Dena doa azkar gaur egungo munduan. Hiru urte dira Gure Esku Dago sortu zela 2013ko ekainean eta 2016ko ekainaren 5ean burujabetza eta independentziari buruzko lehen galdeketak egitera doaz Euskal Herriko 34 herritan. Zer girotan dator kontsulta? Zein emaitza izango ditu? Eta 2018a eta gero zer?
Hiru urterako aurreikusitako prozesua da Gure Esku Dago elkarteak bultzatutako hau. 2017an eta 2018an ere ahalik eta galdeketa gehien egingo ditu, “herritarrak aktibatu eta galdeketa egiteko behar diren baldintzak sortzeko”. Hori dio bederen, 2015eko azaroan onartutako Eskura agirian.
Kataluniako independentzia prozesuaren berora sortua, hango 400 kilometroko pertsona kateak ekarri zuen Durango eta Iruñea lotu zuen 123 kilometroko herritarren katea: 150.000 lagun eskutik helduta euskal herritarren erabaki eskubidea aldarrikatuz. Euskal Herriko historian eskaera honen alde inoiz egindako mobilizaziorik handi eta ikusgarriena izan zen.
Pertsona katearen ondoren, Gure Esku Dagok bazuen bere aparretan itotzeko arriskua eta ondorengo bi urteak ez dira
errazak izan
Ezaguna zen, baina hark oso modu argian ikusarazi zuen Euskal Herrian bazela erabaki eskubidearen aldeko sustrai sakona. Gainera, abertzaletasunetik haragoko jende esanguratsua igo zen olatu haren gainera. Baina Gure Esku Dagok bazuen bere aparretan itotzeko arriskua eta ondorengo bi urteak ez dira errazak izan, hainbat konturengatik.
Mobilizazio erraldoien ikuspegitik, 2015eko ekaineko bost hiriburuetako ahaleginak erakutsi zuen lehen harresia. Bat, jende asko bai, baina helburua ezin gainditu; bi, abertzaletasunaren hainbat esparrutan sentipen hotza utzi zuten ekitaldiek. Katalunian ez bezala, erabaki eskubidearen edota independentziaren mezuek bazuten hainbat arazo gizartean grina pizteko. Seguruenik, 2015eko hauteskundeetan EH Bilduk EAEn izandako porrotak ere izango zuen eraginik, gizarte esparru hori izan baita independentziaren alde gehien mobilizatu ohi dena.
Euskal Herrian ere, bai Kataluniaren eraginez eta baita 2008tik aurrera bizi den krisi gogorraren bultzadaz, independentziaren kontzeptua eraldatzen ari da. Esan liteke, gizarteko gero eta sektore zabalagoentzat independentziaz erabakitzea bezain garrantzitsua dela eguneroko arazoen gainean erabakitzea: etxebizitzaz, azpiegiturez, ekonomiaz, zergez, genero berdintasunaz… eta hori bereziki gertatzen da gazteen esparruan. Alor honetan ere, M15aren eragina esanguratsua izan da. Erabaki eskubidea arropa horiek guztiekin jantzi beharko da berez erabaki zale edota independentistak diren sektore asko galdeketen olatu hauetara erakartzeko. Bestetik, teorikoki bederen, M15ak eta Ahal Duguk erabaki eskubidearen esparrua gizendu dute politikoki. Nafarroa izan liteke horren adibide ikusgarriena: nork pentsatuko zuen duela oso gutxi, erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernu bat izan behar zuela?
Autogobernu lantaldearen emaitza ezer gutxitan geratu da, kontsultaren agindua ez du bete Urkullu lehendakariak eta ezker abertzaleak nahiko lan du bere burua gobernatzen
Gehienetan pentsatu izan da Gure Esku Dago moduko ekimenek jeltzale eta ezker abertzalearen arteko zubigintza egin behar zutela, eta hala dela ez da zalantzarik, baina nork egingo du zubi lan hori Gure Esku Dagoren mezu eta estiloa, eta aipatu sektore gazte –eta ez hain gazte– horien artekoa?
Erabaki eskubidearen bultzadak ezinbestean behar du gizarte eta instituzioen arteko lotura estua. Zeresanik ez independentziarenak. Katalunian argi ikusi da hori eta hortaz arduratu izan dira lehenengo Erabaki Eskubidearen aldeko Plataforma eta ondoren ANC. Akatsak akats, bide emankorra egin dute han. Hirugarren faktore esanguratsua ere izan dute, Espainiako Estatuaren jarrera, haren agrabioa. Eta legamia gisa, krisi ekonomiko eta sozial oso sakona.
