Bakezko desobedientziaren ikonoetako bat zendu berri da. Philip eta Daniel Berrigan anaia apaiz estatubatuarrei –1920ko hamarkadan sortuak– Bibliaren irakurketa zorrotzak ondorio politiko gogorrak ekarri zizkien, legea urratu eta beren erosotasun pertsonala arriskuan jartzera eraman baitzituen, espetxeraino. Anaia joan den abuztuan galdurik, Daniel apirilaren azken egunean hil da Bostonen 94 urterekin.
“Estatu Batuak –idatzi du New York Timesek– barnetik urratzen ari ziren, giza eskubideen eta Asia urruneko gerra zirela eta, orduan azaldu zen Aita Berrigan 1960ko hamarkadan eliza katolikoaren ‘ezker berriaren’ izar intelektual moduan, aldarrikatuz arrazismoa eta txirotasuna, militarismoa eta kapitalismoaren gose ase ezina, arazo handi beraren osagaiak zirela: gizarte injustu baten osagaiak”.
1921ean jaioa, jesuiten seminariotik pasaturik 1952an apaiztu zen, ondoren Europara etortzeko urte sabatikoa hartuta. Frantziako estatuan ezagutu zituen orduko Eliza katolikoaren egitura eta ohiturak inarrosten zituzten “apaiz obreroak”, 1960ko hamarkadan Euskal Herrian ere oihartzuna izango zutenak.
1957an argitaratu zuen lehenbiziko poema liburua, National Book Award sarirako izendatzeko adina famatu zutena zenbait kritikok, eta geroztik hil artean urtero liburu bat bederen aterako zuen. 1963an Parisen barrena bisitatu zituen orduan Txekoslovakia zena, Hungaria, Hego Afrika, Israel eta Palestina eta abar… AEBak eta OTAN batetik, Sobiet Batasuna eta bere blokea bestetik, Gerra Hotzaren garai beroenak ziren. Bakearen aldeko eta arma nuklearren aurkako mugimenduetan murgildu beharraz konbentzituta itzuli omen zen etxera.
Ez zen katoliko bakarra horretan. 1965eko azaroaren 9an New Yorken, Nazio Batuen egoitzaren atarian, 22 urte baizik ez zeuzkan Roger Allen LaPorte lurrean eseri zen budisten eran, gorputza igurtzi gasolinaz eta bere burua sutu zuen. Gaztea biharamunean hilko zen, galdu gabe konorterik; zergatik egin zuen galdetutakoan erantzun zuen: “Langile katolikoa naiz. Gerraren kontra nago, gerra guztien kontra. Erlijiozko ekintza da egin dudana”. Haren hiletan esandako sermoiagatik, jesuiten nagusiak behartu zuen Dan sei hilabeterako AEBetatik kanpo ibiltzera.
1967an atxilotu zuten lehenbizikoz, Pentagono aurrean zientoka ikaslerekin gerraren kontra manifestatzeagatik. “Espetxean jantzi ditut lehenbizikoz jeans galtza eta alkandora, apaiz batentzako egokiak iruditu zaizkit” idatzi zuen. 1968ko otsailean Ipar Vietnamera bidaiatu zuen Howard Zinn historiagilearekin, hiru militar yanki askatuta etxera ekartzeko. Viet Congekin biltzeko zain zeudela Hanoin, AEBetako hegazkinen ohiko bonbaketa bat probatzea egokitu zitzaion bertan.
1969ko maiatzaren 17an, Martin Luther King hil eta sei astera burutu zuten akzio mediatikoena, Catonsvilleko bederatzien protesta: ekintzaileak, tartean Berrigan anaiak, soldaduak errekrutatzeko bulegoetan sartu, langile harrituen aurrean paperak hartu eta atarian su eman zieten gerrara deitutako mutil gazteen zerrendei, etxean egindako napalm sinbolikotan kiskaliz.
Ekintzaren aldarrikapenezko orrian idatzi zuten: “Barkamena eskatzen dizuegu, lagun onak, ordena urratu dugulako, paperak erre ditugulako umeak erretzeko ordez, diziplina handiko jendeak haserraraziz hilerriaren atarian. Jainkoak lagundu gaitzala, baina beste erremediorik ez genuen (…) Salatzen ditugu eliza katolikoa ere, eta beste eliza kristauak eta sinagogak, isil eta koldar daudelako gure nazioaren krimenen aurrean”.
Udazkenean epaitu zituzten, hiru egunez mundu osoko prentsa erakarri zuen auzian. Beranduago Gregory Peckek hartan giroturik egingo zuen “The Trial of the Catonsville Nine” filma. Bi urteko zigorrera kondenaturik, Danek erabaki zuen bere burua ez entregatzea. Lau hilabete iraun zuen sasian, AEBetako Ipar-Ekialdeko hainbat herritan behin eta berriro azalduz, batean hitzaldia, bestean elkarrizketa, FBIk atxilotzea lortu zuen arte.
Bakea ez maitatu erdizka
Dan Barriganek presondegiko 18 hilabeteko bizipenak “Lights on in the House of the Dead” (Argiak hildakoen etxean) bildu zituen eguneroko moduan. Poeta gisa oso ezaguna, genero ezberdinetan denetara 50 liburu argitaratu zituen.
