian takatzen duen gorroto minberaren aztarnarik gabe, burla eta trufaren ildoan geratzea.

Etxahunen eta Otxalderen bertsoek bazkari-afari ederrak, askotan, amets hutsak baino ez zirela argi uzten digute. Historian zehar, goseteak urte luze eta morbidoak ziren, jendeak milioika hiltzen zirela eta lekukotasunen arabera, abereen maneran, belarra jatera kondenatuak ziren. Badirudi Euskal Herrian goseteen garaia Amerikaren ustiatze aroarekin bukatu zela. Handik ekarri ziren artoa, bistan dena, bai ere lursagarra, tomatea, piperra eta txokolatea.

Berehala landatu, hazi eta sukaldean erabili ziren: artoarekin demagun haurtzaroan guk ere irentsi genituen taloak, mesturak, saldak, saltsak edo pastetxak adelatzen ziren. Jatekoa zuhur zen, baina asegarria. Goseteen eraginen mendratzeko bezala, janaldi erraldoien kontakizunak hedatu ziren jendarteetan, batzuetan Inauteriz harilkatzen zirenak. Gosea ahanzteko dastatzen ahal zen François Rabelaisek 1534an plazaratu Gargantua nobelaren utopia pikareskoa.

Etxahun eta Otxalde badabiltza engoitik tripa zorriak elkor, korrok eta hutsik. Baina bertsolari ezezagun baten lekukotasunak tabernetan gaizki hartua izatea ez zela egundainokoan legea gogora ekarri diezaguke. Bizi naiz munduan kopletan ez da janaria falta, baina abeslariaren maite kuttuna: han ez zen eskasik maitea zu baizik… aitortzen digu auhen batean.

Barkoxe eskualdeko koplari bat mintzo zaigu eta aipatzen digun menuak ahotik ezin utzia dirudi aldion:

    Izan niz Barkoxen
    kusiaren etxen,
    ahuñaki jaten
    segur ona baitzen
    kostaletak errerik,
    biriak egosirik,
    ogia muflerik,
    arnoa gozorik…

    On egin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Maddi Agirre Epelde. Bertsolari matematikari kantari
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]


2024-11-18 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandiak finalerako pasea eskuratu du
Oiartzungo finalaurrekoa irabazita, zuzenean sailkatu da Gaztelumendi. Datorren igandean izango da hurrengo saioa, Zarautzen.

2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


2024-11-04 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak
Azken final-laurdena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Oihana Iguaran Barandiaranek irabazi du Irungo saioa
Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Iguaran. Irungo final-laurdena azken aurrekoa izan da: datorren astean ezagutuko dugu finalaurrekoetara sailkatuen zerrenda osatua.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Unai Mendizabal Jauregi nagusitu da Azkoitian
Hirugarren final-laurdena jokatu da larunbatean Baztartxo Antzokian. Final-laurdena irabaztearekin bat, finalaurrekoetara sailkatu da Mendizabal.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandia nagusi Errenterian
Bigarren final-laurdena jokatu da gaur Errenterian. Gaztelumendik, irabaztearekin batera, finalaurrekoetarako txartela lortu du.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Eibarko lehen final-laurdena
Lehen final-laurdena izan da larunbatekoa. Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Martin. Igandean izango da hurrengo saioa, Errenterian.

2024-10-07 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak
Azken final-zortzirena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-09-30 | Bertsozale.eus
Eneritz Artetxe Eizagirre nagusi Hondarribian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur Hondarribiko Itsas Etxean. Artetxe, saioa irabaztearekin bat, final-laurdenetara sailkatu da.

2024-09-30 | Bertsozale.eus
Aitor Salegi Martijak irabazi du Andoainen
Azken aurreko final-zortzirena jokatu da gaur Bastero kulturgunean. Datorren larunbateko saioarekin osatuko da final-laurdenetako zerrenda. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.

2024-09-23 | Bertsozale.eus
Eli Pagola Apezetxea nagusitu da Elgoibarren

Final-laurdenetako txartela lortu du Pagolak. Hurrengo saioak datorren asteburuan izango dira, Hondarribian eta Andoainen.


2024-09-23 | Bertsozale.eus
Oihana Arana Cardenalek bildu ditu puntu gehien Lazkaon

Hirugarren final-zortzirena irabaztearekin bat, zuzenean sailkatu da final-laurdenetara Arana.


Eguneraketa berriak daude