Hemen inork ez du presio hori egin, ez alderdien gainean ezta instituzioei begira ere. Gure Esku Dagok ez du horretarako indarrik izan oraindik eta asmo publikorik ere ez du agertu, ez behintzat hiru urteko olatu txanda hauetarako agertutako agiri eta asmoetan.
Edozein modutan, unean unekoa: milaka euskal herritar erabakitzera doaz eta hori, printzipioz, urrats berritzaile eta erraldoia da
Esparru instituzionalean, agortzera doan legealdiak bazuen txinpartarik Eusko Legebiltzarrean: ETArik gabeko lehen legealdia 30 urtean; EAJren eta EH Bilduren inoizko nagusitasun handiena; EAJren kontsulta agindua 2015erako; eta Autogobernu Lantaldea abagune berriaren potentzialitate osoa bideratzeko prest. Autogobernu Lantaldearen emaitza ezer gutxitan geratu da, kontsultaren agindua ez du bete Iñigo Urkulluk eta ezker abertzaleak nahiko lan du bere burua gobernatzen. Abertzaleen arteko hegemonia lehian EAJ aise nagusitu ondoren, jeltzaleak eroso daude kudeaketan, Madrilgo gobernu berriaren zain, harekin autogobernu formula berriak lotzeko esperantzan.
Testuinguru konplexu horretan ari da igeri galdeketen ekimena, herritarren aktibazioan bestelako urrats bat ekarriko duelakoan. Baina hotz sumatzen da giroa, badirudi euskal erabaki zalea gehiago hunkitzen dela Kataluniako galdeketekin bertakoekin baino. Inpresio kontua ere izan daiteke, herrietakoak izanik, sentiberatasun oso desberdina egon bailiteke kontsultak diren herrietan eta gainerakoetan.
Hotz sumatzen da giroa, badirudi euskal erabaki zalea gehiago hunkitzen dela Kataluniako galdeketekin bertakoekin baino
Ekainaren 5eko kontsultetan bi galdera motari erantzungo zaio: Debagoiena, Aramaio eta Azpeitian independentziari bai edo ez erantzun beharko diote; Goierrin eta Ispasterren burujabetzari bai ala ez. Ondoren etorriko dira 2017ko eta 2018ko galdeketak. Eta gero? Emaitzek asko esango dute, baina pentsatzekoa da Gure Esku Dagok aurreikusia izan beharko duela zerbait ondorengoaz. Katalunian etengabe arduratu dira bide orriaz, baina hemen ezer gutxi hitz egiten da horri buruz, besteak beste prozesua bera desberdina delako eta baita hemen fruitua heldu gabe dagoelako ere.
Egingo dira aurtengo kontsultak eta etorriko dira hurrengoak ere, baina bitartean ez litzateke txarra Gure Esku Dagok gerorako zer aurreikusten duen zirriborratzea eta gizarteratzea: nork bultzatu behar du proiektu independentista gizartean eta instituzioetan? Nola? Zertan geratuko da EAJren foru proiektu berria? Konfrontazio demokratikoak zein leku du bide honetan, batez ere Espainiako Estatuak orain arteko jarrera itxiarekin jarraitzen badu?
Erabaki eskubidearen bultzadak ezinbestean behar du gizarte eta instituzioen arteko lotura estua, zeresanik ez independentziarenak
Gure Esku Dagok pentsa dezake datozen hiru urteetan joango direla askatzen galdera horiek, batez ere prozesu honek euskal gizartearen gehiengoa erabaki eskubidearen inguruan aktibatzea lortzen badu. Baina gizarteari begira, eta funtsean sektore independentistei begira, komeni da kontu horiei buruz ere jardutea eta ahal den neurrian argitzen joatea. 2019rako bide orria izatea klabea da, bestela ilusioa etsipen bihur lieteke eta. Edozein modutan, unean unekoa: milaka euskal herritar erabakitzera doaz eta hori, printzipioz, urrats berritzaile eta erraldoia da.
Aitzindariak
Etxarri Aranatz (Nafarroa).