Gerraren aurkako eta bakearen aldeko lana honela laburbildu zuen bere liburuetako batean: “Bakegile deitzen diogu gure buruari, baina denbora luzaz ez gara prest egon ordain handirik pagatzeko. Horregatik darrai gerrak, bakea maite dugulako bihotzaren erdiarekin eta biziaren erdiarekin, ez osoarekin. Ez dago bakerik ez dagoelako bakegilerik. Ez dago bakegilerik bakea egitea delako gutxienez gerra egitea bezain garestia, zaila, asaldatzailea; bakea egiteak eraman zaitzakelako uberan presondegira eta heriotzara eta desgraziara”.
1972an berriro auziperatu zituzten bi Barrigan anaiak, zergatik eta Henry Kissinger Estatu Idazkaria bahitzea antolatzeagatik, azkenean libre uzteko.
1980ko irailaren 9an bi Barrigandarrak eta sei ekintzaile gehiago sartu ziren General Electric multinazionalak armadarentzako misil nuklearrak egiten zituen usinan, Pennsylvanian, eta mailuka matxuratu zuten bat, jakinda barruan ez zeramala zama atomikorik. Ekintza gero filme bihurtuko zen “King of Prussia” –General Electricen fabrikak izen hori zeukan– tituluarekin.
“Goldeak” (Plowshares, ingelesez) deitu zioten ekintza hari, Isaias profetak duela 2.800 urte esandako iragarpenaz oroituta: “Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko”.
1980ko hamarkadan kapilau lanetan aritu zen behartsuak, kantzerdunak eta hiesdunak zaintzen. 1984an El Salvador eta Nikaragua bisitatu zituen, bertan ezagutzeko AEBen armadak sustatu gerrek eragindako kalteak. 1985ean Roland Joffe zinegileak Kolonbia, Paraguai eta Argentinara eraman zuen “La Mision” film gero hain famatua izan den hartan aholku eman zezan.
2001ean, 80 urte betetzen zituen egunean, galdetu zioten ea noiz etsi behar zuen: “Geldituko naiz, bai, baina ez hil ondorengo biharamuna arte”. 2006ko argazki batean ageri da, apaiz jantziz, gurutzea golkoan, polizia batek eskuak lotzen dizkiola Armadaren Manhattaneko museo baten atarian. Eta azkenetako irudiak, 2012koa, erakusten du Occupy Wall Streeteko gazteen alde otoitzean.
Amy Goodmanek elkarrizketatu zuenen 2006an Democracy Now irratirako, amaieran galdetu zion ea gauzak ez ote ziren hobetu haren gazte denboratik, Vietnamgo gerratik, eta Dan zaharrak: “Ez, ez, nire bizitzako garairik txarrena da hau, benetan. Ez dut sekula ikusi hain koldarki urratzen errespetatu beharreko edozein giza arau. Jende horiek agertzen dira telebistan eta ez idatzi eta ez esan gabeko lelo bat dakarte: ‘Mespretxatzen zaituztegu, zuek, zuen legea, zuen ordena, zuen Biblia, zuen kontzientzia, dena mespretxatzen dugu. Eta behar baldin bada hil egingo zaituztegu hori erakusteko’”.
2022ko uztailean egin zuten blokeo eguna, euskal presoen egoerari "aterabidea ematea" eskatzeko. Bederatzi pertsona auzipetu zituzten.
Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]
Otsailaren 2an Baionako auzitegian epaituko dituzten hamaika bakegileen artean dago Haritz Agirre urruñarra. Iazko uztailaren 23an Ipar Euskal Herrian buruturiko blokeo egunean autobidea blokeatzeagatik deituak dira epailearen aitzinera. Elkartasunez elkarretaratzera... [+]
Joan den uztailean bake prozesua "desblokeatzeko", Ipar Euskal Herriko komunikazio sareak eten zituzten ehunka herritarrek. Horren harira, abenduan epaitu zituzten lehen bederatziak Akizen, eta otsailaren 2an beste 11 epaituko dituzte Baionan. Bakegileek eta Bake... [+]
Orotara 20 ekintzaile epaituak izango dira uztailaren 23ko ekintzan hainbat garraio bide blokatzeagatik. Ostegun honetan, Akizeko auzitegian, trenbidean beren burua lotu zuten bederatzi ekintzaile epaituko dituzte.
Uztailak azken egunak dituela bildu gara zinemagilearekin Getari Enea zinema ireki berrian, Getarian. Goxo hartu gaitu bertako arduradun Christelle Vessot-ek. Biharamunean, L’hypothèse démocratique: Une histoire Basque (Hipotesi demokratikoa: Euskal historia... [+]
Gernikako Udalak eta herriko elkarteek, apirilaren 26tik hasi eta hainbat egunez ekitaldi ugari antolatu dituzte duela 85 urteko sarraskia gogoratzeko.
Urriaren 17an beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zela Aieteko jauregian, Donostian. Urteurren horren kari, nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte hainbat eragilek, "bakeak Euskal Herrian eta mundu zabalean dituen erronkei... [+]
Patxi Ruiz euskal preso politikoaren egoeragatik kezka adierazi dute Bake Bideak eta Bakegileek agiri amankomun baten bidez. Maiatzaren 11tik gose eta egarri greban dago Ruiz Murtziako espetxean.
Amerika eta Afrikako bake-eta memoria historikoaren prozesuetan adituak diren bost lagun bildu dituzte Paz con Dignidad elkarteak, Foro Sozialak eta EHUk. Herrialde oso anitzetako errealitateak izan dituzte hizketagai, eta elkarren artean desberdintasunak nabariak badira ere,... [+]
Eritrearen eta Etiopiaren arteko bi hamarkadako gatazkari amaiera ematen laguntzeagatik eman diote saria.