2014ko apirilaren 13an egin zen Euskal Herrian independentziaren gaineko lehenbiziko kontsulta. Udalak antolatuta, 2013an egiteko asmoa zuten, baina Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen, kontsulta egitea udalaren eskumenetik kanpo zegoela argudiatuta. Azkenean herri plataforma batek bideratu zuen eta honako galdera luzatu zen: “Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?”. Bozkatzeko eskubidea zuten herritarren %42,76k parte hartu zuen kontsultan: %94,47k baiezkoa eman zuen; %2,11k ezezkoa eta %3,5ek zuri bozkatu zuen.
Arrankudiaga (Bizkaia).
2014ko azaroaren 2an egin zuten galdeketa, herritarren Ados Plataformak deituta, Etxarri-Aranazkoa eredu eta honako galderarekin: “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?”. Eskubidea zuen herritarren %61,59k parte hartu zuen honako emaitzarekin: bai %89’64k baiezkoaren alde egin zuen; %2,58k ezezkoa bozkatu zuen eta zuri %6,57k.
Hiru urteko prozesua
2015eko ekainean Gure Esku Dagok erabaki zuen 2016 eta 2018 artean herrietan galdeketak bultzatuko zituela Euskal Herri osoan. 2016an 34 herritan egingo dira kontsultak : Gipuzkoako Goierrin 23, Debagoienan 8, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren. Bi galdera egingo dira. Debagoienan eta Azpeitian galdera honakoa da: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?”. Goierrin eta Ispasterren: “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Dimak eta Bakaikuk udazkenean egingo dituzte galdeketak. Berez, ekainaren 12an eta 19an egin behar ziren, baina Espainiako ekainaren 26ko hauteskunde orokorrak direla eta datak aldatu dira kanpaina saihesteko.
2017rako aurreikusitako herri edota eskualdeak: Oarsoaldea, Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Uribe Kosta, Usurbil eta Hernani. Urtean zehar beste herri askok iragarriko dituzte galdeketak. Eta, aurreikuspenak betez gero, 2018an egingo da galdeketen hirugarren olatua.
Protokoloa
Herri bakoitzak erabakitzen du bere galdeketaren inguruan, baina Gure Esku Dagok badu protokolo oso zehatza jarraitu ahal izateko. Helburua da beste edozein kontsulta edo hauteskunderen moduko galdeketak egitea, seriotasun eta sinesgarritasunik handiena izan dezaten: nola eratu galdeketa prestatzeko batzordea herrian, kontrol batzordea, mahaiak, botoak, begiraleak, galderak, lekua, ordutegiak, zenbaketa… eta beste hainbat xehetasun dira Gure Esku Dagoren webgunean topa daitezkeen Protokoloa dokumentuan.
2005ean sortu zen, urte berean Kataluniako Legebiltzarrak onartutako Autonomia Estatutu berriaren testuinguruan. Espainiak ez zuela onartuko eta horri erantzun asmoz sortu zen plataforma hau, ondoren independentziari buruz egindako galdeketen aitzindaria. Erabaki eskubidea gizartean eragitea, herritarrak kontzientziatzea eta, instituzio eta gizarte mugimenduen arteko zubigintza jarri zizkion helburu bere buruari. 2006ko Autonomia Estatutu berriari buruzko erreferendumean ezezkoaren alde egin zuen eta aurrera begira bere zeregin giltzarrietakoa zen “ez uztea autonomismoa betikotzen”.
Arenys de Muntek (8.000 biztanle) egin zuen Kataluniako lehen kontsulta 2009ko irailaren 13an, Udalak CUPen eskaria onetsiz eta honako galderarekin: “Ados al zaude Katalunia zuzenbide Estatu independente, demokratiko eta sozial bat bilakatzearekin, Europako Batasunaren barruan?”. Bartzelonako auzitegi batek Udalbatzak hartutako erabakia bertan behera utzi zuen, halako kontsultarik egiteko eskumenik ez zuela argudiatuta. Arenyseko Autodeterminazioaren aldeko Plataformak hartu zuen lekukoa. Partehartzea %41ekoa izan zen eta %96,2 independentziaren aldekoa.
Handik aurrera udalek galdeketa prozesuak sostengatu zituzten eta baliabideak eskaini, baina Independentziari buruzko Kontsultaren aldeko Koordinadorak antolatuta egin ziren galdeketak Kataluniako beste 300 herritan, lau txandatan banatuta. Bartzelona izan zen azkena, 2011ko apirilaren 10ean. Guztira 600.000 bat pertsonak parte hartu zuen galdeketetan eta %93tik gora independentziaren alde agertu zen. Pentsa liteke jende gutxi zela ondorengo urteetan etorriko ziren manifestazio erraldoiak ikusita, baina argi dago motorrak ondo berotu zituztela.
2011ko maiatzean sortu zen Kataluniako Asanblea Nazionala eta bere zeregin nagusia independentziarako bide orria finkatzea izan zen. Une horretatik aurrera bera izan da independentzia prozesuaren akuilu nagusia, alderdiak eta instituzioak helburu horretara bultzatuz. ANC izan da 2012tik aurrera urtero egin diren ekitaldi erraldoien antolatzailea, hala nola 2012ko 400 kilometroko pertsona katea –Kataluniako Bidea– edo bestelako mobilizazio erraldoiak.
Lehen urratsetan Generalitateak deitu zuen erreferenduma, herritarren prozesu parte hartzaile gisa antolatuta, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen prozesua. ANCk, Omnium Culturalek eta Kataluniako Udalen Batzarrak hartu zuten lekukoa eta Ara es l’hora kanpaina antolatu zuten erreferenduma aurrera atzeratzeko. Konstituzio Auzitegiak leku publikoen erabilera debekatu zuen, baina kontsultak egin egin ziren eta horrek Generalitateko hainbat pertsonaren auziperatzea ekarri zuen, besteak beste Artur Mas presidentea.
Erreferendumak balio sinbolikoa zuen legearen ikuspegitik, baina balio politiko handia ere bai, emaitzak Kataluniako herritarrek independentziari buruzko iritzia erakutsi baitzuten lehenbiziz. Debeku eta guzti, boto eskubidea zutenen %41ek parte hartu zuen kontsultan, “Nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea?” galderari erantzunez. Baiezkoa izatekotan, bigarren galderari erantzun behar zitzaion: Estatu independentea izatea nahi al duzu? 2.236.806 herritar joan zen bozkatzera: 1.861.753ek baietz bozkatu zuen; 232.182k estatua bai baina independentzia ez; eta 104.772k independentziaren aurka egin zuen.
Emaitza horiekin Generalitateak Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2015era aurreratu zituen, izaera plebiszitarioa emanez. Independentismoa –Junts Pel Sí koalizioa eta CUP– botoen %47ra iritsi zen, Katalunian inoiz lortutako emaitza onena. Kataluniako Legebiltzarreko 135 diputatuetatik 72 independentistak dira orain, 11 soberanistak eta 52 unionistak.
Kataluniako lehen gobernu independentista eratu zen 2016ko hasieran, honako enkargu nagusiarekin: 18 hilabetetan Kataluniako Errepublikako Konstituzioa eratzea, ondoren gobernua desegin eta hauteskundeak deitzeko, oraingoan izaera konstituziogilearekin. Hau da, formalki autonomikoak lirateke berriz, baina Gobernu independentistak konstituzioari buruzko plebiszitu gisa planteatuko luke. Bide orriaren arabera, herritarrek konstituzio berria onartuko balute, Parlamentu berriak independentzia aldarrikatuko luke.
Bizi garen gizartea erabat oinarrituta dago menpekotasunean. Mendeetan zehar gure bizitza horren arabera eratu da, eta poliki-poliki erabakitzeko eskumena, askatasuna eta burujabe izatea murriztuz joan dira. Batzuetan bortizki kendu dizkigute; besteetan, ordea, geuk eman ditugu... [+]
Euskal eskola publikoetan irakasleek sekulako lana egiten dute aniztasuna kudeatzen. Euren lana egiteko modua berrasmatu behar izan dute azken urteetan. Konplexuagoa bilakatu den mundu honetan pertsona izatea zer den esploratzeko laborategiak iruditzen zaizkit eskola publikoak... [+]
Udalbiltzak 2021etik antolatzen du Geuretik Sortuak sormen beka. Oraingoan, literaturaren alorrari dagokion Hamarreko bitxia ipuin liburua aurkeztu dute Donostian.
Herritarrei eta Hernaniko enpresei energia aholkularitza eskainiko die.
Abenduaren 6an Konstituzioaren Eguna ospatzen da Espainiako Estatuan. ARGIAn aspaldi egin genuen hautua gure egutegi propioa landu eta jai inposatzaile eta arrotzak ez onartzeko; horregatik, asteazken honetan normaltasunez ari gara lanean, ez dugulako ezer ospatzeko.
Ostiral honetan ekonomialari euskaldunek zita garrantzitsua dute Gasteizko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, biltzarra egingo dute hirugarrenez. Euskal Herrian estrategikoak izan daitezkeen hainbat gairen... [+]
Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]
Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.
Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]